2011/02/25

Elkarrizketa: Joaquin Caparros: “Entrenatzaileok mezu egokia bidaltzen jakin behar dugu”

Testua: Unai Oiartzun eta Gentza Garcia



Entrenatzaile andaluziarrak elkarrizketa eskaini du EHUko Leioako Campusean


Joaquin Caparros (Utrera, Sevilla, 1955) Athletic Club futbol taldeko entrenatzailea da. Gainera, kazetaritzako lehen mailako ikaslea da EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean. Elkarrizketa honetan bere aurtengo esperientziaren berri eman digu, Athleticen gaurkotasunari buruzko kontuak azaltzeaz gain.


Nola erabaki zenuen kazetaritza ikastea?


Beno, ba betidanik gustatu izan zait komunikazioa. Nire ogibidea hobeto ezagutzen lagunduko didala uste dut, eta bide batez, adinez nagusi garenoi etiketak jarri nahi dizkigutenen aurka egiten dut, erretiratuta gaudela diotenen aurka. Orandik ere ikasteaz gozatu dezakedala uste dut.


Ikasketak eta entrenatzaile lanak uztartzea ondo al daramazu?


Zaila da,  baina lehenengo hilabete hauetan esperientzia oso ona izan da. Ni ilusioarekin nator, zuek bezala, egia esan ez dakit nork daukan ilusio gehiago, zuek edo nik (kar kar)


Zer nolako garrantzia du komunikazioak kirolean?


Asko. Hedabide asko daude, asko idazten da, telebistako saio asko egiten dira, irratikoak… Beraz, entrenatzaileok mezu egokia bidali behar dugu. Egoera ondo kudeatzen saiatu behar dugu, jende asko dagoelako gure mezuei adi, eta baikortasuna edo ezkortasuna sortu ditzakegulako.


Zer deritzozu hedabideek futbolari eskaintzen dioten denborari?


Errentagarritasunarekin proportzionala dela uste dut, eta gaur egun, publizitateari dagokionean, errentagarritasun gehien ematen duena kirola da, eta batez ere, futbola. Horregatik inbertitzen da gehien bertan, eta noski garrantzia izugarria ematen zaiola.


Orain kazetaritza ikasten zabiltzala, kazetariekiko zenuen irudia aldatu al da?


Ez, ez. Nik uste aurretik neukan ideia indartu dudala. Komunikabideak, enpresak, denek daukate lerrokatze jakin bat, eta zoritxarrez dena duala den une batean gaude. Cope eta SER irratian, El País eta El Mundo egunkarietan… futbolarekin berdina gertatzen da Barcelona eta Real Madrilekin, horregatik pentsatzen dut gehiago ireki behar dela, eta jendeari aukeratzeko ahalmena eman behar zaiola.


Nola ikusten duzu taldearen egoera momentu honetan? Porrota izango al litzateke Europarako ez sailkatzea?


Ez, inola ere ez, hiru hilabete falta direla ezin da horretaz hitz egin, porrot hitzak ezin du lekurik eduki kirolariaren bizitzan. Egin behar duena hobetzea da, lan egin, momentua bizi eta berdintasun handia dagoela jakin. Argi dago zorteagatik ez dela izango, taldeak egindako merituengatik baizik.


Zer iritzi duzu Ander Herreraren fitxaketaren inguruan?


Athleticen dinamikan sartzen den jokalaria da, etorkizun handiko mutila,  21 urtez azpiko selekzioan dagoena Mikel, Iker eta Javi bezala, eta uste dut talentu eta etorkizun gehien duen futbolarietako bat dela.


Egia al da zale zuri-gorrien handitasunaz esaten den guztia?


Bai, bai, bai. Jendeak sinisteko partidu batera etorri behar duela uste dut. San Mameseko giroa bizitakoan ikusiko dute sentsazioa esaten dena baino handiagoa dela.


Zure hurbileko etorkizuna Athleticen ikusten duzu?


Ez dakit. Gu entrenatzaileok emaitzen mende gaude, nire kontratua aurten amaitzen da eta gainera hauteskunde urtea da. Dena den, ez da kezkatu behar nauen zerbait, ez da ona, lanean kontzentratu behar naizela uste dut.


Zer moduz zabiltza euskararekin?
Bueno ba “bai, bai, si si” (jajaja) Zaila da, baina egia da arduratzen naizela, futbolariei galdetzen diet, prentsako arduradunei… Betebehar bat da zalantzarik gabe, eta gustatuko litzaidake joaten naizen egunean euskara jakitea. Badakit zaila izango dela, baina gustatuko litzaidake, zuen kultura bat delako eta pentsatzen dut hemen gaudenontzat betebeharra delako.


Partiduetan txiklea mastekatzeko duzun ohitura famatua da. Zer dela eta egiten duzu?


Tentsioagatik da, ni ez naiz inoiz erretzailea izan, beraz txikletak urduritasuna kontrolatzen laguntzen dit.


Bukatzeko, zer egingo zenuke entrenatzaile izango ez bazina?


Entrenatzaile izango ez banintz komunikazioan lan egitea gustatuko litzaidake. Betidanik gustatu izan zait kazetaritzaren mundua, marketinga eta publizitatearena, eta ziur hortik bideratuko nuela nire bizitza.


 


[vimeo 20079334 w=400 h=300]

Caparrosi Elkarrizketa (1. alea) from Kapuko Aldizkaria on Vimeo.

0 iruzkin:

Post a Comment

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money