2011/04/27

Bilboko 2011 Aste Nagusirako kartelen lehiaketa

Bilboko Udaleko Jaietako Batzordeak lehiaketa antolatu du 2011ko Aste Nagusia iragarriko duen kartela aukeratzeko. Lanak ekainaren 10a baino lehen aurkeztu beharko dira eta saria 2500€ izango dira.
Oinarriak deskargatzeko egin klik hemen.

2011/04/19

Korrika 17 Bilbon (Erreportajea - KapukoTB)

Ikusi 17. Korrika Bilbotik pasa zeneko erreportajea KapukoTBn.
http://www.vimeo.com/22573739

2011/04/15

Elena Furiaseri elkarrizketa

“Direnak dira, garenak gara, izango gara eta izan ginen



[youtube http://www.youtube.com/watch?v=Wt8KbJ3BSSU&w=640&h=510]

 


Testua: Joanes Segurola


Argazkia: Julen Hernandez


‘Crimen Perfecto’ antzezlana aurkeztera etorri dira oraingoan Elena Furiase, Jorge Sanz eta Pablo Puyol aktoreak. Donostiako Victoria Eugenia kanpoaldean pase grafikoa egin dute argazkilari eta telebista kamerek haien irudiak har zitzaten. Ondoren, antzokiko prentsa aretora jaitsi dira lanaren nondik norakoak azaltzeko. Aktore bakoitzak bere iritzia eman eta kazetarien galderen txanda etorri da. Kapuko Aldizkariak prentsaurrekoa amaitu arte itxaron du Pablo Puyol eta Elena Furiaserekin elkarrizketa pertsonalago bana izateko.


23 urteko aktore gaztea da Elena Furiase. Ez gaztea bakarrik, azken urteetan, bere freskotasuna eta antzezteko duen indarra dela eta, arrakasta handia lortu duena ere badelako. Elenak odolean darama taula gainean jartzeko zaletasuna eta argi geratu da, gaitasuna ere baduela. Bere azken lana eta beste zenbait kontu izan ditu hizpide elkarrizketa honetan.


Crimen Perfecto antzezlana zertan da berezia?


Batetik, Hitchcocken filmak arrakasta handia izan zuelako bere garaian eta horregatik bakarrik, jada berezia da. Eta bestetik, eszena arteko trantsizioak birsortzen saiatu garelako Crimen Perfecto antzezlanean.


Telebistan, zinean eta antzerkian egin duzu lan. Zein gustatzen zaizu gehien?


Hirurak gustatzen zaizkit. Ezingo nuke bakarra aukeratu.


El Internado seriean hemezortzi urterekin hasi zinen. Nola uztartu zenituen grabaketak eta ikasketak?


Hemezortzi urterekin hasi nintzen El Internado­-n lanean. Institutuko ikasketak amaitu berri nituen eta unibertsitatean hasi nitzen ikasten. Baina 5 hilabeteren buruan, El Internado seriean lana eskaini zidaten eta ikasketak utzi behar izan nituen. Gainera, El Internado-ko lehenengo eszena nire urtebetetze egunean, martxoaren 9an, grabatu nuen. Eta zorionez, antzezpenaren munduan ibili naiz orduz geroztik.


Bestetik, estreinatu berri da La venganza de Don Mendo Rock, baina oraindik euskal zinetan ez dago ikusgai. Hori dela eta, zerbait aurreratu diezagukezu?


Euskal zinetan ikusgai ez badago ere, jendeak filma aloka dezake (kar, kar, kar). Filmea oso dibertigarria da eta oro har, On Mendok egiten duen mendekua kontatzen da. Baina gauza da filma modu oso espainiarrean egiten saiatu garela. Azken batean, komedia bat da, baina Berlangaren Espainia ilun eta sakon hartan oinarrituta. Filmaren emaitzarekin oso gustura geratu naiz, nahiz eta kritika onak eta txarrak izan dituen. Finean, denak bezala. Nire ustez, familia osoak ikusteko moduko filma da, oso freskoa eta horrez gain, musikala ere bada.


Zuretzat antzeztea hobbie­-a  edo lana da?


Niretzat lana da serioski hartzen dudalako eta hortik lortzen dudalako ahora eramatekoa. Baina bestalde, hobbie  bat ere bada, zeren mundu honetan lan egingo ez banu, ziurrenik mundu honetan lan egitea, filmak ikustea edo antzeztea gustatuko litzaidakeelako. Gustora egiten dut lan eta ondo pasatzen dut, beraz, bi gauzak dira.


Antzezteko daukazun gaitasuna erakusteko orduan, Flores familiakoa izateak errespetua ematen du?


Bai, errespetua ematen du, zeren direnak dira, garenak gara, izango gara eta izan ginen. Lehenaldia, orainaldia eta etorkizuna da Flores familia eta etengabe hor dagoena. Hori bai, errespetua ematen du baina asko laguntzen duena ere bada. Jendeak beste begi batzuekin begiratzen zaitu, maitatua sentitzen zara eta familia oso maitatua gara. Gainera, lagundu egin dizu. Egia da, jendeak izena eta abizena jartzen dizula, eta hori, lanbide honetan oso garrantzitsua da, eta eskertzekoa da. Hori bai, normala den bezala, zure doaia erakutsi behar duzu: ondo edo gaizki egiten duzun, antzezpenerako balio duzun edo ez… Baina bai, izena edukitzeak alde batetik, lagundu egiten dizu, baina beste alde batetik, zenbait egoera edo kasutan enbarazu ere bada. Zeren batzuk uste dute lanbide honetan izena edukitzeagatik bakarrik zaudela, eta bide errazena aukeratu duzula eta ez duzula bokaziorik.


Amaitzeko, zein miresten duzu antzezpenaren munduan?


Pertsona asko miresten ditut. Momentu honetan, Jorge Sanz eta egia esan, asko gustatzen zaizkit Marlon Brando, Meryl Streep, Maribel Verdú, Angela Molina… Batzuk badauzkat, bai.

Pablo Puyoli elkarrizketa

Aurpegi anitzeko aktorea




Testua eta argazkia: Julen Hernandez


‘Crimen Perfecto’ antzezlana aurkeztera etorri dira oraingoan Elena Furiase, Jorge Sanz eta Pablo Puyol aktoreak. Donostiako Victoria Eugenia kanpoaldean pase grafikoa egin dute argazkilari eta telebista kamerek haien irudiak har zitzaten. Ondoren, antzokiko prentsa aretora jaitsi dira lanaren nondik norakoak azaltzeko. Aktore bakoitzak bere iritzia eman eta kazetarien galderen txanda etorri da. Kapuko Aldizkariak prentsaurrekoa amaitu arte itxaron du Pablo Puyol eta Elena Furiaserekin elkarrizketa pertsonalago bana izateko.


Nahiz eta 33 urte izan, Pablo Puyol gaztea kontsideratzen da oraindik. Unibertsitatean Biologia ikasketak egin ondoren Malagako Arte Dramatikoko Goi Eskolan sartu zen. ‘Grease’ musikala izan zen bere lehen lana. Geroztik leku askotan aritu  da; musikalak, serieak, laburmetraiak, musika CDak atera ditu… denetatik egin du gure elkarrizketatuak. Hona hemen Pablo Puyol.


Aktorea zara, dantzan ere abila, kantatzen ere ez zara atzean geratzen… Zu bezalako aktore bat zer egiten da, jaio edo egin?


Nik beti esan dut bi horien arteko nahasketa bat dela. Argi dago, kantatzeko eta dantzatzeko doaiak berezkoak direla, baina hori landu egin behar izaten da. Eta aktorea izateko, don batekin jaio behar da. Batez ere, gustatzen zaizun hori landu behar da. Arotza izateko adibidez, esku finekin jaio behar duzu. Baina geroz eta lan gehiago egin, eta geroz eta hobeto aterako zaizkio lanak.


Eta zuk asko entseatzen duzu?


Oso langilea naiz, nire kideek ere esaten dute. Entzun duzu prentsaurrekoan, obrako lehen entsegura testu guztia ikasia eramaten dudan bakarra naiz. Baliteke guzti hori nire lanagatik jada barneratuta izatea. Musikaletan askotan ibili naiz lanean, eta horietan erritmoa oso azkarra izaten da. Gainera, gehienetan New York, London eta beste hainbat lekutako zuzendari atzerritarrek agintzen dute eta beraien erritmoa oso bizia da. Testua azkar ikasi beharra dago bertan lan egin nahi bada.


Zu protagonista zinen serie arrakastatsuenetako bat Un Paso Adelante zen. Bertan pertsonaiek arte eszenikoetan arrakasta lortu nahi zuten. Zuk aurkitu duzu zure bidea?


Uste dut, inoiz ez naizela bidea bilatzen gelditu. Ez da bakoitzarentzat biderik existitzen. Zu pertsona bezala aldatzen zaren moduan, aldatzen zaizu bidea. Ni asko aldatu naiz, bide ugari jorratu ditut. Un Paso Adelante egin baina lehenago, bi musikal egin nituen, eta orain beste bi egin ditut. Antzerkian ere sartu naiz. Baliteke hemendik lau hilera berriro telebistan egotea, edo pelikularen bat grabatzea antzezlan hau egiten dudan bitartean.


Orain arteko lankideekin harremanetan jarraitzen duzu?


Batzuekin bai besteekin ez. Bada ondo konpontzen zaren jendea eta badira ikusi ere ezin dituzunak.


­Crimen Perfecto antzezlanean zabiltza Espainia osoan zehar. Nola sentitzen zara 2012ko ekainera arte  han eta hemen emanaldiak eskaintzen egongo zaretela entzutean?


“Es algo muy bestia”. Entseguekin hasi ginenean, 35 emanaldi salduta genituen Espainia osoan zehar Madrilen aritu baina lehen. Orain, beste 70 inguru daude salduta Madrilen bukatu ostean, abendutik 2012ko ekainera bitartean, eskaintzeko. Izugarrizko arrakasta da. Gainera joaten garen leku guztietako antzokiak betetzen dira. Hori aktore batentzat harro egoteko modukoa da.


Hainbeste lan edukitzeak denbora asko kentzen dizu?


Ez, ez. Gainera orain gauzak dauden bezala… hobe lan asko edukitzea. Opari bat bezala da, loteria. Lan honek duen beste gauza on bat da denbora libre dezente izaten dugula. Espainiako jira egingo dugun bitartean, astean hiru egun egiten dugu lan gehienez. Madrilen gaudenean desberdina izango da. Astean bost edo sei egunetan egingo dugu lan. Horrek beste hainbat lan motekin lan egiteko aukera ematen du, bai zinea eta bai telebista.


Nola  daramazu fama?


Batzuetan ondo eta beste batzuetan ez hain ondo. Nahiko lotsatia naiz jendea gerturatzen denean, ez dut ulertzen zergatik gerturatzen diren nigana. Baina azkenean hori ikasi egiten da eta kito. Horrekin bizitzen ikasi behar da. Ez dago beste aukerarik.

‘Crimen Perfecto’ antzezlana ikusgai da Donostiako Victoria Eugenian

‘Crimen Perfecto’ antzezlana ikusgai da Donostiako Victoria Eugenian



[slideshow]

Testua: Joanes Segurola


Argazkiak: Julen Hernandez


Txalo Produkzioaken azken lana da Crimen Perfecto antzezlana eta Donostiako Victoria Eugenian ikusteko aukera izango da apirilaren 16 eta 17an. Víctor Condek zuzenduriko antzezlan hau Alfred Hitchcocken izen bereko filmean oinarritutako antzezlana da, nahiz eta ideia originala Frederick Knotena den. Horrez gain, ez da ohiko antzezlana. Izan ere, eszenan ez da antzezlanak kontatzen duen istorioa bakarrik ikusiko, interpretazioaren atzealdea osatzen duten hainbat atal ere ikusteko aukera izango baitu ikusleak.


Xabier Agirre Txalo Produkzioakeko zuzendaria oso pozik agertu da orain arte “Txaloren ekoizpen handiena” denak, Crimen Perfecto-k, jaso duen harrerarekin. Orain arte 30 emanaldi eskaini badituzte ere, datorren urteko ekainera arte emanaldiak eskainiko dituzte han eta hemen.
Antzezlan honetan, Tony Wendicek bere emazte Margotek duen diruaz jabetu nahi duen istorioa kontatzen da. Horretarako, bere emaztea hiltzea pentsatzen du, eta aspaldiko ezagun bati xantaia egiten dio hilketa gauzatu dezan. Baina plana gaizki ateratzen da eta Margotek hiltzailea hiltzen du. Hortaz, hasieran biktima izango zena, ustezko hiltzaile izatera pasako da. Gainera, ez da ahaztu behar antzezlanak duen berezitasunaz. Horren harira, Jorge Sanz protagonistetako batek honakoa esan du: “bi emanaldi dira emanaldi berean”.


Jorge Sanz bakarrik ez, Crimen Perfecto-ko protagonistak Elena Furiase eta Pablo Puyol ere badira, nahiz eta Antonio Albella eta José Sánchez-Orosak ere parte hartzen duten. Elena Furiaseren hitzetan, “antzezlana bisualki nahiko dibertigarria da”. Beraz, ikustea eta antzezlanaz gozatzea besterik ez da geratzen!

FITXA ARTISTIKOA

Zuzendaria: VÍCTOR CONDE


Interpreteak:


JORGE SANZ
ELENA FURIASE
PABLO PUYOL
ANTONIO ALBELLA
JOSÉ SÁNCHEZ-OROSA


Talde artistikoa:
Eszenografia: ANA GARAY
Argiztapena: CARLOS ALZUETA
Musika originala: MARC ÁLVAREZ
Jantziak: MIGUEL ÁNGEL MILÁN
Diseinu grafikoa eta argazkiak: JAVIER NAVAL
Ile-apainketa eta makillajea: FELICIANO SAN ROMÁN
Ekoizpena: TXALO PRODUKZIOAK

2011/04/14

'Para Ana, de tu muerto' da Nuria Rocaren nobela berria

Testua: Julen Hernandez eta Haizea Holgado


Argazkiak: Julen Hernandez


Telebistako aurkezlea eta duela urte batzuetatik idazlea da Nuria Roca. Los caracoles no saben que son caracoles eta Sexual-mente bere liburuek arrakasta handia lortu dute. Emakume polifazetiko honek irakurle asko bereganatu ditu, baina, batez ere, kritika onak izan dira arrakastaren arrazoia.

Zer kontatu dezakezu zure liburu berriaren inguruan?


Anaren inguruan gertatzen da istorio guztia. Emakume gaztea, xumea, bakartia eta guraso gabea da Ana. Baina protagonistak Carlos Pachenco idazlea ezagutu, elkar maitemindu eta hogei urte igarotzen dituzte ezkonduta. Amorala , beroa eta ezin hobea, horrela da Carlos berarekin. Hala ere, urteen poderioz, Anak bizitza arruntago bat nahi du, gehiegikerietatik ihesi. Hilketa bat bere bigarren aukera izan liteke eta bat batean, droga eta alkoholez beteriko festa baten ondorioz, Carlos hil egiten da. Hori gutxi ez, eta handik egun batzuetara gutunazal bat iristen da Anaren eskuetara. Carlosen azken nobela bukatugabea zegoen bertan, eta zera jartzen zuen kartatxo bat: “Para Ana, de tu muerto, un regalo envenenado”.


Zein irakurle motari gomendatzen diozu liburua?


Ez dago hau irakurtzeko adinik. Hasieratik bukaerara nobelaren zurrunbiloan murgiltzen zara. Gainera, azken orrialdera arte ez da sekretua argitzen, eta hainbat lagunek aitortu didate ezin izan dutela irakurtzeaz gelditu. Irakurtzeko erraza da nobela hau. Hori dela eta, gozatzeko liburuetako bat kontsideratzen dut. Dudarik gabe, kapukotar guztiei gomendatzen diet. Gaur egun, asko kostatzen zaigu irakurtzea, baina lehenengo orriarekin jartzea da gauza. Hasi eta ezingo duzue irakurtzeari utzi. Beraz, animo!


 


 






Txapela buruan eta ibili munduan!

Testua: Ainhoa Goenaga



Ibiltaria zara? Orduan dudarik gabe couchsurfer-a zara! Couchsurfing azken nobedadea da bidaiatzeari dagokionean. Webgune honek leku berriak eta jende ezberdina ezagutzeko ateak zabaltzen dizkizu. Musu-truk bidaiatzeko modu paregabea eskaintzen dizu, hain zuzen ere. Nonahi bidaiatu dezakezu ostaturik ordaindu gabe. Izan ere, couchsurfing-eko parte hartzaileek eskuzabaltasun osoz beraien etxea eskaintzen dute. Erabiltzailea bihurtzen zarenean, zuk ere zure etxea eskaini dezakezu edo, bestela, turismo-gidari moduan jokatu dezakezu. Horrela, besteei mesede bat egiten diezu eta, aldi berean, dohainik bidaiatzearen abantailez gozatzen duzu. Gainera, sare sozial honek bertako jendearen eskutik tokian tokiko giroan murgiltzeko aukera ematen dizu. Sartu couchsurfing.org-en eta deskubritu abenturaz beteriko mundu berri bat!!!

“Grabatzen 5, 4, 3…”

Kapuko Aldizkariaren inguruko erreportaje bat grabatu zuen Sut&Blai EITBko programak


Testua: Lohizune Amatria


Kapuko Aldizkariaren inguruko erreportaje bat grabatu zuten Sut&Blai-koek Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean. Arratsaldeko lauretan agertu ziren ekipoa osatzen zuten lau kideak: kamera, soinu teknikaria, argi teknikaria eta Nerea Alias aurkezlea. Erreportajearen nondik norakoak azaldu ostean, “grabatzen 5, 4, 3...” esan eta grabatzeari ekin zioten.


Grabaketa telebistan emititutako erreportajearen ordena jarraitu gabe egin zuten. Hasieran agertzen dena, arratsaldeko azken orduetan grabatutakoa da, eta bukaerakoa, berriz, aurretik grabatutakoa. Lehenik errekurtso planoak grabatu zituzten, soinurik gabe eta ahal zuten ikuspuntu guztietatik. Plano horietan esaten dena entzungo ez den arren, garrantzitsua da naturaltasunez jokatzea, editatu ondoren benetako planoen artean txertatuta agertuko baitira. Behin errekurtso planoak grabatuta, soinua eta benetako irudiak grabatu zituzten.


Sut&Blai-ko erreportajean ikusi daitekeenez, Kapuko Aldizkarikoek Nerea Aliasen elkarrizketa bat lortu dute. Bertan, ekipo “funtzio anitzekoak” direla azaldu du Aliasek “denak denetik egiten dugu”. Gidoilari baten gidoia jarraituta, aurkezleak behar dituen irudiak eskatzen dizkio ekipoari eta behin grabatuta dituztenean, aurkezleak berak, kasu honetan Nerea Aliasek, egiten du erreportajearen muntaia. Azken ukituak errealizadoreak ematen dituen arren, egia da denek denetik egiten dutela; izan ere, itxurazko bileraren irudiak Nerea Aliasek grabatu zizkion Kapuko Aldizkariari.


[vimeo http://www.vimeo.com/22128701 w=400&h=225]

Teknologia erabilgarria


Irudiak grabatzeko ENG (Electronic News Gathering) ekipo bat erabili zuten. ENG ekipoak eramangarriak dira eta erreportaje bat grabatzeko oso egokiak. Hain dira eramangarriak, non Nerea Aliasen hasierako aurkezpena grabatzeko baino ez zutela erabili tripodea. Soinua, berriz, pertika batean kokaturiko kanoi mikrofono batekin hartu zuten. Lerro mikrofonoa da eta oso sentikorra, eta direkzionala denez, soinua urrunetik hartzeko aukera ematen du. Erreportaje honen kasuan, pertsona askoren ahotsak bildu behar izan zituzten eta horretarako oso baliogarria izan zuten.


http://www.eitb.com/bideoak/telebista/sut-and-blai/osoa/633990/sutblai-kapuko-aldizkaria/

2011/04/08

Aitana Sánchez-Gijón Bilboko BBK Hurbiltasun antzokian da Santo antzezlanarekin

Testua: Ander Barinaga-Rementeria


Argazkiak: Julen Hernandez eta Jaime García


[slideshow]


Teatro El Cruce-ren ekoizpen hau bost asteko entseguen ondoren, iragan martxoaren 3an estreinatu zen Teatro Español antzokiaren Areto Txikian. Ernesto Caballero zuzendariak “publikoarekin harreman ona” lortu ondoren Bilboko BBK Hurbiltasun antzokira helburu berberarekin etorri direla adierazi du.


Antzerki barrokoan egiten zen bezala, hiru obra autonomo bildu dituzte Santo izeneko antzezlan bakarrean. Santutasuna abiapuntutzat hartuta espiritualtasuna, misterioa eta justizia bezalako gai mamitsuak landu nahi izan dituztela adierazi du Caballerok.


Aitana Sánchez-Gijón aktoreak “pertsonaia batetik bestera aldatzea erronka izugarria” dela esan du gaur goizean Bilbon emandako prentsaurrekoan. Izan ere, hiru pertsonaia ezberdin antzezten ditu aktore bakoitzak. Zati batetik bestera istorioz aldatzeaz gain, generoa bera ere aldatu egiten dela adierazi du Esther Acevedo aktoreak. Pertsonaiak ere “nahiko bereziak” direla gaineratu du eta aktoreak hirurotako batekin identifikatuago sentitzen diren modu berean, ikusleak eurak ere batekin identifikatuago sentituko direlakoan dago Acevedo. José Luis Esteban aktore zaragozarrak ere berdina esan du.


Zurbaranen Angus Dei izeneko lanaren irudiak osatzen du José Luis Raymond bilbotarrak diseinaturiko eszenografia eta Paco Arizaren argiztapena funtsezko bilakatzen da istorio batetik besterako trantsizio prozesuan.


Ikusleari egiaren inguruko gogoeta egiteko gonbita luzatzen diete hiru egileek beren hiru istorio desberdinekin.






FITXA ARTISTIKOA

Egileak: IGNACIO GARCÍA MAY, IGNACIO DEL MORAL eta ERNESTO CABALLERO

Zuzendaritza: ERNESTO CABALLERO

Interpreteak:

AITANA SÁNCHEZ-GIJÓN

JOSÉ LUIS ESTEBAN

ESTHER ACEVEDO

BORJA LUNA

Talde artistikoa

Eszenografia JOSÉ LUIS RAYMOND

Jantziak ANA SEBASTIÁN DELGADO

Argiztapena PACO ARIZA

Soinu-espazioa IGNACIO GARCÍA

Ekoizpena: TEATRO EL CRUCE

[gallery link="file" orderby="ID"]

Internet gabe utzi ditu 75 urteko emakume batek Armeniako biztanleak

Saltzeko kobre bila ari zela, Internet seinalea bidaltzen duen kablea moztu du Georgiako emakumeak


Testua: Lohizune Amatria


Georgiako 75 urteko emakume bat atxilotu dute Armeniako biztanleak Internet gabe uzteagatik. Emakumea saltzeko kobre bila ari zela Georgiatik Armeniara doan zuntz optikoa moztu zuen, Armenia Internet gabe utziz. Georgiako poliziak arduraduna atxilotu eta hiru urteko kartzela zigorra jarri diezaioketela adierazi du.


Internet kudeatzen duen Georgia Railway Telecom enpresak adierazi duenez, erabiltzaileen %90 ezin izan zen Internetera sartu. Konexioa lehenbailehen berreskuratzen saiatu ziren arren, hamabi ordu behar izan zituzten kablea konpontzeko.

2011/04/07

Kazetariak greban, Grezian

Testua: Aintzane Larrañaga


Beste herrialde askotan bezala, Grezian ere kazetariek lan baldintza gogorrak dituzte, eta horren aurrean protesta gisa, lau eguneko greba egingo dute. Izan ere, herrialde horretan dauden zazpi mila kazetarietatik 900 inguru kaleratu  dituzte azken asteetan, eta soldata ugari murriztu diete. Honela, apirilaren zazpitik hamarrera arte informaziorik ez eskaintzea erabaki dute komunikabide gehienek, blog gutxi batzuk salbu. Bestalde, Greziako prentsa sindikatuak adierazi du Gobernuak, Patronalaren laguntzarekin, kazetarien lan eskubideak ezabatzea nahi duela, eta ez dutela inondik ere hori onartuko.

Kazetarientzat orrialde bat sortu du Facebook-ek

Kazetarientzat orrialde bat sortu du Facebook-ek


Testua: Leire Regadas


Berriak argitaratzeko hainbat kazetarik Facebook erabiltzen dutela ikusirik, Facebook & social journalism izeneko orrialdea sortu du Facebook sare sozialak. Horren xedea kazetariak informazio iturri bezala Internet erabiltzen eta irakurleekin interakzioa izaten laguntzea da.


Horretaz gain, Facebook Journalism Meetup program sortuko dute; munduan zehar hainbat mintegi egingo dituzte, kazetariek sistema berri hori lan tresna bezala erabiltzen ikas dezaten.


Ohar nagusian, Facebook & social journalism atalaren berri emateaz gain, adibide batzuk daude jendeak ikus dezan nola erabili daitekeen sare soziala kazetaritza lanetarako.

2011/04/05

UDABERRIKO TENDENTZIA

Preppy style: dotorezia eta erosotasuna


Testua: Ane Zabala


Preppy estiloa Estatu Batuetako eta Erresuma Batuko eskola eta unibertsitate elitistetako ikasleen janzkeran oinarritzen da. 80. hamarkadan modan jarri zenetik ikasgeletatik kalera irten da Ralph Lauren, Tommy Hilfiger, Lacoste edo Paul Smith bezalako diseingileen eskutik. Inspirazio nautikoa duen estilo sofistikatu, sinple, dotore eta eroso hau udaberri-uda honen must bat izango da.



Denboraldi honetan, look hau inor baino hobeto jantzi nahi baldin baduzu, zure armairua jantzi klasikoekin betetzeko prestatu beharko duzu. Izan ere, estilo honen ohiko jantziak kolore neutroko prakak, tolesdun gonak, alkandorak, sweater-ak, urdin iluneko (azul marino) blazer-ak, erronboak eta larruzko zapatak edo mokasinak dira. Look ezinhobea lortuko duzu gona motz, alkandora zuri eta blazer bat konbinatuz edo marinel kamiseta, praka beige, blazer eta punta biribileko zapata batzuekin.



Telebistan estilo hau askotan ikusi ahal izan dugu Gossip girl telesailaren eskutik eta neurri batean, honi esker lortu izan du estilo honek arrakasta.  Izan ere, telesai honek modan duen eragina itzela da eta bertan agertzen diren protagonista eta estilismoak berehala bihurtzen dira tendentzia. Telesailean preppy estiloaren alderik sexy-ena esplotatu dute eta tolesdun gona motzak, zetazko blusak eta takoi zapatak ikusi ahal izan ditugu.


Estilo honen arrakasta hain izan da handia, non H&M eta Zara dendek preppy-ari eskainitako linea osoak salgai jarri dituzten. Denda hauetan begiradatxo bat eman ezazu eta maitemindu zaitez New Yorkeko kaleak eta mundu erdiko pasarelak konkistatu dituen estilo honetaz.

2011ko Donostiako Aste Nagusiko su artifizialen eta euskal jaiak iragartzeko kartelen lehiaketa

Donostia Kulturak 2011ko Aste Nagusia, Su Artifizialen Nazioarteko 48. Lehiaketa eta Euskal Jaiak iragartzeko kartelak aukeratzeko lehiaketa martxan jarri du. Zirriborroak aurkezteko azken eguna maiatzak 8, eguerdiko 13:30ean izango da. Edonork parte hartu dezake. Informazio gehiago nahi izanez gero deskargatu oinarriak hemen klik eginda.

2011/04/04

Telebista pribatuek publizitatetik lortutako diru-sarrerak %25 igo ziren 2010ean

Baina telebistan igorritako iragarki kopurua murriztu egin da, %4 egin du behera azken urtean


Testua: Iñigo Gonzalez


Telebista kate pribatuek 1.931,8 milioi euro eskuratu zituzten publizitateari esker 2010ean,  2009an baino %25 gehiago, Telekomunikazioen Merkatuko Komisioaren azken txostenaren arabera. Txostenen egileek esan dutenez, TVE kate publikoak iragarkiak emateari uztea «erabakigarria» izan da igoera hori eman zedin. Gainera, urtebete da TVEk iragarkiak emateari utzi zionetik.


Bestalde, publizitate gutxiago emititzen da kateetan eta %4 jaitsi da iragarkiei eskainitako minutu kopurua.


Bien bitartean, kate publikoek 253,25 milioi euro lortu zituzten arrazoi beragatik, 2009an baino %60 gutxiago. Pribatuen kasuan TVEk iragarkirik ez emateak diru-sarreren igoera eragin bazuen, alderantzizko efektua sortu du publikoengan: %60ean murriztu dira diru-sarrerak 2009. urtearekin alderatuz.


Azken hiruhileko datuak erreferentzia gisa hartuta, kate pribatuek publizitatetik 540,9 milioi euro eskuratu zituzten denbora tarte horretan, aurreko urteko azkenekoan baino %8,9 gehiago. Publikoek aldiz, 68,3 milioi lortu zituzten.


Publizitate gutxiago


Kate pribatuen irabaziak handitu badira ere, publizitate gutxiago emititu zen 2010ean, 1,9 milioi minutu guztira. Aurreko urtearekin alderatuz, %4,1 jaitsi da iragarkiak igortzeari eskaintzen zaion denbora. Azken hiruhileko datuei so eginez gero, 527.247 minutu igorri ziren denbora tarte horretan, 2009an baino %0,4 gutxiago.

2011/04/01

ISASAWEIS: Edertasunaren giltza orain Youtube-n


Edertasunaren giltza orain Youtube-n


Testua: Nerea Reparaz




Internet sarritan, hondorik gabeko kutxatzat definitu izan da, etengabe berritzen doana, beti ere praktikotasuna duelarik ardatz. Azken aldi honetan, edertasuna eta elikaduraren inguruko ardurak hartu du garrantzia Espainiako blogarien artean. Isabel Llano asturiarra da, hain zuzen ere, boom honen arduraduna.


Isabel Llano edo, Isasaweis Interneteko nabigatzaileentzat, Youtube-ko aurpegi ezagunetakoa bilakatu da azken hilabeteetan itxura eta osasunaren arloan. 8 hilabete eskas pasa dira asturiarrak Internetera lehenengo bideoa igo zuenetik. Informatika ikasketak gauzatu zituen eta gaur egun irakaslea da Asturiaseko institutu batean. Horrek baina, ez dio bere benetako hobby-ari denbora eskaintzea ekiditen.



 


 



"Ondo azaltzen dudala esaten didate, beharbada irakasle izatetik datorkit”


Isabel Llano


 


 


 


45.000 harpidetza ditu bere webguneak, eta horrek Espainiako blog bisitatuenen artean kokatzen du. Lortutako oihartzunaren aurrean “sinestezin” ageri da gaztea, inolaz ere horrelako fama lortuko ez zuela pentsatuz. Bere bideo bidezko aholkuak, beti ere, jarraitzaileen eskaeretan oinarritzen dituela jakinarazi du, izan ere, haiekin kontaktua omen da asturiarraren iritziz ospearen giltza.


 




“Ez nuen inolaz ere horrenbesteko oihartzuna espero”


Isabel Llano


 


Gertutasuna eta arruntasuna dela eta Isasaweis-ek jende askoren etxeetara iristea lortu du. Bideoak etxean grabatzen ditu bideo kamara pertsonalarekin. Jarraitzaileak eroso eta harekiko gertu sentiarazten ditu, bere etxeko ateak irekiz.


Moda, edertasuna, osasuna eta elikadura osasuntsua dira gazteak zabaltzen dituen baloreak. Bideo arrakastatsuen artean, sushi-aren errezeta eta zenbait pertsonaia famaturen look-a edo makillajea lantzen direnak dira.


Telebistak dagoeneko fenomeno berri honen berri du, eta Antena3ek denbora galdu gabe asturiarra fitxatu du. Gutxi barru bere programa propioarekin ikusi ahal izango dugu, ohiko apaltasunez irtenbide merkeak eta aholku baliotsuak zabalduz.

Rockaren museoa ireki dute Bartzelonan

Rockaren museoa ireki dute Bartzelonan


Testua: Aintzane Larrañaga


Martxoaren 31an ireki ditu ateak Bartzelonako rockaren museoak, eta 500 piezatik gora daude ikusgai, besteak beste, Michael Jacksonen eta Mick Jaggerren jaka bana, diskoak, kartel edo posterrak eta hainbat musika instrumentu.

Las Arenas merkatal zentroaren barnean kokatzen da museoa, eta Jordi Tardá kazetaria izan da proiektuaren bultzatzaile nagusia. Bere hitzetan, “rockaren historia azaltzen lagunduko diguten piezak jendeari erakustea da helburua”.

Eraikina 4 gelatan banatzen da: lehen gela Beatles laukote britainiarraren inguruan antolatzen da; bigarrena, Rolling Stones taldearen inguruan; hirugarrena, rock espainiarrari lotua dago, eta laugarrena, aldiz, gaiz aldatzen joango da aldiro. Momentuz, Freddy Mercury zenaren Queen taldearen objektuz osatzen da azken zati hau.

Tardák adierazi duenez, tarteka kontzertuak eskainiko dituzte museoan bertan, baita musikari buruzko klase magistralak ere. Eta hori guztia gutxi balitz, On Stage gelatxoa sortu dute, non joaten den edonork musika jotzeko aukera izango duen.

Museoa asteko egun guztietan izango da zabalik eta sarrerak 10 eurotan daude salgai.

Euria esan eta euria erortzea

Testua: Ander Barinaga-Rementeria.     Argazkiak: Julen Hernandez

Ikuskizun hau Gaitzerdi Teatro konpainiaren baitan sorturiko KABIA ikerketa dramatikorako espazioak eginiko lanaren emaitza da. KABIA sortu eta handik hilabete batzutara Heiner Müller-en testu batetik abiatuta hasi ziren lanean. Borja Ruiz antzezlanaren zuzendariak azaldu duenez, zenbait hilabetez hainbat eszena landu ondoren, konturatu ziren Joseba Sarrionandiaren hainbat testu eta ideia ezberdin kontatu nahi zuten istorioarekin bat zetozela. Bizkaitarraren imajinarioa iparrorratz hartuta ekin zioten bost aktorek bideari, eta bidetik beste bost batu zitzaizkien oraingo taldea osatzera arte.

Istorioa patio batean gertatzen da. Patio honek bi aurpegi ezberdin dituela azaldu du zuzendariak. Alde batetik, patio arrunt bat dago, non pertsonaia gris batzuk beraien egunerokoan hara eta hona dabiltzan. Beste alde batetik, haurrek duten patioaren irudia dago. Haien irudimena lagun, patioa edozein leku izan daiteke. Patio horren dualitatearekin jolastu nahi izan dute hamar artistek.

Antzerkia uneoro aldatzen den organismo bizia dela esan du Borja Ruizek. Bizitasun hori aktoreen interpretazioetan ageri-agerikoa da. Sarrionandiaren testuak lagun, ikuslea efektu eta koreografia ikusgarrien bidez gatibatzea lortzen dute ordu bete pasatxo irauten duen ikuskizunean. Bakardadea, pasioak, tristurak, identitaterik eza, zoriontasunaren eta gaur egungo gizartearen inguruko hausnarketa egiteko gonbidapena luzatzen digute KABIAko kideek. Zer da ba zoriontasuna?  Euria esan eta euria erortzea.

Hurbiltasun antzokia

Bilboko Arriaga Antzokiko Hurbilatsun Antzokioaren programazioari esker izan da Bilbon ikusgai Max Sarietarako aukeratuta dagoen antzezlan hau. Apirilaren 2an Paisaje con Argonautas lana eskainiko du konpainia berberak. Borja Ruizen zuzendaritzapean arituko dira Juana Lor aktorea eta Iñigo Olazabal musikaria.

EURIA ESAN ETA EURIA ERORTZEA
  • Zuzendaria: Borja Ruiz
  • Aktoreak: Juana Lor, Iosu Florentino, Ane Pikaza, Joseba Uribarri, Karol Benito, Oscar García, Sara González, María Goirizelaia eta Yolanda Bustillo.
  • Eszenografia: Alicia de Miguel
  • Jantziak: Azegine Urigoitia
  • Argiztapena: Javier García
  • Musika: Xabier E. Adrien
  • Ekoizpena: Rosa Abal

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money