2011/02/16

Banksy, anonimotasuna eta saturazioa (Street art, kalian gora kalian behera)

Banksy, anonimotasuna eta saturazioa


Testua: Julen Biguri


Telebista piztu eta iragarkien eta politikoen ad nauseam argudioen artean, pelikula bat ikusten geundela konturatzen gara; edo, auskalo, munduan benetan gertatzen ari dena. Eta kaleetan? Kaleetan berdin. Edonon saturazioa pairatzen ari gara. Akaso ez da espazio publikorik geratzen? Ez! Coca-Cola-k parke zati bat erosi du letra gorriz tindatzeko, seguruenik iturriko ura Fontvella-k jarri du, eta, nork daki, agian, parkeko eserlekuak Ikea-k egin ditu. Saturazioa edonon.
Zorionez, zentzugabeko hitz jario horren aurrean alternatibak agertzen ari dira azkenen aldian. Baina nortzuk dira alternatiba horien sortzaileak? Anonymous edota Wikileaks aipatu genitzake, burmuin garbiketaren arerio gisa. Baliteke Banksy ere horien artean egotea. Argi dagoena da kexatzeko bide berria ez dela izena ematea. Egun, ideia dugu, ez pertsona.


Banksyk saturazioa satira bihurtzen du graffitien eta street artearen bidez. Banksyk ez du ospea bilatzen, edo bai? Kontua da anonimotasun horren atzean arma bat dagoela, mezu gogor eta zuzen batez gain, irudimena eta artea duena.


Horrela definitzen zuen Banksyk street artearen ideia pasaden urtean egindako aitorpen batean:
“16 urte nituela trenbide batean ezkutuan sartu eta talde graffitero baten (zeinen kide bakarra ni neu nintzen) inizialak idatzi nituen horma batean. Horren ostean gauza ikaragarri bat jazo zen; ez zen ezer gertatu. Nire atzetik ez zen  txakurrik etorri, zigortzeko asmoarekin Jainkoak bidalitako tximistarik ez ninduen txikitu eta  nire ama ez zen konturatu etxean ez nengoela.


Gau hartan nahi nuena lor nezakeela konturatu nintzen. Eta “Sartzea debekaturik dago” idatzita duen kartelaren atzean dena bereizmen handiagoarekin gertatzen dela ohartu nintzen: adrenalinak ikusmena areagotzen dizu, soinu txikiena ere esanguratsua bilakatzen da, usaimena areagotzen zaizu eta eskaleek edonon egiten dute kaka.


Delitutzat hartzen dute askok jabetza pribatuetan sartzea eta bertan margotzea. Baina, izatez, egunero-egunero marketing-ean adituak diren taldeek gure burmuinaren 30 cm²-ak indarrez hartzen dituzte. Estatus sozialarekin eta zitalkeriarekin itsututa dagoen gizarte honek lortu ezinezko xedeak saltzen dizkigu, egoera horri erantzuteko graffitia egokia da. Hori da erregulaziorik gabeko merkatu libre baten ikuspuntua,  merezi duen artea daukana. Eta agian batzuei denbora galtze ikaragarria irudituko zaie, baina nori axola zaio haien iritzia: haien izena ez baitago idatzita hizki erraldoiekin hiriko zubian”.


Lortu ezinezko xedeen merkatuaren parte gara, eta batzuk, jadanik aspertuta gaude merkatu honen funtzionamenduaz. Baina lasai, Banksyren tximinoak dioen bezala: “Laugh now, but one day we’ll be in charge”.


Informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero, hemen kontsultatu:
- The exit through the gift shop (Banksy, 2010)
- Banksy Wall and Piece (Banksy, 2005)
- Trespass: historia del arte urbano no oficial (Carlo McCornick, Marc & Sara Schiller, Ethel Seno, 2010)
- www.banksy.co.uk
Edo Kalian gora, kalian behera webgunean galdetu: kaliangorabehera.blogspot.com

0 iruzkin:

Post a Comment

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money