2011/02/27

Zine txokoa: Coffe and Cigarettes

Zine txokoa: Coffe and Cigarettes


Filma: Coffe and Cigarettes


Urtea: 2003


Zuzendaria: Jim Jarmusch


Testua: Ibon Urresti



«Hizlari on bat soilik hitzontzi bat izango da eta galduta egongo da, audientziaren bihotza eta gogoa bereganatzen ez baditu». Wilson Mizner


Kafea eta zigarroak. Pertsonen arteko lotura eta hurbiltasunaren adierazle dira sarritan. Kafe-katilu bat, askotan, lagun, solasaldi eta sekretuen sinonimo da guretzat.


Eguneroko plazer txikien apologia egiten duen filma da Coffe and Cigarettes. Kafe-katilu bat eta lagun arteko solasaldi batekin gozatzera bultzatuko gaituzte pertsonaiek. Hala ere, lehen inpresioan, filmak guztiz zentzugabea dirudi. Pastazko betaurrekoak artearen inguruan ematen duten bermearen atzean izkutatutako beste maisulan ulergaitz horietako baten usaina dario. Eta zine munduan halakorik badago ere, uste dut kasu honetan giza komunikazioaren inguruko hainbat ondorio atera ditzakegula.


Horretarako, Jarmuschek, elkarren artean itxuraz inongo loturarik ez duten laburmetrai ezberdinak tartekatzen ditu filmak irauten duen 95 minututan.


Bi pertsonaia mahai baten inguruan. Kafea eta zigarroak. Itxuraz, hori da istorioak lotzen dituen argumentu komun bakarra. Bitartean Elvis Presleyren heriotzaren inguruko konspirazioak, Nikola Teslaren teoriak edota te ingelesaren prestakuntza egokia bezelako gai nahasi eta ezberdinen inguruan hitz egiten dute pertsonaiek.


Filma 2003an estreinatu bazen ere, Jarmuschek 1986tik zeraman eszena eta pasarte ezberdinak filmatzen, azkenik 11 bineta laburrez osatutako collage bat egin arte. Horrez gain, aktore zerrenda bikaina eskaintzen digu film independente honek: Roberto Benigni, Steven Wright, Bill Murray, Steve Buscemi, Cate Blanchet edota Tom Waits, Iggy Pop eta Jack White musikariak esaterako.


Aspektu teknikotik filmak ez du inongo konplexutasun berezirik, hare gehiago; sinpletasuna eta informaltasuna dira nagusi; zuri-beltzeko plano itxi eta kamera enkoadraketa finkoak mantenduz.


Gure bizitzetatik ateratako eguneroko elementuak biltzen ditu Jarmuschek filmean, eta hauen inguruan komunikatzeko gai izatearen garrantzia azpimarratzen du. Bada, pertsonaiek mantentzen dituzten elkarrizketak ez dute gai konkreturik jorratzen. Egunerokotasunean sortzen diren egoerak besterik ez dira, elkarrizketak momentuaren inertziaren menpe daudelarik. Hala ere, askotan guztiz hutsalak eta absurduak bilakatzen dira pasarteak.


-Laster joan egin behar dut.. Dentistarenean txanda daukat. Baina ez dut joan nahi, ez zait gustatzen dentista…


-Steve. Nik denbora daukat. Denbora asko!


-Nire ordez joan nahi?


-Mila esker. Bai zure ordez joango naiz. Ederra!


Komunikazio egoeretan denok inoiz izan ditugun oztopoak agertzen dira filmean zehar, hala nola; interes falta, bestea entzuteko ezintasuna, besteen erreakzioaren beldurra… No problem laburraren kasuan, bi lagunminen artean, komunikazio eraginkor bat ezartzeko ezintasuna eta zerbait konkretua adierazteko zailtasunak azaltzen dira.


Film batek ematen digun kanpo-perspektiba aprobetxatuz, uste dut Coffe and Cigarettes-ek komunikazio eraginkor eta lasai batek giza harremanetan duen garrantziaz ohartarazi gaitzakela. Bada solasaldi on batek gaia agortu behar du, ez solaskideak.


Agian ez da gure bizitza aldatuko duen filma, baina eguneroko plazer txikiez gozatzen eta besteen hitzetan arreta gehiago jartzen erakuts diezaguke. «Bizitzako gauza guztietan aurkitu daiteke plazerra ondo dastatzen jakinez gero», esaten zuen aspalditik Ganivetek...

2 iruzkin:

kapuko aldizkaria said...

Ona!

Biguri Jauna said...

WOW!

gran pelikula si señor!

Post a Comment

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money