2012/04/25

Telebista autonomikoak pribatizatzeko aukera dago

Espainiako Ministro Kontseiluak autonomia erkidegoen esku utzi du telebista publikoak pribatu bihurtzeko aukera. Horrela, autonomia erkidegoek nahi izanez gero telebista publikoko zerbitzu batzuk pribatizatu edo telebista publikoa bera osorik pribatizatzeko aukera izango dute, lehiaketa publiko bidez. Egun, 13 komunikazio enpresa publikoen aurrekontua 1.400 milioi euro ingurukoa da eta kopuru horren %75a diru publikotik dator, gainontzeko %25a aldiz, publizitatetik lortutako irabaziak dira.
Neurri honekin, EiTB taldeak ere pribatizatzeko aukera izango luke legez, nahiz eta EiTBren sorreran finkatutako helburuak kate pribatu batenarekin bateragarriak ez izan.

2012/04/17

NOTODOFILMFEST: ZINEMAGILEEN LEHEN PAUSUTXOAK



Julen BIGURI

NotodoFilmFest-ek 10 urte bete ditu jadanik, eta finalisten artean 168 laburmetrai daude. Aurten, Javier Fesser (Camino), Juan Carlos Fresnadillo (Intruders), Jaume Balagueró (Mientras duermes), Daniel Calpasoro (Salto al vacío), Victor García León (Más pena que gloria) eta Patricia Ferrera (El alquimista impaciente) zinemagileek osatzen dute epaimahaia.

            Hala ere, interneteko erabiltzaileek festibal honetan duten lekua ezinbestekoa da, euren bozkaketek erabaki ditzaketelako, epaimahaiaz gain, irabazleetako batzuk. NotodoFilmFest-eko antolatzaileek dioten arabera, gazteen eta internet erabiltzaileen kultura sustatzeko ezinbesteko plataforma bilakatu baita festibala.

            Izan ere, zinemagile gazteei lehenengo pausuak emateko bultzada txikitxo bat ematen dien festibal digitala da NotodoFilmFest. Bada, gaur Werner Herzog (Aguirre y la cólera de dios, Nosferatu: vampiro de la noche) zuzendari alemaniarrak dioenez, gaur egun ez dago zinema ez egiteko aitzakiarik, beharrezko materiala eskura daukagu guztiok.

            Zinemagile gazte horien onenen artean 50.000€ banatuko dira 15 sari ezberdinetan. Aurten Groupama Saria ere banatuko da, serierik onena egin duenarentzat. Eta festibaleko mugak handitu nahian, Latinoamerikara begira ere ibiliko dira zinemagileak, Hegoamerikako laburmetraiak sustatuz.

Finaleko gorenak
Aipatu moduan, 168 finalisten artean erabiltzaileak 5 gustukoenak aukeratu ahal ditu. Kapuko-tik saridunak izatea merezi duten 5 laburmetrai hautatu nahi izan ditugu. Eta Latinoamerikako zinemagileei ere begira, ozeanoko beste aldetik datorkigun onena. Ziur gaude 168en artean beste baten bat nahiago izango duzuela, baina ikusitakoen artean hauek dira guretzat finaleko gorenak (laburmetraiak ikusteko link-ak iritzi bakoitzaren azpian dituzue eskuragarri):

Náufragos (Mario Rico)
Bizi garen mundu zoro honetan laguntza eske dabilen jendeari buruzko istorioa da Mario Ricoren laburmetrai animatua, eta espainiar estatuko marrazkilarien kalitate bikainaren isla da.

Doble Check (Paco Caballero)
Komunikazioa eta inkomunikazioa, sare sozialak eta sozializazioa… Zerrenda luzea egin genezake, baina zergatik ez barre egin? Azken finean, satiretatik etortzen baitira gizartearen kritikarik onenetarikoak; kasu honetan bezala.



Love Wars (Vicente Bonet Martínez)
Oso hurruneko galaxietan ere krisiak badaude, bai emozional, bai sozial eta bai politikoak ere. Baliteke George Lucas-en fikzioak errealitatearen zantzu asko izatea.

Mi papá es director de cine (Álvaro Germán Roda Amador)
Dokumentala, biopic-a eta komedia generoak nahastuz sorturiko aitorpen bikaina da hau. Ume batek helduen errealitatea deskribatzeko erarik aproposena, dudarik gabe.



85.12.30 (Manuel Bartual)
Bidaiak denboran zehar zineman gehiegitan landu direla uste zenuela? Komikigilearen laburmetraia ikusi ostean iritziz aldatuko duzulakoan gaude.

La visita (Adela Altamirano Ferrer)
Mundu ezberdinak lotzen dituzten ariak. Familiak eta pertsonak lotzen dituzten ariak. Txile eta Espainia lotzen dituzten ariak. Eta krisia, guztien arietan antzematen den krisia dugu laburmetrai honen protagonistetako bat.

2012/04/16

TAS-TAS IRRATI LIBREAN IZANGO DA GAUR KAPUKO ALDIZKARIA

Tas-Tas irrati libreko mikrofonoak hartuko ditu gaur Kapuko aldizkariak. Arratsaldeko 20etatik 21etara bitartean igortzen den Gazte borraste saiokoek gure kideetako bat elkarrizketatuko dute. Elkarrizketa horretan, besteak beste, gure proiektuaren sorreraz, argitaratu dugun azken aleaz eta gazteek sortutako komunikabideen egoeraz hitz egingo dugu.


Elkarrizketa entzun ahal izateko, zure irratian 97.0 FM sintonizatu besterik ez duzu. Gaur arratseko saioa entzun ezingo baduzu, lasai, bihar goizeko 9etatik 10etara bitartean berriro emitituko baita. Gauzak horrela, Kapukoren proiektuaren inguruan gehiago jakiteko aukera ezinhobea luzatzen dizue Tas-Tas irrati libreak eta Kapuko aldizkariak. Ez galdu aukera!


2012/04/14

ZuZeu orainkari digitala itxuraldatu dute

2009ko apirilaren 14an ekin zion bideari ZuZeu interneteko albistari digitalak. Hirugarren urteurrena ospatzeko itxuraldatuta agertu da gaur webgunea. Ohiko atalak mantendu badituzte ere (azaleko sarrerak, Bero-bero eta Bare-bare estekak, iruzkinak, sinadurak, inkesta...) estetika berritu dute. Azaleko sarrerak ikusgarriagoak dira bertsio honetan eta pantailan beherantz egin gabe ikusi ditzakegu. Goiko slideshow-aren azpian gainontzeko sarrerak ordena kronologikoan ikusi ditzakegu (Azkenak atala). Eztabaidatuenak edo Ikusienak irakurri nahi izanez gero baina, koadrotxoetan klikatu eta albisteen ordena aldatu egingo da parametro horren arabera. ZuZeuTB ere abian jarri dute eta bertan elkarrizketak, erreportajeak eta dokumentalak argitaratzen joango dira. Goiko nabigazio barran gainera ZuZeuko blogariez gain, beste webgune eta blog batzuetara estekak jarri dituzte, webgunetik bertatik sareko euskarazko edukietara lotura izan dezan erabiltzaileak.

2012/04/13

Apirilaren 20an hasiko da Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren X. edizioa


Bakearen eta Giza Eskubideen Etxearen eta Donostia Kulturarekin lankidetzan Donostiako Udalak antolatutako Giza Eskubideen Zinemaldiak 10 urte beteko ditu aurten. Nahiz eta aurten aurrekontua murriztu, urteroko kalitatea mantentzen saiatuko dira antolatzaileak.16 film ikusi ahal izango dira Sail Ofizialean (horietatik 2 lehiaketaz kanpo emango dira). Aurten ere, aurreko edizioetan bezala, filmen inguruko solasaldiak antolatuko dituzte. Filmak Victoria Eugenia antzokian ikusi ahal izango dira eta sarrerek 4 euro balioko dute, hala ere saio guztiak ikusteko balioko duen 20 €ko abonua ere eskuratu ahal izango da. Hona hemen sail ofizialean ikusi ahal izango diren filmak:


“Satorrak”: Errepresio frankistatik ezkutatuta
1.     30 AÑOS DE OSCURIDAD (2011). Manuel H. Martín. Espainia

Itsuak diren pertsonen eskubideak

2.     CAMERA OBSCURA (2011). Maru Solores. Espainia

 

Lesbianismoa eta errepresio sexuala Iranen

3.     CIRCUMSTANCE (2011). Maryam Keshavarz. Estatu Batuak-Iran-Frantzia-Libano

 

Zinea eta adierazpen askatasuna

4.     THIS IS NOT A FILM (2011). Jafar Panahi, Mojtaba Mirtahmasb. Iran
 
Euskal Herria eta erabakitze eskubidea
5.     GAZTA ZATI BAT / A PIECE OF CHEESE (2012). Jon Maia. Euskal Herria

 

Nazioarteko ardura-gabekeria saharar herriaren aurrean

6.     HIJOS DE LAS NUBES, LA ÚLTIMA COLONIA (2012). Álvaro Longoria. Espainia-Estatu Batuak
 
Haurren aurkako sexu abusuak eta indarkeria
7.     MICHAEL (2011). Markus Schleinzer. Austria

 

Elkartu gaitezen eta eskubide murrizketari aurre egin

8.     LES NEIGES DU KILIMANDJARO (2011). Robert Guédiguian. Frantzia

 

Informazioa: Eskubidea edo merkantzia?

9.     LOS OJOS DE LA GUERRA (2011). Roberto Lozano Bruna. Espainia

 

Gatazkak kudeatzeko elkarrizketaren ahalmena

10.  L’ORDRE ET LA MORALE (2011). Mathieu Kassovitz. Frantzia

(INAUGURAZIOA)


Hezkuntza, hizkuntza gutxituak eta identitatea

11.  MONSIEUR LAZHAR (2011). Philippe Falardeau. Kanada

Justiziaren izenean hiltzea
12.  GIVE UP TOMORROW (2011). Michael Collins. Estatu Batuak
 
Bizitza sexual asea izateko eskubidea eta ezintasuna
13.  SCARLET ROAD. A SEX WORKER’S JOURNEY (2011). Catherine Scott. Australia

Asilo legea eta migrazio kontrola
14.  VOL SPÉCIAL (2011). Fernand Melgar. Suitza


Emakume eta belaunaldi saharar berriak
15.  WILAYA (2011). Pedro Pérez-Rosado. Espainia
(BUKAERA) (LEHIAKETATIK KANPO)

Indarkeria-ezazko aktibismoa Euskal Herrian
16.  ZIZTADAK / TÁBANOS (2012). Oriol Andrés, Carlos Castro, Gemma García. Euskal Herria (LEHIAKETATIK KANPO)


Aurtengo Giza Eskubideen Zinemaldiko Saria Iciar Bollain aktore eta zine zuzendariari madrildarrari emango diote. Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena dela eta emanaldi berezi bat antolatu dute Zinea eta Gerra Zibila Euskal Herrian izenekoa.

2012/04/03

Eremu ikusezina: Mihiluze

Donostiako Euskal Irrati Telebistaren Miramoneko egoitzan grabatu dira hainbat eta hainbat saio. Lehiaketak, reallityak, telesailak, magazineak, late night show-ak. Azken formatu hau eta lehiaketa formatua nahastu eta Mihiluze sortu zuten 2006an Jon Garaño, Izaro Goenaga, Unai Ibarbia, Kike Amonarriz, Jose Mari Salinas eta Itziar Azpeitiak.
Mihiluze hasieran lehiaketa izateaz gain show-a ere bazen. Bideoak zeuden, aktoreen aktuazioak, epai-mahaia, Asiskoren tarteak... baina lehenengo denboralditik hona hainbat aldaketa egon dira saioan. Saioa nola egiten den ikusi nahi?


Youtubeko gure kanalean ere ikusi dezakezu.

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money