2011/06/20

BBKklip lehiaketa martxan da

Azkue Fundazioak, BBKrekin batera 'BBKklip' lehiaketa martxan jarri dute. Lehiaketa adin desberdinetako pertsonei zuzenduta dago, izan ere, bi sariketa desberdin egongo dira; bata 14-25 urte bitartekoentzat eta bestea 25 urtetik gorakoentzat.
3 minutu baino gutxiagoko bideoak aurkeztu ahal izango dira. Bideoen ardatz nagusia euskara izan beharko da.

Laburmetraiak kategoria desberdin hauetara aurkeztu ahal izango dira:

  • Sormena: euskara gizartean originalki isladatzen duen irudi multzoa.

  • Dibertsioa: Euskerarik biziena eta dibertigarriena aurkezten duen irudi multzoa.

  • TradBerri: Euskara zaharrenaren eta berritzaileenaren arteko nahasketa.


Finalista bakoitzari 600 eurotako saria emango zaio. Bestalde, kategoria bakoitzeko irabazleari 1000 eurotako sari gehigarria eta BBKklip garaikurra emango zaizkio. Sariak txeke bidez banatuko dira eta Ikus-entzunezko eta informatika materiala erosteko balio izango dute.

Lehiaketaren inguruko informazio gehiago horretarako martxan jarri duten webgunean aurkituko duzue.

2011/06/16

Arriaga Antzokiko 2011-2012 denboraldia aurkeztu dute

Arriaga Antzokiko 2011-2012 denboraldia aurkeztu dute

Aste honetan aurkeztu dute Bilboko Arriaga Antzokiaren 2011-2012 denboraldiko programazioa. Aurten, aurreko urteetan bezala, genero ezberdinak programatu dituzte: antzerkia, opera, zarzuela, dantza, musika, zirkua... Emilio Sagik adierazi duenez denen neurrira egindako programazioa lortu nahi izan dute.


Aktore ezagun eta ez hain ezagunek zapalduko dute antzoki bilbotarreko eszenatokia. Besteak beste, aipagarriak dira: Hector Alterio, Joseba Apaolaza, Tomaž Pandur, Claudio Tolcachir, Aitana Sánchez-Gijón, Maribel Verdú, Concha Velasco, Josep Maria Pou, Juan Etxanobe,  Roberto Álamo eta Irene Escolar.


Ekoizpen propioak ere presentzia handia izango du aurten.  Ia genero guztietako ikuskizun bat ekoitzi baitu Arriaga Antzokiak. El cascanueces Igor Yebrarekin, Les Enfants Terribles izeneko opera, La corte del faraón eta Entre Sevilla y Triana zartzuelak  eta De ratones y hombres antzezlana.


Horrez gain, Cuartitos del Arriaga eta OLBErekin elkarkidetzan Opera txiki programekin jarraituko dute aurten ere.


Sarrerak uztailaren 11tik aurrera erosi ahal izango dira.

Txalo eta besarkada artean

Txalo eta besarkada artean


Juan Ortegak Euskal Aktoreen Batasunak ematen dituen ‘Besarkada’ saria jaso du


Testua: Ander Barinaga-Rementeria Arano


Atzo jaso zuen Juan Ortega Roldanek Euskal Aktoreen Batasunak ematen duen ‘Besarkada’ saria jendez lepo zegoen Bilboko Campos Eliseos Antzokian. Imanol Arias aktorearen eskutik jaso zuen saria Ortegak, eta  adierazi zuenez, saria Imanol Ariasek eman beharra “ezusteko handia” izan da, berak ez zeukalako horren berri.


Ortegaz gain, gerturatu ziren beste asko eta asko hunkitu ziren Eibarko Antzerki Jardunaldien antolatzaileak saria jaso zuenean. Aizpea Goenaga eta Kontxu Odriozolak hainbeste antzezlan programatu eta antzerkiaren  zabalkuntzan horren erabakiorra izan den pertsona bati horrelako sari bat ematea benetan hunkigarria izan dela esan dute. Pertsona ezagun andana bildu zen bertan. Blanca Urgell Kultura sailburua ere pozik azaldu zen “Euskadiko bihotzetik leku guztietara hedatu diren aktoreen irakaslea” izan den Ortegari saria eman diotelako.


Maskaradak antolaturiko ekitaldian kasting erraldoi bat egitera zioazen aktore klixeatu batzuen komeriekin publikoa adi egotea lortu dute. Ane Pikaza, EABko zuzendaritza taldeko kidea, pozik azaldu da sari banaketak izan duen oihartzunarekin.

2011/06/14

EiTB Nahieran abian da

Erreportajea: Joanes Segurola eta Ander Barinaga-Rementeria

EiTBk EiTB Nahieran proiektua jarri du martxan. Aurrerantzean, ETB 1, ETB 2, ETB 3 eta ETB Sateko azken zazpi eguneko programazioa eta Radio Euskadi, Euskadi Irratia, Radio Vitoria eta Gazteako saio nagusiak eskura izango ditu nabigatzaileak nahi duenean, nahi duena ikusi eta entzuteko. Hori bai, betiere eskuragarri egongo den programazioa EiTBk eskubideak dituena izango da. Horrez gain, zuzenean ikusi eta entzun ahal izango dira zenbait saio, eta EiTB Nahieran-ek ere, bere programazioa izango du. Proiektu honen beste puntu garrantzitsu bat EiTBren artxiboa ikus-entzuleen eskura jartzea da. Horretarako, prozesu luze bat dago, eta hori dela eta, pixkanaka-pixkanaka eskegitzen joango dira. Hala ere, ikus-entzuleek eskaerak egin ditzakete EiTB Nahieran-en webgunean.


EiTBren Bilboko egoitzako multibox areto jendetsuaren aurrean aurkeztu dute proiektua. Vaya Semanitako aktoreek aurkeztu dute ekitaldia eta bertan EiTBko hainbat kidek parte hartu dute, besteak beste zuzendaritza taldeko Edurne Ormazabal, Alberto Surio, Patxi Arratibel eta Javier Torrontegik.







































2011/06/13

Juan Ortegak jasoko du aurtengo Besarkada Saria

Testua: Ander Barinaga-Rementeria Arano


Euskal Aktoreen Batasunak Juan Ortegari emango dio aurtengo Besarkada Saria, euskal antzerkigintzan egindako lanaren esker onaren adierazgarri.


Asteazkenean izango da sari banaketa Bilboko Arteria Campos Eliseos antzokian. EABko zuzendaritza batzordeko kideak diren Ane Pikaza eta Pako Revueltasek elkarteko kideen proposamen ezberdinak jaso ondoren, Juan Ortegari saria ematea erabaki zutela adierazi dute.


Juan Ortegak dio, bera “ikusten den taldeko burua” izan arren, Eibarko Antzerki Jardunaldien atzean talde handi baten lana dagoela. Hala ere, saria pozarren hartuko duela esan du.


Ortega Albaceten jaio zen eta 1968an heldu zen Eibarko Unibertsitate Laboralera. Bertako Narruzko Zezen antzerki taldeko zuzendaritza hartu zuen. Handik gutxira, Eibarko Antzerki Jardunaldiak antolatzen hasi zen, baita Debabarrenako Eskola Antzerki lehiaketak ere. SAREAko (Euskal Antzoki Sarea) kidea ere bada. Hainbat azoka eta jaialditan ere parte hartu du.


Gala berezia


Gorka Minguez ekoizleak gala berezi bat antolatu duela adierazi du, bertan bederatzi aktore arituko dira taulagainean Maskarada konpainiak antolatu duen ekitaldi honetan. Carlos Panerak gaineratu duenez, Show Business Media enpresak egun horretan casting bat antolatuko du antzokian, horrela bertaratzen diren aktoreek parte hartu ahal izateko.

2011/06/02

Donostiako Zinemaldiko Ikasleen Nazioarteko X. Topaketa

59. Donostiako Zinemaldiaren barruan, irailaren 21ean, 22an eta 23an, ikasle topaketak egingo dira.


Donostiako Zinemaldiak eta Tabakalerak-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Guneak antolaturiko Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketa ikus-entzunezkoen arloko esperientziak eta ikaskuntzak elkarbanatzeko sorturiko ekimena da. Bertan gazteek beraiek eginiko film laburrak erakusteaz gain hainbat aditurekin hitz egin eta hitzaldi eta master class-etan parte hartzeko aukera izango dute.


Guztira hamalau eskola inguru hautatuko dira Topaketan parte hartzeko, eta bakoitzak aurkezturiko hiru lanen artean hautatutakoak erakutsiko dira. Gehienez hiru filme aurkeztu ahal izango ditu eskola edo unibertsitate bakoitzak.


Ekainaren 6tik aurrera eman ahal izango da proiektuen izena.


Araudia, izena emateko gida eta Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketarekin lotutako beste informazio batzuk data horretatik aurrera egongo dira eskuragarri www.eiecine.net gunean, baita Zinemaldiaren webgune ofizialean eta Tabakaleraren webgune ofizialean.


Film laburrak jasotzeko epea uztailaren 2ean bukatuko da.

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money