2011/05/17

Blanca Portillo Bilboko Arriaga Antzokian da ‘La Avería’ antzezlanarekin

Testua: Ander Barinaga-Rementeria


Argazkiak: Julen Hernandez eta Son Aoujil


[slideshow]


Urtarrilaren 21ean, Santanderren (Espainia) estreinatu zenetik, eta hainbat lekutan antzeztu ondoren, La Avería antzezlana Bilboko Arriaga Antzokian egongo da ikusgai gaurtik ostegunera bitartean. Antzezlan hau Friedich Dürrenmatt-en izen bereko ipuin baten oinarrituta dago, baina Fernando San Segundok egokitu du.


Izen handiko aktoreak arituko dira aktore lanetan Blanca Portilloren zuzendaritzapean: Daniel Grao, Fernando Soto, Jose Luis García Pérez, Asier Etxeandia eta Emma Suárez, antzezlaneko emakume bakarra.


Legegizon erretiratu batzuen inguruko istoriak aho zabalik eta pentsakor uzten du ikusleria antzezlanak irauten duen 2 ordu pasatxoan. Legegizon hauek astean behin euretariko baten etxean elkartzen dira justizia egiteko. Gau horretan baina, legegizonek Alfredo Traps ehungintza firma baten ordezkari orokorraren bisita izango dute. Blanca Portilloren hitzetan, orduan hasten da «bidai garratz, kritiko, ironiko eta tragikoa».


Lan honen bitartez, ikuslea justua denaz eta legezkoa denaz pentsatzera gonbidatzen dute, zuzendariak esan duenez, «legezkoa dena guztia ez baita justua».


Orain dela hamabost urte piztu zitzaion Portillori antzezlan hau egiteko gogoa, baina bidetik eskarmentu eta esperientzia gehiago batu arte ez du prestatzen hasi nahi izan. Erabaki horretaz harro dagoela adierazi du gaur goizean Bilbon eman duten prentsaurrekoan, orain dela hamabost urte egin izan balu, guztiz emaitza ezberdina izango litzatekelako.


Lan honekin «besteak epaitzeko dugun berezko gaitasuna eta geureak epaitzeko ezintasuna agerian geratzen dira» zuzendariaren hitzetan.


Arriaga Antzokiak Avance eta Entrecajas ekoiztetxeekin batera ekoitzi duen lan honek berezitasun bat izango du, biharko emanaldia pertsona itsuentzat egokituta egongo delako.

ELKARRIZKETA: Jabi Elortegi

Jabi Elortegi zinema eta telebista zuzendari, errealizadore eta gidoigileari elkarrizketa.[vimeo http://www.vimeo.com/22412202 w=492&h=277]

“Nire mundua errodajea da”


Jabi Elortegi zine zuzendari eta errealizatzaileak ikus-entzunezkoen munduaren egoera izan du hizpide

Izaskun MOYANO GARCIA


Ikus-entzunezko munduan hain murgilduta dagoen gizon herrikoiarekin solasean ibili gara. Bermeon, bere txikitako herrian, izan gara eta denetarik kontatu digu. Alde batetik, ikus-entzunezko mundua bere ikuspuntutik azaldu digu. Bestalde, bizitako esperientziez eta bere ibilbide profesionalaz ere aritu da hizketan. Izan ere, asko dira kamera atzean ezkutatzen diren sekretuak.

Gizon lasaia dela erakusten digu zinema zuzendariak, Bermeoko Kultur Etxeko gela argitsu batean. Lotsatia dela onartu duen arren, bi kamera eta galdera sorta baten aurrean gustura agertu da. Izan ere, profesional gisa, taldean lan egitera ohituta dago, eta ondo konpontzen da. Bestalde, guztiz herrikoia da, ahal duen guztietan etxera itzultzen delako, lanetik deskonektatzeko asmoz.

Madrilen burutu zenituen ikasketak.

Betidanik gustatu izan zait musika, baina ikus-entzunezko mundua ezagutu, akademia batzuk begiratzen hasi eta Madrilen aurkitu nuen CEF. Bertan ikasten nengoela, musika baino irudia gehiago gustatzen zitzaidala konturatu nintzen, eta horrela hasi zen dena.

Bermeotarra jaiotzez. Eta bihotzez? Kanpoan ikasten edo lanean Bermeoren faltarik sumatzen da?

Nire mundua errodajea da. Ez daukat familiarik, zeren azken finean, eguneko hamar ordu errodatzen pasatzen ditugu. Gauza bat amaitzean, hurrengo eguneko grabaketa prestatu; grabatutako materiala berrikusi… Ordu asko dira. Beraz, nahiago dut kanpoan egon. Hori bai, asteburuetan Bermeora itzuli nahi izaten dut. Hona natorrenean, txikitako lagunekin nago, arrantzaleekin… Niretzat hori, brutala da.

Pausoka ekoiztetxeko kide zara.

Gernikako ekoiztetxeko albistegietan hasi nintzen lanean, eta beste ekoiztetxe batzuetan, dokumental eta erreportaia informatiboak errealizatzen. Baina momentu bat iritsi zen, non fikzioa egin nahi nuela. Garai hartan, fikzioa Pausokan egiten zen. Beraz, bertara joan nintzen eta ordutik bertan jarraitzen dut. Gainera, egun batean, Goenkale-ko zuzendari izan behar nuela esan zidaten. ‘Pentsatu nuen: Goenkale? Hamar urte eman ditu emititzen, eta ni zuzendari izatearekin amaitu egingo da?’ (kar, kar, kar) Beno, datorren urtean 18 urte egingo ditu, eta oraindik hor dabil; beraz, jarraitu dezala!

Egun, Euskal Herrian eta munduan nola ikusten duzu ikus-entzunezkoen mundua?

Mundu hau sormenezkoa da, baita ezegonkorra ere. Baina lana dagoenean, lana dago. Audientzia badago aurrera, bestela kanpoan geratzen zara. Errodajean, gauzak kontatzeak edo jendea mugitzeak ematen dizun venenue, niri beste ezerk ez dit ematen.

Lana sortu egin behar da. Baina kontatzeko gauzetan ez dago mugarik, momentu honetan behintzat. Gaur egun, baliabideak daude. Facebook, Tuenti, Twitter… bezalako sare sozialetan eskegi ditzakezu zure lanak, jendeak ikusi ditzan. Beraz, kasu horretan, aukera asko daudela ikusten dut. Krisialdian bizi gara, eta egoera honetan lehenen kentzen dena publizitatea eta artearekin zerikusia duena da, ez delako diru- zuzena ikusten. Baina batzuetan pentsatzen dugu pelikularik gabe ere bizi gaitezkeela.  Egia da, pelikulek batzuetan gauzez ahazteko eta beste mundu batera joateko balio dutela, baina ahora eramatekoa nonbaitetik lortu beharra dugu.

“Pelikulek beste mundu batera joateko balio dute”

- Telesailak (Goenkale, Balbemendi), telebista programak (Agitación + IVA), musikalak (Go!azen), luzemetraiak (Zorion Perfektua)... Denetarik probatu duzu. Zein da gehien gustatu zaizuna?

Ez dakit. Ez dut uste batekin geratuko nintzenik. Bakoitzak bere gauzak ditu eta denekin ikasi dut. Gehien bete nauena, nik uste Go!azen izan dela. Umeak oso zintzoak dira, dudarik gabe; eta umeak proiekzio bati begira ikusterakoan ‘horra heldu naiz” esaten duzu. Gainera, Euskadin inoiz egin den generoa da, erronka handia, musikala… Asko gozatu nuen.

Baina, aurretik egindakoa egin ez banu, horra ez nintzatekeen helduko; eta hori besteetatik ikasi dudana baliatuz egin dut. Beraz, batekin geratzekotan, ez nuke jakingo zein aukeratu. Orain komedia egiten ari naiz, eta uste dut genero zailena dela. Jendeari barrea eragitea ez da batere erraza. Poligoneros izena duen telesail baterako kapitulu pilotu bat grabatzen ari gara.

Nahiko formatu komertzialak landu dituzu. Badago egitea gustatuko litzaizukeen baina errentagarritasun komertzial eza dela eta, alde batera utzi duzun proiekturik?

Ni telebistako zuzendari/ errealizadorea naiz, eta telebistan audientzietatik bizi zara. Hau da, ez duzu edozer gauza egiteko aukerarik. Jendeak ez badu hori ikusten, kalera zoazelako lehen astean. Azken finean, telebistan lan egiten dudanez, ez dut ezer konkretuki pentsatuta. Zinemarako, ordea, badut bai proiekturen bat ez dena oso komertziala, baina jendeak ikusteko modukoa da.

Zuzendari moduan hainbat erabaki hartzen dituzu, baina nork dauka azken hitza: zuzendariak ala ekoiztetxeak?

Ekoiztetxeak berak dirua jartzen du eta bere helburuak ditu. Nik, zuzendariak, ere berarekin bat egin behar dut, baina kontuan hartu behar da berak ni kontratatu nauela nigan konfiantza jarriz. Egia esan, askotan borroka handia sortzen da. Baina azkenean, nik uste azken hitza ekoiztetxeak berak duela.

Go!azen-en gazteekin aritu zara lanean. Beste proiektuetan, ordea, nagusiekin. Lanerako orduan zer dituzu nahiago, gazteak ala helduak?

Gazteek egundoko indarra eta bizitasuna ematen dizute. Gaztaroko ezaugarriak dituzte; batik bat, ilusioa eta arazoak, eta hau polita da. Nagusiek aldiz, profesionaltasuna, esperientzia, lanbide honen gorabeheren jakintasuna dituzte, besteak beste. Azken batean, bakoitzak bere ezaugarri onak eta txarrak ditu, eta balantza erdian mantentzen dute. Egia esan, nik gazteekin oso ondo pasatzen dut.

Badago berarekin lan egin nahiko zenukeen aktore, teknikari, argazki-zuzendari, ekoizle, gidoilaririk...? Edo lan egin eta gustuko izan ondoren, errepikatzea gustatuko litzaizukeenik?

Nire eskuetan balego, badakit norekin egingo nukeen lan. Ondo pasatzen dudalako eurekin, eta batez ere, oso profesionalak direlako. Kamerak, soinua, nire laguntzaileak, jantziak… Eta nola ez, baita aktoreak ere. Meritu handia dute, eta nik beren lana ezagutzen ez dudanez, errespetu handia diet. Hauek azken finean, zure istorioa kontatuko dutenak dira, eta castinga edota aukeratzeko momentua da nire ahultasun handiena, inork ez baitaki hautatua ona den ala ez; zure apustu soil bat baino ez da. Baina egia esan, niri aurpegi berriak gustatzen zaizkit. Talentu berriak aurkitzea gustatzen zait. Talentu berria freskotasuna baita.

“Castinga da nire ahultasun handiena”

Kamera atzean esperientzia handiko gizona zara, baina pentsatu duzu inoiz zu zeu kamera aurrean jartzea?

Ez, sekula ez. Ezin dut nire burua kamera aurrean ikustea jasan. Baliteke lotsa kontua izatea. Ez zait gustatzen nolakoa naizen kamera aurrean, ezta nire ahotsa entzutea ere. Kameoren bat egin dut inoiz aukera izan nuelako. Zorion Perfektua-n ni neu aurkeztu nintzen. Honela ekoizleak ere pozarren zeuden dirua aurreztu zutelako. (Kar, kar, kar) Bestalde, Balbemendi-n ere egin nuen zerbait, baina ‘ti-ta, esaldi bat eta banoa’.

Amaitzeko, zer gogorarazten dizute edo zer iritzi duzu hitzon inguruan?:

Sinde Legea: beharrezkoa da, baina ez dagoen moduan. Berrikusi egin behar da.

Goenkale: harrobia.

Eitb: hemengo telebista.

Pausoka: aukera eman zidan ekoiztetxea

Oscar eta Goya sariak: ez badituzu ez dizu axola, baina ematen badizkizute garrantzitsuak dira.

Donostiako Zinemaldia: munduko lehen mailako sariak dira. Gure zinemaldia da, eta oso garrantzitsua gainera. Telebistatik ikusten nuen beti eta momentua heldu zenean, Zuzendari gazte onena-ren sailerako izendatu ninduten. Oso urduri jarri nintzen, baina gero oso polita da. Agian pixka bat salduta sentitzen zara; hala ere, ilusio handiz aurkezten duzu zure proiektua.

ERNE, ASTEBURU BAT ZOZKETATZEN DUGU!

Zuberoako Landa Etxe batean bi pertsonentzako egonaldia zozketatzen dugu. Zozketan parte hartzeko bidali e-mail bat kapukoaldizkaria@gmail.com helbidera zure izen abizenak eta harremanetarako e-mail batekin ekainaren 20a baino lehen. Guk zozketan parte hartzeko esteka bidaliko dizugu e-mail horretara. Ekainaren 22an emango dugu irabazlearen izena gure webgunean, www. kapukoaldizkaria.tk Animatu eta parte hartu!

2011/05/13

SAREKO ELKARRIZKETA: Carmen Lomana

Elkarrizketa: Julen Hernandez Esnaola

Asko izan dira Kapuko Aldizkaria-n parte hartu nahi izan duten pertsonai   publikoak. Eta ez da gutxiago izan azken aldi honetan telebistan arrakastaz-arrakasta dabilen Carmen Lomana. Gure aldizkariari eskainitako elkarrizketa esklusibo honetan sakonago ezagutu ahal izango dugu emakume polifazetiko hau. Elkarrizketa bere osotasunean irakurri nahi baduzu Sareko Edizioa-n sartu. Gogoratu, www.kapukoaldizkaria.tk eta bertan Sareko Edizioa-n egin ezazu click.

Nola iristen da finantza munduko emakume bat telebistara?

Valentinok lana utzi zuenean, ni Parisen nengoen, denboraldi luzeak pasatzen baititut bertan. Lujan Arguellesek deitu zidan eta Valentinori buruz telebistarako erreportaje bat egin nahi zidala esan zidan. Nik ez nuen nahi, baina azkenean etortzeko esan nien. Hainbat erosketa egin behar nituen eta nirekin etorri ziren egun osoan zehar. Valentinoren azken desfilera ere eraman nuen Lujan. Hori izan zen telebistan agertu nintzen lehen aldia. Baina ezin izan nuen ikusi Balin nengoelako. Hala ere, badakit arrakasta handia izan zuela Antena3-rako puntodoc izeneko programa berezi hark.

Punk mugimendua bizi izan zenuen Londresen gaztetan eta beranduago balsa dantzatu zenuen MQB telebista saioan. Emakume polifazetikoa zara?

Asko! Oso aldakorra naiz, eta hori da bizitzan gustatzen zaidana. Ezin gara leku batean posizionatu eta bertatik ez mugitu. Bizitzan dibertigarriena abenturatzea da eta erronka pertsonalak gainditzea. Hori bai, bakoitzaren esentzia galdu gabe, eta betiere, hezkuntza eta baloreak galdu gabe.

Baloreez hitz egiten… Las Joyas De La Corona telebista programan baloreak irakatsi dituzu eta zure Los 10 Mandamientos De La Mujer 11 liburuarekin pertsona bakoitzari etekina ateratzen erakutsi duzu. Nahikoa da pauso hauek jarraitzea pertsona dotore bat izateko?

Esandakoa hitzetik hortzera jarraitzen baduzu… agian. Baina nik uste dut elegantzia barnetik datorrela, arimaren elegantzia. Eta hori da oinarri sendoena. Baina kulturak, bizitzak erakusten duenak eta bihotzeko minak egiten du garena. Hori guztia fisikoa ahaztu gabe, horrek egiten baitu presentzia handia izatea.

Arropa eta makillajeak laguntzen du?

Dudarik gabe. Bakoitzari on egiten diona zer den jakitea oso garrantzitsua da. Ni modan oso aldakorra naiz, eta badut estilo bat. Baina estilo horren barruan mugitzen jakin behar da. Gehien aspertzen nauena beti arropa berdinarekin joatea da. Ni adibidez, egun batean mini batekin joan naiteke, beste batean jeans batzuekin edo soineko batekin.

Nork eta nola animatu zintuen liburu hori idaztera?

Inoiz planteatu ez nuen gauza bat da hori. Editorial askotik deitu zidaten liburuak eskatzeko. Azkenean, lagun batek esan zidan editore batzuek nirekin hitz egiteko bazkari bat antolatu nahi zutela. Nire laguna zenez, baiezkoa eman nion. Bazkaria ondo joan zen. Espasako jende hura oso jatorra zen, baina ezer gehiago. Hori bai, hurrengo egunean nire etxera izugarrizko lore sorta bat iritsi zitzaidan eta ohar bat zekarren: “Lo pasamos muy bien. Tus editoras”. Hori erabakigarria izan zen. Grazia asko egin zidan, ‘editoreak baditut… orain liburua idatzi beharko dut’. Eta udan Madriden gelditu behar izan nintzenez Las Joyas De La Corona egiteko,  liburua egiteko aprobetxatu nuen.

Eta beste bat idatziko duzu?

Hori nahi dute, baina nik ezin dut. Ez dut astirik. Deskantsu apur bat ere ondo datorkit. Agian aurrerago zerbait idatziko dut, baina zerbait desberdina egin nahi dut. Landuagoa. Nobela bat edo.

Los 10 Mandamientos De La Mujer 11 liburuko anekdotaren bat kontatu dezakezu?

Abuztu erdialderako entregatu behar nuen liburua eta presaka ibiltzeaz gain, bukatzeko denborarik ez nuelako, zuzentzaile guztiak oporretan zeuden. Beraz, liburu hau ez du inork zuzendu. Hasieratik bukaerara nire hitzak dira, eta egia esan, hori esan ahal izatea oso pozgarria da.

Munduko hiri askotan egon zara. Zein pertsona iruditu zaizu benetan interesgarria?

Jende asko, baina guztiak anonimoak dira. Jendea izugarrizkoa iruditzen zait, haien pertsonalitatea eta kulturagatik. Duela gutxi New Yorkeko jatetxe batean lagun talde batekin afaltzen nengoela, beste gizon bat etorri eta nik ateratako gaiaren inguruan historiako disertazio harrigarri bat egin zigun. Horrelako jendearekin bai pasatzen dudala ondo, zerbait ematen didate. Buruan teknologia baina gehiago duen jendea dago, irakurtzeaz arduratu eta kultura asko duena. Azken finean, ez bagara humanistak eta ez bagara kulturaz arduratzen, ez gara inor. Matematiko, programadore ala kimikari ona izatea oso zaila da, baina hitz egiterako unean, kultura letretan dago.

Zer gustatuko litzaizuke egitea telebistan?

Magazine propio bat izatea gustatuko litzaidake. Tendentziak, moda, kultura, zine eta antzerki estreinaldiak, jatetxeak… Munduan zer gertatzen ari den azaltzen duen programa bat. Jendea operara eraman ahal izatea, Fenice, Venecia, Milan edo New York bezalako lekuetara. Hori da gustatuko litzaidakeena.

Eta amaitzeko. Programa hori izan dezakezula uste duzu?

Egia esan ez dakit. Orain telebista guztiak zabarkeria handiak egitera dedikatu dira. Oso telebista komertziala. Badirudi oraingoz ez dudala aukera gehiegi izango. Baina agian DIVINITY telebista kate berrian… Hala ere, asko dut ikasteko. Kamera baten aurrean hitz egiteak ez nau beldurtzen, baina ez dut gustuko denak batera hitz egiten hasten direnean. Guztiok eman nahi dugu gure iritzia eta ez da jakiten noiz eman.

Asko gustatuko litzaidake nik nahi dudan jendeaz inguratzea lanerako orduan. Zeren eta bada garaia jendaurrean nola jokatu behar dugun ikasteko. Adibidez, Las Joyas De La Corona saioan gustatuko litzaidake nire taldean influentzia gehiago izatea, hau da, nik aukeratutako jendearekin lan egin ahal izatea.

2011/05/06

Donostiako Zinemaldiko kartelak

[slideshow]


Donostiako zinemaldiko 59. ediziorako kartelak aurkeztu dituzte gaur Miramongo Zientzia Kutxagunean. Lehen aldiz antolatu da lehiaketa hau eta 60 proposamenetatik BI TANTAk-ek aurkeztutako eta Yoana Figuerasek eginiko 35. proposamena aukeratu dute José Miguel Beltrán (Donostia Kulturako Zinema Arduraduna), Manuel Narváez (Donostia Turismoko Gerentea), Lucía Olaziregi (Donostia Zinemaldiko Zuzendariondokoa), José Luis Rebordinos (Donostia Zinemaldiko Zuzendaria) eta Ana Salaberria Monfortek (Arteleku Ikus Arteetako Zerbitzuburua) osaturiko epaimahaiak.


Hemen ikus daitezke  gainerako kartel guztiak

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money