2012/05/28

Hanekek irabazi du Cannes-eko film onenaren saria 'Amour' lanarekin

Michael Haneke zuzendari australiarraren Amour filma izan da epaimahaiaren ustez Canneseko 65. Zinemaldiko pelikularik onena. Emmanuelle Riva eta Jean-Louis Trintignaten dira filmeko protagonistak. Ramon Agirre donostiarrak ere paper txiki bat dauka filmean. Oraingoan Audrey Tatou eta Adrien Brody aktoreek eman diote saria. 2009an The white ribbon (Zinta zuria) lanarekin sari bera irabazi zuen.
Hauek izan dira igandean banatu ziren gainontzeko sariak:
- Epaimahaiaren sari nagusia: Really (Matteo Garrone).
- Emakumezko aktorerik onena: Cristina Flutur eta Cosmina Stratan Dupa Dealuri lanagatik.
- Gizonezko aktorerik onenaren saria Mads Mikkelsen Jagten La Chasse lanean egindako antzezpenagatik.
- Zuzendari onenaren saria: Carlos Reygadas Post tenebras lux lanagatik.
- Gidoi honena: Dupa Dealuri, Cristian Mungiuren Mas allá de las colinas lanagatik.
- Epaimahaiaren aipamen berezia: Ken Loachen The angels share filma.
- Opera prima onenaren urrezko kamera: Benh Zeitlin-en Beast of the southern wild lanari.
- Laburmetrai onena: L. Rezan Yesilbasen Sessiz-be deng lana.


2012/05/25

Athleticen partidari buruzko saio berezi asko eta euskarak presentzia gutxi EiTBn


Euskal Telebistako bigarren kateak jarraipen berezia egingo dio Bilboko Atheletic Club taldeak Madrilen (Espainia) jokatuko duen Espainiako Errege Kopako finalari. Zortzi orduko programazio berezia prestatu dute erderazko katerako. Euskadi Directo, Ni más ni menos eta Athletic Directo saioak Vicente Calderon estadioaren atondu duten set batetik emitituko dituzte zuzenean. Hori gutxi ez eta Gaur Egun eta Teleberri  albistegietako saioetan ere konexio bereziak egingo dituzte. Atzo gertatu bezala, gaur ere bilbotarrek Bartzelonaren aurka jokatu beharreko partida izango da albistegiaren ehuneko handiena hartuko duena. 
Bilboko interes guneekin ere hainbat konexio egingo dituztela esan dute katearen arduradunek. 
Lehen esan bezala Klaudio Landak Madriletik gidatuko du saioa eta hainbat gonbidatu berezi izango ditu alboan Patxi Salinas jokalari ohia, Jordi Rebellon aktorea, Garbiñe Abasolo modelo ohi eta enpresari bilbotarra, Fernando Llorente jokalariaren aita, Athleticeko neskak, Itziar Atienza aktorea, Jon Allende eta Ainhoa Cantalapiedra 'Operación Triunfo'ko lehiakide ohiak, Julian Lopez umorista... 
San Mameseko jaia ere zuzenean emago dute ETB K Sat katean.
13:30etan hasi eta gaueko 01:30ak arte iraungo dute emisio bereziek.
Mikel Ibargoienek eta Sara Gandarak kontatuko dute bertan jazotzen den guztia. Rafa Rueda, Itziarren Semeak, El Menton de Fogarty eta Zea Maysen musika emanaldiak izango dira, Oihan Vegak eta Iñigo Asensiok gidatuko duten festa honetan.
Webgunean ere Athletic nagusi, lehoi eta guzti. Euskadi Irratia eta Radio Euskadi ere Madrilen izango dira. Futbola nagusi beraz Euskal Irrati Telebista publikoko bigarren katean eta irratietan. Emisio berezi hauetan euskararen presentzia anekdotikoa da. Euskal Telebistaren lehenengo katean ohiko programazioarekin jarraituko dute: Haratago,Iparraldearen Orena, Hitzetik Hortzera eta Benjamin Buttonen kasu bitxia filma ikusi ahal izango dira besteak beste.
Argazkia: EiTB

2012/05/23

Gaur hasiko dira 'Bi eta Bat' telesailaren atal berriak

Joan den asteazkenean 90eko hamarkadako istorioak gogoratu eta pertsonaia berriak ezagutzeko erreportaje berezia eman zuen ETB 1-ek. Gaur gauean hasi eta asteazkenero atal bat emitituko dute euskal telebistako lehenengo katean. Eneko Olasagasti eta Karlos Zabala telesailaren hasierako zuzendari berak dira orain ere lan horretan dabiltzanak, Patxi Barco errealizazioan lagun dutela. Hiru protagonistak Jose Ramon Soroiz (Jose Lontxo), Ane Gabarain (Jaione) eta Elena Irureta (Idoia) lehengoak izango dira 21 urte igaro badira ere.


Pertsonaia berriak 
Hirukoteaz gain pertsonaia berriak ere izango dira telesailean Pep (Koldo Olabarri), Jose Lontxoren semea, Javi (Andoni Agirregomezkorta) Jose Lontxo eta Pep-en auzokoa, Arantzazu (Amagoia Lauzirika) honen emaztea) eta bikote berri hoenen seme alabak Bego (Amaia Iraundegi) eta Julen (Aitor Etxeberria). Guria tabernako Fermin beharrean Kepa Errastik hezurmamitzen duen Potxolo izeneko tabernaria izango dute alboan. Itziar Atienza bizkaitarra izango da atal berrietako ertzaina.









2012/05/22

'Wilt' antzezlana bihar eta etzi Bilboko Arriaga Antzokian


Bihar eta etzi, maiatzaren 23 eta 24an, Wilt, panpina puzgarriaren hilketa antzezlana ikusi ahal izango da Bilboko Arriaga Antzokian iluntzeko 20:00etan. Tom Sharpe-ren lana egokitu zuen duela hilabete batzuk Ados Teatroak. Mikel Laskurain, Isidoro Fernandez, Aitziber Garmendia, Miren Goienola, Koldo Losada eta Fernando Ruiz aktoreak igoko dira taula gainera Garbi Losadaren zuzendaritzapean. Arriaga Antzokiak lan honekin itxiko du aurtengo denboraldiko antzerki programazioa.

2012/05/21

Gaitzerdi Teatroa eta La Passante konpainia garaile Leioako XIII. Umore Azokan

Atzo bukatu zen 2012ko Leioako Umore Azoka. Euskadiko Ikuskizun Onena Gaitzerdi Teatro taldearen Suz (A fuego) ikuskizuna izan zen. Epaileen iritziz "antzezlan borobila eta sendoa delako osagarri tekniko zein artistikoei dagokienez". Euskaditik kanpoko Ikuskizun onenaren saria Frantziara joan zen. La Passante konpainiaren Rue des Dames ikuskizuna izan baitzen onena epaileen aburuz. Epaimahaiak gainera ATX Teatroaren Gnosia lanari aipamen berezia egin dio etorkizunean lan handia egingo dutelakoan.

XIII. Umore Azokaren Epaimahaia honakoek osatu dute: Carmen Blasco Alvaredo, Zaragoza Kulturaleko programazio burua; Jordi Durán i Roldós, FiraTarregako zuzendari artistikoa; Pau Ayet Cubero, Vila-Realeko Festival de Teatre de Carrer-eko zuzendaria; Carlos Gil Zamora, ARTEZ aldizkariaren zuzendaria eta antzerki kritikaria; Eduardo López Velasco, Medina del Campoko Kultur Programatzailea eta Espainiako Red Teatros-eko zuzendaritza batzordeko kidea; Javier Alcorta Ruiz ‘Txortas’, aktore, gestore eta antzerki pedagogoa, Araiako Umore Antzerki Jaialdiaren zuzendaria eta Andrés Beladiez Rojo, RESADen Eszena zuzendaritzan eta Dramaturgian lizentziatua.

2012/05/20

EiTBk 30 urte

Gaur 30 urte,1982ko maiatzaren 20an, Eusko Legebiltzarrak Euskal Irrati Telebista sortzeko legea onartu zuen.


1979ko Autonomia Estatutuan komunikazio erakunde bat sortzeko aukera bildu zen. Eusko Jaurlaritzako lehenengo hauteskundeak EAJk irabaiz zituen 1980an eta Karlos Garaikoetxea lehendakariak, Ramon Labaien izendatu zuen kultura zinegotzi. Labaienek Euskal Irrati Telebista sortzea beharrezko eginbehartzat zeukan euskara normalizatzeko bidean. 1981ean Bizkaiko Foru Aldundiak Iurretan 53.000 m2 lur erosi zituen eta urte horretako azaroan hasi ziren Euskal Telebistaren egoitza izango zenaren eraikitze lanak.
EiTB 5/1982ko maiatzaren 20ko legearen bidez sortu zuen Jaurlaritzak, Autonomia Estatutuko 19. artikuluari jarraiki.[1]

Hasiera denak izaten dira zailak, hutsetik hasi behar izaten da askotan eta hau izan zen EiTBren kasua. Hego Euskal Herrian ikusi zitezkeen telebista kate bakarrak RTVErenak ziren. Irrati eta Telebista bat ezerezetik martxan jartzeak gainera, lan handia eskatzeaz gain, formakuntza bat ere eskatzen zuen. Hori dela eta 1981ean Gasteizen Telebista Eskola bat zabaldu zuten Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren sotoan. EiTB martxan jarriko zuen langile talde bat heztea zuen helburu eskola honek. Studio Hamburg enpresa alemaniarra kontratatu zuten aholkulari moduan eta 1982an euskal langile talde bat –zazpi kazetari eta 24 teknikarik osatua- Alemaniara joan zen ikasi beharrekoak ikastera. [2]
Bitartean, gurean Iurretako estudioak eraikitzeko lanek martxa onean jarraitzen zuten. Madrileko Page Ibérica enpresa punta-puntako instalazioak eraikitzen ari zen Bilboko IDOM enpresaren zaintzapean.

Madrilen PESA enpresa (Productos Electrónicos S.A.) lehenengo unitate mugikorra eraikitzen zebilen eta bertatik aireratu zen lehenengo aldiz Euskal Telebistaren seinalea euskaldunen etxeetara 1982ko abenduaren 31n. Gaueko hamabietan Euskadiko Orketra Sinfonikoak interpretatutako Agur Jaunak kantak eman zion hasiera Euskal Telebistaren lehenengo emanaldiari. Irudietan antena paraboliko baten mastan eskegita zegoen ikurriña bat ikusten zen.

ikurrina.png
Ikus-entzuleek ikusi zuten lehenengo irudia

Xabier Elorriagak zuzendu zuen lehen saio hura eta Elene Lizarralde eta Mari Jose Insausti izan ziren aurkezleak.

Hitzokin hasi zuten saioa:

Mari Jose: Ikusle maiteak, jaun-andreak, gabon. Gabon eta Urte berri on!

Elene: Urte berri on, bai, gure oso-oso berri Euskal Telebista estudiotik. Urte hau aurrekoa baino hobea izan dadila zuretzat, zure senideentzat, zure lagun eta adiskideentzat, herri honetako seme-alabentzat eta munduko herri guztietakoentzat.

Mari Jose: Eta, lehen ordu hauetan, 1983ko lehen minutu hauetan, Euskal Telebista honek bere lehen programari ekiten dio. Bere lehen probatako programari.

Elene: Nahiz eta erabateko egia izan ez, pentsa dezagun unetxo batez gure Euskl Telebista hau erabateko errealitate bat dela, eta Euskadi osoa gu ikusteko eta entzuteko antenaz berterik dagoela. Euskadiren zerbitzuan jaiotzen da Telebista hau; ikusteko eta entzuteko, hain zuen ere.

Mari Jose: Eta zergatik ez, hau guztia errealitate izango da later asko. Eta, horretarako, hori guztia egia izan dadin, gaur, 1993. urtearen sorreran, jandaurreko lehen pauso hauek ematen ditugu, benetan uste duguna baino gehiago zaretelakoan. Zorionak, bada, eta aurrera.

Elene: Eta, hasteko, hona Karlos Garaikoetxea lehendakariak urte zaharraren inguruan emandako mezua. Adi-adi bazaudete gu ere aipatzen gaituztela konturatuko zarete.



 


Hainbat arazo tekniko zirela eta, lehenengo emanaldi honek hainbat muga izan zituen, besteak beste, ikusle askok ezin izan zutela ETBren seinalea hartu. Durangaldean inongo arazorik gabe ikusi ahal izan zen programazio guztia. Bilbo inguruan erdizka baino ez. Lehenengo emanaldi hau baino lehen, Ganetako ekableatu zerbitzua tximista batek hondatu zuen, Zaldiarango zentroko ekipamendua atzeratuta zebilen eta Jaizkibelgo zentroak TVErekin adostu behar zuen emanaldien amaiera ETBko seinalea emititzen hasi ahal izateko. Andoni Areizaga, EiTBko zuzendariak hurrengo hilabeteetako plana zein izango zen zehaztu zuen: “Zero programa honen ondoren, hiru etapa izango ditugu. Lehenengoan seinaleak baino ez dira igorriko, eta telebistak emanaldietara egokitzeko balioko du. [...] Bigarren etapa urtarrilaren bigarren astean zehar izango da, eta bertan albistegi laburrak eskainiko ditugu, bai euskaraz, bai gaztelaniaz eta bai filmen bat ere. Hori guztia ordubetean. Hirugarren etapari bigarren hiruhilekoan ekingo diogu; horrela pixkanaka hiru orduko emanaldietara iritsi nahi dugu urtearen bukaerarako”.

Euskadi Irratia, hilabete lehenago hasi zen emititzen 1982ko azaroaren 23an. Radio Euskadi berriz, lehenago, 1946ko abenduaren 21ean sortu zen "Radio Euzkadi, la Voz de la Resistencia Vasca" izeneko irratiaren ondorengoa litzateke. Lapurdin sortu zen irrati hau eta 1977ra arte iraun zuen erbestetik Euskal Herriaren berri emanez. 1983ko apirilaren 29an sartu zen EiTB taldearen barruan. Gaztelaniaz emititzen du. Bere euskarazko baliokidea, lehen aipatu, Euskadi Irratia litzateke.

1983ko urtarrilean Euskal Telebistak kontratuak egiteko ahalmena bereganatu zuen, ordura arte langile guztiak kultura sailarentat egiten baitzuten lan.

1983ko otsailaren 16an amaitu zen froga-emisioen epea. Urte horretan bertan hasi ziren Donostiako Miramongo produkzio-zentroaren eraikuntza lanak. Beste hainbat unitate mugikor ere erosi zituzten.

1986ko maiatzaren 31n sortu zen ETB 2 katea. Jose Maria Gorordo zen EiTBko zuzendaria eta garai hartako egoera aprobetxatuz, isilean eta inori ezer esan gabe aireratu zuten ETB 2 katea probatan. EiTBn lanean ari ziren langile gehienek ere ez zuten honen berririk izan harik eta emititzen hasi zen arte.

Euskal Irrati Telebistako Zuzendaritza Nagusiak jakinarazten dizue gaur, maiatzaren 12ko zazpi eta erdietatik aurrera, Euskal Telebistak programa berria hasiko duela probatan [...] Erabaki hau euskal titulartasun publikoko komunikabideak hazi eta kontsolidatzeko prozesuaren barruan kokatzen da.

Ohar honekin eman zuten ETB 2 katearen sorreraren berri emititzen hasi baino ordu erdi lehenago. Il carnavale di Venezia filmarekin hasi zen Euskal Telebistako bigarren katearen bidea. Kate berri hau sortzeak iritzi eta kritika ugari izan zituen. Baina hiru ziren funtsean, bigarren katearen sorreraren inguruko eztabaidagai nagusiak: erabakiaren zilegitasuna, neurriaren legezkotasuna eta EiTBren ereduaren aldaketa (euskara eta euskal kultura bultzatzeko sortu baitzen eta erabaki honekin gaztelera hutseko kate berri bat sortu baitzen). Iurretako instalazioetan beste plato bat prestatu beharra zegoen ETB 2ren eta ETB 1en emisioak aldi berean egin ahal izateko. 1987ko otsailaren 20an Miramoneko EiTBren egoitza inaguratu zen. Urte bete beranduago, 1988ko azaroaren 20an Baionako EiTBren egoitza zabaldu zen.

90eko hamarkadan telebista kate pribatuen etorrerarekin batera, audientzia bereganatzeko lehiak gora egin zuen nabarmen. Hamarkada honen lehenengo urtean sortu zen Euskadi Gaztea irrati formula, 1990eko martxoaren 21ean hain zuzen ere.

2001ean ETB Sat katea sortu zuten Digital+ bidez zein ASTRA satelitearen bitartez ETBren emisioak Europara zabaltzeko. Canal Vasco katea berriz, Amerikan emititzeko sortu zen. Kate bi hauek produkzio propioa baino ez dute emititzen eta euskara zein gazteleraz emititzen dituzte edukiak. Azken kate honen eduki gehienak baina, gazteleraz dira. ETB Sat-ek bi hizkuntzen arteko banaketa orekatuagoa egiten du. Orain artean Euskal Autonomia Erkidegoan emititzen zen ETB Sat-en seinalea eta gainontzeko Europako eskualdeetarako emititutakoa ezberdinak ziren. 2011ko irailetik hona, EAEko ETB Sat-en emisioei ETB K Sat izena jarri diete eta ETB 4ren proiektuaren ordezko bihurtu da, kirola ardatz harturik osatuta baitago emisioa. 1998an EiTBren sorrerako legea aldatu zen ikus-entzunezkoen egoera berrira egokitzeko asmoarekin eta Eusko Jaurlaritzak EiTBren kontrol handiagoa izateko asmoarekin. 1999an inaguratu zuten EiTBren Iruñako egoitza.
2002an, Andoni Ortuzar buru zuen EiTBren zuzendaritzak, Iurretako egoitza Bilbora eramateko asmoa adierazi zuen. Horrela Bizkaian zehar sakabanatuta zituen hainbat egoitza batu nahi ziren. San Mames-en kokatuta zegoen Bilboko Erakustazoka Barakaldora eraman zutenean, 7 eta 8. pabilioiak EiTBren esku geratu ziren, 8. Pabiloia baina ez du osorik erabiltzen EiTBk, bertan beste komunikazio enpresa batzuk (Antena 3, El Mundo...) eta Bizkaiko Ogasunaren instalazioak daude. Instalazio berriak 2007ko apirilaren 3an inaguratu ziren, eraikitze lanak guztiz bukatu gabe zeudela eta 2007ko irailaren 25ean amaitu zen transladoa. Digibat sistemaren bitartez Miramon eta Bilboko egoitzak elkarrekin lotuta daude.

2008ko urriaren 10ean, arratsaldeko seirak inguruan, ETB 3 katea jarri zen martxan Bilboko egoitzako Multibox aretoan egindako emankizuna bukatu ondoren.
Itzalaldi analogikoarekin batera, 2010ean EiTBri, LTD bidez emititu ahal izateko lau katedun Mux edo Multiplex bat eman zitzaion. LTD bidezko emisioak ETB 1, ETB 2, Canal Vasco eta ETB SAT (egun ETB K Sat) kateak emititzen zituen. Baina, ETB 1 eta 2 ez ziren Multiplex horretako kateak betetzeko ETB 3 eta ETB 4 sortzea erabaki zen. ETB 3, lehen aipatu bezala 2008an hasi zen emititzen eta haur eta gazteentzako programazioa eskaintzen du euskara hutsean (Gaur egun batez ere haurrentzako marrazki bizidunak ematen ditu, Teknopolis, Sut&Blai, Hitzetik Hortzera eta Gazte Klip bezalako programa bakar batzuk kenduta). ETB 3 sortu zenetik, Canal Vasco satelite bidez baino ez da ikusten. ETB 4-k berriz kirol programazio zabal bat eskainiko zuen eta bere emisioak 2009an hastea adostuta bazegoen ere, oraindik ez da kate berri hau sortu. Horren ordez, ETB K Sat-ek eskaintzen du kirol programazio hori. Ez da berdina beraz, Europan satelite bidez ikusten duten ETB Sat eta EAEn ikusten den ETB K Sat.



[1] Estatutuko 19. artikulua
1.- Euskal Herriari dagokio giza kominikabideei dagozkienetan Estatuko oinarrizko arauen legeria aurrera eramatea, Konstituzioaren 20. artikuluan agintzen dena beti ere errespetatuko delarik.
2.- Titulartasun estatala duten komunikabideei aplikatu behar zaien arautegi bereziari dagokionez, goiko parrafoan aipatu diren gaien bururapena Estatutoarenarekin koordinatuko da.
3.- Artikulu honetako lehen parrafoan esaten den bezala, Euskal Herriak erregula, sor eta atxiki ditzake bere telebista, irrati eta prentsa propioa, eta, oro har, bere helburuak lortzeko behar dituen giza komunikabide guztiak.
[2] Erredakzio sailetik Luis Alberto Aranberri Amatiño, Xabier Zaldua (Radio San Sebastián-SER), Mikel Urretabizkaia (Egin), David Barbero (Deia), Luis Maria Mendizabal (Diario Vasco), Maria Francisca Fernandez Valles (Eusko Jaurlaritzako prentsa bulegokoa), Estepan Aldamiz-Etxeberria (Deia) eta Aingeru Epaltza (kazetaritza ikasketak oraindik amaitu gabe zeuzkana) joan ziren. Teknikariak bestalde, Eloy Diaz de Monasterioguren, Juan Luis Olaeta, Juan Jose Cuadrado, Javier Coto, Kepa Garai, Gontzal Urrestarazu, Esther Arrieta, Iñigo Urrega, Rafa Ocio, Juan Karlos Loroño, Juanma Sancho, Angel Etxeandia, Julio Mendikute, Javier Aparicio, Karmelo Egia, Patxi Hidalgo, Antxon Astrain, Fran Arrieta, Josu Dilla, Jon Mikel Telletxea, Felix Gonzalez, Sabin Arruti, Bernardo Amo, Oscar Argudo, Iñaki Arranz, Gozon Asla, Josu Aurtenetxe, Iñaki Beobide, Joseba Esnal, Roberto Martinez, Fidel Molinero, Xabier San Salvador, Iñaki Ugalde eta Josu Uriarte joan ziren Hamburg-era.

Testua: Miguel Aizpuru eta Ander Barinaga-Rementeria (http://eitb.wikispaces.com/)

2012/05/18

Atzo hasi zen Leioako XIII. umore azoka

Atzo hasi eta maiatzaren 20a bitartean hainbat antzezlan eta performance ikusi ahal izango dira Leioako kaleetan. 47 konpainiak 120 agerraldi inguru egingo dituzte eta antzezlan horietatik 22 estreinaldiak izango dira. Deskargatu egitaraua.

2012/05/15

Koldo Olabarri: "Plazer handia da aktore hauekin lan egitea. Loteria tokatu zait!"

Koldo Olabarri gaztea (Bilbo, 1992) Bi eta Bat telesailaren fase berriko aktoreetako bat da. Jaio eta urte betera amaitu zen telesaila 26 atal emititu ondoren. Telebistan berria den arren, antzerkian makina bat lan egin du.

Zu oraindik jaio gabe zeundela eman zuten Bi eta Bat-en lehenengo atala. Ikusi dituzu lehenengo denboraldiak?
Denboraldi osoak ez ditut ikusi, baina kapituluren bat bai, nolako zen jakiteko.

Jose Lontxoren semea zara fikzioan. Nolakoa da Pep?
Jose Lontxoren etxean ordena eta zentzua jartzen duen bakarra da. 17 urte izateko heldua da oso, eta gauzak aurpegira esaten ditu, pentsatzen duituen bezalaxe. Tipo azkarra eta jatorra.

Koldo eta Pep-en artean badago antzekotasunik?
Oraindik elkar ezagutzen gaude kar, kar, kar!...Batzuk badaude, baina gutxi.

Erraza izan da pertsonaia sortzea?
Pep nolakoa izan behar zuen hasieratik egon da oso ondo azalduta, eta Carlos Zabala eta Eneko Olasagastiren (zuzendariak) laguntza eta oharrak izan ditut une oro, beraz niri erreza egin zait.

Noiz esan zenion lehenengo aldiz zure buruari aktore izan nahi zenuela?
Betidanik. Txikitatik gustatu izan zait mundu hau, mozorrotzearena eta pertsonaia desberdinak antzeztearena.

Gaztea zaren arren, antzerkian makina bat lan egin duzu.
Antzerkia egiten ahalik eta gehien saiatzen naiz, gero eta gehiago ikasteko eta gero eta hobeto hezteko, oso garrantzitsua baita mundu honetan aurrera jarraitu ahal izateko. Azken finean niretzako, droga moduko bat bihurtu da.

Iaz AEBetan egon zinen ikasten eta han ere antzerkiarekin jarraitu zenuen?
Bai, antzerki musikala egin nuen Joseph and the amazing technicolor dreamcoat izeneko obra bat. Gainera, arlo horretan nenbilen lehen aldia izan zen- Hitz batean definituta: zoragarria.

Imaginatzen zenuen bezalakoa al da telebistako lana?
Telebistan aritzen naizen lehen esperientzia izan arren, pixkat nola dabilen ezagutzen nuen, making of guztiak tragatzen ditudalako, eta telebista lan egin duen jendea ezagutzen dudalako.

Erraza da hain aktore ezagunekin umorezko telesail batean lan egitea?
Bai eta ez. Bai, beste aktoreek dena ematen didatelako, eurei begira eta eurekin batera ikaragarri ikasten delako. Eta ez, umorean oso ondo dabiltzalako, eta batzuetan ezinezkoa egiten zaidalako barreari eustea, eta hori oso txarra da. Baina plazer handia da aktore hauekin lan egitea. Loteria tokatu zait!

Ikusten duzu Bi eta Bat ez den beste telesailik?
Bai. Orain arte ‘La Fuga’ ikusi izan dut, eta estatu mailan azkenaldian egin den telesailik originaletako bat zela iruditzen zait.

Nola ikusten duzu telebistaren etorkizuna?
Asunto zaila. Gaur egun internetek daukan eragina itzela da, eta bien arteko fusio bat egongo dela uste dut.

Eta euskal telebistarena?
Euskaldunon eta ETBko programazioaren eskuetan dago.

Zein paper antzeztea gustatuko litzaizuke?
Jack Sparrow, esaterako, baina asko dira. Erronka zailak gustatzen zaizkit. Bizia eman diezadakedan edoizen pertsonaia, egia esan.

Argazkiak: Hodei Losada, Oihane eta EiTB

Bertsoapp aplikazioa sareratu dute iPhone, iPad eta iPod gailuetarako

Mihiluze saioaren potokumeak frogaren antzeko jolasak eskaintzen ditu Abarkatxok garatu duen aplikazioak. Erabiltzaileak, oinak bertsoan jarri beharko ditu, dagokion tokian. Bertsoa amaitutakoan aplikazioak ondo dauden errimak berdez jarriko ditu eta oker daudenak gorriz. 200 bertsotik gora ditu aplikazioak eta bi multzotan sailkatuta daude: 4 puntutako bertsoak eta 8 puntutakoak.
Beheko helbideetatik deskargatu daiteke aplikazioa doan:
http://abarkatxo.com/appak.php
http://itunes.apple.com/us/app/bertsoapp/id520116115?l=es&ls=1&mt=8

2012/05/11

Donostiako zinemaldiko 60. edizioko kartela aurkeztu dute

Donostiaok Eureka! Zientzia Museoan aurkeztu dituzte 60. edizioko kartelak. 1307 proposamen jaso dira.

2012/05/08

Boxfish telebistako Trending Topic-ak denbora errealean

Boxfish izeneko plataforma bat abian jarri dute, telebista kateetan hitz egiten ari diren gaiak denbora errealean kontsultatu ahal izateko. Zerbitzu hau eskaini ahal izateko telebista emisioen azpidatziak erabiltzen dituzte. Bilatzaile honen helburua norberarentzat interesgarriak diren gaiak, telebistan komentatzen ari ote dire denbora errealean kontsultatzeko aukera eskaintzea da. Bilatzailean, norberak nahi duen gaiaren inguruko hitz gakoak sartu eta gai horien inguruan hitz egiten ari diren telebista kateak topatzen ditu. Aukeratutako gaiak filtratzeko aukera ere ematen du.
Beta fase honetan oraindik ezin dira bideoak zuzenean ikusi. Horren ordez, telebista katearen webgunera bideratzen zaitu. Boxfish-en arduradunek telebista kateekin eskubide horiek hitzartzen ari direla jakinarazi dute.
Printzipioz ingelesezko emisioetarako pentsatuta dago plataforma eta AEB, Erresuma Batua, Kanada eta Australiako edukiak kontsultatu daitezke bertan. Telebista aparailuetan integratu nahi dute asmatzaileek aplikazio berri hau.

2012/05/06

24. gazteen antzerki topaketa ari dira ospatzen egunotan Donostian

Antzerki Gaztearen XXIV. edizioa ospatzen ari dira Donostian egunotan. Maiatzaren 4an hasi eta hilaren 15era arte 22 antzezlan ikusi ahal izango dira Lugaritz, Antzoki Zaharra eta Gasteszenan. Epaimahai batek erabakiko du zeintzuk diren antzezlan onenak. Donostia.org webgunean kontsultatu daiteke programa guztia.

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money