Showing posts with label publizitatea. Show all posts
Showing posts with label publizitatea. Show all posts

2011/04/04

Telebista pribatuek publizitatetik lortutako diru-sarrerak %25 igo ziren 2010ean

Baina telebistan igorritako iragarki kopurua murriztu egin da, %4 egin du behera azken urtean


Testua: Iñigo Gonzalez


Telebista kate pribatuek 1.931,8 milioi euro eskuratu zituzten publizitateari esker 2010ean,  2009an baino %25 gehiago, Telekomunikazioen Merkatuko Komisioaren azken txostenaren arabera. Txostenen egileek esan dutenez, TVE kate publikoak iragarkiak emateari uztea «erabakigarria» izan da igoera hori eman zedin. Gainera, urtebete da TVEk iragarkiak emateari utzi zionetik.


Bestalde, publizitate gutxiago emititzen da kateetan eta %4 jaitsi da iragarkiei eskainitako minutu kopurua.


Bien bitartean, kate publikoek 253,25 milioi euro lortu zituzten arrazoi beragatik, 2009an baino %60 gutxiago. Pribatuen kasuan TVEk iragarkirik ez emateak diru-sarreren igoera eragin bazuen, alderantzizko efektua sortu du publikoengan: %60ean murriztu dira diru-sarrerak 2009. urtearekin alderatuz.


Azken hiruhileko datuak erreferentzia gisa hartuta, kate pribatuek publizitatetik 540,9 milioi euro eskuratu zituzten denbora tarte horretan, aurreko urteko azkenekoan baino %8,9 gehiago. Publikoek aldiz, 68,3 milioi lortu zituzten.


Publizitate gutxiago


Kate pribatuen irabaziak handitu badira ere, publizitate gutxiago emititu zen 2010ean, 1,9 milioi minutu guztira. Aurreko urtearekin alderatuz, %4,1 jaitsi da iragarkiak igortzeari eskaintzen zaion denbora. Azken hiruhileko datuei so eginez gero, 527.247 minutu igorri ziren denbora tarte horretan, 2009an baino %0,4 gutxiago.

2011/02/28

Elkarrizketa: Lucas Jatobá

Lucas Jatobá: ‘Sormena munduko jendea laguntzeko erabiltzea gustatuko litzaidake’


Publizitatearen topiko guztiekin apurtzen duen langile altruista dugu Lucas Jatobá. Brasilen jaiotakoa, Bartzelonara mugitu zena, eta, ondoren, Sydneyra joan dena. Munduko hiritartzat hartzen du bere burua, eta sormena ezberdintasunekin eta gatazkekin amaitzeko erabiltzea proposatzen du.


Testua: Julen Biguri


Zergatik joan zinen Bartzelonara lan egitera?


Oso estresatuta bizi nintzen Sao Paulon, egunero 14-16 ordu inguru lan egiten nuen. Ia egunero trafikoa zela eta trabatuta geratzen nintzen… Hitz gutxitan, ez nengoen oso gustura bertan nuen bizitzarekin.


Nire amak pasaporte italiarrak lortu zituen, eta, orduan, motxila bat hartu, nire lanerako portfolioa eta Europara joan nintzen. Londresen, Amsterdamen, Milanen eta Bartzelonan lanak bilatzen joatea pentsatu nuen. Baina Bartzelonan hasi nintzen, eta gaztelaniaz ez nekienez, kurtso batera apuntatu nintzen. Hilabete bat pasa eta etxea, lana eta lagun mordoa nituen. Bartzelonak liluratu ninduen; eta bertan geratu nintzen!



Nolakoa zen zure eguneroko bizitza Bartzelonan? Eta publizista gisa?


Pertsona normal baten antzera. Metroan nindoan lanera, 9:30etatik 19:30etara lan egiten nuen (zoragarria iruditzen zitzaidan hori, Sao Paulon 22:00ak baino lehen ez nuen inoiz amaitzen). Pailazo gisa lan egiteko kurtso bat egin nuen, eta talde batekin ospitaletara joaten ginen. Baina egun batean umezurtz-etxe bat ezagutu nuen eta bertan boluntario finkoa izateko proposatu zidaten. Harrezkero, igandero, 16:00etatik 20:00etara, Bartzelonako umezurtz-etxe horretara joaten nintzen 0-5 urteko umeak zaintzera eta haiekin jolastera. Oso dibertigarria zen, primeran pasatzen nuen. Bertara 2 urtetan zehar gerturatu nintzen, Bartzelonatik joan nintzenera arte. Benetan faltan botatzen dut, zoriontsu egiten baininduen.


Publizista gisa, arrakasta oso ona izan nuen Bartzelonako Contrapunto agentzian. Lagun asko egin nituen, oso ondo pasatu nuen eta sari pila bat irabazi genituen, bai nazionalak eta bai internazionalak ere.



BBDO moduko agentziekin lan egin ostean, eta FC Barcelona, Unilever, National Geographic, Fox edo AMAM-ekin lan eginda, zer edo zer egiteko geratzen zaizula uste duzu? Enpresaren batekin lan egitea gustatuko litzaizuke?


Egia esan, nire sormena munduko jendea laguntzeko erabiltzea gustatuko litzaidake. Gizarte-lanak egitea asko gustatzen zait. Munduan laguntza behar duen jende asko dagoela uste dut, eta agian guztiok pixka bat lagunduko bagenu, mundua askoz hobea izango litzateke. Ni nire partea egiten saiatzen naiz, 16 urte ditudanetik boluntario gisa lan egiten dut.



Sari asko jaso eta hainbat alditan aintzat hartua izan ondoren, nola daramazu meritu guzti hori?


Meritu guzti hau gogoz, poztasunez eta alaitasunez egindako lan askoren emaitza dela uste dut. Baina ez dut uste hori hain garrantzitsua denik, publizitatea baino ez da.


Benetan garrantzitsuak diren sariak Bakearen eta Medikuntzaren Nobel sariak dira, mundua hobetzeko jendeari laguntza asko eskaini diotenak irabazten baitutelako.


Adeú, Barcelona lan oso altruista da; hala ere, publizitatearen mundua oso etiketa ezberdina du, muga ez oso etikoetaraino lehiakortasuna erabiltzen duela diote. Nola ikusten duzu guzti hori? Benetan horrelakoa da?


Lehiakortasuna agentzien artean baino ez da existitzen, bezeroak lortzeko lehiatzen baitira. Publizitate munduan izaera oso polita duen jendeak lan egiten du. Gutxienez, nik lan egiten nuen agentzian oso jende jatorra zegoen, eta inon ere ez zegoen lehiakortasunik. Bertan gure artean lan egiten genuen beti, lagun talde handi bat bezala. Gero jaietara batera ateratzen ginen, mozkorrak batera harrrapatzen genituen eta afariak ere batera egiten genituen.


Nondik etorri zen Adeú, Barcelonaren ideia?


Contrapunto agentzia utzi ondoren, eta Sydneyra etorri baino lehen, Bartzelonan deskantsatzeko denbora nahi nuen. Behin hauxe pentsatu nuen: nire sormena besteentzat erabili badut beti, zergatik ez nire ideia batentzat erabili, Bartzelonan bizi izan ditudan une alaiak espresatzeko? Ideia askotan pentsatzen hasi nintzen… Eta orduan, egun batean, puztuki bat egan egiten ikusi nuen, eta ideia bat etorri zitzaidan burura.


Txunditu zaituen kanpaina publizitateren bat?


Bai, Australiako Leo Burnett Sydney agentziak egin zuen spot bat, WWF-rentzat (munduaz zaintzen duen ONG bat). Bideo zoragarria iruditzen zait, emozioz betekoa; guztiek ikusi beharko zuten. Ideiarekin eta lana burutzeko moduarekin txundituta nago, gainera, Lurraren etorkizunari buruz pentsatzen hasi naiz honen ondoren.


http://www.vimeo.com/11127915


Publizista batek izan ahal dituen ezaugarri guztien artean, zein uste duzu direla garrantzitsuenak?


Sormena garrantzitsuena da, baina esfortzurik eta ardura handirik gabe ez du ezertarako balio. Egiten duzuna gustatzea oso garrantzitsua da, edozein gauza eginda ere; horrela gauzak beti primeran aterako baitirelako.

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money