2011/08/27

Zazpi film aurkeztuko dituzte Donostiako Zinemaldiko Zinemira sailean




Bernardo Atxagaren 'Bi anai' eleberriaren egokitzapenarekin hasiko da aurtengo Zinemira saila, irailaren 21ean. Fikziozko lan honetaz gain, beste bi ekoizpen berri aurkeztuko dira Zinemaldian eta Panorama atalaren barruan aurten ekoitzitako lau film emango dituzte. Zinemira saria bestalde, Elias Kerejeta zuzendari eta ekoizleak jasoko du Victoria Eugenia antzokian egingo den ekitaldian.

Estreinaldiak




BI ANAI, Imanol Rayo
Hamalau argitalpen izan dituen Bernardo Atxagaren Bi anai eleberriaren egokitzapena. Idazlea, liburu horrekin eta Bi letter jaso nituen oso denbora gutxian (1984) zein Sugeak txoriari begiratzen dionean (1984) eleberriekin egin zen ezagun euskal irakurleen artean. Paulo da filmeko protagonista; aita hil ostean, bere anaia gutxituaren ardura hartu beharko duen mutila. Imanol Rayo Iruñean jaio zen 1984an. Andoaingo Zine eta Bideo Eskolan Zinematografia Zuzendaritza ikasi zuen. Ondoren, Zinematografia Idazketa egin zuen Urnietan, Michel Gaztambiderekin.Bi anai da bere lehen film luzea.









NAO YIK, David Aguilar
Dokumental honek Frances Wilkinsonen berri ematen du, bere bilobak kutxa batean aurkitu zituen eskutitz batzuen bidez. Frances Txinan bizi izan zen 1939 eta 1949 bitartean, eta urte horietan izandako esperientziak gorde izana lekukotza garrantzitsu bilakatu da. Alde batetik, Japoniaren okupazioak eta II. Mundu Gerrak markatutako aroaren berri ematen du, eta, bestetik, irakasle gisa egin zuen lana eta Txinako gizarteari eta kulturari buruzko ikuspegi bikaina ematen ditu: hizkuntza, kaligrafia, txinatarren nortasuna, ohiturak, arkitektura, maitasuna, erlijioa, gastronomia… David Aguilar errealizadoreak eta Francesen bilobak bidaia hau berriro egin dute, orain urte asko idatzitako testu horiek biltzen dituen bideo-egunkaria hartuta. David Aguilarrek (Iruñea, 1979) hainbat dokumental filmatu ditu; horien artean, Heroínas sin nombre (Pello Gonzálezekin batera). Lan hori nazioarteko hainbat zinema-jaialditan aurkeztu eta saritu dute.









EL ÚLTIMO PASO, Enara Goikoetxea eta Iurre Telleria
Dokumental honek II. Mundu Gerrari buruz oso gutxi ezagutzen den gertakizuna kontatzen du: Reseau Comète ihes-lerroa. Frantziako, Belgikako eta Euskal Herriko boluntarioek sortu zuten, etsaien mugen atzean hondoratu zituzten pilotu aliatuak naziek okupatutako Frantziatik ateratzeko. Pertsona horien ahalegin ausartari esker, 700 abiatzaile baino gehiago atera zituzten. Dokumental honetan, halaber, pertsonaiei egindako elkarrizketak, leku jakinetara egindako bisitaldiak eta berreraikitze dramatikoen laguntzarekin egindako ekitaldien segimendua aurkituko ditugu, baita bi eta hiru dimentsiotan emandako artxiboko irudiak eta irudi teknikoak ere, argazkiak animatzeko eta irudi errealekin konbinatutako eszena animatuak sortzeko. Enara Goikoetxeak eta Iurre Telleriak muntatzaile eta ekoizle exekutibo gisa lan egin dute hainbat film laburretan eta dokumentaletan, hurrenez hurren. Biak ere dokumental-saioetako eta iragarkietako errealizadore gisa lan egin dute, eta The Pamps dokumentala zuzendu zuten elkarrekin ETBrentzat. Goikoetxeak, halaber, Bizitzako Kopa (2009) film laburra zuzendu zuen, eta Telleria izan zen ekoizle exekutiboa. Film honekin egin dute biak debuta film luzeen eremuan.




Panorama




ARRIYA - LA PIEDRA, Alberto Gorritiberea
Film hau Karlovy Varyko zinema-jaialdian aurkeztu zuten, eta bost sari eskuratu zituen Malagako zinema-jaialdian: emakumezko aktorerik onena (Begoña Maestre), argazkirik onena, jantzirik onena, soinu-banda onena, eta film onenaren Asencar-Ópera Prima saria. Filmak gizabanakoaren eta traizioaren arteko gatazka jorratzen du, bi familiaren arteko ika-mikaz eta aspaldiko gorrotoz jositako herri baten deskribapenaren bitartez. Begoña Maestre ez ezik, Iban Garate eta Sara Casanovas ere protagonista dira. Alberto Gorritibereak (Zumaia, 1970) aurretik Eutsi! (2007) filma zuzendu zuen, 2007ko Euskal Zinemaren Egunean eman zutena. Era berean, Asier Hilariorekin batera Flysch, el susurro de las rocas (2009) dokumentala zuzendu zuen.









UN MUNDO CASI PERFECTO, Esteban eta José Miguel Ibarretxe
Akzioa eta nahasketa dira nagusi Malagako zinema-jaialdian aurkeztutako komedia honetan. Onenak emandako gidoilari baten ibiliak kontatzen ditu; lapurreta baten lekuko izanik, bizitza osoa hankaz gora ipiniko zaio: poliziak presio egingo dio lapurra identifikatzeko, lapurra atzetik jarraika izango du ezer esan ez dezan, eta bidean gurutzatzen zaion prostituta batekin maiteminduko da. Filmeko protagonista Javier Merino, Antonio Dechent eta Álex Angulo dira. Esteban eta José Miguel Ibarretxe anaiek Solo se muere dos veces (1997) eta Sabotage!! (2000) filmak zuzendu dituzte.









NAUFRAGIO, Pedro Aguilera
Robinson Espainiako kostaldera iritsi den Sahara azpiko Afrikako etorkina da. Batere ezagutzen ez duen munduan galdurik hasiko du ibilia, itxuraz bere arbasoen espirituek inposatu dioten egitekoa bete nahiko du: norbait garbitzea. Solo Turé aktorearen lehendabiziko lana da, eta Ramón Barea, Kandido Uranga eta Álex Merino ditu lagun. Filmak Hanburgoko zinema-jaialdian parte hartu zuen, eta Europako zinemagintzari buruzko Sevillako jaialdian epaimahaiaren aipamen berezia eskuratu zuen. Pedro Aguilera (Donostia, 1979) Espainiako zinematografia-panoramako ustekaberik berrienetako bilakatu zen, bere lehendabiziko lana, La influencia (2007), Canneseko zinema-jaialdiko Errealizadoreen Hamabostaldirako aukeratu zutenean eta Bruselako zinema-jaialdiko Age d’Or saria eskuratu zuenean.









NEXT MUSIC STATION: LEBANON, Fermin Muguruza
Fermin Muguruza musikari eta dokumentalgileak arabiar munduko musika-errealitatearen soinu-mapa egin du. Dokumental honetan, Déborah Phares argazkilariak Libanoko geografian barrena soinu-bidaia egitera gonbidatuko gaitu; ahots eta soinu mosaiko hori arabiar musika tradizionaletik, bere folkloretik eta bertako instrumentu nabarmenenetatik sortua da (ouda, esaterako). Hala, ekialdearen eta mendebaldearen arteko zubi eta gerturatze lanak egingo dituen hizkuntza berrien bila ibiliko dira, erritmorik modernoenak baliatuta: pop, rock, rap eta rock alternatibo doinuak. Fermin Muguruzak (Irun) euskal musikagintzan garrantzi handia izan du, 80ko hamarkadan Kortatu taldea sortu zuenetik. Ondoren, Negu Gorriak eta Kontrabanda taldeak sortu ditu, baita Esan Ozenki eta TALKA diskografia-etxeak ere. Bakarlari gisa ere disko ugari grabatu ditu. Era berean, Checkpoint rock: Canciones desde Palestina (2009) dokumentala zuzendu zuen. Obra horrek Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia itxi zuen, eta 2009ko Zinemira-Euskal Zinemaren Panorama sailean aurkeztu zuten. Next Music Station Al Jazeera Documentary Channel etxeak ekoitzitako dokumental-seriea da, arabiar munduko hainbat herrialdetako egungo musikagintzari buruz: Maroko, Tunisia, Egipto, Libano, Siria, Kuwait, Bahrein, Yemen eta Sudan.




2011/08/22

Kapuko Gasteizeko III. Irrati eta Telebista Jaialdian izango da

Kapuko aldizkariak eta KapukoTB-k abuztuaren 30tik irailaren 4ra bitartean Gasteizen antolatuko den FesTVal jaialdiaren jarraipen berezia egingo dute. Horretarako eguneko albiste eta berriak eskaintzeaz gain, sare sozialak erabiliz informazio guztia emango dute uneoro (Twitter (@kapukoT)). Jaialdian hainbat telesail eta telebistako programa ezagun estreinatuko dituzte. Han izango dira Julen Hernandez eta Izaskun Moyano astebetez, jaialdiko xehetasun guztien berri ematen. Ondoren Kapukoren zenbaki berezi bat kaleratuko da.

 

2011/08/20

''The Tree Of Life'' (Terrence Malick) filmak irabazi du 2011ko FIPRESCI Sari Nagusia

Donostiako Zinemaldiaren 59. edizioan emango dute saria


Zinematografiako Kritikarien Nazioarteko Federazioak (FIPRESCI) urteko film onenaren Sari Nagusia The Tree of life filmari emango dio (Terrence Malick). FIPRESCIko kide diren mundu osoko 205 kritikarik azken urtean estreinatutako film luzeen artetik bat aukeratzen dute, bozketa bidez, Sari Nagusia emateko. Zinemaldiaren irekiera ekitaldian emango dute saria eta beronekin inaguratuko da aurtengo Zabaltegi-Perlak saila.

Hamabost film lehiatuko dira Zinemaldiko Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean

Donostiako Zinemaldiaren 59. edizioko Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean, besteak beste, Islandiako, Japoniako, Espainiako, Israelgo, Alemaniako, Hego Koreako, Txileko, Estatu Batuetako, Austriako eta Erresuma Batuko filmak izango dira. Telmo Esnalek zuzenduriko euskarazko Urte berri on, amona! luzemetraia ere estreinatuko da bertan. Guztiak ere Kutxa-Zuzendari Berriak saria eskuratzeko lehiatuko dira, Sail Ofizialeko beste hiru filmekin batera: Mathieu Demy zuzendariaren Americano (Frantzia), Oren Moverman zuzendariaren Rampart (AEB), eta Sarah Polley zinemagilearen Take This Waltz (Kanada).

2011/08/14

Glenn Close aktoreak jasoko du Donostiako Zinemaldiaren 59. edizioko Donostia saria

Irailaren 18an jasoko du Kursaal auditorioan Donostia saria aktore estatubatuarrak. Antzerkian, telebistan zein zineman lan asko egin du eta eginiko ibilbide luzeagatik sarituko dute aurten Donostian. Zinemaldiaren edizio honetan gainera, aktoreak bere azkenengo filma aurkeztuko du. Rodrígo Garcíak zuzendutako Albert Nobbs filmea.


Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money