2012/07/30

Film labur "express" lehiaketa Donostiako Zinemaldian

Donostiako Zinemaldiaren 60. edizioaren barruan film labur "express" lehikaeta bat antolatuko da irailaren 22 eta 23an.
Lehiaketako erronka nagusia 30 ordu baino gutxiagoan, jaialdian bertan ezagutara emango duten gaiarekin film labur bat egitea da. Parte hartzaileak ez dira zertan profesionalak izan baldintza bakarra norberaren ekipoa eramatea da.
Hiru sari daude lehenengoa 1000 eurokoa, bigarrena 800 eurokoa eta hirugarrena 600 eurokoa.Zinemaldiko Sail Ofizialean bezala, Publikoaren Saria ere badago. Hau irailaren 24, 25 eta 26an online bozkatuko da www.zinemaexpress.com web orrian. Sarien ematea Gazteriaren Itxiera Ekitaldian egingo da.

2012/07/26

Ben Afflecken Argo filma Donostiako Zinemaldiko sail ofizialean

Ben Affleck-en hirugarren lana, Argo thrillerra Donostiako Zinemaldiko 60. edizioko Sail Ofizialean emango dute lehiaketaz kanpo.
1979ko Irango Iraultzako benetako istorio batean oinarrituta dago filma. Iraultzaileek Teherango enbaxada erasotu eta AEBetako 52 herritarren espetxeratzea du oinarri filmak.
Pictures ekoizpen-etxeak ekoitzi du, GK Films eta Smoke House Pictures ekoiztetxeekin batera. Warner Bros. Entertainment Company konpainiaren Warner Bros. Pictures ekoiztetxeak banatuko du.
Donostian izango dira Ben Afflek, zuzendaria eta protagonista, Alan Arkin eta John Goodman.

'Arbitrage' filmak emango dio hasiera Donostiako zinemaldiari

Arbitrage Nicholas Jareckik idatzi eta zuzendu duen lehenengo fikziozko luzemetraia Donostiako Zinemaldiko 60. edizioaren inagurazio ekitaldian estreinatuko da.
Richard Gere eta Susan Sarandon protagonista dituen film estatubatuarra Sail Ofizialean lehiatuko da.
Bi aktore protagonistek, Richard Gere eta Susan Sarandonek Donostia sari bana irabazi zuten 2007an eta 1995ean hurrenez hurren.
Arbitrage goi mailako finantzen munduko maitasunari eta leialtasunari buruzko thrillerra da.  Laetitia Casta, Tim Roth, Brit Marling eta Nate Parker dira filmeko beste aktore batzuk.
Filmaren protagonista Robert Miller magnatea (Richard Gere) da; 60 urte betetzeko bezperan, arrakasta amerikarraren erretratu perfektua dirudi, dela bizitza pertsonalean, dela familiakoan. Ellen emazte fidela (Susan Sarandon), Brooke alaba eta bere inperioaren oinordekoa (Brit Marling) beti ondoan dituela ageri da. Baina, etxe handi eta dotorearen urrezko hormen atzean, Miller etsipenak jota egongo da, bere inperioa banku handi bati saldu nahi baitio, egin duen iruzur bat ezagutarazi baino lehen. Gainera, maitasun istorio bat bizi du arte-merkatari frantses batekin (Laetitia Casta), emazteak eta alabak jakin gabe. Arazoak sortzen dizkion inperioaz libratu behar duenean, hain justu, ustekabeko akats anker batek iraganeko mamuak bistaratuko dizkio, eta moral bikoitzaren mugen aurrean jarri beharko du.




2012/07/23

'Gernika bajo las bombas' TV movie-a estreinatuko dute Donostiako 60. Zinemaldian

Luis Mariasek zuzendutako Gernika bajo las bombas bi ataleko tv movie-a Donostiako 60. Zinemaldian estreinatuko da telebistaz eman aurretik. Lan hau Euskal Telebista, Erpin 360º, Vértice Cine eta Baleukok ekoitzi dute TV3,TVG, Canal Sur, ICAA eta Eusko Jaurlaritzaren partaidetzarekin.
Atal bakoitzak 75 minutuko iraupena izango du eta istorio errealak eta fikziozkoak nahastuko dituzte. Kontakizun guztiek lotura izango dute, 1937ko apirilaren 26an Kondor legioaren bonbardaketa izango baitute oinarri. Aktore euskaldunek eta atzerrikoek parte hartu dute, besteak beste, Marc Clotet, Aitor Mazo, Lander Otaola, Teresa Calo, Egoitz Sanchez, Sara Casasnovas, Roberto Alvarez, Antonio Dechente, Pep Tosar eta Ramon Bareak

Ekoizpenean lan-talde zabala aritu da: 60 teknikari, 43 aktore eta 700 lagunetik gora aritu dira figurante. Donostian, Hernanin, Oñatin, Oiartzunen eta Burgosen ibili dira filmatzen.

Proiektu honetan, Luis Mariasekin batera, Aitor Vitoria aritu da zuzendari laguntzaile lanetan. Asier Bilbao ekoizpenaren zuzendaria da eta Mikel Huercanos produkzio buru. Pau Monras argazkiaren zuzendaria eta Pello Villalba zuzendari artistikoa. Musikaz Jose Ramon Gutierrez Hermida arduratu da, Josune Lasa jantziez eta Eva Alfonso makillajeaz. Natalie Garcia eta Eduardo Barinaga dira produktore eragileak.

2012/07/16

"Barrura begiratzeko leihoak" filmak 40.000 euroak bildu ditu

Barrura begiratzeko lehioak filma aurrera ateratzeko behar ziren 40.000 euroak bildu ditu Zinez elkarteak. Mireia Gabilondo, Enara Goikoetxea, Josu Martinez, Txaber Larreategi eta Eneko Olasagastik bost presoren historia kontatuko dute film honetan. Azken hilabeteetan egondako hainbat arazo zirela eta, Zinez elkarteko kideek diru-laguntza publikoei uko egitea erabaki zuten. Beste finantziazio iturririk ezean, crowfunding kanpaina hasi zuten elkarteko kideek eta eskatutako dirua baino gehiago biltzea lortu dute. Jendeak baina, dirua ematen jarraitu dezake www.zinez.net webgunean. Filma irailean estreinatuko dute.

2012/07/09

Arte eszenikoak BEZaren igoeraren aurka

Espainiako Gobernuak BEZ (Balio Erantsiaren gaineko Zerga) igo egingo duela zabaldu da eta horrek eragin nabarmena izango luke Hego Euskal Herriko arte eszenikoen kontsumoan eta hauen ekoizpenean. Hori dela eta ESKENA (Euskadiko Produkzio Eszenikoen Enpresa Elkartuak) eta FAETEDA (Estatuko Antzerki eta Dantza Federazioaren Elkarteak) neurri horren aurka egiteko hainbat arrazoi aurkeztu zituzten duela egun batzuk.
Bi elkarte hauen, zein arte eszenikoetan lan egiten duten beste zenbaitentzat, BEZ-aren igoera honek eragin kaltegarria izango luke kultur jardueretan. Igoera hipotetiko honi, diru laguntzen jaitsiera gehitu behar zaio.
BEZa igotzearekin batera, antzokietako sarreren prezioak gora egingo luke, kontsumoa jaitsiz. Gainontzeko herrialdeetako kultur jarduerarekin dagoen aldea handiagotu egingo litzateke, batez ere kultur arloan murriztutako BEZ tasak erabiltzen dituztenekin. BEZaren igoerarekin kultur arloan bilduko den dirua, izango diren galerak baino gutxiago izango dela adierazi dute elkarteek eta kulturarekiko konpromiso politiko eta sozialaren aldeko apostua egin behar dela esan die Gobernuei. Kulturak eta antzerkiak zerbitzu publikoa direla eta BEZ tasa murriztua ezarri behar zaiela uste dute biek ala biek.

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money