Showing posts with label athletic. Show all posts
Showing posts with label athletic. Show all posts

2011/03/06

Eremu ikusezina: Cadena Ser

Irratia, ahotsaren bitartez guztion etxeetara

Cadena SER (Carrusel Deportivo) 1. alea from Kapuko Aldizkaria on Vimeo.

Testua: Nerea Reparaz


«Irratiakbadu telebistak ez duen xarma berezi bat eta hark eskaini ezin dituen posibilitateak eskaintzen dizkigu» hitz hauekin erantzun du Cadena Ser irratiko soinu teknikariak gaur egun irudiak hartu duen garrantziaren inguruan galdetu zaionean. Izan ere, ikus-entzunezko gizarte batean murgiltzen ari gara, non informazio orori itxura bat ematen zaion. Honen aurrean, irratian dabiltzanek hedabidea defendatzen dute, telebista bere gorenean badago ere, irratiak berezko «xarma» duela eta ez dela inolaz ere ozen irakurririko testutzat interpretatu behar adierazten dute.

Kapuko aldizkaria Cadena Ser-ek Bilbon duen egoitzan izan da, Athletikeko partiduaren irrati bidezko erretransmisioa lehenengo pertsonan bizi eta aldizkariaren irakurleei xehetasun guztiz iritsarazteko. «Bizi jokaldi bakoitza, bizi Carrousel Deportivo!» entzun zitekeen esatariak entzuleak animatzen zituelarik. Bilboko futbol taldeak Mallorcan jokatutako partidua gaueko bederatziak arte hasten ez bazen ere, arratsaldeko zazpi eta erditarako irratiko teknikariak martxan zeuden. Izan ere, prestakuntzak lan handia du soinu aldetik.

Egoitzan bertan hainbat irrati kokatzen dira, guztiak talde mediatiko berdinaren menpe aurkitzen baitira, besteak beste Cadena Dial, 40 Principales eta AS egunkaria. Cadena Ser-en, bi langunetan banatzen da espazioa. Alde batetik, erredakzioa dago, non kazetariek momentu oro esango dena prestatzen duten. Horietako batzuk aldi berean, esatari lana ere egiten dute. Hori da, hain zuzen ere, Iñigo Marquinezen kasua batik bat, izan ere, Mallorcara bidaliriko irratiko kide den Ivan Martinekin batera, estatu guztira zabaldu zen futbol partidaren erretransmisioaz arduratu ziren.

Erredakzioaz gain, soinuaz arduratzen diren estudio teknikoak ikus ziitezkeen. Bertan lanean zebiltzanek estudioek euren artean dituzten ezberdintasun teknikoak azaldu zizkiguten. Beste gainontzeko arloetan gertatzen den moduan, irratian ere digitalizazioa eman da. Estudioen itxuran ere antzematen da aldaketa. Estudio berrian aparailuek espazio gutxiago okupatzen duten bitartean, zaharrean, tresna eta botoiak ugariagoak dira, baina azken finean, funtzio bera betetzen dute biek. Soinuaz arduratzen diren teknikariek, aldaketak praktikotasun handia ekarri duela adierazi zuten, erraztasuna dela digitalizazioak eskaintzen duen onurarik aipagarriena. Irratian, gainontzeko hedabideetan gertatzen den lez, aparailu berrien beharra dagoela esan zuten, teknologiaren aurrerapenek lana erratzen dutela baieztu zuten aho batez.




‘Digitalizazioarekin asko antzematen da gauzak egiteko erraztasuna, lehen ez geneukan azkartasuna daukagu eta soinuaren kalitatea hobetu egin da’

Cadena Ser-eko teknikaria



Soinu teknikariak erretransimisioan zehar txertatuko diren musika, melodia eta soinuak prestatzen dituzte. Aldez aurretik egiten da soinuen prestaketa hau. Teknikarietako batek adierazi zuen moduan, «inprobisazio lana ere bada». Izan ere, esatariak esango duena aurreikusi behar dela zioen, momentu oro ipiniko den soinua aukeratzeko. Soinu teknikariaren eta estariaren artean lan harreman «estua» egon behar dela ziurtatu zuten eta euren arteko ulermenak erabateko behar duela izan.

Cadena Ser-en, gainontzeko irratietan bezala, puntualitatea oinarrizko faktorea da. Izan ere, programa bakoitzak dagokion orduan hasi eta amaitu behar du. Horrela ez izatekotan edo akatsen bat egotekotan, konexioan arazoak gerta litezke. Izan ere, Bilboko Cadena Ser, Madrilen dagoen egoitza nagusiarekin dago lotuta, eta programazioaren zenbait atal bertatik erretransmititzen dira.

Lokutorioan, Iñigo Marquinez eta AS aldizkariko kazetari bat zeuden; lehena Urtubi futbol taldeko jokalari ohia. Futboleko erretransimisioetan improbisazioa nagusitzen da, horretarako noski, esatariek telebista bat dute aurrean une oro gertatzen dena ahotsaren bidez etxe guztietara helarazteko.

Ikus-entzunezko gizarte bat ez ezik, Internetek menperaturiko gizartea ere badugu hau. INEk eginiko ikerketa baten ondorioz jakin da estatuko enpresen %94ak Internet bidezko konexioaz baliatzen dela bere produktua saldu edota jende artean zabaltzeko. Modu berean, Cadena Ser-ek ere Internet bidezko komunikazioari eusten dio programazioaren gehigarri edo osagarri gisa. Futbol partiden erretransimio baten kasuan, futbolzaleek Interneten bidez egiten dituzten apustuak komentatzen dituzte zuzenean. Horrez gain, jakina da sare sozialek berebiziko garrantzia hartu dutela, hori dela bide, Cadena Ser-ek ere bere kontuak ireki ditu Facebook eta Twitter-en.




‘Sarritan mezuak jasotzen ditugu atzerritik, Argentinatik esaterako eta horrek poz handia ematen du’

Cadena Ser-eko teknikaria



Cadena Ser-era egindako bisita honek argi uzten du, irratiak bizirik dirauela. Telebistak eta hedabide bisualek indarra hartu badute ere, irratiak gainontzekoek eskaintzen ez dituzten erabilera posibleak ditu, bertako kazetariek adierazi zuten moduan, irratiak bi gauza batera egiteko aukera eskaintzen du. «Entzule kopuruak behera egin badu ere, azken urteetan, irratiak beti jarraituko du programazioa berritzen eta egunerokotasunaren hoberena eskaintzen».

2011/02/25

Elkarrizketa: Joaquin Caparros: “Entrenatzaileok mezu egokia bidaltzen jakin behar dugu”

Testua: Unai Oiartzun eta Gentza Garcia



Entrenatzaile andaluziarrak elkarrizketa eskaini du EHUko Leioako Campusean


Joaquin Caparros (Utrera, Sevilla, 1955) Athletic Club futbol taldeko entrenatzailea da. Gainera, kazetaritzako lehen mailako ikaslea da EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean. Elkarrizketa honetan bere aurtengo esperientziaren berri eman digu, Athleticen gaurkotasunari buruzko kontuak azaltzeaz gain.


Nola erabaki zenuen kazetaritza ikastea?


Beno, ba betidanik gustatu izan zait komunikazioa. Nire ogibidea hobeto ezagutzen lagunduko didala uste dut, eta bide batez, adinez nagusi garenoi etiketak jarri nahi dizkigutenen aurka egiten dut, erretiratuta gaudela diotenen aurka. Orandik ere ikasteaz gozatu dezakedala uste dut.


Ikasketak eta entrenatzaile lanak uztartzea ondo al daramazu?


Zaila da,  baina lehenengo hilabete hauetan esperientzia oso ona izan da. Ni ilusioarekin nator, zuek bezala, egia esan ez dakit nork daukan ilusio gehiago, zuek edo nik (kar kar)


Zer nolako garrantzia du komunikazioak kirolean?


Asko. Hedabide asko daude, asko idazten da, telebistako saio asko egiten dira, irratikoak… Beraz, entrenatzaileok mezu egokia bidali behar dugu. Egoera ondo kudeatzen saiatu behar dugu, jende asko dagoelako gure mezuei adi, eta baikortasuna edo ezkortasuna sortu ditzakegulako.


Zer deritzozu hedabideek futbolari eskaintzen dioten denborari?


Errentagarritasunarekin proportzionala dela uste dut, eta gaur egun, publizitateari dagokionean, errentagarritasun gehien ematen duena kirola da, eta batez ere, futbola. Horregatik inbertitzen da gehien bertan, eta noski garrantzia izugarria ematen zaiola.


Orain kazetaritza ikasten zabiltzala, kazetariekiko zenuen irudia aldatu al da?


Ez, ez. Nik uste aurretik neukan ideia indartu dudala. Komunikabideak, enpresak, denek daukate lerrokatze jakin bat, eta zoritxarrez dena duala den une batean gaude. Cope eta SER irratian, El País eta El Mundo egunkarietan… futbolarekin berdina gertatzen da Barcelona eta Real Madrilekin, horregatik pentsatzen dut gehiago ireki behar dela, eta jendeari aukeratzeko ahalmena eman behar zaiola.


Nola ikusten duzu taldearen egoera momentu honetan? Porrota izango al litzateke Europarako ez sailkatzea?


Ez, inola ere ez, hiru hilabete falta direla ezin da horretaz hitz egin, porrot hitzak ezin du lekurik eduki kirolariaren bizitzan. Egin behar duena hobetzea da, lan egin, momentua bizi eta berdintasun handia dagoela jakin. Argi dago zorteagatik ez dela izango, taldeak egindako merituengatik baizik.


Zer iritzi duzu Ander Herreraren fitxaketaren inguruan?


Athleticen dinamikan sartzen den jokalaria da, etorkizun handiko mutila,  21 urtez azpiko selekzioan dagoena Mikel, Iker eta Javi bezala, eta uste dut talentu eta etorkizun gehien duen futbolarietako bat dela.


Egia al da zale zuri-gorrien handitasunaz esaten den guztia?


Bai, bai, bai. Jendeak sinisteko partidu batera etorri behar duela uste dut. San Mameseko giroa bizitakoan ikusiko dute sentsazioa esaten dena baino handiagoa dela.


Zure hurbileko etorkizuna Athleticen ikusten duzu?


Ez dakit. Gu entrenatzaileok emaitzen mende gaude, nire kontratua aurten amaitzen da eta gainera hauteskunde urtea da. Dena den, ez da kezkatu behar nauen zerbait, ez da ona, lanean kontzentratu behar naizela uste dut.


Zer moduz zabiltza euskararekin?
Bueno ba “bai, bai, si si” (jajaja) Zaila da, baina egia da arduratzen naizela, futbolariei galdetzen diet, prentsako arduradunei… Betebehar bat da zalantzarik gabe, eta gustatuko litzaidake joaten naizen egunean euskara jakitea. Badakit zaila izango dela, baina gustatuko litzaidake, zuen kultura bat delako eta pentsatzen dut hemen gaudenontzat betebeharra delako.


Partiduetan txiklea mastekatzeko duzun ohitura famatua da. Zer dela eta egiten duzu?


Tentsioagatik da, ni ez naiz inoiz erretzailea izan, beraz txikletak urduritasuna kontrolatzen laguntzen dit.


Bukatzeko, zer egingo zenuke entrenatzaile izango ez bazina?


Entrenatzaile izango ez banintz komunikazioan lan egitea gustatuko litzaidake. Betidanik gustatu izan zait kazetaritzaren mundua, marketinga eta publizitatearena, eta ziur hortik bideratuko nuela nire bizitza.


 


[vimeo 20079334 w=400 h=300]

Caparrosi Elkarrizketa (1. alea) from Kapuko Aldizkaria on Vimeo.

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money