2011/03/30

Os Gêmeos

Brasileko street artea


Testua: Julen Biguri


Otavio eta Gustavo Pandolfo izenak entzunda gutxi jakingo dugu; baina Os Gêmeos aipatuz gero, gauza aldatzen da erabat. Haien sormena ikaragarria da, amaitezina. Street artearen mundua erabat eraldatu dute joko bat bihurtu arte. 80. hamarkadaren amaieratik Brasileko edozein herritarrren heroi modukoak bihurtu dira. Bitxia da zein punturarte maite dituzten umeek haien margolanak eta eskulturak. Baina, bitxia ere, nola faveletako zein "urrezko auzoetako" lagunek goraipatzen dituzten artisten interbentzioak.


 



Lisboako Berardo Museoan Os Gêmeos-ek egin zuten erakusketa.


 


Street artearen "mundu zoragarri hori" batera aurkitu zutela aitortzen dute bikiek Cool Hunting egindako elkarrizketa batean. Haien lanak urteak igarota heldutzen joan direla diote, baina, era berean, umeen mundukoak bihurtzen. Estiloa nahasketen eta artista askoren aportazioen emaitza da. Garapen prozesu horretan BluBarry McGee (Twist) eta Futura 2000 artistak aipatzen dituzte, besteak beste.



Os Gêmeos eta Futura 2000 artistek New Yorken egindako margolanaren prozesua.


 


Elementu deigarriena lanetan erabilitako koloreen bizitasuna da. Koloreek "Brasilen arima" erakusten dutela baieztatzen dute bikiek. Bien iritziz, Brasilek badu handitasun nahia, baina ezin izango ditu bere ametsak bete ez badie herritarrei ahotsa ematen ekintza kulturalen bidez.



Mezua argia eta polita da lan honetan: arau guztiak obeditzen badituzu, dibertsioa galtzen amaituko duzu.


 


Gehiago jakin nahi izanez gero kontsultatu hurrengo webguneak:


http://osgemeos.com.br/


http://www.lost.art.br/osgemeos.htm


http://www.coolhunting.com/


http://kaliangorabehera.blogspot.com/

UDABERRIKO TENDENTZIAK

70. hamarkada




Testua: Ane Zabala


Neguan 70. hamarkadako estiloko jantziak dendetan ikusi ahal izan genituen. Hala ere, udaberrira arte itxaron behar izan dugu 70. hamarkadako estiloa distiratzen ikusteko. Izan ere, Seventies tendentzia udaberri honen erregina izango da. Horregatik, tendentzia berri honen gakoak ematen saiatuko gara, udaberri honetan hippie estiloa inor baino hobeto jantzi dezazun.


Alde batetik, kanpai praka berriro ere modan jarriko da. Jadanik, hainbat dendetan eskuragarri daude eta gustu guztientzako aukera zabalak aurki ditzakegu. Gerritik eta kolore, estanpatu eta material desberdinekoak eramango dira. Beste alde batetik, denim estiloko short-ak ere asko ikusiko ditugu eta zure estiloari ukitu hippie eta fresko bat emateko jantzi ezin hobea izango da.



Jessica Alba kanpaidun prakekin


 


Horrez gain, flekodun jantziak, ukitu hippie-dun blusak eta  jumpsuit luzeak ere udaberri honetarako jantzi ezinbestekoak izango dira.



Eta azkenik, osagarriei dagokionez, ilean loreak, buruan hegal zabaleko kapelak eta besoetan urrezko bitxiak eramango dira.



Praka zabalak


 


Kate Mossek inor baino hobeto daki estilo hau eramaten, baina ez da tendentzia berri honetara apuntatu den celebrity bakarra. Asko izan dira estilo honetaz maitemindu direnak.


Kate Moss tendentziaren jarraitzaile

 


Sienna Miller hegal zabaleko kapelak eramaten lehenetarikoa izan zen eta bere estiloan guztiz barneratu ditu. Egin ezazu bera bezala eta konbina itzazu udako soineko edo short eta kamiseta sinple batekin.



ALTUS MOTXILAREN KONDAIRA

Altus motxilaren kondaira




Testua: Ainhoa Elizalde


Altus motxilaren kondaira  Euskal Herriko gazteen artean zabaldutako marka-kondaira handienetako  bat izan da eta da. Institutuan sartu berri den gazte horrek Altus motxila eskatzen du nahi duelako, behar duelako. Mendirako eta eskirako pentsatua dagoen motxila bat da; baina hasiera batean zuzenduta zegoen target hori (mendizalea) oso urrun geratzen da  DBHko 1. mailako ikasle horrekin. Honek bere gizarte eta matematikako liburuak eramateko erabiltzen baitu. Ez du sekulan mendira eramateko erabiliko.


Nerabezaroan sartu berri diren gazteen artean sortzen da Altusaren mitoa, eta besteen artean honelakoak aldarrikatzen ditu: euskalduna naiz, “borroka” naiz eta beraz  pijoterismoak gorroto ditut, heldua naiz jada eta nire ideia propioak ditut, zertxobait errebeldea… Altusa gainean eramateak egiten duen arketipoa euskaldunarena da: “Gizarte erdaldun honetan ni euskalduna naiz”. Hori batez ere Iruñean ikusi dut, non D ereduko ikastetxeak gutxiengoa den; beraz gazte hori  arro sentitzen da besteengandik bereizita. Euskaldun girokoa dela, Herriko Tabernara joango dela eta ez Donibane auzoko taberna “txunga” horietara. Bere Anarkia txapak motxilan ipiniko ditu, Okuparenak, Euskadi Askatuarenak…


Azken finean, identitate kontu bat da. Eta ikastetxe aurren dagoen Escolapios apaiz eskola antagonista izango da, hango ikasleak, adin berdineko pijo horiek.


Duela urte batzuk, boom bat zela pentsa zitekeen, baina urteak pasa ahala, fenomenoa behin eta berriz errepikatzen da.

2011/03/18

Donostiako Zinemaldiak kartelen lehiaketarako deialdia egin du

Donostia Zinemaldiak 59. ediziorako diseinua eta kartelak aukeratzeko lehiaketarako deialdia egin du lehenengo aldiz. Deialdia gaurtik apirilaren 15era bitartean zabalik egongo da.

Ekimen honen bidez, Zinemaldiak aukera berberak eman nahi dizkie mundu osoko diseinatzaileei ekitaldia sustatzeko proposamenak aurkezteko orduan; hots, hala jada sendotuta daudenei, nola hasiberriak direnei.

Aurtengo Zinemaldia irailaren 16tik 24ra izango da.

Deskargatu kartel lehiaketarako materiala hemen klik eginda.

2011/03/08

Zine txokoa: Sorpresa eta gorabeherarik gabeko 83. Oscarrak

Sorpresa eta gorabeherarik gabeko 83. Oscarrak


Black Swan eta The king's speech izan ziren jaialdiko protagonista ukaezinak

Testua: Nerea Reparaz


Sorpresarik gabeko Oscar sari banaketa izan zen azkenekoa, 83. edizioa hain zuzen ere. Oraingo honetan, Anne Hathaway eta James Franco aktore gazteak izan ziren jaialdiaren aurkezle. Espero bezala, El discurso del Rey edo The king´s speech izan zen gaueko protagonista ukaezina. 12 izendapenekin film sarituenen zerrendan buru bazen ere, 4 Oscar jaso zituen, horien artean, film hoberenaren saria jaso zuelarik Steven Spielberg-en eskutik. Origen filmak ere, 4 Oscar eskuratu zituen.


Film britainiarrak pelikula hoberenaren Oscarra ez ezik, aktore hoberenaren saria ere jaso zuen Colin Firth-en lan txukunagatik. Saria bere familiari eskertu zion eta bere aktore karrera «zenit»-era iritsi dela aitortu zuen urduri. Aktoresa hoberenaren sariak aurretik espero zen bezala, Natalie Portan israeldar-estatubatuarraren eskuetan amaitu zuen Black Swan filmeko protagonistaren papel itzelagatik. 29 urteko gazteak bere lanbidea maitatzea aitortu zuen eta «eromena» hitzez deskribatu zuen, momentuan sentitutako sentimendua. Familiari bere laguntza eta pazientzia eskertuz utzi zuen eszenatokia.


Film ez ingelesaren saria Urrezko Globoetan arrakasta izandako In a better world film danimarkarrak jaso zuen. Honekin batera, Biutiful film mexikarra 8 saritara izendatua zegoen arren, Oscarrik gabe amaitu zuen gaua. Baina badirudi, filmaren zuzendaria, González Iñárritu, konforme geratu zela, izan ere, jaialdia hasi aurretik gertatzen zena gertatuta ere «irabazle» sentitzen zela adierazi zuen.


 

2011/03/06

Eremu ikusezina: Cadena Ser

Irratia, ahotsaren bitartez guztion etxeetara

Cadena SER (Carrusel Deportivo) 1. alea from Kapuko Aldizkaria on Vimeo.

Testua: Nerea Reparaz


«Irratiakbadu telebistak ez duen xarma berezi bat eta hark eskaini ezin dituen posibilitateak eskaintzen dizkigu» hitz hauekin erantzun du Cadena Ser irratiko soinu teknikariak gaur egun irudiak hartu duen garrantziaren inguruan galdetu zaionean. Izan ere, ikus-entzunezko gizarte batean murgiltzen ari gara, non informazio orori itxura bat ematen zaion. Honen aurrean, irratian dabiltzanek hedabidea defendatzen dute, telebista bere gorenean badago ere, irratiak berezko «xarma» duela eta ez dela inolaz ere ozen irakurririko testutzat interpretatu behar adierazten dute.

Kapuko aldizkaria Cadena Ser-ek Bilbon duen egoitzan izan da, Athletikeko partiduaren irrati bidezko erretransmisioa lehenengo pertsonan bizi eta aldizkariaren irakurleei xehetasun guztiz iritsarazteko. «Bizi jokaldi bakoitza, bizi Carrousel Deportivo!» entzun zitekeen esatariak entzuleak animatzen zituelarik. Bilboko futbol taldeak Mallorcan jokatutako partidua gaueko bederatziak arte hasten ez bazen ere, arratsaldeko zazpi eta erditarako irratiko teknikariak martxan zeuden. Izan ere, prestakuntzak lan handia du soinu aldetik.

Egoitzan bertan hainbat irrati kokatzen dira, guztiak talde mediatiko berdinaren menpe aurkitzen baitira, besteak beste Cadena Dial, 40 Principales eta AS egunkaria. Cadena Ser-en, bi langunetan banatzen da espazioa. Alde batetik, erredakzioa dago, non kazetariek momentu oro esango dena prestatzen duten. Horietako batzuk aldi berean, esatari lana ere egiten dute. Hori da, hain zuzen ere, Iñigo Marquinezen kasua batik bat, izan ere, Mallorcara bidaliriko irratiko kide den Ivan Martinekin batera, estatu guztira zabaldu zen futbol partidaren erretransmisioaz arduratu ziren.

Erredakzioaz gain, soinuaz arduratzen diren estudio teknikoak ikus ziitezkeen. Bertan lanean zebiltzanek estudioek euren artean dituzten ezberdintasun teknikoak azaldu zizkiguten. Beste gainontzeko arloetan gertatzen den moduan, irratian ere digitalizazioa eman da. Estudioen itxuran ere antzematen da aldaketa. Estudio berrian aparailuek espazio gutxiago okupatzen duten bitartean, zaharrean, tresna eta botoiak ugariagoak dira, baina azken finean, funtzio bera betetzen dute biek. Soinuaz arduratzen diren teknikariek, aldaketak praktikotasun handia ekarri duela adierazi zuten, erraztasuna dela digitalizazioak eskaintzen duen onurarik aipagarriena. Irratian, gainontzeko hedabideetan gertatzen den lez, aparailu berrien beharra dagoela esan zuten, teknologiaren aurrerapenek lana erratzen dutela baieztu zuten aho batez.




‘Digitalizazioarekin asko antzematen da gauzak egiteko erraztasuna, lehen ez geneukan azkartasuna daukagu eta soinuaren kalitatea hobetu egin da’

Cadena Ser-eko teknikaria



Soinu teknikariak erretransimisioan zehar txertatuko diren musika, melodia eta soinuak prestatzen dituzte. Aldez aurretik egiten da soinuen prestaketa hau. Teknikarietako batek adierazi zuen moduan, «inprobisazio lana ere bada». Izan ere, esatariak esango duena aurreikusi behar dela zioen, momentu oro ipiniko den soinua aukeratzeko. Soinu teknikariaren eta estariaren artean lan harreman «estua» egon behar dela ziurtatu zuten eta euren arteko ulermenak erabateko behar duela izan.

Cadena Ser-en, gainontzeko irratietan bezala, puntualitatea oinarrizko faktorea da. Izan ere, programa bakoitzak dagokion orduan hasi eta amaitu behar du. Horrela ez izatekotan edo akatsen bat egotekotan, konexioan arazoak gerta litezke. Izan ere, Bilboko Cadena Ser, Madrilen dagoen egoitza nagusiarekin dago lotuta, eta programazioaren zenbait atal bertatik erretransmititzen dira.

Lokutorioan, Iñigo Marquinez eta AS aldizkariko kazetari bat zeuden; lehena Urtubi futbol taldeko jokalari ohia. Futboleko erretransimisioetan improbisazioa nagusitzen da, horretarako noski, esatariek telebista bat dute aurrean une oro gertatzen dena ahotsaren bidez etxe guztietara helarazteko.

Ikus-entzunezko gizarte bat ez ezik, Internetek menperaturiko gizartea ere badugu hau. INEk eginiko ikerketa baten ondorioz jakin da estatuko enpresen %94ak Internet bidezko konexioaz baliatzen dela bere produktua saldu edota jende artean zabaltzeko. Modu berean, Cadena Ser-ek ere Internet bidezko komunikazioari eusten dio programazioaren gehigarri edo osagarri gisa. Futbol partiden erretransimio baten kasuan, futbolzaleek Interneten bidez egiten dituzten apustuak komentatzen dituzte zuzenean. Horrez gain, jakina da sare sozialek berebiziko garrantzia hartu dutela, hori dela bide, Cadena Ser-ek ere bere kontuak ireki ditu Facebook eta Twitter-en.




‘Sarritan mezuak jasotzen ditugu atzerritik, Argentinatik esaterako eta horrek poz handia ematen du’

Cadena Ser-eko teknikaria



Cadena Ser-era egindako bisita honek argi uzten du, irratiak bizirik dirauela. Telebistak eta hedabide bisualek indarra hartu badute ere, irratiak gainontzekoek eskaintzen ez dituzten erabilera posibleak ditu, bertako kazetariek adierazi zuten moduan, irratiak bi gauza batera egiteko aukera eskaintzen du. «Entzule kopuruak behera egin badu ere, azken urteetan, irratiak beti jarraituko du programazioa berritzen eta egunerokotasunaren hoberena eskaintzen».

Moda

MODA LABUR-LABUR (1. alea)


Testua: Ane Zabala





Dior-ek John Galliano kaleratu du


Martxoaren 1ean, Dior etxeak John Galliano disenatzailea kanporatuko zuela jakinarazi zuen. Dirudienez, Gallianok Parisko lokal batean zegoen bikote bati hitz iraingarriak, arrazistak eta antisemitak esan eta salatu egin zuten. Gainera, bideo bat argitaratu zen, non disenatzaileak bere jarrera eta hitzak berresten zituen. Antza denez, orain, Arizonako errehabilitazio klinika batean dago, eta Gallianok komunikatu batean bere jarrerarengatik barkamena eskatu du. Hala ere, Dior etxeak erabakia hartuta dagoela eta kanporatzea aurrera eramango duela dio. Oraindik ezezaguna da bere postua hartuko duen disenatzailearen izena.


 




Lady Gaga modelo lanetan aritu da Parisen


Bere estilista eta laguna den Nicola Fomichettirentzat desfilatu du Parisko modaren astean. Abeslaria estentsio hori luzeekin eta erretzen agertu da ibiltokian.  Horrez gain, saioaren musika zuzendu du, eta bere diska berriko abestiak entzun ahal izan dira.


 



Kate Moss disenatzailerik gabe gelditu ote da?


Kate Moss modeloak adierazi zuen John Galliano izango zela bere ezkontza soinekoaren disenatzailea. Baina momentu hartan oraindik ez zen Gallianoren gaineko polemika sortu. Kate Moss eta Galliano lagun minak dira eta Katek ez du oraindik gaiari buruz ezer esan. Askok diote Kate Moss disenatzailearen salbatzailea izan daitekeela, baina zer egingo duen momentuz misterio bat da.


 



Gisele Bündchen eta H&M batera udaberrian


Modelo famatua H&Mko aurtengo udaberri-udako kanpaina publizitarioaren protagonista izango da. Hippy eta boho estiloko jantziak dira nagusi, sasoi honetako tendentzia nagusia izango direnak.


 




Bob ile estiloa tendentzia da


Badator berriro ere bob estiloa. 60. hamarkadan Vidal Sassonek modan jarri zuen ile estiloa berriro jarri da modan, eta gaurko celebriti-ek bereganatu eta eguneratu egin dute. Katie Holmes, Rihanna, Victoria Beckham edo Keira Knightley izan dira beste batzuen artean ile estilo hau eramatera ausartu direnak. Arriskatu zaitez eta emaiozu zure ileari ukitu desberdin eta fresko bat!


 



Udaberriko makillajea


Udaberriarekin batera, kolore bortitz eta biziak heldu dira. Look oso naturalak eta freskoak eramango dira. Ezpainei dagokionez, larrosa kolorea nagusituko da bere bertsio bizienetan eta gloss-ek freskura emango diote aurpegiari.


Begiei dagokionez, berriz, goizetan itzal argiak eramango dira. Horrela, gure begiradari argitasuna gehitzea lortuko dugu. Gauez ordea, begi keztatuak edo smoky eyes-ak eramango dira. Hori bai, neguan erabiltzen ziren tonu desberdinak erabiliko dira. Beltza albo batera utziko da eta bioleta kolorea asko ikusiko dugu. Gauetan ere, begi metalizatuek protagonismo handia hartuko dute eta gero eta gehiago ikusiko ditugu. Beraz adi egon eta ez zaitez atzean gelditu!!

2011/03/04

Hedabide digital berri bat aurkeztu du kazetari talde batek

Hedabide digital berri bat aurkeztu du kazetari talde batek


 


Testua: Iñigo Gonzalez


Ethic izeneko hedabide digitala aurkeztu dute komunikazioaren iraunkortasunean aditua den kazetari talde batek Madrilen. Hedabideak albistez jositako web orrialdea eta plataforma digitala izango ditu, komunikazioaren garapen iraunkorra bultzatzeko xedearekin. Sortzaileek azaldu dutenez, hedabidean klima aldaketa eta pobreziaren aurkako gatazka bezalako arazoak landuko dituzte. Edizio digitalaz gain, aldizkari bat ere aterako dutela baieztatu du plataformaren zuzendari den Pablo Blasquezek.

Zine txokoa: Otsoaren hatsa, ez ahazteko filma

Otsoaren hatsa, ez ahazteko filma


Testua: Txabi Alvarado


Jakitegatik jende askok daki Gerra Zibilean jasotakoaren berri. Baina gutxiago dira gertaera horietaz hausnartu eta ondorioak ateratzen ausartu direnak. Laudioko (Araba) zenbait bizilagunek hala uste dute, eta horregatik, Otsoaren Hatsa laburmetraia grabatu dute, ez ahazteko.


Laudioar talde horrek azaldu duenez, «Espainiar estatu mailan egin dira Gerra Zibilari buruzko pelikulak, eta batzuk oso onak gainera». Baina, azpimarratu dutenez, Euskal Herrian ez da gai horri buruzko zinemagintza apenas landu. Hala, laburmetrai honekin beraien «ekarpentxoa» egin nahi izan dute.


Film labur honetan, burdinazko gerrikoko gudari talde baten nondik norakoak kontatzen dira. Otsoaren arnasa geroz eta hurbilago daukate, eta elkarren arteko konfiantza eta elkarlana nahitaezkoa egingo zaizkie muturreko egoera horretan.


Zinemaren munduan, aurretik zenbait saiakera egin dituzten arren, Otsoaren Hatsa grabatzeak aparteko zenbait zailtasun ekarri dizkie laudioarrei. «Ez dugu ahaztu behar hau akziozko eta gerrazko pelikula bat dela eta horrek eszenografia aldetik asko eskatzen dizu». Goikogane mendiko magaletan grabatu dute filma, bertan dauden gerrako lubakietan. Izan ere, historiarekiko fideltasun ahalik eta handiena mantendu nahi izan dute. Horretarako hainbat historialarirekin hitz egin eta garaiko dokumentu ugari kontsultatu dituzte, emaitza «duin» bat lortzeko asmoz, egileen esanetan.


Gainera, esan beharra dago aurreko guztia beraien poltsikoko diruarekin ordaindu dutela; diru-laguntzak, eskatu badituzte ere, jaso ez dituztelako.


Filma martxoaren 11an estreinatuko dute Laudion, eta emanaldi horren ostean lana beste zenbait herri eta jaialditan proiektatzeko asmoa erakutsi dute.

Gazteiraultza.info, Arabako gazte mugimenduaren ahotsa, abian

Gazteiraultza.info, Arabako gazte mugimenduaren ahotsa, abian


Testua: Txabi Alvarado


Proiektu komunikatibo berri bat jaio da Araban, bertako gazteriak bere iritzi eta ideiak plazara ditzan. Ekimen berri honen bultzatzaileek esan dute egunero sistemaren soldatapeko komunikabideetan gazteoi buruz entzun beharrekoez kokoteraino daudela, eta horri aurre egiteko modu bakarra gazteak beraien errealitatearen jabe izatea dela.


Irratigintza, idatzizko kazetaritza eta bideo-aktibismoa bezalako alorrak landuko dituzte, isilarazten diren errealitate guzti horiek oihukatzeko. Gainera, edozein erakunde, alderdi edo instituzioekiko independentzia bermatuko dutela nabarmendu dute.


Hori guztia posible egiteko, gazte guztion ekarpen eta partehartzea ezinbestekoa dela azpimarratu dute.


Zine txokoa: Bakeroen pelikula bat grabatu dute Araban

Bakeroen pelikula bat grabatu dute Araban






Testua: Txabi Alvarado


Algo mas que morir filma grabatu dute Arabako Kuartango herriko inguruetan. Horrela, herriko bizilagun batzuk beraien txikitako ametsa bete dute, western generoko film bat grabatzea, hain zuzen ere.


Tiroketak, mendekuak, maitasuna… denetarik dauka Kuartk Valley herrian girotutako pelikula honek. 5 urte igaro dira jada bakeroen istorio hau iruditan kontatzeko lehen urratsak eman zirenetik, eta muntaketa amaitu berri dutela, emaitza Gasteizko zenbait zinemetan erakusteko asmoa adierazi dute egileek.

2011/03/01

Zine txokoa: Mende laurden arrakastatsua

Mende laurden arrakastatsua


Testua: Ander Barinaga-Rementeria


Agusti Villaronga zinemagile kataluniarraren Pa Negre filma izan zen dudarik gabe, pasa den otsailaren 13an, Madrilen ospatu ziren Goya Sarietako filmerik sarituena. Atzean utzi zituen sariak irabazteko kiniela gehien zituzten filmeak: Alex de la Iglesia zinemagile bilbotarraren Balada triste de trompeta (3 Goya), Icíar Bollaínen También la lluvia (3) eta Buried (2).


Andreu Buenafuentek aurkezturiko hiru ordu inguruko ekitaldian hizpide izan ziren, bai Angeles González-Sinde (Espainiako Kultura ministroa) eta Alex de la Iglesia (Espainiako Zinema Akademiako zuzendaria). Lehenengoa onartu berri den Sinde Legea-ren sortzailea izateagatik eta bigarrena lege hau onartu ondoren, ahal bezain laster dimisioa aurkeztuko zuela esateagatik.


Euskaldunek ere presentzia izan zuten zeremonian, bai aurkezle lanetan eta baita irabazle ere. Karra Elejalde gasteiztarrak Gizonezko Aktore Onenaren saria jaso zuen, Alberto Iglesias beteranoak, Jatorrizko Musikarik Onenarena eta Urko Garaik Buried filmean egindako lanagatik Soinu Onenaren saria. Maria Reyes Arias gipuzkoarrak gainera, Fikziozko Film Labur Onenaren Goya saria irabazi zuen Una caja de botones laburmetraiarekin.


4,5 milioi pertsona inguruk ikusi zuten TVE1 katean Teatro Real Antzokitik zuzenean eman zen gala.

Argazki kamerak

KONTUZ: Menpekotasuna sor dezakete!




Testua: Julen Hernandez


Kamera digital konpaktua boom sozial bat izan da. Edozein leku turistikoan ehunka pertsona ikus daitezke kamera eskuan dutelarik. Baina zer gertatu da azken aldian  mundu bitxi honen inguruan? Zer dira Reflex digitalak eta nondik atera dira hainbeste? Bat erostekotan nabil, zein da hoberena? Kapuko aldizkariak bere irakurleei informazio guztia eskaini nahi die haiek aukera onena egin dezaten. Horretarako ikertzaile lanetan ibili gara.


Lehen, argazki bat ateratzeko izugarrizko esfortzua egin behar zen. Gaur egun, aldiz, edozein kamerak du automatikoki enfokatzeko gaitasuna, baita flash-a ateratzearena ere. Argazki makina txiki hauei kamera konpaktuak deritze okupatzen duten espazio murritzagatik. Baina duela bizpahiru urtetatik Reflex munduak uste zena baina askoz gorago egin du.


Reflex makinak edozein txunditzeko modukoak dira. Mota, tamaina, nolakotasun, eginkizun, prezio eta erabilgarritasun desberdinekoak daude. Hasi gaitezen saltseatzen:


Reflex-ak zera dira: objektiboa alda daitezken makinak, hau da, hainbat eta hainbat objektibo desberdin daude kamera gorputz bakoitzeko. Baina kontuan izan behar da bateragarria izan dadin, gehienetan marka berdinekoak izan behar dutela, bai gorputza bai objektiboa edo bestela adaptadoreak erabili. Beste alde batetik, makinaren aurrean dagoena jasotzen duen sentsorea konpaktuetakoa baino handiagoa da. Azken ezaugarri honek irudiaren kalitatea asko hobetzen du.


Megapixelen gezurra


Azken aldi honetan, ezusteko ugari eman dizkigute konpaktuek. Badira 10 Mp baina askoz gehiago dituztenak. Are gehiago, Kodak etxeak 50 Mp-eko sentsorea sortu berri du. Baina argazki baten kalitatea ez da Mp-ekin bakarrik neurtzen, baizik eta Mp hauek irakurtzen dituen sentsorearen tamainagatik. Horregatik, adibidez, 4,1Mp-eko Olympus µ-mini batek gaur egungo 8Mp-eko mugikorrak baina askoz ere argazki hobeak ateratzen ditu.


Baina beste alde batetik, prezioak konparatuz jakin ahal izango dugu kamera bakoitzaren kalitatea. Aztertu dezagun:


SONY DSC-W300 ----- 13Mp ----- 380€


NIKON D3 -------------- 12Mp ----- 4.700€


CANON 5D ------------- 12,8Mp --- 3.000€


Nola da posible Sony-ak Mp gehiago izanez, prezioa 10 aldiz baxuagoa izatea? Mp horiek hartzen dituzten sentsorearen tamainagatik. Sony-ak txikiagoa du, beraz, 25 cm-ko zabalerako argazki bat inprimatzerako unean, argazkiko granoak x70 handituko dira. Baina Nikon D3 edo Canon 5Daren sentsorea askoz ere handiagoa denez, tamaina berdineko argazkia inprimatzeko, argazkiaren granoa x4 besterik ez da handituko. Tamaina normaleko argazkiak inprimatzerako unean, Sony eta Nikon/Canon arteko diferentzia ez da hainbeste nabarituko. Kartel publizitario erraldoi bat egiterako unean, ordea, bai.


Reflex kamera baten bila nabil, zein eros dezaket?


Lehenik eta behin esan beharra dago, kamera mota honek arruntak baina diru gehiago balio duela, baina ez beti kalitate gehiago. Ez dira zailak erabiltzen, baina ondo ulertu behar da nola funtzionatzen duten. Honelako bat erosi baina lehen, pentsatu zertarako behar duzun makina hau. Lagun arteko momentuetan argazkiak ateratzeko, unibertsitaterako lanak egiteko edo era profesionalagoan erabiltzeko. Honek baldintzatuko du dena. Merkatuan produktu hauek egiten dituzten marka ugari daude, baina denak dira ezberdinak. Adibidez, Sony etxeak kontsumorako kamerak egiten ditu, aisialdirako Reflex kamera arrunta bilatzen ari denarentzat apropos egina. Prezio guztietakoak daude, 450 €-tik gora.


Beste alde batetik, Panasonic etxea dago. Hauek Lumix marka prestigiodunarekin bat egin dute oso emaitza onak lortuz. Pertsonalki aukera izan dut Panasonic Lumix DCM-L1a (7,1 Mp) probatzeko eta esperientzia ona izan da. Inoiz probatu dudan kamerarik gogor eta sendoena da, beldurrik gabe mendira eramateko modukoa. Pisutsua da baina kolpe askoren kontra ezer gertatuko ez zaiola ziurtatzen du. Etxe honek kamera klasikoen estetika retroarekin egiten ditu makina berriak, Leica fabrikatzaile alemanarekin gertatzen den bezala. Panasonic eta Lumix-en arteko ezkontzak munduko beste marka onenetariko bat hartzen du barnean, lehen aipatu dudan Leica prestigiotsua. Hauen etxekoak dira Panasonic-Lumix makinek erabiltzen dituzten izugarrizko lenteak. Emaitza hain da ona, non Panasonic eta Lumix-ek bere kamera gehienetan Leica lenteak dituztela.


Baina argazki makinei buruz hitz egiterako unean, aipagarrienak Nikon eta Canon etxeak dira. Urtetik urtera, mundu mailako sari gehien irabazi dituzten bi marka dira, eta munduko kamerarik onenak egiten dituzte. Ez da zaila horretaz konturatzea. Edozein argazkilari prestigiotsuaren eskuetan ikusten dira sarri marka hauek manifestazioetan, pertsonaia famatuen atzean, argazki sesioetan, CSI Miami telesailean … Batez ere, lau makina dira benetako diferentzia egiten dutenak besteekiko: Canon 1D, Canon 5D mark II (full frame bideo grabagailuarekin), Nikon D700 eta Nikon D3. Baina lau hauek badute arazo txiki bat, prezioa, 2000 € eta 6000 € bitartean daude. Gutariko gehienontzat erosteko ezinezkoa den zerbait.


Beraz, kalitate eta prezioaren arteko erlazioan, zein da aukera hoberena?


Kapuko aldizkarian irakurleentzako informaziorik osatuena ematea da helburua. Hainbat kamera esku artean izan ondoren, badugu irabazle argi bat. Nikon etxeak eskaintzen digun D90 (12,3 Mp) modeloa da. Aldizkariko lehen alean argitaratu nahi izan ditugu emaitzak (Caparrosi elkarrizketa, Cadena Ser-eko erreportajea…). Eta hainbeste gustatu zaigu, non jarraitzea espero dugun. Kamera profesional batek eman ditzakeen funtzio guztiak eskaintzen ditu (baita D-Movie bideo grabagailua ere) baina prezio murritzago batean. Bideoa grabatzeko gaitasuna duen lehena ez da izan kamera hau, baina bai emaitza hoberenetarikoa lortu dituenak (prezioan hirukoizten duen Canon 5D mark II-aren ondoren). Argi eskasarekin argazki nitidoak ateratzeko aukera ematen du. Fokatze automatikorako 11 puntuek  argazki guztiak ondo aterako direla ziurtatzen dute, mugituta atera gabe. Menu erraza eta gama altuagoko D3-ak duenarekin konparatu daitekeen 3 pulgadatako pantaila izugarria. CMOS sentsore erraldoiak eta 12,3 Mp-aren ekilibrioak argazkilari profesionalenen aisialdiko kamera bihurtzen dute honako hau. Aipatu beharra dago gama profesionaleko D3 eta D300ak baina prezio murritzagoa duenez espektatibak ezin direla berdinak izan, hala ere, kalitate eta prezioaren artean gaur egun ez dago kamera honi irabazten dionik. Kamera honekin batera, 18-105 mm-ko objektiboa atera du Nikon etxeak, oraindik aukera hobea egiten duen osagarri bat. Prezioaz hitz egiterako orduan objektibo desberdinak erabiliz zenbateko diferentzia dagoen konturatuko gara. Objektibo arrunt batekin (18-55 mm) 970 € inguru balio du. Bestalde, objektibo sofistikatuago (18-200 mm) bat jartzen diogunean, prezioa ere igo egiten da 1.300 € arte. Prezio honetan ez dugu ezer hobea aurkituko, hala ere, aipatzeko modukoa da gama baxuagoan dagoen Nikon D5000. Hau probatzeko aukera ere izan dut, 500 € inguruan dabil eta oso ezohiko kalitatea eskaintzen du esandako prezioan. Honek ere, D-Movie sistema barneratua du eta solasaldira ezer baina hobeto egokitzen den pantaila mugikor bat. Diru «gutxi» gastatuz emaitza ezin hobeak lortu nahi dituenarentzat biziki gomendatua.


Ondorio bezala, ondo egongo litzateke gogoraraztea argazki makina perfektua ez dela existitzen, bakoitzaren beharren arabera doala dena. Eta Reflex makina bat edukitzea ez da erraza, fokala, ISOa, abiadura, zuri balantzea, eta beste hainbat ezaugarri buruan eduki behar dira argazki bat atera nahi den uneoro. Beraz, ez baduzue konplikatu nahi, jo ezazue konpaktuetara. Baina argazkietarako begia edukitzeaz gain, ikertzeko gogoa eta dirua baldin baduzue, oso esperientzia polita da kamera izatearena, asko ikasten baita.


Amaitzeko, gustatuko litzaidake zuen iradokizunak jasotzea: zer gustatu zaizuen, zer ez, hurrengo aleetako gaiak proposatzea eta abar. Beste alde batetik, edozeinen zalantzak argitzen prest gaude, idatz ezazue kapukoaldizkaria@gmail.com gure helbide elektronikora eta ahal den heinean lagunduko dizuegu.

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money