2011/02/23

ELKARRIZKETA: Pello Reparaz

ELKARRIZKETA



Vendetta


Pello Reparaz


‘Bihotzak eskatzen diguna egin dugu momentu oro’


Testua: Lohizune Amatria


Martxoaren lehenengoan kaleratu da Puro Infierno, Vendetta taldearen bigarren diskoa eta egun gutxiz kalean egon bada ere, talde horretako Pello Reparazek aurreikusi bezala arrakasta handia izan du. Musika irakasle ikasketak egiten ari da, eta hurrengo urtean Italiara joango da Erasmus beka programaren bidez. Bertan egongo den arren, Puro Infierno biran zehar egingo dituzten kontzertu guztietan entzun ahal izango dira bere tronboi eta ahotsa, ez baitu bat ere galduko.


Vendetta izena nondik dator? Kontaiguzu izen horren jatorria, nondik sortu zen ideia..


Estetikatik lirikara, kutsu italiar nabarmena du proiektu osoak. Eta hitzaren ezaugarri akustikoak ere kontutan hartuz, izen borobila iruditu zitzaigun lehen egunetik.


Noren ideia izan zen taldea osatzea? Nola bildu zineten taldearen partaideak?


Skalariak taldearen geldiune ofiziala egin zen unetik, taldekide bila hasi ziren Luisillo eta Javiero. Talde horretako Ruben eta Enrikori proposamena luzatu zieten baiezkoa jasoz. Tronboi faltan zenbiltzan oraindik eta 17 urte nituela, bizitza baldintzatu zidan deia jaso nuen.


Zein desberdintasun aurki daitezke Skalariak-ek egiten zuen eta Vendetta-k egiten duen musikaren artean?


Hasteko, Skalariak taldean ez bezala, konposaketa lanetan Javiero eta ni aritzen gara. Beste musika mota bat entzun izan dugu bizitza osoan zehar eta estilo oso ezberdinentzat egin dugu lekua taldearen bi diskoetan. ‘Ska’ musikak abestien ardatza izaten jarraitzen du, baina fusioa gero eta nabarmenagoa da Vendetta-ren abestietan.


Musikari dagokionez, beste musika talde jakinen baten eraginik al duzue?


Zenbakaitzak dira entzun eta jarraitu izan ditugun taldeak. Musika asko entzuteak, errekurtso mugaezinak izatea dakar. Momentu oro bihotzak eskatzen diguna kaleratzen laguntzen digute errekurtso hauek. Hori da abestien egileon lana.



Puro infierno da disko berriaren izena. Zein da bere jatorria? Nondik eta nola sortu zen?


Indar eta sendotasunak bezainbeste batzen gaitu festak. Ezinezkoa zaigu amorru bihozkada hori saihestea eta honek sua bezalako kontzeptuetara garamatza. Hori dela eta bigarren disko honen izenburua: Puro infierno.


Eta «sua» izango du diskoak? Zeintzuk dira dituen berezko ezaugarriak? Nolako berrikuntzak ekarriko dizkio taldeari?


Indar handiko diskoa egin dugu. Indar handikoa eta oso anitza. Taldekide guztiok abesten dugu disko osoan zehar, era orotako estiloak nahasten dira eta diskoa egitean ez diogu inongo beldurrik izan jendearen iritziari (eta honek ez du esan nahi inporta ez zaigunik). Bihotzak eskatzen diguna egin dugu eta herriaren bihotza parekoa bada, bat egingo dugu disko honetan ere.


Aurreko diskoak The Selecter taldearen Everyday eta Jack Marshall-en The Munster abestien bertsioak zituen. Bertsiorik bilduko al du disko berriak?


Inola ere ez. 12 abestik osatuko dute disko berria, 12 abesti berrik. Vendetta-ren garaia da, %100ean.


Bideoklip berria grabatu ahal izateko, 100 pertsona ingururen bila ibili zineten Internet bidez. Nondik sortu zen ideia? Animatu al zen jendea?


Hasierako ideia bideoklipa Madrilen grabatzea izan zen (bertakoa baita, hau produzitu duen enpresa), baina gidoia irakurri eta 100 estraren beharra zegoela ikusi genuenean grabaketa Euskal Herrira mugitzea erabaki genuen. Benetan harrera ona izan zuen proposamenak eta bistan denez, baita emaitzak ere.


Zeintzuk esango zenituzke direla disko berriaren eta aurrekoaren arteko desberdintasunak?


Musikalki indar eta konpaktutasun handiagokoa dela esan dezakegu. Lirikoki askoz landuagoa, eta ez horren esplizitua. Bigarren disko hau da geure benetako apustua. Bigarren disko hau da hasiera-hasieratik herriari eskaini nahi geniona. Milaka kilometro eta ehunka kontzertu bizkarrean ditugula, ongi ezagutzen dugu elkar eta Vendettak berezko itxura eta jarrera garatu ditu.


Sarritan disko berrien inguruko entzuleen harrera aurreikustea zaila izaten da. Nola aurreikusten duzu zuk jasoko dutela entzuleek disko berria?


Esan bezala, bihotzak eskatzen diguna egin dugu momentu oro eta herriaren bihotza parekoa bada, bat egingo dugu disko honetan ere.


Eta nola aurreikusten duzu tourra?


Orain arteko birak ikaragarriak izan dira, baina esan beharra dago aurtengo bira aurreikuspen guztiak gainditzen ari dela. Ofizialak dira dagoeneko estatu osoan zehar kontzertu datak. Gainera, aurten ere, Alemania eta Suitzara goaz, besteak beste, Latinoamerika eta Asiako hainbat herrialderekin elkarrizketak irekiak daudelarik.


Vendetta abestiak hain ezaguna den «papanamerikanoren» abestiaren zati bat du. Nolatan?


Renato Carosone-ren Tu vuò fà l’americano abesti mitikoa dugu hori eta 2009an abesti horren zatitxo batekin kaleratu geunen Vendetta-ren presentazio abestia. 2010ean ‘papanamerikano’-ren bertsio berria argitaratu zen, udako abesti bilakatu zelarik. Nolabaiteko aurreikuspena izan zela esan dezakegu.


Iruñean, San Ferminetan, gertatutakoak oihartzun handia izan zuela esan daiteke. Zer kontatu diezagukezu honen inguruan? Nolakoa izan zen jendearen jarrera? Iritzi pertsonala?


Zentsura zuzenki bizi izan dudan lehen aldia izan da iazko San Ferminetakoa. Momentu  hartan bertan Iruña osoko kaleetan burutzen ari ziren emanaldi guztien artean, geurea izan zen debekatua. Kontzertuaren aurreko egunean heldu zitzaigun mehatxua eta oso zuzen eta argia izan zen arren, ez genuen inolaz ere kontzertua bertan behera uzteko asmorik. Kalean jotzea debekatu zigutenez, emanaldia balkoi batetik eskaintzea erabaki genuen. Bidegabekeri hura salatzeko, San Ferminetako kamiseta zuriaren ordez, kamiseta beltzez agertzea proposatu genien zaleei. 24 ordutan zabaldu zen mezua eta emaitza benetan ikaragarria izan zen. Benetan hunkigarria da herriaren babesa horren hurbil sentitzea.

0 iruzkin:

Post a Comment

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money