2011/02/25

BIDAIAK: IPAR ESKIA, NEGUKO PLAN EDERRA

IPAR ESKIA, NEGUKO PLAN EDERRA




Testua: Ainhoa Elizalde


Lasaitasuna, natura eta ariketa fisikoa. Horiek dira hain zuzen Ipar Eskia definintzen dituztenak, eta egun bizi garen mundu ero honetatik ordu batzuez ihes egiteko arrazoiak ere. Alpino Eski estazioen aglomerazioetatik alde egiteko aukera paregabea eskaintzen digu Ipar Eskiak eskiatzaileoi; mendian eta mendiarekin goza dezagun eta aire garbia arnas dezagun.


Hemen proposatzen dizkizuedan ateraldiak Euskal Herriko gazteok eskura ditugu guztiz: ekonomikoak dira eta pistak etxetik hurbil ditugu. Batetik, eski mota honetarako behar den ekipoa merkeagoa eta arinagoa delako. Bestetik, esfortzu fisiko handia egiten denez, gorputza berehala berotzen da; eta eguraldiaren arabera, batzuetan, mailekin eta kamiseta luze batekin aski izaten da. Fortfait-ak ere askoz merkeagoak dira, ez dira 10 eurotatik pasatzen, hau da, Alpinoan baino 30 euro merkeagoak! Gainera, Ipar Eskia dibertigarria da, txango baten esentzia izanik, eskiaren kirolarekin disfrutatzen duzulako.


Paisaiak sakonago gozatzen dituzu eta naturarekin harremanetan oso gertutik bizitzen duzu, eta ez lurretik 10 metrora dagoen telesilla-tik!


Iraupen eskia norberak nahi duen bezalakoa izan daiteke: egunpasa elurretan, ibilaldi polita zuhaitzen artean, sasoian segitzeko modua, erronka beren prestakuntza neurtu nahi duten kirolarientzat, neguko entrenamendua txirrindularientzat, etab. Zuk ere nahi duzun bezala muntatu eta zeure erritmoan joan. Hori bai, hasi berria bazara, monitore batekin zenbait ordu pasatzea oso ongi letorkizuke! Erronkari Ibarreko pistetan aukera hori duzu. Prezioak kontsultatzeko sar zaitez hemen: http://www.roncaleski.com/index.php?option=com_content&task=view&id=14&Itemid=27


Beharko duzuna:


Lagun koadrila bat, edo zure bikotea


Kotxea







Eskiatzeko arropa: mailak edo uretako txandala fina, kamiseta luze bat (termikoa bada hobe), forru bat, eskularruak, eguzkitako betaurrekoak, galtzerdi lodiak, lepoan jartzeko buff bat eta eguzkitako krema.


Nola iritsi:




gaztea, pobre eta ikasle bazara


…zuretzako plana!



Hi gazte! Ez beti dirua gorde asteburuan kañetan gastatzeko eta bilatu beste planen batzuk noizean behin! Nik hemen proposatzen dizuedana, bi larunbat gauetan aurreztutakoarekin posible da. Beraz, esaiezue bitan ezetz alkoholizatzeari, koadrilan botea jarri gasolinarentzat eta mugitu!


Euskal Herriko ekialdeko azkeneko ibarrean murgilduko gara; non mugek bata bestearekin estropezu egiten duten, Nafarroa, Aragoi, Zuberoa, Bearne. Esaten da, baskoiek ibar honetan dutela jatorria; jende pirenaikoa, ibiltaria, ehiztaria. Erronkari Ibarrak badu bere historia, baina orain ez naiz horretan sartuko, lasai. Herri txiki eta lasaiak aurkituko dituzu, ehundik bostehun biztanle bitartekoak dira guztiak, ez gehiago. Duela hamarkada batzuk despopulazioa hasi zela; nire aitona haurra zenean, herri bakoitzak bere eskola zeukan, 40-50 ikaslerekin. Gaur egun, denak Erronkariko eskolan pilatzen dira eta ehun bat ikasle baino ez dira. Baina berriz ere, hori ez da kontua oraingoa. Zeuontzat asteburu edo egonaldi paregabea planeatzera nindoan!


Ibarra osatzen duten zazpi herriak bisitatzeko moduak dira, guztiak: Burgi Lanbideen herria, Bidangoze sorginen herria, Garde Kamille hartzarena, Erronkari Julian Gayarre tenorearena, Urzainki, Izaba agian neguan turistikoena eta Uztarroze, mendian sartutako herria.


Lehenik eta behin, non lo egin ahal duzuen jakin nahiko duzue, ezta? Hemen bakoitza ordaintzeko prest dagoenaren arabera da, edo bilatzen duen erosotasunaren arabera ere. Eskaintzarik handiena landa etxeetan dago, herri guztietan dago baten bat. Prezioa 20 euro ingurukoa da pertsonako eta gaueko. Apartamentu oso bat hartzen da, lau, sei edota hamar lagunentzat.  Hemen  uzten dizuet Erronkari Ibarreko landa etxe guztiak agertzen diren linka. Egin zeuok kalkuluak.  http://www.vallederoncal.es/landetxeak


Badituzue prezio horietatik dabilen hotela ere Izaban, apartamentuak…baina ze ostia! Gazteak garela ta poltsikoan zulo bat daramagu beti! Dudarik gabe aukerarik hoberena aterpetxea da. Gaua 12 euro inguru da eta hor dabilen giroa paregabea da. Ez dituzu “pijoterismorik” aurkituko, eta agian hitza asmatu egin dut, baina ulertu didazue…Hiru aterpe daude Ibarrean: bata Urzainkin, bestea Izaban eta hirugarrena Asolaze Kanpinean (Belagoan). Hemen uzten dizkizuet estekak:


http://www.armaiaaterpea.com/eu/


http://www.campingasolaze.com/


Izabako Oxanea Aterpeak ez du web orrialderik, telefonoa uzten dizuet: 948 893153


Eskiatzera etorri gara eta beraz, non eskiatu? Ibarrean Ipar Eskiko hiru pista daude: Mata de Haya edo Rincon de Belagoa deritzona, Feriala eta Kontienda. Altitudearen arabera aipatu ditut, Mata de Hayan elurra aurkitzea ez delako oso erraza, elurte handia bota behar izaten du hemen eskiatu ahal izateko. Paseo oso polita da izenak esaten duen bezala, pagadi batean zehar. Beste biak 1600 metrotik gora aurkitzen direnez, elurra hobeto irauten du. Gainera Kontienda Larrako Karsean sartuta dago eta egundoko paisaia politak ditu. Arlas mendiaren magalean eskiatzeko pribilegioa ematen dizu lekuak.


Eskiak edo elur-erraketak alokatzeko zerbitzua Ferialeko eraikinean dago, Erronkari Ibarreko Mendi Zentruan.


Eta lehen esan bezala, pista hauetan eskiatzeko fortfait-ak ez du 10 euro baino gehiago balio. Gainera, eguerdiko ordubetetatik aurrera prezio erdian jartzen da sarrera. Hemen uzten dizuet Erronkari Ibarreko eski pisten web-aren esteka:


http://www.roncaleski.com/index.php?lang=eu


Parean dugun Ibarrean, Zaraitzu Ibarrean, hain zuzen, Ipar Eskiko pista ederrak dauzkagu ere. Abodi mendilerroaren basoan barrena eskiatuko duzu, pagadi eta izedi zaharren artean. Otsagabia herritik 13.5 km-tara aurkitzen dira, Larrauko errepidean.


Euskal Herritik aterako gara, nahiz eta behin geureak izandako lekuak izan; nik bi leku gomendatzen dizkizuet: Arette (Bearne, Frantzia) eta Linza (Huesca, Espainia). Aretten 20km baino gehiagoko pistak daude, eta ez pentsa urruti dagoenik, Kontiendatik 5km-tara baino ez!


Linza Pirinioetan  ezagutzen ditudan txokorik ederrenetarikoa da. Gainera, duela urte batzuk Ipar Eski pistak trazatu zituzten basoan barrena. Egunero joango nintzateke han ibiltzera. Ez du jende askok ezagutzen eta larunbat batean ez dituzu 30 kotxe baino gehiago aurkituko aparkalekuan. Benetako mendizale giroa dago han. Aterpetxo bat dago nahi duenak salda bero bat eskatu eta bere bokata suaren berotasunean jateko. Eta «salda beroa» eskatuta, jarriko  dizute, jende euskalduna baita. Mendietan eta Ibarretan ez baitira mugak ezberdintzen.


0 iruzkin:

Post a Comment

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money