2012/06/29

Arraldetik Puente Viejora

Loreto Mauleon aktore donostiar gazteak XXI. mendeko Arralde utzi eta 1919ko Puente Viejora egingo du salto. 2008an hasi zen ETB1eko 'Goenkale' telesailean lanean eta Antena 3ko 'El Secreto de Puente Viejo' telesailean hasiko da aurki lanean. Donostiako Zinemaldian egin genion elkarrizketan aitortu zigun Joana pertsonaiak egin zuela ezagun, baina hemendik aurrera María Castañeda Ulloa pertsonaia interpretatuko du. Atzo aurkeztu zituzten pertsonaia berriak Madrilen. Joana atzerrira joango da ikastera aldi batez eta bere ordez atzerriko ikasle bat etorriko da Arraldera. Irailaren 17an hasiko da 'Goenkale'ren 19. denboraldia eta lehenengo bi ataletan ezusteko bat baino gehiago egongo dira. Datorren denboraldian hainbat pertsonaiak utziko dute Arralde eta berri asko agertuko dira. 
Udazkenean Goenkaleren antzerkirako bertsioa estreinatuko da Jokin Oregiren zuzendaritzapean. Felix Arkarazo, Maria Cruickshank, Ylenia Baglietto, Karlos Neguema, Xabier Perurena eta Yannick Vergara izango dira antzezlaneko protagonistak. Gidoia Kepa Errastik Pausokako gidoigile taldearekin batera idatzi du eta Pausoka Entertainment eta Glu-Glu ekoiztetxeen arteko elkarlanaren emaitza da.

2012/06/19

Gaur gauean amaituko da Goenkale telesailaren 18. denboraldia

Gaur gauean amaituko da ETB1eko Goenkale telesail arrakastatsuaren 18. denboraldia. Trama batzuen amaiera gaur gaueko kapituluan argituko da, beste batzuk ordea datorren denboraldian argituko dira.
Lukas eta Malen ezkontza prestatzen ari dira, baina Lukasek eta Ikernek elkarrekin pasatu dute gaua hotelean eta Itxasok zerbait gertatu denaren ustea dauka.
Nekanek, Inesek emandako informazioari esker, Ernesto Irureta eta Sor Paresi haur lapurtuen kasuan inplikatuta daudela jakingo du. Sor Paresik Ernestori laguntza eskatuko dio, baina honek ukatu egingo dio. Mojak Maleni dena aitortzea erabakitzen du. Ertzaintzaren komisariara Ines eta Aliziaren arteko elkarrizketa bat helduko da, non Inesek gizon bat hil izana aitortzen duen.

Bestalde Ibik Jokinekin alde egingo duela eta ez dutela gehiago ikusiko esango die Karlos eta Leori. Hitzordura elkarrekin joatea proposatuko dio alabari eta Jokin etortzen bada joaten utziko diola esango dio. 
Itsasok Ibon eta Eiderren argazki konprometituak aurkituko ditu argazki kameran eta ez zaizkio batere gustatuko. Joana eta Manexen arteko harremana ere ez dago bere onenean.
Hemezortzi urteren buruan ere, Goenkalek hainbat jarraitzaile ditu. Euskaldunen artean %11,5eko audientzia zatia lortu du bataz beste denboraldi honetan, hots, 71.000 ikus-entzuleko audientzia metatua.
Datorren denboraldian hainbat pertsonaia berri etorriko dira Arraldera eta ikus-entzuleen artean horren kutunak diren beste hainbatek alde egingo dute. Zaleen artean sorpresa bat baino gehiago egongo da. Aurten lehenengo aldiz, datorren denboraldiko lehenengo kapituluen aurrerapen bat ikusi ahal izango da. Abuztuaren amaieran ekingo diete denboraldi berriko grabaketei.
'Bi eta bat' telesailaren atal berriekin batera EiTBn grabatzen den fikzio bakarra da. Azken telesail honen grabaketak uztailean bukatzea aurreikusita dago.

Goenkale 18 gala 
Datorren ekainaren 26an, telesailaren 18. urtemuga ospatzeko gala emitituko da euskal telebistako lehenengo katean. Loreto Mauleon eta Joanes Passicotek aurkeztuko dute saioa eta hainbat eta hainbat aktorek hartuko dute parte bertan. Boga boga abestiarekin emango diote amaiera urtebetetze festa berezi honi. Gala Aitor Osa, Goenkaleren zuzendariordeak zuzendu du.





Donostiako Aste Nagusirako motorrak berotuz

Gaur aurkeztu dituzte aurtengo Donostiako Aste Nagusiko kartela eta Sagueseko kontzertu nagusiak. Kartela Lucas Fernández Calvo diseinatzaile gaztearena da. Hainbat lehiaketatan parte hartu du Toledoko artistak, horietako asko Euskal Herrian. Aurtengo jaietako kartela barra-kode bat da. Egilearen hitzetan "barra-kodea produktu guztietarako gako nagusia da" eta "barruan daukan guztia eskaini dezake".
Saguesen ikusi eta entzun ahal izango ditugun kontzertuak, iaz bezala, euskaraz eta gazteeraz izango dira.

2012/06/11

Arriaga Antzokiaren 2012-2013 denboraldia aurkeztu dute

Testua: Ander Barinaga-Rementeria
Gaur goizean aurkeztu du Emilio Sagi, antzokiaren zuzendari artistikoak, datorren denboraldiko programazioa. Aurtengo programazioak, aurreko urteetan bezala sorkuntza propioa eta genero zein estilo guztietako ikuskizunak biltzen ditu. Antzokiak lanak inportatzeaz gain esportatu ere egiten dituela azaldu du zuzendari artistikoak. Aurten, Arriaga Antzokiak lau ekoizpen propio izango ditu. Bi antzezlan: Soinujolearen semea eta Naturaleza muerta en una cuneta, opera bat Il mondo della luna eta Kukai Dantza taldearen Komunikazioa-inkomunikazioa lana.
Euskarazko sorkuntza
Iaz bezala, euskararen presentzia ez da horren handia izango baina hainbat lan eskainiko dira hizkuntza honetan. Ekoizpen propioetako bat Soinujolearen semea euskaraz estreinatuko da urriaren 18an eta gaztelerazko bertsioa ere egingo dute. Lan hau izen bereko Bernardo Atxagaren eleberrian oinarrituta dago eta Patxo Telleriak egin du antzerkirako moldaketa. Fernando Bernuésen gidaritzapean arituko dira hainbat euskal aktore, besteak beste, Aitor Beltran, Mikel Losada, Patxo Telleria, Asier Hernandez eta Mireia Gabilondo. Gasteizeko Principal Antzokiaren eta Donostiako Victoria Eugenia antzokien lankidetzari esker taularatu ahal izango da antzezlan hau. 

Goenkale telesaila arrakastatsuaren antzerkirako egokitzapena izango da euskaraz ikusi ahal izango dugun beste lan bat. Pausoka entertainment ekoiztetxeak, Glu Glu-rekin batera eginiko lan hau Jokin Oregik zuzenduko du. Azaroaren 5, 6 eta 7an ikusi ahal izango da Arriaga Antzokian eta 30 herri baino gehiagotan egongo da ikusgai Arraldeko bizilagunen gora-beherak biltzen dituen antzezlana. Yannick Vergara, Felix Arkarazo, Maria Cruickshank, Ylenia Baglietto, Karlos Nguema eta Xabier Perurena izango dira aktoreak.
Kukai dantza konpainiak eta Ttanttaka teatroak Mikel Laboaren lanean oinarrituta Komunikazioa-inkomunikazioa lana taularatuko dute martxoaren 1 eta 2an. Lan hau Mireia Gabilondok zuzenduko du eta koreografia Jon Maya dantzariarena izango da. Kukai dantza taldeko kideek Miren Gaztañaga eta Aitor Beltran aktoreak izango dituzte lagun.
Neguko programazioa

My Fair Lady musikalarekin emango dio hasiera Arriaga Antzokiak Bilboko Aste Nagusian. Jaime Azpilicuetak zuzenduko du bertsio hau eta abuztuaren 15etik irailaren 9ra bitartean ikusi ahal izango da. Aurreko urteetan bezala jaietan programazio “herrikoiagoa” eskaini nahi izaten dutela esan du Sagi-k. Hau ez da musikal bakarra izango, gabonetan La Bella y la bestia ikusi ahal izango baita.
Tricicle hirukote kataluniarrak Bits izeneko lana eskainiko du irailaren 12tik 30era bitartean. Honela definitzen dute lana taldekideek: “ikuskizun digitala gag kode trinarioan”.
Gerardo Verak zuzendutako Lilliam Hellmanen La Loba lana, Teatro Españolek William Shakespeareren Hamlet lanaren muntaia, La Regentaren bertsio guztiz modernoa, Calderón de la Barcaren La vida es sueño antzezlana, Jean Geneten Las Criadas eta Federico García Lorcaren Yerma lana izango dira ikusi ahal izango diren antzezlan ezagunetako batzuk. Alejandro Jodorowsky polifazetikoak kabaret mistikoa aurkeztuko du urriaren 29an. Bilbon hainbatetan egon den Mayumana taldeak Recconto ikuskizuna aurkeztuko du. Daniel Veronsek Txekhov-en La Gaviota antzezlanaren bertsioa zuzenduko du: Los hijos se han dormido. Leon Tolstoi-ren Guerra y paz lana ikusi ahal izango da jatorrizko bertsioan gaztelerazko azpidatziekin. David Hare-ren A cielo abierto lana ere ikusi ahal izango dugu apirilaren 26 eta 27an Josep Maria Pouren zuzendaritzapean.
Dantza eskaintza zabala
Aurten ere, dantza eskaintza zabala eskainiko du antzokiak. Sara Baras-ek La Pepa izeneko lana eskainiko du, 1812ko Cadizeko konstituzioaren omenetan eginiko lana. Olaeta Ballet-ak Ipar Euskal Herriko eta Hego Euskal Herriko taldeak bildu eta M eme M lana aurkeztuko dute azaroaren 2 eta 3an. Juan Antonio Urbeltzen lana ere ikusi ahal izango da abenduaren 2an. Farruquito, Leipzig-eko operako balleta, Wiesbadeneko antzoki nazionaleko balleta, Holandako ballet nazionala eta Espainiako Compañía Nacional de Danza taldeak osatuko dute dantza eskaintza.
Musikak ere bere lekua izango du
Isabel Rey eta Ainhoa Arteta sopranoak, Joaquín Achucarro pianista, Zenet, Montserrat Caballé, Raphael, Mikel Urdangarin kantautorea, Paco Ibañez, Leiva, Anna Bonitatibus mezzosopranoa, Umberto Tozzi, Ismael Serrano, Bilboko Korala eta Musikeneko orkestra, Chenoa, Noche de Blues y flamenco,Ludovico Einaudi, Noa eta Manuel Carrasco ikusi ahal izango ditugu. Hainbat euskal kantarik sortuko dira besteak kantaldia eskainiko dute abenduaren 1ean.
Zarzuela eta Opera ere egongo dira aurten ere. Joseph Haydn-en il Mondo della luna izango da aurtengo opera bakarra, ABAO-OLBErekin elkarlanean eskainiko diren opera txiki programakoez gain.
Arriagako gelatxoak
Aurten nobedade bat egongo da eta Foyer edo sarreran ez ezik, antzokiaren eszenatokian ere egingo dira emanaldiak. Itziar Lazkano, Gurutze Beitia, Las Fellini, Las Txirenitas, Paco Revueltas eta Pablo Viar ikusiko ditugu besteak beste.
Denboraldi berrirako sarrerak uztailaren 4tik aurrera erosi ahal izango dira.

Entzun prentsaurreko osoa:


2012/06/08

Udako programazioa aurkeztu du ETBk

Donostiako La Perlako bainuetxeko terrazan aurkeztu dute ETBko udako programazioa.
Mihiluzek 1000 saio bete ditu eta saio berezia emango dute igandean. Laster gainera, pasa den asteazkenean Miramonen grabatutako Goenkaleren 18. urteurrena ospatzeko saio berezi bat emango dute denboraldiko azkenengo atalen ondoren.
Ekainaren 17an Bizirik saioa hasiko da. Programa berri hau Urko Aristi kazetariak aurkeztuko du eta Euskal Herriko herri txikietako bizimodua erakutsiko digu. Saio bakoitzean bi herri alderatuko ditu. Pausoka ekoiztetxeak ekoitzitako Yes we jai! saioa ere uda honetan hasiko dira emititzen. Hiru atzerritar gure herri eta hirietako jaietan murgilduko dira. Uda bukatzen denean Euskal Herriko festarik onena aukeratuko dute.
Hiru atzerritar hauek ez ezik Navarra Directo eta Euskadi Directo saioetako erreportariak ere jairik jai ibiliko dira uda osoan zehar.
Robin Food saioak 500 atal beteko ditu eta urteurrena ospatzeko David de Jorge sukaldariak
Pedro Subijana, Karlos Argiñano eta Alberto Chicote sukaldariez gain, Juan Echanove aktorea eta Gran Wyoming eta Andreu Buenfuente aurkezleak izango ditu lagun.
Klaudio Landak Ni más ni menos saioa aurkezten jarraituko du udan zehar eta ondoren western pelikulak emango dituzte. 
Astelehenetan Cien X Cien saioa aurkeztuko du Carlos Soberak, zortzi lagun euskadiren inguruko galderak erantzuten arituko dira. Astearteetan Felix Linaresek aurkezten duen La noche de... saioa aurkezten jarraituko du. Asteazkenetan Reyes Prados andaluziarrak aurkeztutako De boca en boca eztabaida saioa aurkeztuko du. Iñaki Lopezek aurkezten duen 60 minutos izeneko saioa ekain bukaeran amaituko da eta bere ordez erreportaje bereziak emango dira ostegunetan. Ostiraletan Africa Baeta teleberriko aurkezleak gidatutako Tu plato favorito saioa emititzen hasiko dira laster. 
Larunbat gauetan filmak emango dituzte eta igandeetan berriz Julian Iantzik aurkeztuko duen Conquistour saioa emango dute. 'El Conquistador del Fin del Mundo'ko lehiakide ohiek osatutako taldea, bisitatutako herriko koadrilaren aurka arituko da, nor baino nor gehiago. 
ETB3n umeentzako programazioarekin jarraituko dute eta horretaz gain udako musika jaialdiek leku zabala izango dute bertan: Azkena Rock, Bilbao BBK Live, EH Zuzenean, Pirineo Sur eta Miarritzeko Big Festivalak adibidez. Lehen hitzordua, datorren asteburuan izango da, Gasteizko Azkena Rock jaialdian. 
Emanaldi bereziek ere beraien lekua izango dute, besteak beste, Donostia eta Bilboko Suak, Portugaleteko Munduko Dantzak, Donostiako Txistulari Kontzertu Nagusia, Errekortari txapelketa, Lekeitioko Antzar Eguna, Txirri, Mirri eta Txiribitonek Euskadiko Orkrestrarekin Bilbon eskainitako kontzertua eta Gasteiz eta Donostiako Jazzaldietako kontzertuak.
Kirolak ere presentzia handia izango du udako programazioan.

2012/06/04

Ibon Urrutia: “Ezin zara sartu esanez beste 2000 pertsonaren modukoa zarela, norberaren marka berezia utzi behar da han”


Jende askorentzat Ibon Urrutia (Bilbo, 1992) izan da “El conquistador del fin del mundo” lehiaketaren aurtengo edizioko konkistatzailea. Irabazi ez duen arren, lehiaketatik ez da esku hutsik itzuli. Publikoaren gustokoena bera izan denez, bidaiatzeko 3000 euro irabazi zituen atzoko finalean (%31,1eko ikusle kuota). Irakasle ikasketak egiten ari da egun bilboko gazte polifazetikoa.

Iritsi zaren lekura iritsiko zinela uste zenuen?
Egia esan ni hara joan nintzenean asko ez pentsatzea erabaki nuen baina hala ere, urrun helduko nintzela uste nuen. Lagunek aldiz, badirudi bazekitela programa nola joango zen eta hasieratik esaten zidaten gutxienez finalera helduko nintzela!
Etxetik horrelako espektatibak eramanda, ezin gutxiago eman! (kar, kar, kar) 
Nolatan erabaki zenuen ‘El conquistador del fin del mundo’ saioko casting-era aurkeztea? 
Conquistadorearen kontu horrekin nahiko goiz hasi nintzen. 16 urte nituela auzoko lagun batekin adostu nuen aurkeztuko nintzela eta horrela egin nuen. Lehengo casting-ean ez nuen zorterik izan baina bigarrenean aldiz bai. Ikusi nuen lehengo egunetik gustatu zitzaidan programa eta kamisetetan jartzen duen moduan: non gogoa han zangoa. Gogoak banituen bai.
Zaila izan da horrenbeste jendek sartu nahi duen lehiaketa batean sartzea?
Nik espero nuen casting-ak luzeagoak izango zirela, eta 5-7 minutukoak dira bakarrik. Hori egitearekin listo. Ondoren deiak datoz eta froga medikuak ere. Nik espero nituen aurreko probak, baina ez zegoen bigarren casting-ik eta 5 minutu horiekin balio badie, nahikoa.
Argi dagoena zera da: astakeriaren bat esatea oinarrizkoa dela esatea eta kapitainei buruzko zer edo zer ere bai. Ezin zara sartu esanez beste 2.000 pertsonaren modukoa zarela, norberaren marka berezia utzi behar da han.
Bertara iritsi eta bizitakoa bizi ondoren, saioarekiko zenuen ikuspegia aldatu al da?
Erabat. Etxetik ikusten dena nire ustez politena da: probak, paisaiak, txisteak...baina atzekoak ere badaude. Atzekoak kamara kontuak dira, hara joan eta hau grabatu, besterea mugitu eta bestea grabatu.
Atzekoen artean ere desplazamenduak zeuden, hegazkinez, kotxez eta autobuses, horien artean 26 orduko bidaia autobus baten barruan!
Etxetik ematen duen bezain gogorra da lehiaketa edo unerik zailenak erakusten dira?
Telebistan gogorra dela nabaria da bai, baina ikusten ez dena gosea da. Ez berez gosea, baizik eta ahultasun sentsazioa, altxatzeko gogorik ez izatea eta egunerokotasuneko nekea. Lo egin eta berdin berdin esnatzea.
Eguraldiaren kontuarekin zorte ona izan dugu aurten, ez baitu ia hotzik egin. Hala ere niretzako gogorrena orduak eta egunak egoera horretan jasatea zen.

Erraza da tranpak egitea?
(Kar, kar, kar) galdera ona. Programan tranpa mota asko daude, hala nola, probetan egiten direnak, kamara atzean egiten direnak eta joan aurretik egin daitezkeenak. Baina hala ere tranpak egiteko motibazio onena gosea da.
Helburua jatea izanda milaka tranpa egiten saia zaitezke, hori bai, kontu handiz, beti adi eta kamara eskuan daudelako. Hala ere noizbehinka lortzen da horrelakoak egitea.
Lehiaketatik pasatzeak nola aldatu du zure bizimodua, baldin eta aldatu badu?
Nire kasuan ez zait bizitza ia aldatu, hangoa niretzako han geratu zelako. Hala ere argi dago Euskal Herri mailan “el conquistador” hau oso arrakastatsua dela eta eragin minimoa sortzen duela edonorengan.
Zenbait ikastoletatik ibili naiz nire hango esperientzia azaltzen eta jendea apuntatzeko animoak ematen.
Bestetik nik nire bizitzarekin jarraitzen dut lehen moduan eta horrela jarraitzea espero dut aurrerantzean. Hala ere eitb-tik eskaintzaren bat agertzekotan pentsatuko nuke! (kar, kar, kar).
Erraza izan da ikasketak eta lehiaketako egonaldia konbinatzea?
Hasiera batean oso zaila ikusi genuen kurtsoarekin aurrera egitea kanpoan hilabete bat ikasi gabe egonda. Hala ere irakasle guztiekin hitz egin nuen eta lauhilabete bukaeran pilak jarri ondoren, ez nintzen atzean geratu.
Esan beharra daukat Haur Hezkuntzako gradua oso praktikoa denez, hainbat praktika galdu ditudala nabaritu dudala eta galdutakoak zaila da pasatutakoan berreskuratzea.

Zer eman dizu lehiaketak?
Niretzako politena izan da ez dela lehiaketa bat bakarrik izan. Han ikusitakoak niretzako harrigarriak izan dira, batez ere programako azkenengo etapan (Iguazu-ko ur-jauziak).
Ezagutu dudan jendea ere oso ezberdina da nirekiko eta harritu naiz han bizitako esperientziek sortzen duten lotura pertsonen artean.
Argi daukat niretzako kriston esperientzia errepikaezina izan dela eta han ikasitakoak ez nituzkela hemen inoiz ere ikasiko.
Aipagarrienen artean ere badago, han egonda familia, lagun eta jendea hurbilarekiko daukadan dependentzia. Bueltatutakoan jaso nuen harrera ahaztezina izango da niretzako.
Zer eman diozu zuk lehiaketari?
Programakoek casting-ak egiterakoan perfil mota ugari bilatzen dituzte fisikoari eta arlo psikologikoari erreparatuz. Saiatzen dira ahalik eta publiko gehienengana hurbiltzen. Nire kasuan publiko gaztea integratzen saiatu dira eta zenbait kasutan lortu ere. Gaztetxo kirolariaren irudiarekin sartu nintzen ni eta han egindakoa ikusita, asmatu dute.
Lehiaketan sorpresak eman ditudala uste dut, hasiera batean faborito ziren horietako batzuk atzean geratzen ziren bitartean. Sorpresa horiek  programa mamitsuagoa egiten dute.
Testua: Ander Barinaga-Rementeria

2012/06/01

7 urteko ibilbide luzea Mihiluze saioak

Erraz esaten da, baina zazpi denboraldi luze egin dituzte etb1-en Kike Amonarriz eta Ilaski Serranok. 1000. saioa beteko dute ekainaren 10ean eta hori dela eta aste berezia ospatuko dute. Datorren astean, Mihiluzetik pasa diren Lehiakide Onenen Liga antolatuko dute. Historian zakurik handienak eskuratu dituzten eta egun gehien igaro dituzten 9 bikoteek parte hartuko dute liga honetan. 5000 euroko zakua egongo da jokoan.
1000. saioan berriz, famatuak izango dira lehiakide guztiak. Mikel Goñi eta Julian Iantzi talde batean, Urko Aristi eta Sara Gandara kazetariak bestetik eta Nagore Aranburu eta Mikel Pagadi aktoreak hirugarren taldean.  
Historia apur bat
2006ko otsailaren 2an ekin zion Orio ekoiztetxeak ekoitzitako saioak ibilbide luzeari. Ordu eta erdiko formatua zen hasieran baina ordu erdira murriztu zen beranduago. Orduz geroztik hainbat eta hainbat izan dira saiotik igaro direnak. 2008an Argia Saria jaso zuen. Udako ikastaro bat ere antolatu zen Mihiluzeren inguruan. 17. korrikaren amaierako mezua Kike eta Ilaskik irakurri zuten.
Mihiluzek gainera ETBko mugak gainditu  ditu. Kataluniako TV3n 'Bocamoll' izeneko hango bertsioak arrakasta handia lortu du 4 denboralditan. 'Mihiluze'k 3 mahai-jolas eta PC joko bat ere argitaratu ditu, jokoak web-ean jartzeaz gain. Bestalde, asko dira ikastetxeetan, euskararen egun edo asteetan zein herriko jaietan antolatu diren saio bereziak. 
Duela hilabete batzuk saioa barrutik erakutsi genizuen eremu ikusezinean

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money