2011/09/22

Iruzkina: Amen (Kim Ki-Duk, 2011)


Kamera baten bitartez zerbait grabatu, ondoren gehienetan grabatutakoa editatu eta ikusteko prest dago. Edozeinek egin dezakeen gauza da hori gaur egungo kamerak ezagututa eta ordenagailu orok duelako bideoa muntatu edo editatzeko programa bat. Ba hori da Kim Ki-Duk korear zuzendari ospetsuak egin duena. Edozeinek egin dezakeen bideo bat baina ordu eta pikuko iraupenarekin. Arte abstraktuarekin gertatzen denaren berdina dugu hemen.
Ahozabalik atera da jendea film hau ikustetik Kursaaleko 1.aretoan. Ahozabalik “izugarria” esaten dutenak eta ahozabalik “ia-ia lo geratu naiz” diotenak. Ez du inor indiferente utzi nahi pelikula honek. Belarrientzat erosoa ez dela esatea falta da pelikula honen inguruan. Soinua eta batez ere ahotsak grabatzeko aparatuak etxean utzi dituztela dirudi eta horren ordez jasangaitza den ingurugiroko zarata entzuten da. Merezi du pelikula hau ikusteak, batez ere Zinemaldian noizbehinka nolako hanka-sartzeak egiten dituzten ikusteko.

EiTBko Gaur Egun eta Teleberri saioetako erreportajea

ETB 1 - Gaur Egun

http://www.eitb.com/eu/bideoak/osoa/741824/zinemaldia-gazteak-aukera-baten/
ETB 2 - Teleberri

http://www.eitb.com/es/videos/detalle/741873/zinemaldia-jovenes-buscan-oportunidad/

2011/09/20

Harrera beroa‘Bertsolari’ filmari

Asier Altuna bergararrak, bertsoaren mundura hurbildu nahi izan ditu ikus-entzuleak. Nahi eta egin. 2009an BECen ospatu zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa nagusia ardatz, 90 minututan, bertsolaritzaren mendeetako historia eta artea laburbiltzen saiatu da. Horretarako bidelagun izan ditu, besteak beste, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Jon Sarasua, John Miles Foley, Joseba Zulaika eta Miren Amuriza. Argazki bikain batek lagunduta eta muntaia txukun eta zaindu batekin, gaur egungo gizarte ikusgarri eta efektista batean inoiz baino biziago iraun duen artea azaltzeko saiakera bat da hau. Peñagarikano bertsolariaren hitzetan bertsolaritza hemen zein nazioartean ezagutarazteko balioko du. Txalo zaparrada izugarria jaso zuten lantaldeko kideek filma amaitzearekin batera, jendez lepo zegoen Kursaaleko areto nagusian. Zinemaldiko sail ofizialean aurkeztu da, lehiaketaz kanpo bada ere.

Zazpigarren Zinema mugimenduan sariak


Bi filme saritu dituzte aurtengo Zinema mugimenduan sailean. Bietako bat The last Friday (Yahya Alabdallah) jordaniarra izan da. Bertan berrogei bat urteko gizon dibortziatu batek lau egunen buruan, oradindu ezineko ebakuntza bat egin beharko duela jakitean hasiko da filmea. Protagonistari askorako balio ez badio ere, 5000 euro jaso dituzte Frantzian post-produkzio lanak burutu ahal izateko. Beste 15.000 euro soinu nahasketetarako. 2500 euro ingelesezko edo frantsesez azpititulatzeko. Eta 35mm formatuan kopia bat. Bigarren filmeko lantaldea ere ez da esku hutsik geratu. Confessioan and struggle (Eliane Raheb) film libaniarrak 5000 euro jaso ditu post-produkziorako eta lanaren kopia bat jasoko du 35mm formatuan. Dokumental honetan Libanoko gerra zibileko gertakrari tragikoak kontatzen dira.

2011/09/19

Glenn Close aktoreak jaso du aurtengo Donostia Saria

Aktore estatubatuarraren ibilbidea saritu nahi izan dute Donostiako Zinemaldiko antolatzaileek

Testua: Haizea Olleta Holgado


Glenn Close aktore estatubatuarra larunbatean heldu zen Donostiara. Bere film berria, Albert Nobbs aurkeztu du eta igande gauean Donostia Saria eman diote Kursaal Auditorioan  21.30 hasi den gala jendetsuan. "Zinema jaialdi ospetsu batean aipamen bat jasotzea hunkigarria da benetan" adierazi du izarrak. Aldi berean, “hauskor” sentitzen dela ere gaineratu du goizean emandako prentsaurrekoan.

Prentsaurrekoan bere azkenengo filma aurkeztu du, Albert Nobbs. Gustura azaldu ditu filmaren nondik norakoak eta lan hau egiteko gogoak dituela aitortu du. "Bakarrik dagoen jende desberdinaren biziraupenari buruzko istorioa" dela azaldu du Closek, "eta horregatik egin nahi izan dut". Rodrigo Garcia zuzendariarekin lanean gustura dagoela onartu du, eta emakumeei papel interesgarriak ematen dizkiela esan du. Filmearen zuzendariak eman dio Donostia Saria Kursaaleko oholtzan. “Gabon, pozten nau Donostian egoteak” hitzekin hasi du hitzaldia. Talde lana izan du diskurtsoaren ardatz. Kursaalera hurbildu den alabari eskaini dio saria, bere ama izatea ohore bat dela adierazi ondoren.

Albert Nobbs pantaila handian

Albert Nobss XIX.mendeko Irlandan girotuta dago. Emakume baten istorioa kontatzen du. Filmean Glenn Closek gizon baten antza hartzen du hotel batean lan egin ahal izateko. Pelikularen aktore-zerrenda aurpegi ezagunez beteta dago, hala nola: Mia Wasikowska, Aaron Johnson, Janet McTeer, Pauline Collins, Brenda Fricker, Jonathan Rhys Meyers eta Brendan Gleeson.

Glenn Closek beste famatu askoren lekukoa hartuko du bart. Julia Roberts (2010), Meryl Strrep (2088), Woody Allen (2004), Robert de Niro (2000), Francis Ford Coppola (2002), Lauren Bacall (1992), Bette Davis (1989) edo Gregory Pecker (1986) izan dira besteak beste, aurreko edizioetako Donostia Saria jaso dutenak.

Agusti Villarongak Zinematografia saria jaso du Zinemaldian

Ageles Gonzalez-Sinde, kultura ministroak, eman dio saria Donostiako San Telmo museoan



Testua: Haizea Olleta Holgado



Agusti Villaronga, zine zuzendariak, 2011ko Espainiako Zinema Sari Nazionala jaso du larunbatean, Donostiako San Telmo museoan eginiko sari-banaketa ekitaldian. Kulturako ministroak, Angeles Gonzalez-Sindek, 30.000 euroko saria eman dio. Epaimahaiak, Villarongaren poetika eta begirada pertsonal bat sortzeko gaitasuna azpimarratu du. Hauek izan direla Pa Negre-k ikuslegoarekin lotura berezi bat lortzea ahalbideratu duten ezaugarriak.
Sari-banaketan Sindek, Villarongak kultoko zine zuzendari izateari utzi diola adierazi du. “Villaronga egun ez da kultoko zuzendari bat; milaka pertsonak maitatu eta entzuten dute errealitatea islatzeko duen gaitasunarengatik”. Zine-zuzendariak harrituta jaso du saria, "harrigarriak dira bizitzaren gorabeherak, nik neuk orain sari hau jasotzea kasu". Urte arraro bat izan duela adierazi du. “Duela urte batzuk horrelako sari garrantzitsu bat jasoko nuela esan balidate fikzio hutsa zela pentsatuko nuke” esan du Villarongak.
Villarongak gogoratu du Donostiako zinemaldia izan zela Pa Negre filma aurkeztu zuen tokia. Zuzendariak epaimahaikideei, lagunei eta komunikabideei (kazetariei bereziki) eskertu die saria. “Prentsari esker film txikiak ezagun egiten dira” adierazi du esker onez Villarongak.
Carlos Cuadros, Zinematografia eta ikus-entzunezko arteen institutuaren zuzendaria, izan da epaimahaiburua, eta epaimahaia osatu dute berarekin batera, Imanol Uribe, Josefina Molina eta Alex de la Iglesiak.

2011/09/16

Iruzkina: The Tree Of Life (Terrence Malick, 2011)

[vimeo http://www.vimeo.com/14448771 w=600&h=425]

Desberdina. Ez du beste deskribapen motarik Brad Pitten azken pelikulak. Desberdina da eta kito. Baina hori bai, polita. Orain arte ikusitakoaren artean ez diot antzekotasunik hartzen. Mila bederatziehun eta pikuko istorio bat. Gurasoak eta semeak. Aitaren autoritatea eta familiaren sumisioa hartu genitzake gai nagusitzat baina ez. Metrai honen balioa planoz plano aberasten doa.  Ikusgarria bertako irudiak. Terrence Malick zuzendari estatubatuarrak drama, surrealismoa eta zine esperimentala nahastu nahi izan ditu. Baita lortu ere, baina digeritzeko zailtasun apur bat izan dezake. Ez da publiko guztientzako film bat.

Gutxi izan dira ordenagailuz aplikatutako efektu digitalak. Badira unibertsoaren sorrera erakusten duten irudiak baina horiek material kimiko, margo, ke, likido, CO2, argi eta kamera ultra azkarrekin egina dago. 2008an hasitako grabazioa lehen aldiz 2011ko Cannes-eko festibalean aurkeztu zen kritika desberdin askorekin. Donostiako Zinemaldian gauza bera gertatu da. Badira ia-ia lo hartu dutela aitortu dutenak eta badira Jon Garaño zuzendari euskalduna bezalakoak “polita, bereziki polita” esaten dutenak. Pelikula honi gauza bat falta zaio eta beste hainbeste soberan dauzka. Baina teoria hori jarraituz gero betiko pelikula arrunt bat bilakatuko litzake. Argi dagoena da ezin daitekeela beste edozerekin alderatu eta gutxiago Hollywoodeko pelikula komertzialekin. Baina bere erara gatibu hartu gaitu. Ireki begiak eta dastatu The Tree of Life.

Julen Hernandez

Iruzkina: No habrá paz para los malvados (Enrique Urbizu, 2011)

[vimeo http://www.vimeo.com/24569616 w=600&h=450]

Polizia thirler garaikidea da Urbizuren azkenengo lan hau. Filmearen lehenengo minutuetan, Santos Trinidad inspektorea (Jose Coronado) oso mozkorturik etxera doala, hilketa hirukoitz batean nahastuko da. Lekuko batek baina, ihes egitea lortuko du eta hor hasiko dira komeriak. Itxuraz argumentua sinplea bada ere, korapilatuz joango da eta amaiera nahiko intuitiboa izanagatik ere, bukaera gauzatzen den era nahiko ezohikoa da. Filmeak batzuetan erritmoa galtzen du eta tentsio gehiago eskertuko luke. Ikerketaren nondik norako batzuk kontatzen diren zatiak, filmea mantsotzen dute, eta ikusleari luze gerta dakizkioke. Nahiz eta orokorrean ondo haritutako film bat izan. Beste momentu batzuk, hasierako hiru hilketak kasu, pelikularen maila orokorra baino altuago daude.
Tarantino bezalako zuzendariek azkenengo urteetan hainbestetan erabili dituen hainbat efektu ere agertzen dira filmean. Filmearen kalitatea hobetze aldera, odola eta tiroketak eremuz kanpo utzi beharrean ikusleei erakusteko hautua egiten du zuzendariak.
Arreta deitzen du, onerako gainera, Jose Coronadok inspektore dekadentearen pertsonaiari ateratzen jakin dion zukuak.

Iruzkina: Intruders (Juan Carlos Fresnadillo, 2011)

[vimeo http://www.vimeo.com/27906467 w=600&h=425]

Julen Hernandez Esnaola


Donostiako Zinemaldiak badaki nola ireki edizio berri bat. Intruders filma izan da lehenengoa eta ez du huts egin. Ahozabalik baino, jertseen atzean ezkutatzera behartu gaitu Juan Carlos Fresnadillo zuzendariaren thriller honek. Bertan, Juan eta Mia, bi gaztetxok dituzten amets gaiztoak errealitate bihurtzen dira.

Baliteke noizbait Freddy Krueger-en Nightmare In Elm Streeten tankera hartzea, baina honetan odola ia ikusi ere ez da egiten. Beldur psikologikoa edonon antzeman daiteke, ez zine aretoan eta ezta etxean ere deskantsatzen utziko ez digun filme bat da hau. Gainera istorioaren konplexutasuna nabaria da.

Bi belaunaldi, ipuin misteriotsu bat, elizaren eskusartzea baina batez ere aktore izugarriak. Haien artean Clive Owen (The Bourne Identity, El Rey Arturo),  Daniel Brühl (Salvador, El Ultimatum De Bourne), Ella Purnell, Pilar Lopez De Ayala (Las 13 Rosas, Alatriste) eta ikuslegoa dardarka jartzea lortzen duen musikagilea, Roque Baños (Torrente 4, Celda 211).

Intruders filmarekin hasi da aurtengo zinemaldiaren edizioa

Sail ofizialean, lehiaketaz kanpo emango den filme hau emitituko da hasiera ekitaldian

Testua: Ander Barinaga-Rementeria / Argazkiak: Julen Hernandez


[slideshow]


Goizeko bereratzietan hasi da kazetarientzako proiekzioa. Victoria Eugenia Antzokiko eserleku gehienak beteta zeuden. Filmeak iraun duen ordu eta erdi pasatxoan ikusleak begiak pantailatik kendu ezinik ibili dira. Filmean Juan eta Mia, neska-mutilen istorioa kontatzen da. Biak ala biak herrialde desberdinetan bizi dira, baina badago lotzen dituen zerbait. Gauero aurpegirik gabeko ezezagun bat agertzen zaie. Pertsonaia misteriotsu honen agerpenak gero eta gogorragoak izango dira eta haurren bizitzak ez ezik, hauen familiakoenak ere erabat hankaz gora jarriko ditu. Tentsioa nagusituz joan da filmeak aurrera egin duen heinean eta jendartean ere tentsio hori gero eta nabarmenagoa izan da. Juan Carlos Fresnadillo zuzendariak, proiekzioaren ondoren eman duten prentsaurrekoan azaldu duenez, txikitan, “amesgaizto itxura hartu zuten ezkutuko sekretu batzuk” kontatu zizkioten eta horren harira sortu zela Intruders-en proiektua. Beldurra, gurasoek euren seme-alabei, herentzia moduan transmititzen diela gaineratu du zuzendari gazteak. Clive Owen aktore protagonistak azaldu duenez “plazer bat izan da” pelikula honetako lantaldearekin lan egitea. Kazetari askok, Hector Alterio, aktore argentinarrak filmean egiten duen abadearen papera goraipatu dute. Izan ere, filmean arnasa hartzeko eta irribarre egiteko aukera ematen duten une bakarretarikoa da.

2011/09/03

Donostiako 59. Zinemaldiko epaimahaikideak

Sail Ofiziala

FRANCES MCDORMAND, aktorea (Sail ofizialeko epaimahaiburua)

GUILLERMO ARRIAGA, idazlea, gidoilaria eta zinema-zuzendaria
ÁLEX DE LA IGLESIA, zinema-zuzendaria
BENT HAMER, zinema-zuzendaria
BAI LING, aktorea
SOPHIE MANTIGNEAUX, argazki-zuzendaria
SOPHIE OKONEDO, aktorea
Zabaltegi-Zuzendari Berriak
JONATHAN ROSENBAUM (epaimahaiburua), idazlea eta zinema-kritikaria
LUCÍA CASANI, La Casa Encendida zentroko kultura-zuzendaria
JESSICA HAUSNER, zinema-zuzendaria
PAZ LÁZARO, Berlingo zinema-jaialdiko Panorama saileko programazio-zuzendaria
UN-SEONG YOO, Jeonjuko zinema-jaialdiko programatzailea
Horizontes Latinos
JUAN DIEGO BOTTO (epaimahaiburua), aktorea
JAVIER MARTÍN, Forum des Images zentroko programa-zuzendaria
DANIELA MICHEL, Moreliako zinema-jaialdiko zuzendaria

Zinemira Saria
RAMON AGIRRE, aktorea
MAIALEN LUJANBIO, bertsolaria
JOXEAN MUÑOZ, idazlea eta gidoilaria. Gaur egun proiektu kulturalak garatzen ditu.

Zinema Ikasleen Topaketetako epaimahaiburua
NICOLAS PROVOST, zinema-zuzendaria eta artista bisuala

2011/09/01

Museo Coconut sitcom-aren bigarren denboraldia aurkeztu du Neoxek FesTValen

Grupo Antena 3ko estreinu onenetarikoa da %4ko share-a izan duelarik


Testua: Izaskun Moyano. Argazkia: FormulaTV




Joaquin Reyes, Ernesto Sevilla, Raul Cimas, Julian Lopez eta Carlos Areces protagonistatzat dituen serieak museo bateko langile eta bisitarien arteko gora beherak modu umoretsuan kontatzen ditu.
25 minutuko kapitulu bana emitituko da Neoxen prime timean. Baina egunero, ohiko aktoreez gain, kapitulu batzuetan parte hartuko duten aurpegi ezagunak ikusi ahal izango dira.
Museo Coconut ek ezerk baino hobe aurkezten du herrialdeko telebistako umore gazteena. Hill Valleyren produkzio bat da. Hau, barrea eragitea helburu duten proiektuen ekoiztetxe espezializatua da. Izan ere, arrakasta handia lortu zuen Muchachada Nui ren produktora ere izan zen.

Antena 3k El Corazon del Oceano minitelesaila aurkeztu du Gasteizeko Festibalean

Ingrid Rubio, Hugo Silva, Clara Lago eta Alvaro Cervantes dira aktore nagusienak


Testua: Izaskun Moyano. Argazkia: Julen Hernandez




Abenturak, amodioa, historia, komedia, drama eta akzioa batzen ditu Elvira Menendez idazlearen nobela baten oinarritutako superprodukzioak. Izan ere, Globomediak ekoizten eta Pablo Barrerak zuzentzen duen proiektu hau Espainian eta Kolonbian grabatu da. Nahiz eta oraindik ez dagoen estreinaldiko datarik, udaberri honetan hasi eta 6 hilabetean zehar aritu dira grabaketa lanetan.
“Idazkiarekiko traidoreak izan gara, baina espirituarekiko leialak” eta “Istorioa humanista da, ez feminista” bezalako aitormenak egin ditu Pablo Barrera El Corazon del Oceanoko zuzendariak, talentu berri eta telebistako izarrez osatutako taldearen aldeko apustua eginez.
Miniserie honetan 80 dontzeilak Asuncioneranzko bidaian bizitako odisea kontatzen da. Hauek, XVI. mendeko nagusiek aginduta espainiar konkistatzaileekin ezkondu eta umeak izatekoak dira, arraza nahasketaren aurka.  Istorio honetan emakumeak dira abenturaren kapitain, gosearen eta piraten aurka borrokatuz.
“Superprodukzio erraldoia da eta oraindik handiagoa denaren itxura emateko lan asko egin dugu”, aitortu du Pablo Barredo zuzendariak.
Antena 3n apustu berriak 1500 extra, 360 jantzi, 60 aktore kolobiatar eta espainiar, 140 teknikari inguru eta 150 animali baino gehiago ditu taldean, garai hartako hainbat itsasontziz gain.
“Dieta egiteko gomendatzen dut. Hilabete eta erdiz garai hartako jantzia eramateak Karibean izerdi asko ematen du” esan du Ane Gabarain aktoreak. Izan ere, bera da miniserieko aktore euskaldun bakarra.
Bestalde, Barrera zuzendariak onartu du lehen kapituluan bere alaba eta Elvira Menendez idazlea (azken hau Sevillako portuko itsuaren paperean) agertzen direla.

TVEk 2011-12ko fikziozko denboraldia eta “14 de Abril. La Republica”ren denboraldi berria aurkeztu ditu

Lau aurpegi berri eta nahaste gehiago egongo dira “La Señora”ren jarraipena den telesailean


Testua: Izaskun Moyano. Argazkia: Julen Hernandez




14 de Abril. La República telesaila, lehenengo denboraldia amaitu zen garaian hasiko da, 1932ko irailean hain zuzen ere; eta 1936ko uztailean Gerra Zibila hasi arte luzatuko da. Kapitulu berri hauetan aurreko pertsonaiez gain (Felix Gomez, Veronica Sanchez, Mariona Ribas eta Alejo Sauras), beste lau aktore berri batuko dira: Sergio Mur, Maria Cotiello, Biel Duran eta Elio Gonzalez.
Guztira 17 kapitulu grabatuko dituzte eta dagoeneko seigarrena grabatzen dabiltza. Baina idazkia amaituta dagoen arren, oraindik ez dago estreinaldi datarik.
“La Republica bere kabuz azaltzen da” adierazi du Felix Gomez aktoreak, berarentzat bertan lan egitea plazer bat dela onartuz. Bere aldetik Raul Peña aktoreak zera esan du: “Senideei eskatu nien Errepublika garaia azaltzeko eta hainbat istorio nahastuz lortu dut pertsonaia garai hartan kokatzea”.
“Espainiako historia sorbalda gainetik begiratzen denaren sentsazioa dut, honexegatik lan gogorra egiten dugu guztiok” aitortu du Salvador Garcia La Republicaren zuzendariak.
Bestalde, telesailaren amaierarekin ziklo bat ixten duten arren ez dira proiektuak amaituko.
Telesail guzti horien gain, Isabel izeneko beste bat hasiko da, Michelle Jenner protagonista izango delarik. Gainera Aguila Roja, Gran Reserva, Amar En Tiempos Revueltos eta Cuéntame como pasóren denboraldi berriak emitituko dituzte; azken honek gainera, 10 urte beteko ditu antenan.


 

La Gente De La Tele web orrialdea sortu da artistek euren proiektuak partekatu ditzaten

“¿Estas, has estado, quieres estar?”  (Hor al zaude, egon zara, egon nahi duzu?) lelopean aurkeztu du goizean Ignacio Mancha webgunearen zuzendariak Gasteizeko Villasuso jauregian


Testua: Izaskun Moyano. Argazkia: Julen Hernandez



Talentu berriei bidea zabaltzeko eta ezagunagoak direnen informazioa ematen duen plataforma da. Gainera berria da, eta telebistaren munduarekin lotura estua du.
“Ikus- entzunezko munduko artistek proiektuak aurkezteko erabil dezaketen aplikazioa da”, adierazi du Manchak. Izan ere, erabiltzaileen artean solastu eta lanak komentatu dezakete. Zuzendariaren ustez, orrialdeako bisitarien %70a kameraren atzean kokatzen den jendea izango da.
Sei hilabete pasatu dira proiektua sortzeko asmoa piztu zen egunetik eta  Facebook eta Twitter  sare sozialen bidez hedatu dute.
Aurkeztuko diren gaiak webgunearekin lotuta egongo dira, edozeinentzat zuzenduta egongo direlarik.
Bestalde, webguneak boto sistema berezi bat du, eta honen bidez, artikuluak puntuatu daitezke. FesTValaren azken egunean blogeroek saria bat jasotzeko aukera izango dute.

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money