Showing posts with label Kazetaritza. Show all posts
Showing posts with label Kazetaritza. Show all posts

2012/08/04

Olinpiar Jokuak, kazetariak eta kaleratzeak


Telebista eta irratietako programazioaren ordu asko ari dira betetzen Londresko Olinpiar Jokuak. Milaka eta milaka kazetariren lanari esker du ikus-entzuleak hango berri. Kazetarien lanari esker bakarrik ez, baita produkzio lanetan dabiltzan beste ehundaka laguni esker ere. Mundu mailako ikuskizuna izanik, komunikabideek beren baliabideak erakusteko erabiltzen dituzte Olinpiar Jokuak.

Krisi ekonomikoaz gain, kazetaritzak bizi duen krisia ere nabari da Londresen. Izan ere, ohi baino kazetari gutxiago bidali dituzte komunikabideek oro har, eta berriemaile bereziak bidali dituztenek nahiko lan izan dute kontuak egiten. EiTBren kasuan, esaterako, Asier Aranguren bakarrik bidali dute. RTVEk, baina, 123 profesional bidali ditu. Hori bai, zuzeneko 18 kate ditu webgunean lehiaketa guztiak ikusteko.

Horra hor krisiaren adibide. Baina bien bitartean, eraikuntzaren atzetik, kazetaritzan daude langabe gehien. Egunero, gainera, geroz eta kazetari gehiago kaleratzen dituzte. Azken adibdiea, 24h-eko Xavier Fortes aurkezlea, edota TVEko Los de Desayunos de TVE saioko Ana Pastor zuzendari eta aurkezlea. RTVEko zuzendaritza aldaketak ari da egiten telebistako eta irratiko saio nagusietan. Telebista eta irrati publikoek herritarren erreferentzia izan beharrean, alderdi politikoen tresna direla argi geratu da beste behin. Hori bai, kazetaririk gabe ez dago kazetaritzarik, eta kazetaririk gabe ez dago demokraziari. Are gehiago, telebista eta irrati publikoetan; izan ere, herritar guztiak ordezkatu behar ditu telebista edo irrati publiko batek. 

2012/04/14

ZuZeu orainkari digitala itxuraldatu dute

2009ko apirilaren 14an ekin zion bideari ZuZeu interneteko albistari digitalak. Hirugarren urteurrena ospatzeko itxuraldatuta agertu da gaur webgunea. Ohiko atalak mantendu badituzte ere (azaleko sarrerak, Bero-bero eta Bare-bare estekak, iruzkinak, sinadurak, inkesta...) estetika berritu dute. Azaleko sarrerak ikusgarriagoak dira bertsio honetan eta pantailan beherantz egin gabe ikusi ditzakegu. Goiko slideshow-aren azpian gainontzeko sarrerak ordena kronologikoan ikusi ditzakegu (Azkenak atala). Eztabaidatuenak edo Ikusienak irakurri nahi izanez gero baina, koadrotxoetan klikatu eta albisteen ordena aldatu egingo da parametro horren arabera. ZuZeuTB ere abian jarri dute eta bertan elkarrizketak, erreportajeak eta dokumentalak argitaratzen joango dira. Goiko nabigazio barran gainera ZuZeuko blogariez gain, beste webgune eta blog batzuetara estekak jarri dituzte, webgunetik bertatik sareko euskarazko edukietara lotura izan dezan erabiltzaileak.

2012/03/26

Argia.com-en mugikorretarako bertsio egokitua aurkeztu dute

Argia aldizkariak mugikorrera egokitutako bertsio berri bat aurkeztu du (m.argia.com). Albisteak, astekaria eta artxiboa ez ezik multimedia kanala ere osorik ikusi ahal izango da. Duela urte bat ekin zioten webgunea mugikorrera egokitzeko lanari eta orain bigarren fasea aurkeztu dute diseinu berri eta funtzio sozial gehiagorekin.
Azken orduko albisteak irakurtzeko aukera ez ezik denboran atzera egiteko aukera ematen du bertsio berriak. Funtzio sozialak ere indartu egin dira eta partekatzeko hainbat aukera ematen ditu webgune berri honek. Iametza Interaktiboak garatu du.


2012/02/25

Intereconomía kateko 'Punto Pelota' saioko kazetariak ezin izango dira Camp Nou-ra sartu

Camp Nou futbol zelaia (cc) TheFutureIsUnwritten
Intereconomía telebista kate espainiarreko Punto Pelota saioko kazetariak ezin izango dira Bartzelonako (Herrialde Katalanak) Camp Nou futbol zelaira sartu taldeak hala erabakita. Bartzelona futbol taldeak erabaki du momentuz ezin izango direla sartu kazetarien 'kode deontologikoa urratzen dutelako' eta 'bere instituzioaren irudia zauritzen dutelako'. Hospitaleteko presidente Miguel Garcíak Bartzelonako hainbat zuzendariri Pep Guardiola entrenatzaileak jarraituko duen ala ez galdetzea lortu zuen saioko kazetari batek. Barçak komunikatu batean Punto Pelota saioaren jokaera hau Catalunyako Kazetarien Elkartean salatu duela adierazi du. Intereconomía taldeak akreditazioak berreskuratu nahi izanez gero, barkamen publikoa eta ekintza hauek gehiago ez errepikatzeko konpromisoa idatziz hartu beharko duela adierazi du klubak.
Telebista kateak bestalde, Bertzelona Futbol Taldeak Espainiar konstituzioko oinarrizko eskubidea, hots, adierazpen askatasunarena urratzen duela esan du.

2011/11/28

Eremu ikusezina: Zuzenekoak

Telebistako zuzeneko konexioak egin ahal izateko egin beharreko pauso guztiak erakutsiko dizkizuegu erreportaje honetan.


2011/09/22

EiTBko Gaur Egun eta Teleberri saioetako erreportajea

ETB 1 - Gaur Egun

http://www.eitb.com/eu/bideoak/osoa/741824/zinemaldia-gazteak-aukera-baten/
ETB 2 - Teleberri

http://www.eitb.com/es/videos/detalle/741873/zinemaldia-jovenes-buscan-oportunidad/

2011/04/07

Kazetariak greban, Grezian

Testua: Aintzane Larrañaga


Beste herrialde askotan bezala, Grezian ere kazetariek lan baldintza gogorrak dituzte, eta horren aurrean protesta gisa, lau eguneko greba egingo dute. Izan ere, herrialde horretan dauden zazpi mila kazetarietatik 900 inguru kaleratu  dituzte azken asteetan, eta soldata ugari murriztu diete. Honela, apirilaren zazpitik hamarrera arte informaziorik ez eskaintzea erabaki dute komunikabide gehienek, blog gutxi batzuk salbu. Bestalde, Greziako prentsa sindikatuak adierazi du Gobernuak, Patronalaren laguntzarekin, kazetarien lan eskubideak ezabatzea nahi duela, eta ez dutela inondik ere hori onartuko.

Kazetarientzat orrialde bat sortu du Facebook-ek

Kazetarientzat orrialde bat sortu du Facebook-ek


Testua: Leire Regadas


Berriak argitaratzeko hainbat kazetarik Facebook erabiltzen dutela ikusirik, Facebook & social journalism izeneko orrialdea sortu du Facebook sare sozialak. Horren xedea kazetariak informazio iturri bezala Internet erabiltzen eta irakurleekin interakzioa izaten laguntzea da.


Horretaz gain, Facebook Journalism Meetup program sortuko dute; munduan zehar hainbat mintegi egingo dituzte, kazetariek sistema berri hori lan tresna bezala erabiltzen ikas dezaten.


Ohar nagusian, Facebook & social journalism atalaren berri emateaz gain, adibide batzuk daude jendeak ikus dezan nola erabili daitekeen sare soziala kazetaritza lanetarako.

2011/04/04

Telebista pribatuek publizitatetik lortutako diru-sarrerak %25 igo ziren 2010ean

Baina telebistan igorritako iragarki kopurua murriztu egin da, %4 egin du behera azken urtean


Testua: Iñigo Gonzalez


Telebista kate pribatuek 1.931,8 milioi euro eskuratu zituzten publizitateari esker 2010ean,  2009an baino %25 gehiago, Telekomunikazioen Merkatuko Komisioaren azken txostenaren arabera. Txostenen egileek esan dutenez, TVE kate publikoak iragarkiak emateari uztea «erabakigarria» izan da igoera hori eman zedin. Gainera, urtebete da TVEk iragarkiak emateari utzi zionetik.


Bestalde, publizitate gutxiago emititzen da kateetan eta %4 jaitsi da iragarkiei eskainitako minutu kopurua.


Bien bitartean, kate publikoek 253,25 milioi euro lortu zituzten arrazoi beragatik, 2009an baino %60 gutxiago. Pribatuen kasuan TVEk iragarkirik ez emateak diru-sarreren igoera eragin bazuen, alderantzizko efektua sortu du publikoengan: %60ean murriztu dira diru-sarrerak 2009. urtearekin alderatuz.


Azken hiruhileko datuak erreferentzia gisa hartuta, kate pribatuek publizitatetik 540,9 milioi euro eskuratu zituzten denbora tarte horretan, aurreko urteko azkenekoan baino %8,9 gehiago. Publikoek aldiz, 68,3 milioi lortu zituzten.


Publizitate gutxiago


Kate pribatuen irabaziak handitu badira ere, publizitate gutxiago emititu zen 2010ean, 1,9 milioi minutu guztira. Aurreko urtearekin alderatuz, %4,1 jaitsi da iragarkiak igortzeari eskaintzen zaion denbora. Azken hiruhileko datuei so eginez gero, 527.247 minutu igorri ziren denbora tarte horretan, 2009an baino %0,4 gutxiago.

2011/03/06

Eremu ikusezina: Cadena Ser

Irratia, ahotsaren bitartez guztion etxeetara

Cadena SER (Carrusel Deportivo) 1. alea from Kapuko Aldizkaria on Vimeo.

Testua: Nerea Reparaz


«Irratiakbadu telebistak ez duen xarma berezi bat eta hark eskaini ezin dituen posibilitateak eskaintzen dizkigu» hitz hauekin erantzun du Cadena Ser irratiko soinu teknikariak gaur egun irudiak hartu duen garrantziaren inguruan galdetu zaionean. Izan ere, ikus-entzunezko gizarte batean murgiltzen ari gara, non informazio orori itxura bat ematen zaion. Honen aurrean, irratian dabiltzanek hedabidea defendatzen dute, telebista bere gorenean badago ere, irratiak berezko «xarma» duela eta ez dela inolaz ere ozen irakurririko testutzat interpretatu behar adierazten dute.

Kapuko aldizkaria Cadena Ser-ek Bilbon duen egoitzan izan da, Athletikeko partiduaren irrati bidezko erretransmisioa lehenengo pertsonan bizi eta aldizkariaren irakurleei xehetasun guztiz iritsarazteko. «Bizi jokaldi bakoitza, bizi Carrousel Deportivo!» entzun zitekeen esatariak entzuleak animatzen zituelarik. Bilboko futbol taldeak Mallorcan jokatutako partidua gaueko bederatziak arte hasten ez bazen ere, arratsaldeko zazpi eta erditarako irratiko teknikariak martxan zeuden. Izan ere, prestakuntzak lan handia du soinu aldetik.

Egoitzan bertan hainbat irrati kokatzen dira, guztiak talde mediatiko berdinaren menpe aurkitzen baitira, besteak beste Cadena Dial, 40 Principales eta AS egunkaria. Cadena Ser-en, bi langunetan banatzen da espazioa. Alde batetik, erredakzioa dago, non kazetariek momentu oro esango dena prestatzen duten. Horietako batzuk aldi berean, esatari lana ere egiten dute. Hori da, hain zuzen ere, Iñigo Marquinezen kasua batik bat, izan ere, Mallorcara bidaliriko irratiko kide den Ivan Martinekin batera, estatu guztira zabaldu zen futbol partidaren erretransmisioaz arduratu ziren.

Erredakzioaz gain, soinuaz arduratzen diren estudio teknikoak ikus ziitezkeen. Bertan lanean zebiltzanek estudioek euren artean dituzten ezberdintasun teknikoak azaldu zizkiguten. Beste gainontzeko arloetan gertatzen den moduan, irratian ere digitalizazioa eman da. Estudioen itxuran ere antzematen da aldaketa. Estudio berrian aparailuek espazio gutxiago okupatzen duten bitartean, zaharrean, tresna eta botoiak ugariagoak dira, baina azken finean, funtzio bera betetzen dute biek. Soinuaz arduratzen diren teknikariek, aldaketak praktikotasun handia ekarri duela adierazi zuten, erraztasuna dela digitalizazioak eskaintzen duen onurarik aipagarriena. Irratian, gainontzeko hedabideetan gertatzen den lez, aparailu berrien beharra dagoela esan zuten, teknologiaren aurrerapenek lana erratzen dutela baieztu zuten aho batez.




‘Digitalizazioarekin asko antzematen da gauzak egiteko erraztasuna, lehen ez geneukan azkartasuna daukagu eta soinuaren kalitatea hobetu egin da’

Cadena Ser-eko teknikaria



Soinu teknikariak erretransimisioan zehar txertatuko diren musika, melodia eta soinuak prestatzen dituzte. Aldez aurretik egiten da soinuen prestaketa hau. Teknikarietako batek adierazi zuen moduan, «inprobisazio lana ere bada». Izan ere, esatariak esango duena aurreikusi behar dela zioen, momentu oro ipiniko den soinua aukeratzeko. Soinu teknikariaren eta estariaren artean lan harreman «estua» egon behar dela ziurtatu zuten eta euren arteko ulermenak erabateko behar duela izan.

Cadena Ser-en, gainontzeko irratietan bezala, puntualitatea oinarrizko faktorea da. Izan ere, programa bakoitzak dagokion orduan hasi eta amaitu behar du. Horrela ez izatekotan edo akatsen bat egotekotan, konexioan arazoak gerta litezke. Izan ere, Bilboko Cadena Ser, Madrilen dagoen egoitza nagusiarekin dago lotuta, eta programazioaren zenbait atal bertatik erretransmititzen dira.

Lokutorioan, Iñigo Marquinez eta AS aldizkariko kazetari bat zeuden; lehena Urtubi futbol taldeko jokalari ohia. Futboleko erretransimisioetan improbisazioa nagusitzen da, horretarako noski, esatariek telebista bat dute aurrean une oro gertatzen dena ahotsaren bidez etxe guztietara helarazteko.

Ikus-entzunezko gizarte bat ez ezik, Internetek menperaturiko gizartea ere badugu hau. INEk eginiko ikerketa baten ondorioz jakin da estatuko enpresen %94ak Internet bidezko konexioaz baliatzen dela bere produktua saldu edota jende artean zabaltzeko. Modu berean, Cadena Ser-ek ere Internet bidezko komunikazioari eusten dio programazioaren gehigarri edo osagarri gisa. Futbol partiden erretransimio baten kasuan, futbolzaleek Interneten bidez egiten dituzten apustuak komentatzen dituzte zuzenean. Horrez gain, jakina da sare sozialek berebiziko garrantzia hartu dutela, hori dela bide, Cadena Ser-ek ere bere kontuak ireki ditu Facebook eta Twitter-en.




‘Sarritan mezuak jasotzen ditugu atzerritik, Argentinatik esaterako eta horrek poz handia ematen du’

Cadena Ser-eko teknikaria



Cadena Ser-era egindako bisita honek argi uzten du, irratiak bizirik dirauela. Telebistak eta hedabide bisualek indarra hartu badute ere, irratiak gainontzekoek eskaintzen ez dituzten erabilera posibleak ditu, bertako kazetariek adierazi zuten moduan, irratiak bi gauza batera egiteko aukera eskaintzen du. «Entzule kopuruak behera egin badu ere, azken urteetan, irratiak beti jarraituko du programazioa berritzen eta egunerokotasunaren hoberena eskaintzen».

2011/03/04

Hedabide digital berri bat aurkeztu du kazetari talde batek

Hedabide digital berri bat aurkeztu du kazetari talde batek


 


Testua: Iñigo Gonzalez


Ethic izeneko hedabide digitala aurkeztu dute komunikazioaren iraunkortasunean aditua den kazetari talde batek Madrilen. Hedabideak albistez jositako web orrialdea eta plataforma digitala izango ditu, komunikazioaren garapen iraunkorra bultzatzeko xedearekin. Sortzaileek azaldu dutenez, hedabidean klima aldaketa eta pobreziaren aurkako gatazka bezalako arazoak landuko dituzte. Edizio digitalaz gain, aldizkari bat ere aterako dutela baieztatu du plataformaren zuzendari den Pablo Blasquezek.

Gazteiraultza.info, Arabako gazte mugimenduaren ahotsa, abian

Gazteiraultza.info, Arabako gazte mugimenduaren ahotsa, abian


Testua: Txabi Alvarado


Proiektu komunikatibo berri bat jaio da Araban, bertako gazteriak bere iritzi eta ideiak plazara ditzan. Ekimen berri honen bultzatzaileek esan dute egunero sistemaren soldatapeko komunikabideetan gazteoi buruz entzun beharrekoez kokoteraino daudela, eta horri aurre egiteko modu bakarra gazteak beraien errealitatearen jabe izatea dela.


Irratigintza, idatzizko kazetaritza eta bideo-aktibismoa bezalako alorrak landuko dituzte, isilarazten diren errealitate guzti horiek oihukatzeko. Gainera, edozein erakunde, alderdi edo instituzioekiko independentzia bermatuko dutela nabarmendu dute.


Hori guztia posible egiteko, gazte guztion ekarpen eta partehartzea ezinbestekoa dela azpimarratu dute.


2011/02/28

Albistea:Internet gabe Twitter erabiltzeko aukera izan dute Egipton

Internet gabe Twitter erabiltzeko aukera izan dute Egipton




Testua: Lohizune Amatria


Egiptoarrek Twitter Internetik gabe erabili ahal izateko Speak2Tweet zerbitzua garatu dute Google eta Twitter konpainiek. Sistema honek telefono mugikorren bitartez bidalitako ahots eta testu tweet-ak zuzenean igotzen ditu sarera.


Hosni Mubarak Egiptoko presidente ohiaren kontrako manifestazioak hasi eta berehala, Internetik gabe gelditu ziren herritarrak. Horren ondorioz, Google konpainiak sare sozialen erabilera errazteko modua bilatu du.

2011/02/25

Elkarrizketa: Joaquin Caparros: “Entrenatzaileok mezu egokia bidaltzen jakin behar dugu”

Testua: Unai Oiartzun eta Gentza Garcia



Entrenatzaile andaluziarrak elkarrizketa eskaini du EHUko Leioako Campusean


Joaquin Caparros (Utrera, Sevilla, 1955) Athletic Club futbol taldeko entrenatzailea da. Gainera, kazetaritzako lehen mailako ikaslea da EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean. Elkarrizketa honetan bere aurtengo esperientziaren berri eman digu, Athleticen gaurkotasunari buruzko kontuak azaltzeaz gain.


Nola erabaki zenuen kazetaritza ikastea?


Beno, ba betidanik gustatu izan zait komunikazioa. Nire ogibidea hobeto ezagutzen lagunduko didala uste dut, eta bide batez, adinez nagusi garenoi etiketak jarri nahi dizkigutenen aurka egiten dut, erretiratuta gaudela diotenen aurka. Orandik ere ikasteaz gozatu dezakedala uste dut.


Ikasketak eta entrenatzaile lanak uztartzea ondo al daramazu?


Zaila da,  baina lehenengo hilabete hauetan esperientzia oso ona izan da. Ni ilusioarekin nator, zuek bezala, egia esan ez dakit nork daukan ilusio gehiago, zuek edo nik (kar kar)


Zer nolako garrantzia du komunikazioak kirolean?


Asko. Hedabide asko daude, asko idazten da, telebistako saio asko egiten dira, irratikoak… Beraz, entrenatzaileok mezu egokia bidali behar dugu. Egoera ondo kudeatzen saiatu behar dugu, jende asko dagoelako gure mezuei adi, eta baikortasuna edo ezkortasuna sortu ditzakegulako.


Zer deritzozu hedabideek futbolari eskaintzen dioten denborari?


Errentagarritasunarekin proportzionala dela uste dut, eta gaur egun, publizitateari dagokionean, errentagarritasun gehien ematen duena kirola da, eta batez ere, futbola. Horregatik inbertitzen da gehien bertan, eta noski garrantzia izugarria ematen zaiola.


Orain kazetaritza ikasten zabiltzala, kazetariekiko zenuen irudia aldatu al da?


Ez, ez. Nik uste aurretik neukan ideia indartu dudala. Komunikabideak, enpresak, denek daukate lerrokatze jakin bat, eta zoritxarrez dena duala den une batean gaude. Cope eta SER irratian, El País eta El Mundo egunkarietan… futbolarekin berdina gertatzen da Barcelona eta Real Madrilekin, horregatik pentsatzen dut gehiago ireki behar dela, eta jendeari aukeratzeko ahalmena eman behar zaiola.


Nola ikusten duzu taldearen egoera momentu honetan? Porrota izango al litzateke Europarako ez sailkatzea?


Ez, inola ere ez, hiru hilabete falta direla ezin da horretaz hitz egin, porrot hitzak ezin du lekurik eduki kirolariaren bizitzan. Egin behar duena hobetzea da, lan egin, momentua bizi eta berdintasun handia dagoela jakin. Argi dago zorteagatik ez dela izango, taldeak egindako merituengatik baizik.


Zer iritzi duzu Ander Herreraren fitxaketaren inguruan?


Athleticen dinamikan sartzen den jokalaria da, etorkizun handiko mutila,  21 urtez azpiko selekzioan dagoena Mikel, Iker eta Javi bezala, eta uste dut talentu eta etorkizun gehien duen futbolarietako bat dela.


Egia al da zale zuri-gorrien handitasunaz esaten den guztia?


Bai, bai, bai. Jendeak sinisteko partidu batera etorri behar duela uste dut. San Mameseko giroa bizitakoan ikusiko dute sentsazioa esaten dena baino handiagoa dela.


Zure hurbileko etorkizuna Athleticen ikusten duzu?


Ez dakit. Gu entrenatzaileok emaitzen mende gaude, nire kontratua aurten amaitzen da eta gainera hauteskunde urtea da. Dena den, ez da kezkatu behar nauen zerbait, ez da ona, lanean kontzentratu behar naizela uste dut.


Zer moduz zabiltza euskararekin?
Bueno ba “bai, bai, si si” (jajaja) Zaila da, baina egia da arduratzen naizela, futbolariei galdetzen diet, prentsako arduradunei… Betebehar bat da zalantzarik gabe, eta gustatuko litzaidake joaten naizen egunean euskara jakitea. Badakit zaila izango dela, baina gustatuko litzaidake, zuen kultura bat delako eta pentsatzen dut hemen gaudenontzat betebeharra delako.


Partiduetan txiklea mastekatzeko duzun ohitura famatua da. Zer dela eta egiten duzu?


Tentsioagatik da, ni ez naiz inoiz erretzailea izan, beraz txikletak urduritasuna kontrolatzen laguntzen dit.


Bukatzeko, zer egingo zenuke entrenatzaile izango ez bazina?


Entrenatzaile izango ez banintz komunikazioan lan egitea gustatuko litzaidake. Betidanik gustatu izan zait kazetaritzaren mundua, marketinga eta publizitatearena, eta ziur hortik bideratuko nuela nire bizitza.


 


[vimeo 20079334 w=400 h=300]

Caparrosi Elkarrizketa (1. alea) from Kapuko Aldizkaria on Vimeo.

2011/02/23

ALBISTEA: 2011. urtea kazetaritzarentzat ‘okerrena’ izango dela adierazi du Madrilgo Prentsa Elkarteko lehendakariak

2011. urtea kazetaritzarentzat ‘okerrena’ izango dela adierazi du Madrilgo Prentsa Elkarteko lehendakariak


Lehendakariak azpimarratu du kazetaritzaren etorkizuna ‘Internet’ dela eta krisi ekonomikoak kazetaritza ‘gogor’ astindu duela


Testua: Iñigo Gonzalez


Hasi berri den urtea «kazetaritzarentzat okerrena» izango dela adierazi du Fernando Gonzalez Urbanejak, Madrilgo Prentsa Elkarteko (APM) lehendakariak.  Era berean, kazetarientzat 2011.urtea «aukeren urtea» izango dela esan du, eta kazetariei «aukerak bilatzeko» eta «kexak alde batera uzteko» eskakizuna egin die. Foro de la Nueva Comunicación izeneko tribunan eman zuen hitzaldia APMko lehendakariak, kazetaritzaren egungo egoeraren errepasoa egiteko baliatu zuena.


Urbanejaren aburuz, «Internet» da «kazetaritzaren etorkizuna». Testuinguru horretan, hedabideak «aldaketarako garaiz» daudela azpimarratu du APMko lehendakariak. Gainera, egunkarien paperezko edizioaren desagerpena «inozokeria» dela adierazi du, ez duela iraungitze datarik.


Era berean, kazetaritzan etikak duen garrantzia aipatu du Urbanejak, etikak kazetaritza «fidagarriago» bilakatuko lukeela adieraziz. Ildo beretik, hedabideek trebetasun informatikoa eta marketing sena duten kazetariak behar dituztela azaldu du. «Kazetariak informatzeaz arduratu behar du, ez edukiak saltzeaz edo irakurleak entretenitzeaz».


Krisi ekonomikoaren eragina


APMko lehendakariaren esanetan, krisi ekonomikoak «gogor» astindu du kazetaritza, prentsa idatzia bereziki. Krisiaren eraginez, kazetari askok euren lanpostuak galdu dituzte eta hedabide askok langileen artean murrizketa egin behar izan dute diru-galerei aurre egiteko. Hartutako neurri horiek hainbat hedabideren nortasunean kalte egin dezakeela uste du Urbanejak, eta hedabide horiek euren «marka baloreak» galduko dituztela. Hori dela eta, «kazetaritzaren aldeko apustua» egiteko eskatu die enpresa inbertitzaileei.


Telebistaren kasuan, kazetaritzak «espazio murritza» duela salatu du lehendakariak, programazioaren %10 ingurukoa. Irratiari dagokionez, «negozio egonkorra» dela esan du, krisi ekonomikoak ez baitu «gehiegi kaltetu» hedabide hori.

2011/02/16

ALBISTEA: 2015erako ‘tablet’-ak erabiliko ditu prentsa idatziaren irakurleen %25ak

2015erako ‘tablet’-ak erabiliko ditu  prentsa idatziaren irakurleen %25ak


Testua: Ainhoa Basarrate


Tabletak gadget jaioiberriak diren arren, hurrengo urteetan prentsa idatzian eragin handia izango duela aurreikusten da. Nieman Journalism Lab taldeak egindako ikerketaren arabera, 2015. urtean prentsa idatziaren ohiko irakurleen laurdenak tabletak erabiliko ditu horretarako.

ALBISTEA: Garai ilunak idatzizko prentsarentzat

Garai ilunak idatzizko prentsarentzat


Testua: Aintzane Larrañaga


2010a espero zena baino okerragoa izan da egunkarientzat. Izan ere, irabaziak %3.7 inguru gutxitu dira orokorrean, eta irakurleak ere asko murriztu dira azken urteotan. Krisia hasi zenetik kalte izugarriak jasaten ari da idatzizko prentsa, eta 2007tik irabaziak %30 jeitsi dira, publizitate agentziek gehiago inbertitzen baitute beste euskarri batzuetan, hala nola, Interneten eta telebistan.

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money