Kronika: zortzigarren
eguna | Azken aurrekoa
2012ko irailaren 28a, ostirala
Ze azkar pasatzen diren egunak, konturatu orduko Zinemaldiko bigarren
ostirala da gaur. Asteburua hurbiltzearekin batera jende gehiago kaleetan.
Batzuk Ewan McGregorren irribarrea ahaztu ezinik, beste batzuk koadernoa
eskutan, famaturen baten autografoa ehizatzeko prest. Lasse Hallströmen Hypnotisören/The
Hypnotist (Hipnotista) filmarekin hasi dugu eguna. Film suediarren ohiko
patxadarekin, Stocholmeko familia baten erahilketak argitzeko erronka du esku
artean Joona Linna komisarioak. Heriotzak argitzeko hipnotizatzaile ezagun bat
kontratatuko du bizirik irten den lekuko bakarrari (shok egoeran dagoen nerabe
bati) galdeketa egin diezaion. Hipnotizatzailearen semea bahitzen dutenean ikerketa
korapilatu egingo da. Aurtengo edizioko film asko eleberrietan oinarrituta
daude. Pelikula honen gidoia idazteko, Paolo
Vacircak Lars Keplerren nobela moldatu du. Batzuei gustatu zaie,
beste batzuk ordea hotz utzi ditu.
The Angels’ Share Ken Loach maisuaren azkeneko film luzea begi onez
ikusi du Donostiako publikoak. Zabaltegi Perlak itxiko duen filmak barrea
eragin du bertaratu direnen artean. Glasgowen bizi den Robbie gaztea eta
gizarte-zerbitzuetako programan ezagutzen dituen beste kide batzuek whiskya
dastatzeko zaletasuna bereganatuko dute Harry hezitzaileak prestatutako irteera
baten harira. Hori da filmeko ardatz nagusia. Umore eskoziar peto petoa.
Bernardo Bertolucci zinemagilearen IO E TE (Ni eta Zu) filma izan da aurtengo Zabaltegi Perletako bat.
Lorenzo hamalau urteko nerabeak zailtasunak ditu familiarekin eta bizi den
munduarekin erlazionatzeko, hori dela eta eskolakoekin eskiatzera joan
beharrean etxeko sotoan ezkutatzea erabakiko du. Sotoan bakarrik eta lasai
egongo dela uste bazuen ere, bere usteak okerrak izango dira, drogekin arazoak
dituen arrebaordea izango baitu apopilo. Bien artean harreman berezi bat
sortuko da eta elkar lagunduko dute. Bertolucciren zinema maite dutenek,
filmografian lan oparoagoak dituela aipatu dute.
Tomy Lee Jonesen gaua izan da, gaur jaso baitu Donostia
Saria. Ilusio handiegirik ez diola egin esan daiteke, nahiko serio hartu baitu
saria. Gainontzeko sarituek ez bezala, Lee Jonesek ez du hitzik egin euskaraz,
bere ustez, gurea, hizkuntza zahar eta ohoragarria delako.
Jendea kinielak egin eta egin ari da. Puntuak gora eta puntuak behera.
Baina bihar arte itxaron beharko dugu irabazleak nortzuk diren jakiteko. Iaz
bezain beste harrituko gaituzte sariek?
0 iruzkin:
Post a Comment