Jateko batzuk hainbat modutan prestatu daitezke. Amaren eta amamaren
lapikokoak, antzekoak izan arren, ez dira berdinak izaten. Zazpi chefek
prestatu dute Zabaltegi saileko eguneko menua. La Habana hiria da zazpi
zuzendariek euren platerak sortzeko erabili duten osagai nagusia.
Benicio del Torok El Yuma izeneko
bere film laburrean aktore amerikar gazte baten Habanako ibilerak kontatuko
ditu. Pablo Traperoren Jam session piezak
ordea, Emir Kusturikak Habanako Zine Jaialdira egindako bidaia bitxia du
ardatz. Zuzendari serbiarraren mozkorraldi xelebrea, sari bat eta musika
herrikoia konbinatzen ditu lanak. Elia Suleimanen Diary of a Beginner flima ere nahiko bitxia da. Plano estatiko
batzuekin ikuslearengan irribarrea piztea lortzen du. Julio Medemen La tentación de Cecilia, aurrekoak baino
istorio tristeagoa da, maitasun istorio garratz bat. Gaspar Noéren Ritual lana beste piezak baino eskasagoa
iruditu zait. Juan Carlos Tabíoren Dulce
Amargok aurreko lanaren garraztasuna apur bat gozatzea lortu badu ere, ez
da lehenengo piezen maila berean egon.
Collagea osatzen duen azkeneko pieza Laurent Cantenten La Fuente istorio bitxia da. Auzoko batek, auzokide guztiak batzen
ditu bere etxea egun batetik bestera konpontzeko asmoarekin, Ama Birjinaren
omenezko festa bat antolatzeko asmoa baitu. Habanako gizartearen argazki
humanoena egiten du zuzendari frantziarrak.
Menu gozoa prestatu dute, nahiz eta plater batzuk bukatzea lortu ez dugun.
Ander Barinaga-Rementeria
0 iruzkin:
Post a Comment