2012ko
irailaren 24a, astelehena.
Astelehenak gogorrak izan ohi dira. Oso gogorrak. Are
gehiago, tenperatura aurreko egunetan baino hotzagoa denean. Laurent Canteten Foxfire filmak kafe kargatuen efektu pizgarria izan du batzuengan,
harrera hotzagoa beste batzuengan. 1953an gertatzen den, New York estatuko sei
neska gazteren istorioa da Joyce Carol Oats-en Puro Fuego eleberrian oinarritutako pelikula. Cantetek, 1999an
Zuzendari Berriak saileko saria irabazi zuen Donostiako Zinemaldian Ressources humaines lanarekin.
Beranduago, lan berarekin, Cesar sari bat irabazi zuen.
Atzo ikusi ezin izan zutenek, gaur Truebaren azkeneko lana (El
artista y la modelo) ikusteko aukera izan dute eta gaur ere harrera ezin
hobea izan du zuzendari espainiarraren filmak.
Jateko batzuk hainbat modutan prestatu daitezke. Amaren
eta amamaren lapikokoak, antzekoak izan arren, ez dira berdinak izaten. Zazpi
chefek prestatu dute Zabaltegi saileko eguneko menua. La Habana hiria da zazpi
zuzendariek euren platerak sortzeko erabili duten osagai nagusia.
Benicio del Torok El Yuma izeneko bere film laburrean
aktore amerikar gazte baten Habanako ibilerak kontatuko ditu. Pablo Traperoren
Jam session piezak ordea, Emir Kusturikak Habanako Zine Jaialdira egindako
bidaia bitxia du ardatz. Zuzendari serbiarraren mozkorraldi xelebrea, sari bat
eta musika herrikoia konbinatzen ditu lanak. Elia Suleimanen Diary of a
Beginner flima ere nahiko bitxia da. Plano estatiko batzuekin ikuslearengan
irribarrea piztea lortzen du. Julio Medemen La tentación de Cecilia, aurrekoak
baino istorio tristeagoa da, maitasun istorio garratz bat. Gaspar Noéren Ritual
lana beste piezak baino eskasagoa iruditu zait. Juan Carlos Tabíoren Dulce
Amargok aurreko lanaren garraztasuna apur bat gozatzea lortu badu ere, ez da
lehenengo piezen maila berean egon.
Collagea osatzen duen azkeneko pieza Laurent Cantenten La
Fuente istorio bitxia da. Auzoko batek, auzokide guztiak batzen ditu bere etxea
egun batetik bestera konpontzeko asmoarekin, Ama Birjinaren omenezko festa bat
antolatzeko asmoa baitu. Habanako gizartearen argazki humanoena egiten du
zuzendari frantziarrak.
Bihar gehiago.
0 iruzkin:
Post a Comment