Fight The Power! Zuloak Fermin Muguruzaren klixez beteriko dokumentala da. Oraingoan, reggae-trikitrixa-punk edo dub-ska-rock musika egin ordez, dokumentala-musikala-fake-erreportajea egin du. Mix interesagarria atera zaio hala ere, esperimentu entretenigarria.
Zuloak taldeari buruzko dokumentalak found
footage teknika intimitatea urratzen duen kamera batekin nahasten du,
dokumental errealaren eta fakearen generoak nahasten dituen moduan. Arrate
Rodriguezek riot grrrl talde bat sortu nahi du Euskal Herrian, nahiz eta “masturbazioa
autodeterminazioa da” esaldiaren antzeko taldea lortzen duen azkenean. Feminismoari
buruz hitz egiten ikusten ditugu, baina askotan entzundako diskurtsoa dugu
Zuloak taldearena. Egia da oraindik ere, zoritxarrez, errepikatu beharreko diskurtsoa dela
feminismoarena, baina klixe gehiegi erabili gabe. Ez dute Pussy Riot
errusiarren mezuen aldekorik lortzen.
Zuloak riff errazetako eta
erritmo zaharren talde feminista da, The White Stripes-en eta Las Vulpes-en
nahasketa sinplea. Baina eszenatokietan ikusten duguna emakumeen iraultza da,
bai musikala eta bai sexuala.
Muguruzaren filma era berean
euskal musika berritzaileari egindako omenaldia dugu, besteak beste Mursego,
Anari, The Sparteens, Napoka Iria eta Zea Mays agertzen baitira. Hala ere,
omenaldi nahiko eskasa da, Bidehuts disketxeaz eta musika nahiko normalizatuaz
gain oso artista gutxi agertzen dira eta.
Pelikula gomendagarria bada ere, filmea klixeetatik atera beharra du, Negu Gorriak eta Kortaturen
garaiak jadanik atzean geratu dira, eta gaur egun arriskatzea eskatzen zaio
zuzendari askori. Baina, kontxo, fight the power! Eta gora emakumeen borroka! Egin beharreko lana ondo egin du Ferminek, eta musika euskaldunari irundarrak bakarrik dakien moduan eman dio bultzada, indarrez borrokatuz.
Julen BIGURI
Fitxa Teknikoa:
Zuzendaria: Fermin Muguruza
Gidoia: Eider Rodriguez, Fermin Muguruza
Argazkia: Aritz Moreno
Iraupena: 99 m.
0 iruzkin:
Post a Comment