Maitasunak ez
omen du adinik, ez gutxienez Michael Haneke zuzendariarentzat. Amour filma aurkeztu baitu zuzendari
austriarrak Zinemaldiko 60. edizioan. Donostian harrera ona izan badu ere, jadanik
kritika onak lortutako pelikula dugu Amour,
izan ere, Canneseko Urrezko Palmorria eta FIPRESCI saria lortu ditu.
Filmaren
protagonistak Anne (Emmanuelle Riva) eta Georges (Jean-Louis Trintignant) dira,
laurogei urte inguruko bi musika-irakasle. Bien arteko amodioa da gai nagusia,
betiere Hanekeren argumentu gordin eta hunkigarriekin. Bada, zahartzaroan
sartuta daudela, bizitza luze eta zoragarria izan ostean, ez dirudi hortik
aurrera ezer onera joango denik. Annek, gainera iktus bat jasan beharko du,
benetako amodioa azaleratzen lagunduko duena.
Amour
hunkigarria da benetan, eta seguruenik Hanekeren filmik zintzoena. Sentimendu
errealenetan eta gordinetan barrena doa zuzendari austriarra azkeneko pelikula
honetan. Eta, betiko moduan, narrazio leun eta lasaiaz baliatzen da istorioari dramatismoa
gehitzeko. Michael Hanekek beste askotan lortu ditu kritika onak besteak beste,
Cannesen eta Zinemaldian Funny Games (1997),
Code Unknown (2000), The Piano Teacher (2001) eta The White Ribbon (2009) pelikulekin.
Aktoreen
lana paregabea da ere ikus-entzunezko pieza honetan. Besteak beste, Emmanuelle
Rivak eta Jea-Louis Trintignantek sortutako buruz burukoa, argumentuaren
euskarri nagusienetarikoa. Zer esanik ez, Isabelle Huppert-en papera,
Hanekerekin The Piano Teacher
pelikulan ere lan ikaragarria egin zuena. Baina horietaz gain, badugu ere RamonAgirre donostiarra minutu gutxiko bigarren mailako lan ona egiten.
Finean,
benetako amodioaren isla da honako hau, alderik onenak eta txarrenak berdin aurkezten
dituena. Baina austriarraren beste lanen antzera, zakarra eta tristea den
artelan hutsa era berean.
Julen BIGURI
Fitxa Teknikoa
Zuzendaria: Michael Haneke
Gidoia: Michael Haneke
Argazkia: Darius Khondji
Aktoreak: Jean-Louis Trintignant, Emmanuelle Riva, Isabelle Huppert, Alexandre Tharaud, Ramon Aguirre
Iraupena: 127m.
Herrialdea: Frantzia-Alemania-Austria
0 iruzkin:
Post a Comment