2012ko
irailaren 21a, ostirala.
Bat eta
bakarra izaten da Donostiako Zinemaldiari hasiera ematen dion filma. Nicholas
Jareckiren Arbitrage opera prima izan
da Zinemaldiko arduradunek aurten aukeratutako pelikula. Zuzendari
estatubatuarraren lehenengo fikziozko film luzeak Richard Gere eta Susan
Sarandon izarrak, eta hauen atzetik dabiltzan milaka zale ekarri dituzte
Donostiara. Ostirala izanik eta eguraldia lagun, jende asko batu da alfonbra
gorriaren inguruan. Jose Coronado, Cayetana Guillén-Cuervo eta Barbara Goenagak
aurkeztu duten irekiera ekitaldian 60 zenbakia izan da protagonista.
Eguneko beste hizpideetako bat Michael Hanekeren Amour filmaren aurre-estreinaldia izan
da. Cannes-eko urrezko palma eta FIPRESCI sariak irabazi dituen filmak zur eta
lur utzi ditu Antzoki Zaharrera zein beste aretoetara hurbildu direnak. Jean-Louis
Trintigant eta Emmanuelle Riva aktoreek Printzipaleko pantaila handia txiki
utzi dute. Nahiz eta pelikularen gaia gogorra izan, Ramon Agirre donostiarraren
agerraldiekin irribarrea piztu zaie bati baino gehiagori, ezaguna zutelako edo
euskalduna zelako, batek jakin.
Benh Zeitlin zuzendari amerikarraren Beats of the Southern Wild filmeko, Quvenzhané Wallis-ek
interpretatzen duen Hushpuppy txikia ere ez da berehalakoan ahazteko moduko
pertsonaia. Mississippy ibaiaren meandroek osatzen duten gune zingiratsu batean,
mundutik bereizita bizi den komunitate baten istorio bitxi baina interesgarria.
Pablo Berger zinemagilearen Blancanieves film mutua hizpide izango da gaur eta bihar. Grimm
anaien Edurnezuri ipuinaren egokitzapen askea da bilbotarrak proposatu duena.
Maribel Verdú, Daniel Giménez Cacho, Macarena García, Pere Poce zein Ramón
Barea aktoreek hezurmamitzen dituzte istoria fantastiko honetako pertsonaiak. Apustu
handia bai, baina beldur naiz erantzuna ez ote den txikia izango. Teknikoki
plano zaindu eta argiztapen egokia izan arren, istorioa nahiko sinplea izan da
eta aukeran barre erraza bilatzen duten gag gehiegitxo.
José Luis Rebordinos eta bere lantaldeak memorian luzaz
gordeko den edizioa izatea nahi dutela nabari da. Iaz Donostia Sari bakarra egon
bazen, aurten bost sari emango baitituzte. 60. urteurreneko Donostia Sari
bereziak: Dustin Hoffman eta Oliver Stnone aktore eta zuzendariari eta John
Travolta, Ewan McGregor eta Tommy Lee Jones aktoreei.
Hiru, bi, bat… ekin!
Ander Barinaga-Rementeria
0 iruzkin:
Post a Comment