Baina nor demontrek
esan dio Segio Castellittori Penelope Cruzek protagonistaren papera ondo
antzeztuko zuenik? Zuzendari italiarra behin eta berriro erratu egin da Venuto al mondo pelikulan erabakiak
hartzerakoan. Drama zuzendu nahi zuen eta zinema aretoan barre algaraka
erantzun diote. Jugoslaviako gerrari buruzko istorioa aukeratu eta gatazken
arteko txiste txarra atera zaio.
Venuto al mondo? Venuto a la
sofferenza e la punizione! Zigor gogorra baita 125 minutuz filmeari erreparatzen
egotea. Sinestezina da pelikula Sail Ofizialekoa izatea hain kalitate
pobrearekin. Gidoia, seguruenik, eguzkitan denbora gehiegi utzi dute, izan ere,
une askotan istorioa ustelduta dagoela dirudi; ez dauka oso usain onik.
Sekuentzia batzuk
Monty Pythonenak dirudite: Nirvana dantzan Sarajevo bonbardatzen duten
bitartean edota bizitzari buruz pentsatzen duen gizona oilar hilak hazten diren
lorategian paseatzen ikusten dugunean... zerrenda amaiezina da. Balkanetako
guda ere nahieran kontatzen du kasko urdinak Kalkutako ama Teresaren antzera bosniarrak
laguntzen agertzen direnean, besteak beste.
Pertsonaien arteko
elkarrizketak ere errazak eta deskodetu ezinak dira. Batzuetan hitz potoloren
bat tartekatzen da esaldi sinpleenetan, drama erromantiko txarrenaren
generoaren antzekoak.
Hurrengorako, nor
edo nork Jugoslaviari buruzko adaptazio bat egin nahi izanez gero, mesedez Joe
Saccoren Safe Area Goražde erabili,
eta ez Margaret Mazzantiniren egokitzapena.
Julen BIGURI
Fitxa Teknikoa:
Zuzendaria: Sergio Castellitto
Gidoia: Sergio Castellito, Margaret Mazzantini
Argazkia: Gianfilippo Corticelli
Aktoreak: Penelope Cruz, Emile Hirsch, Mia Furlan, Jane Birkin, Sergio Castellitto
Iraupena: 125 min.
Herrialdea: Italia-Espainia
0 iruzkin:
Post a Comment