Hollywoodeko thriller komertzialaren
pautak jarraituta Sam osabatxoaren propagandaren antza duen filme landua da Ben
Affleck-en Argo. Ohituta egongo da
ikuslea Ben Affleck jauna Hollywoodeko akziozko produkzioetan ikusten; baten
bat nekatuta ere. Baina oker egongo da oraingo honetan, estatubatuarrak
ikus-entzunezko pieza azkarra burutu baituelako, zentzu guztietan.
Egiazko
gertaera batean oinarrituta, Irango Iraultza bete-betean harrapatzen du
thrillerak, Sha jadanik AEBren babesa lortu duelarik, iparamerikako enbaxadako
6 lagun herrialdean ihes ezinean egongo dira. Egoera ikusita, noski, AEBko
zerbitzu sekretukoak heroiaren papera bete beharko dute 6 lagunei babesa eta
askatasuna bermatzeko. Baina erreskatea burutu dadin, Hollywoodera jo beharko
dute, zinemagileen mundura.
Affleckek
aktore gisa ere AEBko zerbitzu sekretuen pertsonifikazioa lantzen duen
bitartean, Alan Arkinek eta John Goodmanek Hollywoodeko zinemagile handien
komedia burutzen dute. Izan ere, une komiko asko aurkituko ditu ikusleak nazioarteko
harremanak kolokan jartzen diren bitartean. Eta Hollywoodeko produkzioen
funtzionamenduaren berri direnek barrezka lehertuko dira sekuentziaren batean.
Ben Afflecken
ibilbideari erreparatuz gero, esperientziaren aztarnak aurkitzen ditugu, asko
hobetu baita zuzendariaren lana Adiós
pequeña, adiós (2007) edota The Town.
Ciudad de Ladrones (2010) pelikulak egin zituenetik. Hala ere, ez du thrilerraren
ikuspuntutik Adiós pequeña, adiós
filmearen argitasuna lortu. Istorioa errazagoa da, baliteke egiazko gertaera
estatubatuarra izanagatik. Casey Afflek eta Morgan Freemanekin bere lehenengo
filmean egin ez zuen moduan, irakaspen moralak alde batera uztea erabaki du
honako honetan.
Zuzendariaren
hitzetan, ordea, pelikulak zentzu diplomatikoa ere izan ahal du, nahiz eta “apostu
arriskutsua“ izan daiteke nazioarteko politiketan sartzea. Gainera, aitortu duen
moduan, “pertsonen arteko errespetua eta elkarbizitza hobetzeko artea ezinhobea
da”.
Filmeak ez du
saririk lortuko Donostiako Zinemaldian, lehiaketatik kanpo aurkeztu dutelako.
Baina propaganda hutsa izateaz leporatzen dioten kritikak alde batera utzita,
thrillerraren maitaleek gustura jasoko dute honako pelikula hau.
Julen BIGURI
Fitxa Teknikoa:
Zuzendaria: Ben Affleck
Gidoia: Chris Terrio
Argazkia: Rodrigo Prieto
Aktoreak: Ben Affleck, John Goodman, Alan Arkin, Bryan Cranston
Iraupena: 120 m.
Herrialdea: AEB
0 iruzkin:
Post a Comment