Poesiak ere min
egin ahal du, maitemintzen lagundu dezakeen moduan. Baina, zoritxarrez, munduko
leku askotan poema on batek 30 urteko espetxe zigorra ekarri dezakeela ere
erakusten digu Bahman Ghobadiren Fasle
Kargadan filmak. Zuzendari iraniarra bere herrialdeko egoera salatzen du
pelikula liriko honekin. Bereziki, Sadegh Kamangar poeta kurduari eskaintzen
dio Ghobadik. Antza denez, protagonistaren sorkuntzarako inspirazio iturri
nagusia izan da Kamangar.
Fasle Kargadan pelikulak Irango
Islamiar Errepublikaren kontrako atentatuak leporatu dioten idazlearen istorioa
kontatzen du. 30 urteko zigorra jasan ostean aske utzi zuten emaztearen bila
joango da Turkiara. Bidaiak baina, ez dio askatasunaren zaporea dastatzen lagunduko,
baizik eta sufrimendua eta galdutako guztiaren isla izango da.
Narrazio poetiko
hutsa bideratzen duen film honek ikusizko metaforak Sahel idazlearen berbekin
tartekatzen ditu sufrimenduaren bidaia deskribatzeko. Ghobadirentzat lehen
Irango herrialde aberatsean poeta zena, orain errinozeronte zaharra izango da gatzaga
lehorretan.
Monica Belluciren
eta Behrouz Vossoughiren antzezpenak onak badira ere, argazki lanaz baino ez da
akordatuko zine aretotik ateratzen den ikuslea. Argazkien koloreztapena eta
argitasuna saritzeko modukoa da. Horiek gainera, pelikularen irakurketa lirikoa
bideratzen laguntzen dute uneoro, ezin baita beste modu batean irakurri
ikus-entzunezko pieza hau.
Zoritxarrez, film
poetikoak ez dira ongi etorriak izaten gehienetan, eta hala gertatu omen da
honekin ere Donostiako Zinemaldian. Ikusle askok narrazio argia egiten ez duela
argudiatzen badute ere, oker egongo dira. Narrazioa bikaina da, nahiz eta
istorioa modu konbentzionalean ez kontatu. Espero dugu errekonozimendu pixka
bat lortzea Ghobadiren filmak, apustu zaila egin du eta.
Julen BIGURI
Fitxa Teknikoa:
Zuzendaria: Bahman Ghobadi
Gidoia: Bahman Ghobadi
Argazkia: Touraj Aslani
Aktoreak: Behrouz Vossoughi, Monica Bellucci, Yilmaz Erdogan, Caner Cindoruk
Iraupena: 103 m.
Herrialdea: Turkia
0 iruzkin:
Post a Comment