2012ko irailaren 22a, larunbata.
Larunbatetan ohikoa denez, jende asko hurbiltzen da
Donostiara, eguna giro onean pasatu eta zorte apur batekin horren urrun dauden
izarren bat hurbiletik ikusteko aukera izango duelakoan. Goizetik jendez lepo
egon dira Maria Cristina eta inguruko kaleak. Guk, nahiago izan dugu eguna
pelikulaz pelikula eman.
Ez dago eguna pelikula yanki batekin hastea baino
hoberik. Ben Afflecken azken lana
hori baita, pelikula yanki bat. Txukuna eta entretenigarria, baina guztiz
amerikarra. Argo, historian
oinarritutako istorioa da. 1979an Irango iraultzako erreboltetan bahitzea lortu
ez zuten sei amerikarren istorioa. Irango iraultzaileek AEBetako enbaxada hartu
zutenean, bertako sei langile, ihes egitea lortu eta Kanadako enbaxadan
ezkutatuko dira. Harrapatuko dituzten beldurrez bizi diren bitartean, CIAko
Tony Mendez (Ben Affleck) agenteak plan arriskutsu, eta itxuraz zoro batekin,
Irandik ateratzea lortuko du.
Donostiako Zinemaldia, pelikulak estreinatzeko aparteko
zita ez ezik, beste hainbat ekitaldi burutzeko aitzakia ere bada. Urtero, Espainiako
Zinematografia Sari Nazionala ematen da San Telmo Museoan. Aurten, Yvone Blake figuringileak jaso du
saria. Ez da bere lehenengo saria izan, azken lau hamarkadetan Oscar sari bat
eta lau Goya sari irabazi baititu Nicolás
y Alejandra, Remando al viento, Cancion de cuna eta El puente de San Luis Rey filmetako
jantzien diseinuagatik. Saria bihotzez eskertu ondoren, ospatu diren 22
edizioetatik seitan baino ez dutela emakumeek jaso esan du. Izan ere, bera da
emakumezko aktoreak kenduta sari hau jasotzen duen lehen lantalde teknikoko
kidea. Azken hauei eskaini zien saria, baita bere senar “andaluziarrari” eta
bere seme Davidi (egun argazki zuzendaria da).
Argentina, Frantzia eta Espainiaren arteko koprodukzio
bat da eguneko beste filmetako bat. Inor hilko ez duen soldatapeko
hiltzailearen istorioa da Javier Rebolloren
azkeneko laneko protagonista: Santos (José
Sacristán). Santos, gaixorik dago,
minbizia dauka eta denbora gutxian hil egingo da. Autoa hartu eta helburu
zehatzik gabe bada ere errepidera aterako da. Ibilbide iniziatiko guztietan
bezala, bidelagun bat izango du: Roxana
Blancok antzezten duen erizain gaztea. Filmean, istorioa bera baino, hau
kontatzeko era da ikusleen artean hain kuttun egin duena. Sekuentzian gertatzen
dena, edo irudietan ikusten denaren kontrakoa deskribatzen du narratzaileak,
ikuslearen esku utziz ahotsa edo irudia lehenesteko erabakia. Hasieran
narratzailea astun hutsa dela pentsatu arren, azkenean horrek ematen diola
xarma film luzeari.
Marialy Rivasen Joven y Alocada filmak, hitzik gabe
utzi zituen bertaratutakoak. Baten bat, berotu beharrean, hotz utzi eta
aretotik alde egitera ere ausartu zen. Ez da hasiera eta bukaera duen ohiko
istorio bat. Blog baten sarrerek ematen diote forma istorioari. Daniela (Alicia Rodríguez) familia ebanjeliko
eta kontserbadore bateko hamazazpi urteko neska errebeldearen eguneroko
gorabeherak kontatzen ditu. Muntaia eta grafismo bitxia lagun, onerako zein
txarrerako, zeresana eman duen filma da. 6,986 puntu lortu ditu Euskaltel
Gazteriaren sarian, momentuz, Infancia
Clandestina filma baino ez dauka aurretik.
Zinemaldian baina, badago film laburrentzako tokia ere
(nahiz eta presentzia handiagoa eskertuko litzatekeen). Principe zinema aretoan
aurtengo Kimuak katalogoan hautatutako zazpi lanak aurkeztu dituzte: Mikel Ruedaren Agua!, Isabel Hergueraren Bajo la almohada, Ander Mendiaren Beerbug animaziozko pieza, Oteizaren
lana ulertu ezean nahiko korapilatsua den Jesús
María Palaciosen Casa Vacia, Paul
Urquijoren Monsters do not exist pederastiari
buruzko hausnarketa, Ramon Agirre
protagonista duen Koldo Almandozen Deus et machina eta Martin Rosetek zuzendutako Voice
Over film labur bikaina.
Nork esan zuen bigarren zatiak onak ez zirenik?
0 iruzkin:
Post a Comment