Film
batekin barre egitea, negar egitea baino zailagoa izaten da askotan. Badago
kontrako efektua lortzen duen pelikularik ere: une gogor eta garratzenetan
jendea barre zantzoka hastea. Bypass-ek,
oker ez banago, ikuslearen barrea du helburu eta premisa hori primeran bete
duelakoan nago. Ez dut, prentsako proiekzio batean, horrenbeste barre entzun
Segio Castellittoren Venuto
al mondo
drama eman zutenetik.
Xabi
(Gorka Otxoa) da zuzendari bizkaitarren bigarren film luzeko protagonista.
Hiltzera doan bere lagun Mariari (Sara Cozar) agur esatera joango da
ospitalera. Gelara sartu aurretik baina, Maria berarekin guztiz maiteminduta
dagoela jakingo du eta haren azkeneko egunak samurtze aldera, bera ere
maiteminduta dagoela esango dio. Hau entzutearekin batera, Mariaren osasunak
hobera egingo du. Xabik gezurrarekin jarraitu beharko du, egia esanez gero Maria
hil egin baitaiteke. Inork ez dakien arren, Xabik neskalaguna du Bartzelonan
eta haurdun dago.
Xabik
lehenengo gezurra esaten duenetik, gezur bat bestearen atzetik etorriko da eta
hainbat muturreko egoera biziko dituzte pertsonaiek. Telleriak primeran kudeatu
ditu tentsio uneak eta istorioa in
crescendo doa happy ending
batekin amaitzen den arte.
Film
on bat egiteko baina, gidoia ez ezik, aktoreen lana bera ere oso garrantzitsua
da. Sara Cozar eta Gorka Otxoak primerako lana egiten dute. Mikel Losadak ere
onerako harritu ninduen, azkeneko film eta antzezlanetan asko hobetu duelakoan
nago. Aitor Mazok ere primeran konbinatu ditu zuzendari eta aktore lanak.
Barbara Goenaga eta Itziar Atienza ere txukun aritu dira. Unax Ugalderen
agerraldia ez da beste munduko ezer, baina Patxo Telleriaren kameoak dena
konpontzen du.
Musikak
ere garrantzia berezia dauka lanean. Bingen Mendizabalek konposatutako soinu
bandaz gain, hainbat euskal talderen kanta ezagunak tartekatzen dira. Goseren
abesti bera bi aldiz entzun beharra ez zait askorik gustatu. Gose zein beste
talde baten beste abestiren bat jarri zezaketen.Hasieran filmaren izenburua
izan behar zen “Nemekitepa“ abestiak ere garrantzia berezia du istorioan eta
abestiaren euskarazko bertsio bat ere agertzen da. Sara Cozarrek a capella abesten duen kanta ere oso
hunkigarria. A zer nolako ahotsa! Asier Pujolen muntaia eta grafismoa bera ere
txalogarriak dira. Asko gustatu zaizkit hasierako tituluak.
Komedia
erromantiko unibertsala sortu dute Telleria eta Mazok. Gauza tristeekin barre
zein barregarriekin negar egin daitekeela erakutsi digute. Beste pauso bat euskal
zinemagintza garaikidearen normalizaziorako bidean.
Ander Barinaga-Rementeria
0 iruzkin:
Post a Comment