Ander Barinaga-Rementeria eta Julen Biguri
Elkarrizketak
aurretiaz lotuta behar luketela esan zigun irakasle batek unibertsitateko
lehenengo urtean. Beranduegi gogoratu gara aholku horretaz. Eskerrak Gorka
Bereziartuak bi gazteren azken orduko eskaerari jaramon egin eta kafe baten
inguruan gure galderak erantzun dituen. Argiako kazetariak sei urte daramatza
Donostiako Zinemaldian gertatzen denaren berri ematen. Aurten, Sail Ofizialeko
filmak ditu hizpide Boligrafo gorria
blogean zein sare sozialetan (@boligorria).
Kazetari lanetan zabiltza Donostiako Zinemaldian.
Azkeneko bost edo
sei urteak daramatzat Zinemaldira etortzen. Mikel García eta biok etortzen
gara. Nik Sail Ofizialeko filmen berri ematen dut eta berak Zabaltegi sailari
buruz idazten du.
Astekari bat
garenez, egunerokoaren berri emateko, batez ere sareko edizioan idazten dugu.
Bertan bi sail hauetako filmen kritikak, prentsaurrekoak zein beste kontu
batzuk lantzen ditugu. Ondoren, astekariko artikulu batean balorazio orokor bat
egiten dugu. Albiste normalak landu beharrean punta atera ahal zaien albisteak
lantzea gustatzen zaigu. Beste leku batzuetan argitaratzen ez diren gauzak.
Egia esan ez da horren zaila, hemen dagoen faunarekin istorio pila bat daude.
Albiste normalak hainbat leku eta hizkuntzatan irakurri ahal dira.
Kulturari garrantzia handia ematen dio Argiak.
Astekaria zein
interneteko edizioa kulturan nahiko erreferentziala izan da. Argian 80ko
hamarkadan zebilen jendeak beste proiektu kultural asko sortu zituen. Urte
askotatik datorren, kulturari garrantzia emateko joera bat dago. Interneteko
aro honetan ere kulturari bere pisua ematen saiatzen gara. Prentsan, orokorrean
kulturako orriek pisu gutxi daukate. Kultura askotan, arrazoi ez kulturalegatik
izaten da albiste, zentsura politikoa dagoelako… Barrura
begiratzeko leihoak filmaren kasuan gertatu den bezala. Pelikula arazorik
gabe estreinatzen baldin bada ez dela ezer gertatzen ematen du.
Zer nolako presentzia du euskarak Zinemaldian?
Urratsak egiten
ari dira. Duela urte batzuk, lau bost urte, akreditazioa eskatzera etorri “kaixo,
akreditazioaren bila nator” esan eta “perdona, ahora te atiende el de euskera”
esaten zizuten. Egia da gero eta film gehiago dagoela euskarazko
azpitituluekin, baina oraindik asko dago egiteko. Zinemiran gertatu dena
ikustea besterik ez dago. Hemengo filmen saileko estreinaldien atalean
euskarazko lan bakarra dago: Joxeanjel Arbelaitzen Leku Hutsak, Hitz Beteak. Sartzeko moduko film asko zeuden,
adibidez, ez dut uste Barrura
Begiratzeko leihoak kalitate irizpide bategatik geratu denik kanpoan, nahiz
eta Zinemaldiko zuzendariak Zinemira aurkezterakoan hori esan zuen. 1800
pelikula ikusi dituztela eta batzuk derrigorrez kanpoan geratu behar dutela
esan zuen. Egia da ere, beste sail batzuetan, Barrura begiratzeko leihoak baino askoz film txarragoak ikusten
ditugula. Ni ez nintzen prentsaurrekoan egon, baina beste kazetari batzuei
galdetu eta esan zidaten azalpen hori inork galderarik egin baino lehen eman
zuela eta excutatio non petitari
buruz badakigu zer esaten den. Oraindik ere,
euskararen alorrean, egiteko asko dago, proiektatzen diren pelikuletan kasu.
Zinemirak euskarazko pelikulak proiektatzeko izan beharko luke. Azpitituluen
kasuan ere urrats handiak eman behar dira. Ikusi ditudan Sail Ofizialeko film
bat ere ez da euskarazko azpitituluekin proiektatu nahiz eta euskaraz aritzen
garen medio asko egon.
Sare sozialek, filma ikusi eta berehala iritzia plazaratzeko
aukera ematen dute.
Asko aldatzen da
prentsan eta sare sozialetan esaten dena.
Blancanieves adibidez, ez zait batere gustatu, baina aurrekoan pelikulatik
atera berritan idatzi nuen tweeta
irakurri nuen eta zabor hutsa zela jartzen nuen. Nik artikulu batean ez nuke
inoiz hori idatziko. Blogean idazterakoan tonua asko lasaitzen duzu, matiz
gehiago sartzen dituzu. Egunkarietan lan egiten dutenek garrantzitsua dena
askoz hobeto neurtzeko aukera daukate. Guk berehalakotasunean irabazten dugu,
pelikula bukatu eta kritika daukazu biharrera itxaron gabe. Egia da irakurle
batzuek hori eskertuko dutela, baina askotan denbora gehiago eskertuko nuke
kritika sosegatuago bat egin ahal izateko. Biak dira beharrezkoak. Internetek
gainera etengabe editatzeko aukera ematen dizu eta nik hainbat espresio
biguntzen ditut. Mugikorretik ere editatu dezakezu.
Zein filmek harritu zaitu?
Nahiko Sail Ofizial
ona izaten ari dela uste dut. Javier Rebolloren El muerto y ser feliz gustatu zait, batez ere egiten duen
jokoagatik. Gauza bat ikusi eta narratzaileak berbera esan edo kontrakoa esaten
du, hein batean, ikuslea ere lan bat edo ariketa bat egiteko beharrean jartzen
du. Ikusten duzunari jaramon egin behar diozu, baina bestalde, offeko ahotsa
ere beste autoritate bat da. Françoise Ozonen filmeko (Dans la Maison) fikzio mailen arteko jokoa ere gustatu zait. Nahiz
eta egoera batzuk nahiko fortzatuak iruditu zaizkidan. Blancanieves ordea ez
zait batere gustatu. Azken urteetan Sail Ofizialekko filmez arduratu naizenez,
Mikelek Zabaltegi egiten noiz utziko zidan pentsatzen egon naiz, normalean film
hobeak ematen baitituzte, beste jaialdi batzuetan saritutakoak kasu. Pelikula
hauen kasuan, hautaketa lehendik eginda dago. Oliver Stoneren Savage ere ez zitzaidan batere gustatu.
Zer irakatsi dizu esperientziak?
Normalean ez naiz
askorik dokumentatzen filma ikusi baino lehen, bestela baldintzatuta zoaz zine
aretora. Esperientziarekin ikasi dut hori, lehen informazio gehiago biltzen
nuen.
Eta iazkotik zer duzu gogoan?
Los pasos dobles ez zitzaidan batere gustatu, noraezean zihoan
pelikula bat da. Niri ez zidan ezer esan. Aurreko urteetan baino pelikula
sarigarri gehiago ikusi ditut aurten.
0 iruzkin:
Post a Comment