2012ko
irailaren 23a, igandea.
Françoise Ozonen azkeneko lanean agertzen den artelana bezala esnatu da gaur Donostiako zerua: hodeitsu. Lizeoko ikasle bat da Dans la Maison (Etxean) filmeko protagonista. Germain frantseseko irakasleak animatuta, Claude, azkeneko lerroan esertzen den ikaslea, bi familien istorioa idazten hasiko da, bere ikaskide batena eta irakaslearena. Apurka-apurka errealitatea eta fikzioa nahastu egingo dira eta ezinezkoa izango da bata eta bestearen arteko muga non dagoen asmatzea. Juan Mayorgaren El chico de la última fila antzezlanaren egokitzapen zaindua da Sail Ofizialaren barruan estreinatu den Ozonen film luzea.
Zine komertzialak ere badu bere tokia Donostian. Oliver Stoneren Savages (Basatiak) filma da horren adibide. Don Winslowen
eleberriaren egokitzapena da filma. Californiako bi marihuana kultibatzaileren
eta narkotrafikatzaile-kartel gupidagabe baten arteko liskarra da Hollywood-eko
produkzio honen ardatza. Eskuartean hiru Oscar sari dituen zuzendariaren azkeneko
produkzioa, irailaren 28an zinema aretoetan estreinatu baino lehenago Zabaltegi
sailean aurkeztu dute. Donostian dira egunotan Oliver Stone eta John Travolta.
Biek ala biek sari bana jaso berri dute Kursaaleko areto nagusian egin den gala
berezian. Lehenengo saria John Travolta aktore
ezagunarentzat izan da eta bere kide Benicio
del Torok eman dio. Bigarren saria Oliver Stone zuzendariak jaso du.
Maja Milosen Klip film polemikoa ere eman dute gaur
Zinemaldian. Pelikula nahiko ausarta da zuzendari serbiarraren azken
proposamena. Rotterdamgo Tiger Award sari bat irabazi zuen. Serbiako
gerraostean bizitza gogorra daraman nerabe baten istorioa kontatzen du. Mugikorrarekin
grabatutako zatiak tartekatzen dira ohiko metrajean found footage teknika erabiliz, hortik pelikularen izena. Mezu
inpliziturik gabeko sekuentzia esplizitu gehiegi. Zapore gazi-gozoa utzi duen
beste film bat Antonio Méndez Esparzaren
Aquí y allá filma izan da. Mexikoko egoera gogorraren ispilua izan nahi du
filmak, baina aukeran mantsoegia da Latinoamerikatako zinea ikustera ohituta ez
dagoenarentzat. Emanaldi guztien amaieran ohikoak diren txalo zaparradarik ez
bi lan hauentzat.
Zinemaldian sail ugari badaude ere, Sail Ofizialeko filmek
sortzen dute ikusmira gehien. Fernando Truebaren El artista y la modelo pelikularen akreditatuentzako proiekzioan
besaulki bat bera ere ez da geratu hutsik. Zuri beltzeko lan pertsonal hau
artearen eta bizitzaren inguruko gogoeta pertsonal eta interesgarria da. Plano
luze eta erritmo motela izanagatik ere, ikuslea begiak zabalik izatea lortzen
du filmak
.
.
Michel
Gaztanbide gidoigilearentzat egun garrantzitsua izan da gaurkoa
Zinemira saria jaso baitu Sail Ofizialeko epaimahaikideak.
Bero sargoria eta euri zantzo batzuk gora behera, ez du
euririk egin. Zinearen magia ote?
Ander Barinaga-Rementeria
0 iruzkin:
Post a Comment