Erroma gehiegi
maite dutelako akabatu behar dute erromatarrek Zesar tiranoa; herritarren
askatasuna txikitzen duelako. Segurtasun handiko kartzela batean presoak
Shakespearen lana antzezten ikusten ditugu Cesare
Deve Morire filman; zine eta antzerkia nahasten dituen pelikulan. Shakespearen
Julio Cesar lanaren egokitzapen
bitxia da Paolo eta Vittorio Tavianik zuzendutako lana, Berlinen Urrezko Hartza
eta Epahimahai Ekumenikoaren saria jasotakoa.
Taviani anaiek ez dira
zine konbentzionalagatik famatuak, Cesare
Deve Morirek argi eta garbi erakusten duen moduan. Presoen antzezpenetan oinarritzea
eta narrazioa eustea erabaki dute italiar zuzendariek, apustu arriskutsua
benetan. Hala ere, Italiako presoen antzezpen maila ikusita harrituko da
ikuslea. Inoiz ez genuen pentsatu mafia kideek, ustelkeriaren ordezkariek edota
hiltzaileek hain ondo egingo zutenik Bruto, Antonio edota Zesar beraren
antzezpenak.
Italiako neorrealismoaren
teknika mimetikoak aurkitu ahal dira bai antzezpenean eta bai plano batzuetan
ere, nahiz eta argazki aldetik ezer berezirik ez egon. Ia pelikula osoa zuri-beltzean
dago grabatuta, antzerkia ofizialki aurkezten dutenean izan ezik.
Aipagarriena,
ordea, Taviani anaiek Shakespearen eta presoen errealitatearekin egiten duten
konparazioa da. Zesarren antzezpena egin behar duen aktoreak esaten duen bezala,
inoiz ez zaigu zaila izan tiranoak herriaren onenerako akabatzen, ezta gure
aita ala semeak izanda ere. Krimenaren munduan Bruto eta Zesar asko omen daude,
batak besteari ongiaren ezpata sartzen diotenak bihotzean. Dudarik gabe,
antzerkiaren maitaleentzat bideratutako lan morala dugu Cesare Deve Morire.
Julen BIGURI
Fitxa Teknikoa:
Zuzendaria: Paolo Taviani, Vittorio Taviani
Gidoia: Paolo Taviani, Vittorio Taviani (Fabio Cavalliren lankidetzarekin)
Argazkia: Simone Zampagni
Aktoreak: Cosimo Rega, Salvatore Striano, Giovanni Arcuri, Antonio Frasca, Juan Dario Bonetti, Vittorio Parrella
Iraupena: 76 m.
Herrialdea: Italia
0 iruzkin:
Post a Comment