Suntsipenaren eta bizikidetzaren
ikuspegi inozo eta zintzoa. Horrelakoa baita Benh Zeitlinen Beasts
of the Southern Wild filmeko Hushpuppy protagonista eta narratzailea. Wink
herrixkan bizi da sei urteko neskatxa, negarrik egin ezin den munduko azken
puntan. Edo hala agintzen dio gutxienez bere aitak, gogor eta sendo eutsi behar
diola hainbeste maite dituen bizitza eta bere lurrei.
Benh
Zeitlinek modu berri eta bitxi batez aurkezten digu apokalipsi klimatikoa
jasango duen lurra. Galera eta Hushpuppy gaztea eskutik helduta doaz narrazio
osoan, esan bezala, zintzo eta sendo helduta. Antza denez, galerak izoztutako
hilobietatik ekarriko ditu antzinako animali handi eta arriskutsuak. Bitartean,
Wink herrixkakoek dike handi eta lehorraren beste aldera ez dute joan nahi,
kanpamentu zikinetan sartuko dituztelakoaren beldur.
Canneseko
Urrezko Kamera eta Sundanceko epaimahaiaren sari nagusia lortu dituen filme
honek narrazio estrategia fantastikoak tartekatzen ditu apokalipsi klimatikoa
aurrera doan heinean. Baina Hushpuppy (Quvenzhané Wallis) ez da ezerren beldur,
edozer egingo du aita ez galtzeko, bai eta aspaldi desagertu zen ama zoragarria
ere.
Benh
Zeitlinen lehenengo filme honek ikusleak txundituta utziko ditu, eta are
gehiago aretotik irten eta pelikulari buruz pentsatu ostean. Hasierako zapore
goxoa areagotzen doa pelikula behin eta berriro dastatuz gero.
Julen BIGURI
Fitxa Teknikoa:
Zuzendaria: Benh Zeitlin
Gidoia: Lucy Alibar, Benh Zeitlin
Argazkia: Ben Richardson
Antzezleak: Quvenzhané Wallis, Dwight Henry, Levy Easterly, Lowell Landes, Pamela Harper, Gina Montana
Iraupena: 92 m.
Herrialdea: AEB
0 iruzkin:
Post a Comment