“Emak saria baita!” pentsatu dut Oskar Alegriaren filma ikusi eta berehala. Izan ere, artelan bikaina da Emak Bakia Baita, bai argazki eta bai egitura aldetik; saritzeko modukoa. Man Rayren Emak Bakia (1926) film abangoardistari egindako omenaldirik onena da Alegriaren luzemetraia, bai eta Biarritz ingurutik argazkilari amerikarra bizi izan zen etxe baten izena ere.
Oskar Alegriak Emak
Bakia etxearen bila abiatzen da, eta horretarako bide luze eta magikoa ibili egin
beharko du. Bidai horretan Euskal Herriaz gain, Frantziaren, Italiaren eta
Errumaniaren sekretu askorekin egingo du topo zuzendariak. Eta Emak Bakia
etxearen inguruan bueltak eta bueltak emanez narrazio lirikorik bikainena
bideratzearekin batera, zine esperimentalaren iraultza aldarrikatuko du.
Bakarrizketa umoretsua
ere lortzen du Alegriak, bere abizenaren omenez. Eta absurduena poesia eta
kanta bihurtzen du, irribarreak edonon sortuz. Haizeari, bizitzari eta izenen antropologiari
buruzko poesia dugu azken finean.
Oskar Alegriak,
gainera, zoriaren bitartez lortutako dokumental borobila lortzen du. Baina Man
Rayk behin adierazi zuen moduan, “dado jaurtiketa batek ez du inoiz zoririk saihestuko”.
Dado jaurtiketa ona, beraz.
Musika aldetik ere Emak Bakia Baita konbentzioak apurtzen
ditu. Kanta batzuk soinu eta kolpeez sortuta dauden bitartean, Maite
Arroitajauregik -Mursegok- cello sentikorrarekin sinatzen ditu Errumania aldeko
oihu eta zurrumurruak.
Alegriak lortu
duena urteetan ikusi ez dudan melodia da. Begientzako musika zuzendu du
historia osoko argazkilaririk onenetarikoari omenaldi fin-fina eginez.
Julen BIGURI
Fitxa Teknikoa:
Zuzendaria: Oskar Alegria
Gidoia: Oskar Alegria
Argazkia: Oskar Alegria
Iraupena: 83 m.