Showing posts with label film. Show all posts
Showing posts with label film. Show all posts

2012/05/28

Hanekek irabazi du Cannes-eko film onenaren saria 'Amour' lanarekin

Michael Haneke zuzendari australiarraren Amour filma izan da epaimahaiaren ustez Canneseko 65. Zinemaldiko pelikularik onena. Emmanuelle Riva eta Jean-Louis Trintignaten dira filmeko protagonistak. Ramon Agirre donostiarrak ere paper txiki bat dauka filmean. Oraingoan Audrey Tatou eta Adrien Brody aktoreek eman diote saria. 2009an The white ribbon (Zinta zuria) lanarekin sari bera irabazi zuen.
Hauek izan dira igandean banatu ziren gainontzeko sariak:
- Epaimahaiaren sari nagusia: Really (Matteo Garrone).
- Emakumezko aktorerik onena: Cristina Flutur eta Cosmina Stratan Dupa Dealuri lanagatik.
- Gizonezko aktorerik onenaren saria Mads Mikkelsen Jagten La Chasse lanean egindako antzezpenagatik.
- Zuzendari onenaren saria: Carlos Reygadas Post tenebras lux lanagatik.
- Gidoi honena: Dupa Dealuri, Cristian Mungiuren Mas allá de las colinas lanagatik.
- Epaimahaiaren aipamen berezia: Ken Loachen The angels share filma.
- Opera prima onenaren urrezko kamera: Benh Zeitlin-en Beast of the southern wild lanari.
- Laburmetrai onena: L. Rezan Yesilbasen Sessiz-be deng lana.


2012/02/28

Ostegunean hasiko da Laburbira zirkuituaren bederatzigarren edizioa

Topaguneak abian jarritako Laburbira zirkuituaren bederatzigarren edizioak zortzi laburmetrai eramango ditu herriz-herri eta guztira 30 emanaldi eskainiko ditu martxoaren 1etik apirilaren 3ra bitartean Euskal Herrian zein atzerrian. Emanaldien ondoren, ikusleek ikus-entzunezkoen egileekin solasteko aukera  izango dute.
Euskarazko ikus-entzunezko urteko produkzioa ezagutarazi eta herrietako kultur eskaintza aberasteko asmoarekin antolatzen du zirkuitu hau tokian tokiko euskara elkarteekin lankidetzan.
Gotzon Elorzak 1961ean zuzendutako Aberria dokumentala, Xoxe Diazen Instalación filma (galegoz euskarazko azpidatziekin), Joseba Uberuagaren Izena duena, Paul Urkijo eta David Zabalaren Ohe azpiko zera, Maialen Sarasuaren Hemen nago, Jon Garañoren Urrezko eraztuna, Gregorio Muroren Zeinek gehiago iraun eta Revolta Oermanent taldearen Kantuka bideoklipa dira ikusi ahal izango diren lanak.
Programazio anitza osatu nahi izan dutela adierazi dute Topaguneko kideek. Emanaldiak non izango diren eta bestelako informazioa kontsultatu daiteke elkartearen webgunean: http://www.topagunea.org/

2011/09/16

Iruzkina: The Tree Of Life (Terrence Malick, 2011)

[vimeo http://www.vimeo.com/14448771 w=600&h=425]

Desberdina. Ez du beste deskribapen motarik Brad Pitten azken pelikulak. Desberdina da eta kito. Baina hori bai, polita. Orain arte ikusitakoaren artean ez diot antzekotasunik hartzen. Mila bederatziehun eta pikuko istorio bat. Gurasoak eta semeak. Aitaren autoritatea eta familiaren sumisioa hartu genitzake gai nagusitzat baina ez. Metrai honen balioa planoz plano aberasten doa.  Ikusgarria bertako irudiak. Terrence Malick zuzendari estatubatuarrak drama, surrealismoa eta zine esperimentala nahastu nahi izan ditu. Baita lortu ere, baina digeritzeko zailtasun apur bat izan dezake. Ez da publiko guztientzako film bat.

Gutxi izan dira ordenagailuz aplikatutako efektu digitalak. Badira unibertsoaren sorrera erakusten duten irudiak baina horiek material kimiko, margo, ke, likido, CO2, argi eta kamera ultra azkarrekin egina dago. 2008an hasitako grabazioa lehen aldiz 2011ko Cannes-eko festibalean aurkeztu zen kritika desberdin askorekin. Donostiako Zinemaldian gauza bera gertatu da. Badira ia-ia lo hartu dutela aitortu dutenak eta badira Jon Garaño zuzendari euskalduna bezalakoak “polita, bereziki polita” esaten dutenak. Pelikula honi gauza bat falta zaio eta beste hainbeste soberan dauzka. Baina teoria hori jarraituz gero betiko pelikula arrunt bat bilakatuko litzake. Argi dagoena da ezin daitekeela beste edozerekin alderatu eta gutxiago Hollywoodeko pelikula komertzialekin. Baina bere erara gatibu hartu gaitu. Ireki begiak eta dastatu The Tree of Life.

Julen Hernandez

Iruzkina: No habrá paz para los malvados (Enrique Urbizu, 2011)

[vimeo http://www.vimeo.com/24569616 w=600&h=450]

Polizia thirler garaikidea da Urbizuren azkenengo lan hau. Filmearen lehenengo minutuetan, Santos Trinidad inspektorea (Jose Coronado) oso mozkorturik etxera doala, hilketa hirukoitz batean nahastuko da. Lekuko batek baina, ihes egitea lortuko du eta hor hasiko dira komeriak. Itxuraz argumentua sinplea bada ere, korapilatuz joango da eta amaiera nahiko intuitiboa izanagatik ere, bukaera gauzatzen den era nahiko ezohikoa da. Filmeak batzuetan erritmoa galtzen du eta tentsio gehiago eskertuko luke. Ikerketaren nondik norako batzuk kontatzen diren zatiak, filmea mantsotzen dute, eta ikusleari luze gerta dakizkioke. Nahiz eta orokorrean ondo haritutako film bat izan. Beste momentu batzuk, hasierako hiru hilketak kasu, pelikularen maila orokorra baino altuago daude.
Tarantino bezalako zuzendariek azkenengo urteetan hainbestetan erabili dituen hainbat efektu ere agertzen dira filmean. Filmearen kalitatea hobetze aldera, odola eta tiroketak eremuz kanpo utzi beharrean ikusleei erakusteko hautua egiten du zuzendariak.
Arreta deitzen du, onerako gainera, Jose Coronadok inspektore dekadentearen pertsonaiari ateratzen jakin dion zukuak.

2011/08/20

''The Tree Of Life'' (Terrence Malick) filmak irabazi du 2011ko FIPRESCI Sari Nagusia

Donostiako Zinemaldiaren 59. edizioan emango dute saria


Zinematografiako Kritikarien Nazioarteko Federazioak (FIPRESCI) urteko film onenaren Sari Nagusia The Tree of life filmari emango dio (Terrence Malick). FIPRESCIko kide diren mundu osoko 205 kritikarik azken urtean estreinatutako film luzeen artetik bat aukeratzen dute, bozketa bidez, Sari Nagusia emateko. Zinemaldiaren irekiera ekitaldian emango dute saria eta beronekin inaguratuko da aurtengo Zabaltegi-Perlak saila.

Hamabost film lehiatuko dira Zinemaldiko Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean

Donostiako Zinemaldiaren 59. edizioko Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean, besteak beste, Islandiako, Japoniako, Espainiako, Israelgo, Alemaniako, Hego Koreako, Txileko, Estatu Batuetako, Austriako eta Erresuma Batuko filmak izango dira. Telmo Esnalek zuzenduriko euskarazko Urte berri on, amona! luzemetraia ere estreinatuko da bertan. Guztiak ere Kutxa-Zuzendari Berriak saria eskuratzeko lehiatuko dira, Sail Ofizialeko beste hiru filmekin batera: Mathieu Demy zuzendariaren Americano (Frantzia), Oren Moverman zuzendariaren Rampart (AEB), eta Sarah Polley zinemagilearen Take This Waltz (Kanada).

2011/02/27

Zine txokoa: Coffe and Cigarettes

Zine txokoa: Coffe and Cigarettes


Filma: Coffe and Cigarettes


Urtea: 2003


Zuzendaria: Jim Jarmusch


Testua: Ibon Urresti



«Hizlari on bat soilik hitzontzi bat izango da eta galduta egongo da, audientziaren bihotza eta gogoa bereganatzen ez baditu». Wilson Mizner


Kafea eta zigarroak. Pertsonen arteko lotura eta hurbiltasunaren adierazle dira sarritan. Kafe-katilu bat, askotan, lagun, solasaldi eta sekretuen sinonimo da guretzat.


Eguneroko plazer txikien apologia egiten duen filma da Coffe and Cigarettes. Kafe-katilu bat eta lagun arteko solasaldi batekin gozatzera bultzatuko gaituzte pertsonaiek. Hala ere, lehen inpresioan, filmak guztiz zentzugabea dirudi. Pastazko betaurrekoak artearen inguruan ematen duten bermearen atzean izkutatutako beste maisulan ulergaitz horietako baten usaina dario. Eta zine munduan halakorik badago ere, uste dut kasu honetan giza komunikazioaren inguruko hainbat ondorio atera ditzakegula.


Horretarako, Jarmuschek, elkarren artean itxuraz inongo loturarik ez duten laburmetrai ezberdinak tartekatzen ditu filmak irauten duen 95 minututan.


Bi pertsonaia mahai baten inguruan. Kafea eta zigarroak. Itxuraz, hori da istorioak lotzen dituen argumentu komun bakarra. Bitartean Elvis Presleyren heriotzaren inguruko konspirazioak, Nikola Teslaren teoriak edota te ingelesaren prestakuntza egokia bezelako gai nahasi eta ezberdinen inguruan hitz egiten dute pertsonaiek.


Filma 2003an estreinatu bazen ere, Jarmuschek 1986tik zeraman eszena eta pasarte ezberdinak filmatzen, azkenik 11 bineta laburrez osatutako collage bat egin arte. Horrez gain, aktore zerrenda bikaina eskaintzen digu film independente honek: Roberto Benigni, Steven Wright, Bill Murray, Steve Buscemi, Cate Blanchet edota Tom Waits, Iggy Pop eta Jack White musikariak esaterako.


Aspektu teknikotik filmak ez du inongo konplexutasun berezirik, hare gehiago; sinpletasuna eta informaltasuna dira nagusi; zuri-beltzeko plano itxi eta kamera enkoadraketa finkoak mantenduz.


Gure bizitzetatik ateratako eguneroko elementuak biltzen ditu Jarmuschek filmean, eta hauen inguruan komunikatzeko gai izatearen garrantzia azpimarratzen du. Bada, pertsonaiek mantentzen dituzten elkarrizketak ez dute gai konkreturik jorratzen. Egunerokotasunean sortzen diren egoerak besterik ez dira, elkarrizketak momentuaren inertziaren menpe daudelarik. Hala ere, askotan guztiz hutsalak eta absurduak bilakatzen dira pasarteak.


-Laster joan egin behar dut.. Dentistarenean txanda daukat. Baina ez dut joan nahi, ez zait gustatzen dentista…


-Steve. Nik denbora daukat. Denbora asko!


-Nire ordez joan nahi?


-Mila esker. Bai zure ordez joango naiz. Ederra!


Komunikazio egoeretan denok inoiz izan ditugun oztopoak agertzen dira filmean zehar, hala nola; interes falta, bestea entzuteko ezintasuna, besteen erreakzioaren beldurra… No problem laburraren kasuan, bi lagunminen artean, komunikazio eraginkor bat ezartzeko ezintasuna eta zerbait konkretua adierazteko zailtasunak azaltzen dira.


Film batek ematen digun kanpo-perspektiba aprobetxatuz, uste dut Coffe and Cigarettes-ek komunikazio eraginkor eta lasai batek giza harremanetan duen garrantziaz ohartarazi gaitzakela. Bada solasaldi on batek gaia agortu behar du, ez solaskideak.


Agian ez da gure bizitza aldatuko duen filma, baina eguneroko plazer txikiez gozatzen eta besteen hitzetan arreta gehiago jartzen erakuts diezaguke. «Bizitzako gauza guztietan aurkitu daiteke plazerra ondo dastatzen jakinez gero», esaten zuen aspalditik Ganivetek...

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money