2012/02/27

ELKARRIZKETA: Maitena Salinas: “Dokumental hau, beste askoren lehen urratsa izatea espero dut”


Maitena Salinas Beiztegi (Beasain, 1980) komunikatzailea, Pilates-eko entrenatzailea, zine-zuzendaria, aktorea... eta ororen gainetik emakumea. Oraingoan zinema zuzendari lanetan bigarren filma amaitu eta otsailaren 29an ‘GEA’ dokumentala aurkeztuko du Ordiziako Barrena jauregian.
Nola sortu zen ‘GEA’ grabatzeko ideia?
Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi nuen eta duela gutxi Giza Eskubideetan espezializatu nintzen. Gauza biak uztartu eta dokumentalen munduan sartzera animatu naiz. Tresna horiek erabilita jendeari pentsaraztea da dokumentalaren helburuetako bat.
Zer dela eta aukeratu duzue izenburu hori?
Dokumentala elebiduna denez bi esanahi ezberdin zituen titulu bat pentsatzen hasi nintzen. Alde batetik, Gea-k goierriko euskalkian gara esan nahi du. Emakumeak ikustarazteko balio duela uste dut, hemen gaudela adierazi ozen eta inongo beldur eta lotsarik gabe. Beste alde batetik Gea, ama lurra irudikatzen duen jainkosaren izena ere bada. Emakumeen barne boterea berreskuratzeko aldarrikapena egin nahi genuen bigarren adiera horrekin zenbait erlijiok emakumea etsai bihurtu eta alde batera utzi baitzuten.
Goierriko emakumeek gizartearekin duten harremana hartu duzu dokumentalaren ardatz moduan...
Bai, baina ez dut nahi sententzi modura ulertzea nahi gure artean ere desberdintasun ugari baitaude. Askatasunez bizi ezin den harreman bat da. Hainbat adibide daude: alargunek, legeak direla eta ez dituzte euren eskubideak lortzen eta emakumeen eta gizonen soldatak ez dira berdinak nahiz eta betebehar berberak eduki. Biolentzia matxista ere hor dago, eta tamalez ohitzen hasiak garela ematen du... Amatasunaren, sexu-heziketaren inguruan presio sozial ugari daude, besteak beste.
Azken finean, emakumea beti dago besteentzat eta oso gutxitan bere buruarentzat. Adibide asko jarri daitezke honen inguruan. Bada garaia guzti honekin amaitu eta bidea egiten jarraitzeko. Gauza asko lortu dira, baina oraindik asko dago egiteko eta ezin dugu hori ahaztu. 
Beasaindarra zara jaiotzez, baina badira urte batzuk ez zarela bertan bizi...
Beasainen jaio eta bizitakoa naiz. Goierriko emakumeen elkarteetara urbildu naizen lehenengo aldia izan da baina. Batzuetan kanpora joan behar duzu zure herrian zer dagoen ikusteko. Emakume zoragarri eta eskuzabalak ezagutu ditut. Euren denbora eta bihotza beste emakume askok bizitza hobeago bat izan dezaten eskaintzen dute. Horrelako pertsonak beharrezkoak dira mundu honetan, haiai esker gizarteak hobera egiteko aukera baitu.
Zenbat denbora igaro duzue proiektu honetan lanean?
2010eko udaberrian egin genituen lehenengo bilerak. Bertan, Farapi (Antropologian adituek osatzen duten enpresa), Kimetz, Asmube eta Sorgiñemak emakume elkarteen ordezkariek eta nik parte hartu genuen. Emakume elkarteen garrantzia zabaltzeko zerbait desberdina eta eraginkorragoa egin nahi zuten. Emakunde eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa jaso ondoren grabaketari ekin genion Estiko ekoiztetxearekin. 2011ko urtarrilean bukatu genituen grabaketak eta hilabeteetako edizio lanaren ondoren, orain aspaldian hasitako proiektu honek azkenean argia ikusiko du!
Zer moduzko esperientzia izan da?
Esperientzia zearo aberasgarria izan da, bai profesionalki eta bai pertsonalki. Emakume bezala hazteko balio izan dit. Emakume elkarteen garrantzia gertutik bizitzeko aukera eman dit.
Baina ez da lehenengo esperientzia izan zuzendari lanetan...
Ez, aurretik Gipuzkoako etorkinen normaltasunaren inguruan SOS Arrazakeria elkartearentzat egindako dokumental bat zuzendu nuen: ‘Pangea’.
Zer ikusiko dute otsailaren 29an Ordiziako Barrena Jauregira hurbiltzen direnek?
Zazpi emakume protagonista daude: baserritar bat, etorkin bat, Kimetz, Asmube eta Sorginemak elkarteetako ordezkariak, gizarte langile bat eta antropologa bat. 30 eta 65 urte bitarteko emakumeek gai askoren inguruan hitz egingo dute beraien esperientzia pertsonaletik abiatuta. 35 minutuan lana, amatasuna, emigrazioa, komunikabideak, elkarteratzea, sentimenduak, elkartasuna... Errealitatea bere osotasunean azaltzeko ahots gehiago falta badira ere, zati bat azaltzeko aukeraketa ederra egin dugula uste dut. Gainera, dokumental hau, beste askoren lehen urratsa izatea espero dut.
Goenkaleren azken denboraldian Mireia Miranda modelo eta diseinatzaile aberatsaren pertsonaia antzezten duzu. Nola uste duzu ikusiko lukeela feminismoa Mireiak?
Galdera bikaina! Iruditzen zait Mireia ere feminista izan daitekeela zentzu batzuetan, beti defendatzen du bere askatasuna eta autonomia, bere ama izaera ere ez da batere ohikoa, ez ditu bere izaeraren beste arloak alde batera uzten horretan bakarrik zentratzeko. Nik uste dut adinak agian gauzak beste era batera aztertzera eraman duela, ziur aski gaztetan ez zen horrelakoa. Modelo munduak patriarkatuaren gauza asko azal ditzake bere alde erradikalenean, argalegi egon beharraren obligazioa, emakumeen fisikoari lotutako obsesioa, beti zoragarri egon beharraren itxura, gizonentzat objektu eder bat izan beharraren tirania… eurei eskatzen ez zaiena, ez gradu berdinean, behintzat, eta hori komunikabideetan ere garbi ikusi daiteke. Nik uste dut guzti horrek zer pentsatua emango ziola bizitzak aurrera egin ahala, baina bere irudian oraindik oso estankatuta dago, ez da batere askea, eta hori ere, landu beharko luke nire ustez.
Eta nola ikusten duzu feminismoa zuk?
Niretzat feminismoa askatasun bide bat da, zure burua errespetatu eta errespetaraztea eramaten zaituena. Emakumeen eskubideak eta betebeharrak defendatzen ditu, menpekotasuna alde batera utziz. Ez da matxismoaren kontrakoa, hembrismoa litzatekeena, ze horrek emakumea gizonaren gainetik egon beharko lukeela adierazten du, beraz, gizonak ere feminista izan daitezke! Nik uste dut desberdintasuna oso aberasgarria dela, emakume guztiak ez gara berdinak, ezta gizonak ere, polita litzateke denak besteengandik ikasteko eta hazteko aukera izatea, baina gaur egun erabat lortuta ez egon arren, berdintasunetik abiatuta. Ziur horrek gizarte osasuntsuago bat edukitzera eramango gaituela.
 
Testua: Ander Barinaga-Rementeria

1 iruzkin:

Unknown said...

Dokumentala Ordiziako Barrena Jauregian emango dute datorren otsailaren 29an 19:00etan.

Info+: http://www.facebook.com/pages/GEA/129366883852239

Post a Comment

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money