Showing posts with label dokumentala. Show all posts
Showing posts with label dokumentala. Show all posts

2012/03/21

The Black Power Mixtape 1967-1975, irakaspen historiko eta morala


Testua: Julen BIGURI

Eskubideen eta berdintasunaren aldeko borrokaren irakaspen ikaragarria dugu The Black Power Mixtape 1967-1975 (2011) dokumentala. 60. eta 70. hamarkadetako beltzen aldeko borrokaren gertaerez baliatuz, historia osoa azaldu eta kritika sutsua egiten die AEBei. Dokumentalean Angela Davis, Erykah Badu, Harry Belafonte eta Bobby Sealen iruzkinak agertzen dira, besteak beste.



Martin Luther King-en eta Kennedy-ren hilketekin hasi eta 70eko Harlem-eko drogen gudak sortutako ghettoekin amaitzen da filma. Tartean Stokely Carmichael aktibista, Pantera Beltzak eta Vietnamgo gerraren narrazioak partekatzen dira. Beltzen aldeko borrokaren historia ez ezagutuz gero, nahitaezkoa da dokumentala ikustea.

Artxiboko irudiek inoiz baino gehiago erakusten digute Pantera Beltzek eraiki zuten bizikidetza eta hezkuntza marxista, bai eta yankiek arraza beltzeko pertsonei egindako diskriminazioa. Eta nahiz eta berdintasunaren aldeko borrokak inspiratu, oraindik asko egiteke dagoela gogoratu nahi digu.


Suediako garaiko kazetariek egindako erreportaia eta elkarrizketekin mixtape bat egitea izan zen Göran Hugo Olsson-en ideia. Ideia garatu eta edizio bikaina bideratu zuten, Sundanceko Dokumentalen Edizio Onenaren Saria jaso baitzuen 2011n. Gainera, Berlinalen Panorama eta Suediako Zinema Jaialdiko Edizio Onenaren eta Musika Onenaren sariak irabazi zituen urte berean.


Zuzendari suediarrak Story ekoiztetxean lan egiten du eta arrazismoaren kontrako kritika bideratu du bere lan askotan: Am I Black Enough For You (2008), Ikon South Africa (2010). Kolaborazio asko egin ditu ikus-entzunezko eta publizitate esparruko aldizkarietan. Eta twitterren ere aurkitu dezakezue: @limpasen. Seguruenik, Göran-i buruz gehiago entzungo dugu, laburmetrai feminista batzuetan lan egiten omen dabil azkenaldian.

2012/02/27

ELKARRIZKETA: Maitena Salinas: “Dokumental hau, beste askoren lehen urratsa izatea espero dut”


Maitena Salinas Beiztegi (Beasain, 1980) komunikatzailea, Pilates-eko entrenatzailea, zine-zuzendaria, aktorea... eta ororen gainetik emakumea. Oraingoan zinema zuzendari lanetan bigarren filma amaitu eta otsailaren 29an ‘GEA’ dokumentala aurkeztuko du Ordiziako Barrena jauregian.
Nola sortu zen ‘GEA’ grabatzeko ideia?
Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi nuen eta duela gutxi Giza Eskubideetan espezializatu nintzen. Gauza biak uztartu eta dokumentalen munduan sartzera animatu naiz. Tresna horiek erabilita jendeari pentsaraztea da dokumentalaren helburuetako bat.
Zer dela eta aukeratu duzue izenburu hori?
Dokumentala elebiduna denez bi esanahi ezberdin zituen titulu bat pentsatzen hasi nintzen. Alde batetik, Gea-k goierriko euskalkian gara esan nahi du. Emakumeak ikustarazteko balio duela uste dut, hemen gaudela adierazi ozen eta inongo beldur eta lotsarik gabe. Beste alde batetik Gea, ama lurra irudikatzen duen jainkosaren izena ere bada. Emakumeen barne boterea berreskuratzeko aldarrikapena egin nahi genuen bigarren adiera horrekin zenbait erlijiok emakumea etsai bihurtu eta alde batera utzi baitzuten.
Goierriko emakumeek gizartearekin duten harremana hartu duzu dokumentalaren ardatz moduan...
Bai, baina ez dut nahi sententzi modura ulertzea nahi gure artean ere desberdintasun ugari baitaude. Askatasunez bizi ezin den harreman bat da. Hainbat adibide daude: alargunek, legeak direla eta ez dituzte euren eskubideak lortzen eta emakumeen eta gizonen soldatak ez dira berdinak nahiz eta betebehar berberak eduki. Biolentzia matxista ere hor dago, eta tamalez ohitzen hasiak garela ematen du... Amatasunaren, sexu-heziketaren inguruan presio sozial ugari daude, besteak beste.
Azken finean, emakumea beti dago besteentzat eta oso gutxitan bere buruarentzat. Adibide asko jarri daitezke honen inguruan. Bada garaia guzti honekin amaitu eta bidea egiten jarraitzeko. Gauza asko lortu dira, baina oraindik asko dago egiteko eta ezin dugu hori ahaztu. 
Beasaindarra zara jaiotzez, baina badira urte batzuk ez zarela bertan bizi...
Beasainen jaio eta bizitakoa naiz. Goierriko emakumeen elkarteetara urbildu naizen lehenengo aldia izan da baina. Batzuetan kanpora joan behar duzu zure herrian zer dagoen ikusteko. Emakume zoragarri eta eskuzabalak ezagutu ditut. Euren denbora eta bihotza beste emakume askok bizitza hobeago bat izan dezaten eskaintzen dute. Horrelako pertsonak beharrezkoak dira mundu honetan, haiai esker gizarteak hobera egiteko aukera baitu.
Zenbat denbora igaro duzue proiektu honetan lanean?
2010eko udaberrian egin genituen lehenengo bilerak. Bertan, Farapi (Antropologian adituek osatzen duten enpresa), Kimetz, Asmube eta Sorgiñemak emakume elkarteen ordezkariek eta nik parte hartu genuen. Emakume elkarteen garrantzia zabaltzeko zerbait desberdina eta eraginkorragoa egin nahi zuten. Emakunde eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa jaso ondoren grabaketari ekin genion Estiko ekoiztetxearekin. 2011ko urtarrilean bukatu genituen grabaketak eta hilabeteetako edizio lanaren ondoren, orain aspaldian hasitako proiektu honek azkenean argia ikusiko du!
Zer moduzko esperientzia izan da?
Esperientzia zearo aberasgarria izan da, bai profesionalki eta bai pertsonalki. Emakume bezala hazteko balio izan dit. Emakume elkarteen garrantzia gertutik bizitzeko aukera eman dit.
Baina ez da lehenengo esperientzia izan zuzendari lanetan...
Ez, aurretik Gipuzkoako etorkinen normaltasunaren inguruan SOS Arrazakeria elkartearentzat egindako dokumental bat zuzendu nuen: ‘Pangea’.
Zer ikusiko dute otsailaren 29an Ordiziako Barrena Jauregira hurbiltzen direnek?
Zazpi emakume protagonista daude: baserritar bat, etorkin bat, Kimetz, Asmube eta Sorginemak elkarteetako ordezkariak, gizarte langile bat eta antropologa bat. 30 eta 65 urte bitarteko emakumeek gai askoren inguruan hitz egingo dute beraien esperientzia pertsonaletik abiatuta. 35 minutuan lana, amatasuna, emigrazioa, komunikabideak, elkarteratzea, sentimenduak, elkartasuna... Errealitatea bere osotasunean azaltzeko ahots gehiago falta badira ere, zati bat azaltzeko aukeraketa ederra egin dugula uste dut. Gainera, dokumental hau, beste askoren lehen urratsa izatea espero dut.
Goenkaleren azken denboraldian Mireia Miranda modelo eta diseinatzaile aberatsaren pertsonaia antzezten duzu. Nola uste duzu ikusiko lukeela feminismoa Mireiak?
Galdera bikaina! Iruditzen zait Mireia ere feminista izan daitekeela zentzu batzuetan, beti defendatzen du bere askatasuna eta autonomia, bere ama izaera ere ez da batere ohikoa, ez ditu bere izaeraren beste arloak alde batera uzten horretan bakarrik zentratzeko. Nik uste dut adinak agian gauzak beste era batera aztertzera eraman duela, ziur aski gaztetan ez zen horrelakoa. Modelo munduak patriarkatuaren gauza asko azal ditzake bere alde erradikalenean, argalegi egon beharraren obligazioa, emakumeen fisikoari lotutako obsesioa, beti zoragarri egon beharraren itxura, gizonentzat objektu eder bat izan beharraren tirania… eurei eskatzen ez zaiena, ez gradu berdinean, behintzat, eta hori komunikabideetan ere garbi ikusi daiteke. Nik uste dut guzti horrek zer pentsatua emango ziola bizitzak aurrera egin ahala, baina bere irudian oraindik oso estankatuta dago, ez da batere askea, eta hori ere, landu beharko luke nire ustez.
Eta nola ikusten duzu feminismoa zuk?
Niretzat feminismoa askatasun bide bat da, zure burua errespetatu eta errespetaraztea eramaten zaituena. Emakumeen eskubideak eta betebeharrak defendatzen ditu, menpekotasuna alde batera utziz. Ez da matxismoaren kontrakoa, hembrismoa litzatekeena, ze horrek emakumea gizonaren gainetik egon beharko lukeela adierazten du, beraz, gizonak ere feminista izan daitezke! Nik uste dut desberdintasuna oso aberasgarria dela, emakume guztiak ez gara berdinak, ezta gizonak ere, polita litzateke denak besteengandik ikasteko eta hazteko aukera izatea, baina gaur egun erabat lortuta ez egon arren, berdintasunetik abiatuta. Ziur horrek gizarte osasuntsuago bat edukitzera eramango gaituela.
 
Testua: Ander Barinaga-Rementeria

2011/09/20

Harrera beroa‘Bertsolari’ filmari

Asier Altuna bergararrak, bertsoaren mundura hurbildu nahi izan ditu ikus-entzuleak. Nahi eta egin. 2009an BECen ospatu zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa nagusia ardatz, 90 minututan, bertsolaritzaren mendeetako historia eta artea laburbiltzen saiatu da. Horretarako bidelagun izan ditu, besteak beste, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Jon Sarasua, John Miles Foley, Joseba Zulaika eta Miren Amuriza. Argazki bikain batek lagunduta eta muntaia txukun eta zaindu batekin, gaur egungo gizarte ikusgarri eta efektista batean inoiz baino biziago iraun duen artea azaltzeko saiakera bat da hau. Peñagarikano bertsolariaren hitzetan bertsolaritza hemen zein nazioartean ezagutarazteko balioko du. Txalo zaparrada izugarria jaso zuten lantaldeko kideek filma amaitzearekin batera, jendez lepo zegoen Kursaaleko areto nagusian. Zinemaldiko sail ofizialean aurkeztu da, lehiaketaz kanpo bada ere.

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money