60 zenbaki borobila dela eta Donostiako Zinemaldiko antolatzaileek aurtengoa edizio berezia izatea nahi dute. Ohikoak diren Donostia sariak ez ezik, urteurrena ospatzeko sari bereziak ere emango dituzte.
John Travolta aktorea izango da Donostia sarietako bat, bera izango da hiruretatik lehena. Grease musikalarekin egin zen ezagun. Pulp Fiction zein beste hainbat filmek eraman zuten aktorerik ezagunenetariko bat izatera. Zinemaldiko edizio honetan Savages bere azken lana aurkeztuko du. Zinemaldiko lehenengo igandean jasoko du Donostia Sarietako hirugarrena.
Ewan McGregor aktore gazteak jasoko du beste bat, irailaren 27an. Saria jaso ondoren The Impossible filma estreinatuko dute. Juan Antonio Bayonak zuzendu du luzemetraia eta 2004ko tsunamian bizitako esperientzia lazgarria du ardatz. Telecinco Cinema eta Apaches ekoiztetxeen koprodukzio bat da eta Warner Bros. etxeak banatuko du.
Tommy Lee Jones aktoreak irabazi du aurtengo beste Donostia sari bat. Hollywoodeko aktore ezagunenetakoak Oscar sari bat irabazi zuen 1993an The Fugitive filmagatik. Zinemaldiko Zabaltegi Perlak sailean aurkeztuko du bere azkenengo lana Hope Springs. Irailaren 28an jasoko du saria Kursaal aretoan. Oscarra ez ezik Canneseko jaialdian gizonezko aktore onenaren saria zein Urrezko Globo bat ere irabazi ditu aktore amerikarrak.
Urtemuga ospatzeko bi sari gehiago emango dituzte aurten. Oliver Stone zuzendariak jasoko du lehena eta Dustin Hoffman aktoreak jasoko du bigarrena.
Donostiako Zinemaldiaren 60. edizioaren barruan film labur "express" lehikaeta bat antolatuko da irailaren 22 eta 23an.
Lehiaketako erronka nagusia 30 ordu baino gutxiagoan, jaialdian bertan ezagutara emango duten gaiarekin film labur bat egitea da. Parte hartzaileak ez dira zertan profesionalak izan baldintza bakarra norberaren ekipoa eramatea da.
Hiru sari daude lehenengoa 1000 eurokoa, bigarrena 800 eurokoa eta hirugarrena 600 eurokoa.Zinemaldiko Sail Ofizialean bezala, Publikoaren Saria ere badago. Hau irailaren 24, 25 eta 26an online bozkatuko da www.zinemaexpress.com web orrian. Sarien ematea Gazteriaren Itxiera Ekitaldian egingo da.
Arbitrage Nicholas Jareckik idatzi eta zuzendu duen lehenengo fikziozko luzemetraia Donostiako Zinemaldiko 60. edizioaren inagurazio ekitaldian estreinatuko da.
Richard Gere eta Susan Sarandon protagonista dituen film estatubatuarra Sail Ofizialean lehiatuko da.
Bi aktore protagonistek, Richard Gere eta Susan Sarandonek Donostia sari bana irabazi zuten 2007an eta 1995ean hurrenez hurren. Arbitragegoi mailako finantzen munduko maitasunari eta leialtasunari buruzko thrillerra da. Laetitia Casta, Tim Roth, Brit Marling eta Nate Parker dira filmeko beste aktore batzuk. Filmaren protagonista Robert Miller magnatea (Richard Gere) da; 60 urte betetzeko bezperan, arrakasta amerikarraren erretratu perfektua dirudi, dela bizitza pertsonalean, dela familiakoan. Ellen emazte fidela (Susan Sarandon), Brooke alaba eta bere inperioaren oinordekoa (Brit Marling) beti ondoan dituela ageri da. Baina, etxe handi eta dotorearen urrezko hormen atzean, Miller etsipenak jota egongo da, bere inperioa banku handi bati saldu nahi baitio, egin duen iruzur bat ezagutarazi baino lehen. Gainera, maitasun istorio bat bizi du arte-merkatari frantses batekin (Laetitia Casta), emazteak eta alabak jakin gabe. Arazoak sortzen dizkion inperioaz libratu behar duenean, hain justu, ustekabeko akats anker batek iraganeko mamuak bistaratuko dizkio, eta moral bikoitzaren mugen aurrean jarri beharko du.
Luis Mariasek zuzendutako Gernika bajo las bombas bi ataleko tv movie-a Donostiako 60. Zinemaldian estreinatuko da telebistaz eman aurretik. Lan hau Euskal Telebista, Erpin 360º, Vértice Cine eta Baleukok ekoitzi dute TV3,TVG, Canal Sur, ICAA eta Eusko Jaurlaritzaren partaidetzarekin.
Atal bakoitzak 75 minutuko iraupena izango du eta istorio errealak eta fikziozkoak nahastuko dituzte. Kontakizun guztiek lotura izango dute, 1937ko apirilaren 26an Kondor legioaren bonbardaketa izango baitute oinarri. Aktore euskaldunek eta atzerrikoek parte hartu dute, besteak beste, Marc Clotet, Aitor Mazo, Lander Otaola, Teresa Calo, Egoitz Sanchez, Sara Casasnovas, Roberto Alvarez, Antonio Dechente, Pep Tosar eta Ramon Bareak
Ekoizpenean lan-talde zabala aritu da: 60 teknikari, 43 aktore eta 700 lagunetik gora aritu dira figurante. Donostian, Hernanin, Oñatin, Oiartzunen eta Burgosen ibili dira filmatzen.
Proiektu honetan, Luis Mariasekin batera, Aitor Vitoria aritu da zuzendari laguntzaile lanetan. Asier Bilbao ekoizpenaren zuzendaria da eta Mikel Huercanos produkzio buru. Pau Monras argazkiaren zuzendaria eta Pello Villalba zuzendari artistikoa. Musikaz Jose Ramon Gutierrez Hermida arduratu da, Josune Lasa jantziez eta Eva Alfonso makillajeaz. Natalie Garcia eta Eduardo Barinaga dira produktore eragileak.
Barrura begiratzeko lehioak filma aurrera ateratzeko behar ziren 40.000 euroak bildu ditu Zinez elkarteak. Mireia Gabilondo, Enara Goikoetxea, Josu Martinez, Txaber Larreategi eta Eneko Olasagastik bost presoren historia kontatuko dute film honetan. Azken hilabeteetan egondako hainbat arazo zirela eta, Zinez elkarteko kideek diru-laguntza publikoei uko egitea erabaki zuten. Beste finantziazio iturririk ezean, crowfunding kanpaina hasi zuten elkarteko kideek eta eskatutako dirua baino gehiago biltzea lortu dute. Jendeak baina, dirua ematen jarraitu dezake www.zinez.net webgunean. Filma irailean estreinatuko dute.
Michael Haneke zuzendari australiarraren Amour filma izan da epaimahaiaren ustez Canneseko 65. Zinemaldiko pelikularik onena. Emmanuelle Riva eta Jean-Louis Trintignaten dira filmeko protagonistak. Ramon Agirre donostiarrak ere paper txiki bat dauka filmean. Oraingoan Audrey Tatou eta Adrien Brody aktoreek eman diote saria. 2009an The white ribbon (Zinta zuria) lanarekin sari bera irabazi zuen.
Hauek izan dira igandean banatu ziren gainontzeko sariak:
- Epaimahaiaren sari nagusia: Really (Matteo Garrone).
- Emakumezko aktorerik onena: Cristina Flutur eta Cosmina Stratan Dupa Dealuri lanagatik.
- Gizonezko aktorerik onenaren saria Mads Mikkelsen Jagten La Chasse lanean egindako antzezpenagatik.
- Zuzendari onenaren saria: Carlos Reygadas Post tenebras lux lanagatik.
- Gidoi honena: Dupa Dealuri, Cristian Mungiuren Mas allá de las colinas lanagatik.
- Epaimahaiaren aipamen berezia: Ken Loachen The angels share filma.
- Opera prima onenaren urrezko kamera: Benh Zeitlin-en Beast of the southern wild lanari.
- Laburmetrai onena: L. Rezan Yesilbasen Sessiz-be deng lana.
Bakearen
eta Giza Eskubideen Etxearen eta Donostia Kulturarekin lankidetzan Donostiako Udalak
antolatutako Giza Eskubideen Zinemaldiak 10 urte beteko ditu aurten. Nahiz eta aurten aurrekontua murriztu, urteroko kalitatea mantentzen saiatuko dira antolatzaileak.16 film ikusi ahal izango dira Sail Ofizialean (horietatik 2 lehiaketaz kanpo emango dira). Aurten ere, aurreko edizioetan bezala, filmen inguruko solasaldiak antolatuko dituzte. Filmak Victoria Eugenia antzokian ikusi ahal izango dira eta sarrerek 4 euro balioko dute, hala ere saio guztiak ikusteko balioko duen 20 €ko abonua ere eskuratu ahal izango da. Hona hemen sail ofizialean ikusi ahal izango diren filmak:
“Satorrak”: Errepresio frankistatik
ezkutatuta
1.30 AÑOS DE OSCURIDAD (2011). Manuel H. Martín. Espainia
Itsuak
diren pertsonen eskubideak
2.CAMERA OBSCURA (2011). Maru Solores. Espainia
Lesbianismoa
eta errepresio sexuala Iranen
3.CIRCUMSTANCE (2011). Maryam Keshavarz. Estatu
Batuak-Iran-Frantzia-Libano
Zinea eta
adierazpen askatasuna
4.THIS IS NOT A FILM (2011). Jafar Panahi, Mojtaba Mirtahmasb. Iran
Euskal
Herria eta erabakitze eskubidea
5.GAZTA ZATI BAT / A PIECE OF CHEESE (2012). Jon Maia. Euskal
Herria
Nazioarteko
ardura-gabekeria saharar herriaren aurrean
6.HIJOS DE LAS NUBES, LA ÚLTIMA COLONIA (2012). Álvaro Longoria. Espainia-Estatu Batuak
Haurren
aurkako sexu abusuak eta indarkeria
7.MICHAEL (2011). Markus Schleinzer. Austria
Elkartu gaitezen eta eskubide
murrizketari aurre egin
8.LES NEIGES DU KILIMANDJARO (2011). Robert Guédiguian. Frantzia
Informazioa:
Eskubidea edo merkantzia?
9.LOS OJOS DE LA GUERRA (2011). Roberto Lozano Bruna. Espainia
Gatazkak
kudeatzeko elkarrizketaren ahalmena
10.L’ORDRE ET LA MORALE (2011). Mathieu Kassovitz. Frantzia
(INAUGURAZIOA)
Hezkuntza, hizkuntza
gutxituak eta identitatea
11.MONSIEUR LAZHAR (2011). Philippe
Falardeau. Kanada
Justiziaren
izenean hiltzea
12.GIVE UP TOMORROW (2011). Michael Collins. Estatu Batuak
Bizitza
sexual asea izateko eskubidea eta ezintasuna
13.SCARLET ROAD. A SEX WORKER’S JOURNEY (2011). Catherine
Scott. Australia
Asilo legea eta migrazio kontrola
14.VOL SPÉCIAL (2011). Fernand Melgar. Suitza
Emakume eta belaunaldi saharar berriak
15.WILAYA (2011). Pedro Pérez-Rosado. Espainia
(BUKAERA) (LEHIAKETATIK KANPO)
Indarkeria-ezazko aktibismoa Euskal Herrian
16.ZIZTADAK / TÁBANOS (2012). Oriol Andrés, Carlos Castro, Gemma García. Euskal Herria (LEHIAKETATIK KANPO)
Aurtengo Giza Eskubideen Zinemaldiko Saria Iciar Bollain aktore eta zine zuzendariari madrildarrari emango diote. Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena dela eta emanaldi berezi bat antolatu dute Zinea eta Gerra Zibila Euskal Herrian izenekoa.
Eskubideen eta berdintasunaren aldeko borrokaren irakaspen ikaragarria dugu The Black Power Mixtape 1967-1975 (2011) dokumentala. 60. eta 70. hamarkadetako beltzen aldeko borrokaren gertaerez baliatuz, historia osoa azaldu eta kritika sutsua egiten die AEBei. Dokumentalean Angela Davis, Erykah Badu, Harry Belafonte eta Bobby Sealen iruzkinak agertzen dira, besteak beste.
Martin Luther King-en eta Kennedy-ren hilketekin hasi eta 70eko Harlem-eko drogen gudak sortutako ghettoekin amaitzen da filma. Tartean Stokely Carmichael aktibista, Pantera Beltzak eta Vietnamgo gerraren narrazioak partekatzen dira. Beltzen aldeko borrokaren historia ez ezagutuz gero, nahitaezkoa da dokumentala ikustea.
Artxiboko irudiek inoiz baino gehiago erakusten digute Pantera Beltzek eraiki zuten bizikidetza eta hezkuntza marxista, bai eta yankiek arraza beltzeko pertsonei egindako diskriminazioa. Eta nahiz eta berdintasunaren aldeko borrokak inspiratu, oraindik asko egiteke dagoela gogoratu nahi digu.
Suediako garaiko kazetariek egindako erreportaia eta elkarrizketekin mixtape bat egitea izan zen Göran Hugo Olsson-en ideia. Ideia garatu eta edizio bikaina bideratu zuten, Sundanceko Dokumentalen Edizio Onenaren Saria jaso baitzuen 2011n. Gainera, Berlinalen Panorama eta Suediako Zinema Jaialdiko Edizio Onenaren eta Musika Onenaren sariak irabazi zituen urte berean.
Zuzendari suediarrak Story ekoiztetxean lan egiten du eta arrazismoaren kontrako kritika bideratu du bere lan askotan: Am I Black Enough For You (2008), Ikon South Africa (2010). Kolaborazio asko egin ditu ikus-entzunezko eta publizitate esparruko aldizkarietan. Eta twitterren ere aurkitu dezakezue: @limpasen. Seguruenik, Göran-i buruz gehiago entzungo dugu, laburmetrai feminista batzuetan lan egiten omen dabil azkenaldian.
Latza da greziarren egoera gaur egun. Zakarra. Ohituta gaude antzinako tenplu eta orakuluen dekadentzia ikusteaz. Ohituta ere aspaldiko zibilizazioaren arrasto higatuak bisitatzeaz. Baina ohituta al gaude hotelen erreinuaren dekadentziaz? Eta turisten ahanzturaz? Eta krisi ekonomiko eta sozialei aurre egiteaz?
Yorgos Lanthimos-ek irrealitate krudeleko filmak egiten ditu horretarako. Latzak. Zakarrak. Isiltasunek hitz egiten dute greziarraren filmetan. Askotan ez dakigu antzezpenak noraino doazen, ezta zein neurritan isiltasun horien beharra dagoen, baina hor daude.
Atenaseko zuzendariak Lakis Lazopoulos-ekin (My Best Friend, 2001) eman zuen pantaila handirako jauzia, lehenago antzerki eta bideoklipekin esperimentuekin ibilia baitzen. Baina bere opera prima Kinetta (2005) izan zela esan dezakegu. Bertan narrazio ez linealak, isiltasun luzeak eta desenfokeak dira ugari. Gus Van Sant-ek erabiltzen dituen tresnetaz baliatzen da greziarra. Pentsa genezake planoak nahigabe atera direla, prestakuntzarik gabe, baina ez da hala gertatzen. Zuzendariak turisten erreinuaren ahanzturan murgiltzen gaitu, greziarren bakardadean; eta bakardade horren parte izatea da jolasaren gakoa.
2009an proiektu landuagoa bideratzen du: Dogtooth. Filma mundutik paseatzen uzten du, eta erantzuna bikaina da: Canneseko “Un certain regard” saria eta Oscarretan Ingelesez besteko film onenaren sarirako proposamena lortzen du, besteak beste. Baina zerk uzten du ikuslea hain ahozabalik? Gizakiaren krudeltasunak.
Errealitatean bideraezina den egoera bat planteatzen zaigu, gizakiaren eta animalien arteko muga definitzen bat ere laguntzen ez duena. Manipulazioari eta ezjakintasunari buruzko gogoeta baino, saiakera bat dugu ikus-entzunezko pieza hau. Azken bost urteetako pelikularik onenetarikoen artean egon beharko luke Dogtooth.
Ondoren, duela gutxi estreinatu duen pelikula (Alps) prestatzen duen artean, Attenberg (2010) pelikulan parte hartzen du aktore eta produktore gisa. Artelana bere laguna den Athina Rachel Tsangari-k zuzentzen du. Istorioak animaliaren eta gizakiaren muga jorratzen du berriro ere, baina Sir David Attenborough-en (hortik izena) dokumentalez baliatuz. “Homo hominis lupus” da, besteak beste, filmak azpimarratzen duen tesia. Hala ere, otsoaren papera Ariane Labed lotsati eta hauskorrak antzezten du; Veneziako Film Festibalean saritua izan zen antzezpena.
Batzuk oraindik ez dakigu zertaz baliatuko den azken pelikulan Yorgos Lanthimos, baina jakiteko irrikitan gaude. Azken finean, bere ibilbide zinematografikoak erakusten duenez, gizakiok ezkutuan ditugun emozio eta egoerak islatzen artista hutsa da. Horretaz gain, Grezia pairatzen ari den krisialdi gogorrean ere 7. arteak aurrera egin ahal duela erakutsi digu, eta nola, gainera!
Topaguneak abian jarritako Laburbira zirkuituaren bederatzigarren edizioak zortzi laburmetrai eramango ditu herriz-herri eta guztira 30 emanaldi eskainiko ditu martxoaren 1etik apirilaren 3ra bitartean Euskal Herrian zein atzerrian. Emanaldien ondoren, ikusleek ikus-entzunezkoen egileekin solasteko aukera izango dute.
Euskarazko ikus-entzunezko urteko produkzioa ezagutarazi eta herrietako kultur eskaintza aberasteko asmoarekin antolatzen du zirkuitu hau tokian tokiko euskara elkarteekin lankidetzan.
Gotzon Elorzak 1961ean zuzendutako Aberria dokumentala, Xoxe Diazen Instalación filma (galegoz euskarazko azpidatziekin), Joseba Uberuagaren Izena duena, Paul Urkijo eta David Zabalaren Ohe azpiko zera, Maialen Sarasuaren Hemen nago, Jon Garañoren Urrezko eraztuna, Gregorio Muroren Zeinek gehiago iraun eta Revolta Oermanent taldearen Kantuka bideoklipa dira ikusi ahal izango diren lanak.
Programazio anitza osatu nahi izan dutela adierazi dute Topaguneko kideek. Emanaldiak non izango diren eta bestelako informazioa kontsultatu daiteke elkartearen webgunean: http://www.topagunea.org/
Martin Scorseseren Hugo ondo hasi bazen ere, The Artist izan da Oscar sarien 84. edizioko irabazle nagusia. Michel Hazanavicius-en filmak irabazi zituen galako sari garrantzitsuenak film onenaren, zuzendari onenaren eta gizonezko aktore protagonista onenaren saria barne (Jean Dujardin). Scorseseren filmak beste bost Oscar irabazi zituen, baina sari guztiak alor teknikokoak izan ziren (Argazki onena, soinu onena, Soinu Efekturiko onenak, Ikus-entzunezko efekturik onenak eta zuzendaritza artistikorik onena).
Alberto Iglesias donostiarra esku hutsik itzuli da etxera Jatorrizko Soinu Bandarik onena The Artist-ena izan dela iritzi baitute akademikoek (Ludovic Bource).
Meryl Streep izan da gaueko izar disdiratsuenetariko bat hirugarren oscarra irabazi baitu The Iron Lady filmean Margaret Thatcher hezurmamitzeagatik. Makillaje onenaren saria ere film honek irabazi du. Christopher Plummer-ek errepartoko gizonezko aktore onenaren saria jaso du Beginners filman egindako lanagatik. Oscar bat jasotzen duen pertsonarik zaharrena izan da 82 urterekin. Errepartoko emakumezko aktore onenaren saria berriz Octavia Spencer-ek irabazi du The Help lanagatik.
Woody Allen-ek laugarren Oscar-a irabazi zuen Midnight in Paris filmeko gidoiagatik, ez zen jasotzera joan eta ez zuen inor bidali bere ordez.
Gore Verbinskiren Rango-k irabazi zuen animaziozko film onenaren saria.
Maitena Salinas Beiztegi (Beasain, 1980) komunikatzailea, Pilates-eko entrenatzailea, zine-zuzendaria, aktorea... eta ororen gainetik emakumea. Oraingoan zinema zuzendari lanetan bigarren filma amaitu eta otsailaren 29an ‘GEA’ dokumentala aurkeztuko du Ordiziako Barrena jauregian.
Nola sortu zen ‘GEA’ grabatzeko ideia?
Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi nuen eta duela gutxi Giza Eskubideetan espezializatu nintzen. Gauza biak uztartu eta dokumentalen munduan sartzera animatu naiz. Tresna horiek erabilita jendeari pentsaraztea da dokumentalaren helburuetako bat.
Zer dela eta aukeratu duzue izenburu hori?
Dokumentala elebiduna denez bi esanahi ezberdin zituen titulu bat pentsatzen hasi nintzen. Alde batetik, Gea-k goierriko euskalkian gara esan nahi du. Emakumeak ikustarazteko balio duela uste dut, hemen gaudela adierazi ozen eta inongo beldur eta lotsarik gabe. Beste alde batetik Gea, ama lurra irudikatzen duen jainkosaren izena ere bada. Emakumeen barne boterea berreskuratzeko aldarrikapena egin nahi genuen bigarren adiera horrekin zenbait erlijiok emakumea etsai bihurtu eta alde batera utzi baitzuten.
Goierriko emakumeek gizartearekin duten harremana hartu duzu dokumentalaren ardatz moduan...
Bai, baina ez dut nahi sententzi modura ulertzea nahi gure artean ere desberdintasun ugari baitaude. Askatasunez bizi ezin den harreman bat da. Hainbat adibide daude: alargunek, legeak direla eta ez dituzte euren eskubideak lortzen eta emakumeen eta gizonen soldatak ez dira berdinak nahiz eta betebehar berberak eduki. Biolentzia matxista ere hor dago, eta tamalez ohitzen hasiak garela ematen du... Amatasunaren, sexu-heziketaren inguruan presio sozial ugari daude, besteak beste.
Azken finean, emakumea beti dago besteentzat eta oso gutxitan bere buruarentzat. Adibide asko jarri daitezke honen inguruan. Bada garaia guzti honekin amaitu eta bidea egiten jarraitzeko. Gauza asko lortu dira, baina oraindik asko dago egiteko eta ezin dugu hori ahaztu.
Beasaindarra zara jaiotzez, baina badira urte batzuk ez zarela bertan bizi...
Beasainen jaio eta bizitakoa naiz. Goierriko emakumeen elkarteetara urbildu naizen lehenengo aldia izan da baina. Batzuetan kanpora joan behar duzu zure herrian zer dagoen ikusteko. Emakume zoragarri eta eskuzabalak ezagutu ditut. Euren denbora eta bihotza beste emakume askok bizitza hobeago bat izan dezaten eskaintzen dute. Horrelako pertsonak beharrezkoak dira mundu honetan, haiai esker gizarteak hobera egiteko aukera baitu.
Zenbat denbora igaro duzue proiektu honetan lanean?
2010eko udaberrian egin genituen lehenengo bilerak. Bertan, Farapi (Antropologian adituek osatzen duten enpresa), Kimetz, Asmube eta Sorgiñemak emakume elkarteen ordezkariek eta nik parte hartu genuen. Emakume elkarteen garrantzia zabaltzeko zerbait desberdina eta eraginkorragoa egin nahi zuten. Emakunde eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa jaso ondoren grabaketari ekin genion Estiko ekoiztetxearekin. 2011ko urtarrilean bukatu genituen grabaketak eta hilabeteetako edizio lanaren ondoren, orain aspaldian hasitako proiektu honek azkenean argia ikusiko du!
Zer moduzko esperientzia izan da?
Esperientzia zearo aberasgarria izan da, bai profesionalki eta bai pertsonalki. Emakume bezala hazteko balio izan dit. Emakume elkarteen garrantzia gertutik bizitzeko aukera eman dit.
Baina ez da lehenengo esperientzia izan zuzendari lanetan...
Ez, aurretik Gipuzkoako etorkinen normaltasunaren inguruan SOS Arrazakeria elkartearentzat egindako dokumental bat zuzendu nuen: ‘Pangea’.
Zer ikusiko dute otsailaren 29an Ordiziako Barrena Jauregira hurbiltzen direnek?
Zazpi emakume protagonista daude: baserritar bat, etorkin bat, Kimetz, Asmube eta Sorginemak elkarteetako ordezkariak, gizarte langile bat eta antropologa bat. 30 eta 65 urte bitarteko emakumeek gai askoren inguruan hitz egingo dute beraien esperientzia pertsonaletik abiatuta. 35 minutuan lana, amatasuna, emigrazioa, komunikabideak, elkarteratzea, sentimenduak, elkartasuna... Errealitatea bere osotasunean azaltzeko ahots gehiago falta badira ere, zati bat azaltzeko aukeraketa ederra egin dugula uste dut. Gainera, dokumental hau, beste askoren lehen urratsa izatea espero dut.
Goenkaleren azken denboraldian Mireia Miranda modelo eta diseinatzaile aberatsaren pertsonaia antzezten duzu. Nola uste duzu ikusiko lukeela feminismoa Mireiak?
Galdera bikaina! Iruditzen zait Mireia ere feminista izan daitekeela zentzu batzuetan, beti defendatzen du bere askatasuna eta autonomia, bere ama izaera ere ez da batere ohikoa, ez ditu bere izaeraren beste arloak alde batera uzten horretan bakarrik zentratzeko. Nik uste dut adinak agian gauzak beste era batera aztertzera eraman duela, ziur aski gaztetan ez zen horrelakoa. Modelo munduak patriarkatuaren gauza asko azal ditzake bere alde erradikalenean, argalegi egon beharraren obligazioa, emakumeen fisikoari lotutako obsesioa, beti zoragarri egon beharraren itxura, gizonentzat objektu eder bat izan beharraren tirania… eurei eskatzen ez zaiena, ez gradu berdinean, behintzat, eta hori komunikabideetan ere garbi ikusi daiteke. Nik uste dut guzti horrek zer pentsatua emango ziola bizitzak aurrera egin ahala, baina bere irudian oraindik oso estankatuta dago, ez da batere askea, eta hori ere, landu beharko luke nire ustez.
Eta nola ikusten duzu feminismoa zuk?
Niretzat feminismoa askatasun bide bat da, zure burua errespetatu eta errespetaraztea eramaten zaituena. Emakumeen eskubideak eta betebeharrak defendatzen ditu, menpekotasuna alde batera utziz. Ez da matxismoaren kontrakoa, hembrismoa litzatekeena, ze horrek emakumea gizonaren gainetik egon beharko lukeela adierazten du, beraz, gizonak ere feminista izan daitezke! Nik uste dut desberdintasuna oso aberasgarria dela, emakume guztiak ez gara berdinak, ezta gizonak ere, polita litzateke denak besteengandik ikasteko eta hazteko aukera izatea, baina gaur egun erabat lortuta ez egon arren, berdintasunetik abiatuta. Ziur horrek gizarte osasuntsuago bat edukitzera eramango gaituela.
Julio Jorquera txiletarraren Mi último round filmak irbazi du Bilboko Zinegoak Gay-Lesbo-Trans bederatzigarren Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdikofikziozko film luzeen atalean. Txile hegoaldeko boxeolari eta sukaldari gazte baten amodio istorioa da film honen ardatza. Epaimahaiak lanaren nortasun eta estilo propioa saritu nahi izan ditu. Publikoaren saria berriz, Mitzuyo Miyatzaki zuzendariaren Tsuyako film laburrak irabazi du. Dokumentalik onenaren saria Lucía Egaña Rojas kataluniarraren Mi sexualidad es una creación artístika lanarentzat izan da.
Donostiako zinemaldian aurkeztu zen 'The Artist' film mutuak hiru sari eskuratu ditu The Golden Globes sarien 69. edizioan. Komedia edo musikal onenari urrezko globoa, aktore onenari (Jean Dujardin) eta soinu banda original onenari (Ludovic Bource) saria jaso ditu zuri-beltzeko filmak 'The Descendants' dramak bestalde bi sari jaso ditu drama onenari eta gizonezko drama aktore onenari (Geroge Clooney). Hiru ordu inguruko gala aurkeztu du iaz hain polemikoa izan zen Ricky Gervais komediagile ingelesak.
Meryl Streep aktoreak gainera zortzigarren Urrezko Globoa eskuratu du emakumezko drama aktore onenaren kategorian 'The Iron Lady' lanagatik. Zuzendari onenaren saria Martin Scorsese zuzendari mitikoak jaso du 3 dimentsiotan egindako bere lehenengo pelikulagatik; 'Hugo'
Woody Allen, Steven Spielberg eta Madonna izan dira galako beste protagonista batzuk. Aurtengo atzerriko hizkuntza bateko film onenaren saria 'A separation' filme iraniar arrakastatsuarentzat izan da.
Morgan Freemanek Cecil B. DeMille ohorezko saria jaso du bere ibilbide profesionalagatik Sidney Poitierren eskutik.
Jakitegatik jende askok daki Gerra Zibilean jasotakoaren berri. Baina gutxiago dira gertaera horietaz hausnartu eta ondorioak ateratzen ausartu direnak. Laudioko (Araba) zenbait bizilagunek hala uste dute, eta horregatik, Otsoaren Hatsa laburmetraia grabatu dute, ez ahazteko.
Laudioar talde horrek azaldu duenez, «Espainiar estatu mailan egin dira Gerra Zibilari buruzko pelikulak, eta batzuk oso onak gainera». Baina, azpimarratu dutenez, Euskal Herrian ez da gai horri buruzko zinemagintza apenas landu. Hala, laburmetrai honekin beraien «ekarpentxoa» egin nahi izan dute.
Film labur honetan, burdinazko gerrikoko gudari talde baten nondik norakoak kontatzen dira. Otsoaren arnasa geroz eta hurbilago daukate, eta elkarren arteko konfiantza eta elkarlana nahitaezkoa egingo zaizkie muturreko egoera horretan.
Zinemaren munduan, aurretik zenbait saiakera egin dituzten arren, Otsoaren Hatsa grabatzeak aparteko zenbait zailtasun ekarri dizkie laudioarrei. «Ez dugu ahaztu behar hau akziozko eta gerrazko pelikula bat dela eta horrek eszenografia aldetik asko eskatzen dizu». Goikogane mendiko magaletan grabatu dute filma, bertan dauden gerrako lubakietan. Izan ere, historiarekiko fideltasun ahalik eta handiena mantendu nahi izan dute. Horretarako hainbat historialarirekin hitz egin eta garaiko dokumentu ugari kontsultatu dituzte, emaitza «duin» bat lortzeko asmoz, egileen esanetan.
Gainera, esan beharra dago aurreko guztia beraien poltsikoko diruarekin ordaindu dutela; diru-laguntzak, eskatu badituzte ere, jaso ez dituztelako.
Filma martxoaren 11an estreinatuko dute Laudion, eta emanaldi horren ostean lana beste zenbait herri eta jaialditan proiektatzeko asmoa erakutsi dute.