2011/10/25

Elkarrizketa: Blanca Portillo: “Antzerkiak derrigorrezko ikasgaia izan beharko luke”

Madrilen jaio zen Blanca Portillo aktorea. RESAD Arte Dramatikoaren Goi Eskola Errealean graduatu ondoren, 30 antzerki lanetan parte hartu du; baita telebistako eta zinemako hainbat proiektutan ere. Hori gutxi balitz, 1997. urtetik aurrera zuzendari moduan ikusi dugu hainbat lanetan.


Testua: Goizane Aviles / Argazkia: Julen Hernandez
Aktore moduan lan egin duzu. Kameren aurrean antzeztu duzu, eta kameren atzean ere ibilia zara. Zein duzu nahiago?
Ni aktorea naiz ezer baino lehen. Zuzendaritza zaletasun aparta da perspektiba zabaltzen dizulako. Aktore moduan lan egiten duzunean, zati bat bakarrik ikusten duzu. Kamera atzean lan egiten duzunean, berriz, dena ikustera behartuta zaude, hau da, ikuspuntu panoramiko bat erabiltzera. Ni antzerkiak liluratzen nau, barrutik, kanpotik, edozein puntutatik. Beraz, lanbide honetaz ikastea dut gustuko, dena ikastea, ez zati bat bakarrik. Horregatik, batzuetan historia bat imajinatzen dut, eta nola egingo nukeen amestu ondoren, zuzentzera animatzen naiz. Baina ni aktorea naiz, eta argi dago zuzendaritza lanak aktore moduan hobetzen zaituela. Hortaz, nire ustez, antzerkiak derrigorrezko ikasgaia izan beharko luke.
Beraz, zein duzu nahiago: antzerkia, zinema ala telebista?
Galdera hori gorroto dut. Gauzak ez dira horrela. Ez da bata bestea baino gehiago gustukoago duzun. Nik ez nioke bat berari ere uko egingo. Antzeztea eta aktore izatea gustatzen zait. Antzerkian, telebistan edo zineman lan egitea gustatzen zait proiektua ona bada, edota pertsonaia interesgarria bada. Hori bai, beti esan dut norbaitek pistola bat buruan jarri eta bakar bat aukeratu beharko banu, antzerkia aukeratu nuke. Izan ere antzerkian hazi naiz, eta uste dut nire gaitasunak maximora eramaten dituena dela.
Zergatik aktore?
Talde txiki batekin ibiltzen nintzen larunbatetan irakasle batengandik hurbil egon nahi nuelako. Irakaslea mago bat zen, jeinu bat. Han kasualitatez sartu nintzen, esperientzia ezberdin bat bilatzeko asmoz. Baina egun batean, entsegu baten bukaeran, handik zebilen batek esan zidan: “Ezin duzu imajinatu nola hunkitu nauzun, nola egin dudan negar zuk egindakoa ikusten”. Egun horretan esan nuen: “Hau da egin nahi dudana”. Zerbait egiterakoan, niretzat garrantzitsua den historia bat kontatzean dudanean, gustatzen zaidan historia bat, hunkitzen nauena… hori egitean norbait hunkitzen badut, hori da egun nahi dudana. Hori 17 urte nituenean gertatu zen, eta handik aurrera ez diot lan egiteari utzi.
Pertsonai berri bat proposatzen dizutenean, eskatzen duen prestakuntzarekin, ikerketarekin… Pertsona moduan, esperientzia horrek guztiak zer ematen dizu?
Nire ustez, lanbide hau oso aberasgarria da errespetuz, maitasunez eta seriotasunez egiten baduzu. Gaur egun, jende askok aktore esaten dio bere buruari, baina, benetan eta serio egiten baduzu, oso lanbide gogorra da. Denetarik ikasten duzu: artea, historia, geografia, bizitza, lexikoa, analisia… Denetarik. Zeure buruaren aurka egiten baduzu, zeure burua hobeto ezagutzen laguntzen dizu, gizakia hobeto ezagutzen, edota errespetu handiago izaten. Gaiztoa den pertsona bat interpretatzea tokatzen zaizunean, orduan ikasten duzu norbera zenbateraino den gaiztoa. Orduan ulertzen eta justifikatzen duzu zergatik den jendea era batekoa, kontuan izan gabe haien iritziak, ulertu eta justifikatu behar duzu. Askeago egiten gaitu, lanbide hau ondo eta bihotzez egiten bada, asko ikasten da.

0 iruzkin:

Post a Comment

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money