Showing posts with label antzerkia. Show all posts
Showing posts with label antzerkia. Show all posts

2012/07/09

Arte eszenikoak BEZaren igoeraren aurka

Espainiako Gobernuak BEZ (Balio Erantsiaren gaineko Zerga) igo egingo duela zabaldu da eta horrek eragin nabarmena izango luke Hego Euskal Herriko arte eszenikoen kontsumoan eta hauen ekoizpenean. Hori dela eta ESKENA (Euskadiko Produkzio Eszenikoen Enpresa Elkartuak) eta FAETEDA (Estatuko Antzerki eta Dantza Federazioaren Elkarteak) neurri horren aurka egiteko hainbat arrazoi aurkeztu zituzten duela egun batzuk.
Bi elkarte hauen, zein arte eszenikoetan lan egiten duten beste zenbaitentzat, BEZ-aren igoera honek eragin kaltegarria izango luke kultur jardueretan. Igoera hipotetiko honi, diru laguntzen jaitsiera gehitu behar zaio.
BEZa igotzearekin batera, antzokietako sarreren prezioak gora egingo luke, kontsumoa jaitsiz. Gainontzeko herrialdeetako kultur jarduerarekin dagoen aldea handiagotu egingo litzateke, batez ere kultur arloan murriztutako BEZ tasak erabiltzen dituztenekin. BEZaren igoerarekin kultur arloan bilduko den dirua, izango diren galerak baino gutxiago izango dela adierazi dute elkarteek eta kulturarekiko konpromiso politiko eta sozialaren aldeko apostua egin behar dela esan die Gobernuei. Kulturak eta antzerkiak zerbitzu publikoa direla eta BEZ tasa murriztua ezarri behar zaiela uste dute biek ala biek.

2012/05/06

24. gazteen antzerki topaketa ari dira ospatzen egunotan Donostian

Antzerki Gaztearen XXIV. edizioa ospatzen ari dira Donostian egunotan. Maiatzaren 4an hasi eta hilaren 15era arte 22 antzezlan ikusi ahal izango dira Lugaritz, Antzoki Zaharra eta Gasteszenan. Epaimahai batek erabakiko du zeintzuk diren antzezlan onenak. Donostia.org webgunean kontsultatu daiteke programa guztia.

2012/03/13

ADEL Topaketen VII. edizioa Aulestin

Apirilaren 9tik 14ra bitartean lan antzerki lan asko ikusi ahal izango dira Aulestin. Izan ere, bertan ospatuko baita ArteDrama Euskal Laborategia Topaketen VII. edizioa. Hainbat antzezlan ikusi ahal izango dira Aulestiko udal aretoan 21:00etan aste osoan zehar.
Apirilaren 9an, astelehena, Joxe Mari Carrerrek Maitasunaren arbola izenburuko ipuin kontaketa egingo du. Asteartean berriz, Aldatzen laguntzen taldeak Ispilua lana aurkeztuko du. Asteazkenean Traboules txotxongilo taldearen Tzimi lana ikusi ahal izango da.
Ostegunean Atx teatroak Gabriel Gabrielle antzezlana taularatuko du eta ostiralean Khea Ziater taldearen Gloriaren kantua obra ikusi ahal izango dute bertaratzen direnek.
Larunbatean, martxoaren 14an, taularatuko dute aurtengo azkenengo antzezlana Ramon Agirre eta Inazio Tolosa aktoreen Xentimorik gabe.
ADEL-en aurtengo edizioan hainbat ikastaro emango dira halaber, Ander Lipus, Iñaki Ziarrusta, Ana Elordi, Eñaut Gantxegi eta Asier Sota izango dira irakasleak. Informazio gehiago nahi izanez gero sakatu hemen.

2012/02/29

ELKARRIZKETA: Yannick Vergara: “Beti gustatu izan zaizkit erronkak eta ez naiz kikiltzen ametsak egia bihurtzeko borroka honetan”

Yannick Vergara (Gurutzeta, Barakaldo, 1983) antzerkian, zinean eta telebistan lan asko eginikoa da. Goenkale saioak egin zuen ezagun. Aste batzuetako atsedenaldiaren ondoren, ostiralean euskal telebistaren bigarren katean ikusiko dugu berriz Vaya Semanita saioaren atal berrietan pertsonaia zahar eta berriak hezur-haragitzen.
Leyre, Vaya Semanitako pertsonaia berria (Argazkia: Miriam Cabeza)
Noiz esan zenion lehenengoz zure buruari aktore izan nahi zenuela?
Ez dut momentu zehatzik gogoan, baina bai aurreskolan denek printzesa izan nahi zutenean, nik aktore izan nahi nuela.
Eta pentsatu zenuen inoiz horren urrun iritsiko zinenik?
Urrun? Egia esan, ez dut sekula horretan pentsatu. Ez dakit urrun heldu naizen ala ez. Hasieran jende askori erakutsi behar izan nion honetarako gai nintzela eta hori lortzeko ondo prestatuta egon behar nuen; beraz, nahikoa lan izan nuen (eta dut) interpretazioari buruzko guztia ikasten. Helburua argi zegoen: aktore moduan lan egitea, hemen, Madrilen, atzerrian...berdin zitzaidan, baina bizimodua aktore gisa atera nahi nuen.
Argazkia: Fernando Foto
Errazak izan ziren lehenengo urratsak?
Lehenengo urratsak beti izaten dira zailak. Esan bezala, oztopo askori egin behar izan nion aurre hasieran, baina beti gustatu izan zaizkit erronkak eta ez naiz kikiltzen ametsak egia bihurtzeko borroka honetan. Momentu latzetan ere gauza asko ikasten da eta nik ikasi dut une gogor horiei alde ona ikusten.
Hainbat irakasle ezberdin izan dituzu.
Bai, zorionez teknika eta metodologia ezberdinak ikasteko aukera izan dut. Bakoitzak tresna ezberdinak eman dizkit eta, orain, batetik bestera egiten dut salto, egoerak eskatzen didanaren arabera. Gainera, iaz Adán Blacken esanetara ikasteko parada izan nuen eta esperientzia zoragarria izan zen: lanean ari naizen bitartean, jolasten, amesten eta nire buruarengan konfiantza izaten ikasi nuen.  
Arte Dramatikoaz gain, itzulpengintza ere ikasi zenuen Gasteizen.
Bai, txikitatik besteekin komunikatzea gustatu izan zait eta hizkuntzak ikastea aukera paregabea zen hori lortzeko. “B plan” gisa hartu nuen nire gurasoen lasaitasunerako eta batzuetan oso erabilgarria izan zait.  
Vaya Semanita saio historikoaren belaunaldi berriko aurpegietako bat zara. Zer nolako esperientzia da bertan lan egitea?
Krisi garaietan ere, gogor eta ilusioarekin lan egiten duen familia ederra osatu dugu eta horrek ez du parekorik. Lantalde moduan egiten dugu lan eta horrek errazago egiten du programaren erritmo bortitza jarraitu ahal izatea. Gainera, aktore moduan pertsonaia ezberdin asko lantzeko aukera ematen digu eta izugarri ikasten da. Bihotzez eskertzen diot Vaya Semanitako familiari hasieratik erakutsi duen niganako konfiantza eta egunero eskaitzen dizkidan babesa eta maitasuna.
Aurretik Goenkale-n ibili zinen... Vaya Semanita-rekin alderatuta desberdintasun handia dago?
Vaya Semanitak askoz erritmo azkarragoa du eta gehiena platotik kanpo grabatzen dugunez, lanordu gehiago behar dira. Gainera, denok egiten dugu lan egunero, Goenkalen ez bezala; beraz, askoz nekatuago bukatzen dugu astea. Hala ere, erritmoa eta erregistro aldaketa alde batera utzita, oso antzekoak dira: familia giroa dago hasierako egunetik, pertsona zoragarriek egiten dute lan eta, ahal den neurrian, produktua maitasun handiz hartzen saiatzen dira.
Ez da fikziozko umorean lan egiten duzun lehen aldia baina, aurretik Qué vida más triste eta Euskolegas telesailetan ere parte hartu zenuen.
Bai, atal gutxi batzuetan azaldu nintzen eta komedian lanean hasteko oso erabilgarri gertatu zitzaizkidan biak. Presiorik gabe erregistroari neurria hartzeko aukera eman zidaten.
Argazkia: EiTB
Ostiralean bigarren denboraldia estreinatuko duzue gaueko hamarretan, zer ikusi ahal izango dugu?
Aurreko denboraldiko pertsonaiarik gogokoenak eta maitasun handiz landutako pertsonaia berri eta zoragarriak agertuko dira denboraldi berri honetan, ikuslearen irribarrea lortzeko prest. Aurpegi berriak ere izango dira eta programaren erritmoa azkarragoa izango dela esango nuke. Baina ezin dut gehiago aurreratu...Ostiralero zuen zain izango gara.
Horrenbeste lan egin ondoren, kalean, jendeak ezagutu egingo zaitu, ezta?
Bai, egoeraren eta herriaren arabera. Pixkanaka ari dira Vaya Semanitako pertsonaiengatik ere ni ezagutzen; baina oraindik, gehienek Rakel deitzen didate. Hiru urtez aritu nintzen Goenkalen pertsonaia samur eta alai horrekin eta zaila da hura ahaztea. 
Azkenengo lan asko euskaraz eta gazteleraz aldi berean egin dituzu: Amamaren memoria (¿Te acuerdas, abuela?), Anfitrioi berezia (El extraño anfitrión)... nolakoa izan da esperientzia hau?
Hasieran, beldur apur batekin hartu nituen, baina lanbide honetan beti presaka gabiltza eta ez digu pentsatzeko astirik ematen, zuzenean ekin behar izaten diogu erronkari. Lehendabiziko egunetan, mesfidati ibiltzen gara, baina uste baino errazagoa da. Agian, itzultzaile senak ere laguntzen didalako izango da...
Zein hizkuntzatan sentitzen zara erosoen?

Erabat elebiduna naiz eta bietan eroso sentitzen naiz. Hasieran, Barakaldokoa izanda, mundu guztiari erakutsi behar nion euskaraz ere ondo moldatzen nintzela, baina gero ohitu dira ni bi hizkuntzatan ikusten. Nik esango nuke, proiektu bereko bi bertsioak ikusita, ez legokeela inongo alderik nire interpretazioari dagokionez. Norbaitek proba egin nahi badu, aurrera!
Denetarik egin duzu, aktore lanak, dantza, bikoizketa, itzulpengintza, script lanetan ere ibili zara... zein asmo dituzu etorkizunera begira?
Ahal dudan heinean, aktore lanetan jarraitu nahiko nuke, baina hori nire esku ez dagoenez, besterik egin behar badut ere, gustura egingo dut. Azken batean, jakituriak askeago egiten gaitu eta, ipurterre hutsa naizenez, beti saltsaren batean egon behar dut. Hori bai, eskertuko nuke kultura bultzatzeko baliogarria izatea. 
Testua: Ander Barinaga-Rementeria 

2011/10/25

Elkarrizketa: Blanca Portillo: “Antzerkiak derrigorrezko ikasgaia izan beharko luke”

Madrilen jaio zen Blanca Portillo aktorea. RESAD Arte Dramatikoaren Goi Eskola Errealean graduatu ondoren, 30 antzerki lanetan parte hartu du; baita telebistako eta zinemako hainbat proiektutan ere. Hori gutxi balitz, 1997. urtetik aurrera zuzendari moduan ikusi dugu hainbat lanetan.


Testua: Goizane Aviles / Argazkia: Julen Hernandez
Aktore moduan lan egin duzu. Kameren aurrean antzeztu duzu, eta kameren atzean ere ibilia zara. Zein duzu nahiago?
Ni aktorea naiz ezer baino lehen. Zuzendaritza zaletasun aparta da perspektiba zabaltzen dizulako. Aktore moduan lan egiten duzunean, zati bat bakarrik ikusten duzu. Kamera atzean lan egiten duzunean, berriz, dena ikustera behartuta zaude, hau da, ikuspuntu panoramiko bat erabiltzera. Ni antzerkiak liluratzen nau, barrutik, kanpotik, edozein puntutatik. Beraz, lanbide honetaz ikastea dut gustuko, dena ikastea, ez zati bat bakarrik. Horregatik, batzuetan historia bat imajinatzen dut, eta nola egingo nukeen amestu ondoren, zuzentzera animatzen naiz. Baina ni aktorea naiz, eta argi dago zuzendaritza lanak aktore moduan hobetzen zaituela. Hortaz, nire ustez, antzerkiak derrigorrezko ikasgaia izan beharko luke.
Beraz, zein duzu nahiago: antzerkia, zinema ala telebista?
Galdera hori gorroto dut. Gauzak ez dira horrela. Ez da bata bestea baino gehiago gustukoago duzun. Nik ez nioke bat berari ere uko egingo. Antzeztea eta aktore izatea gustatzen zait. Antzerkian, telebistan edo zineman lan egitea gustatzen zait proiektua ona bada, edota pertsonaia interesgarria bada. Hori bai, beti esan dut norbaitek pistola bat buruan jarri eta bakar bat aukeratu beharko banu, antzerkia aukeratu nuke. Izan ere antzerkian hazi naiz, eta uste dut nire gaitasunak maximora eramaten dituena dela.
Zergatik aktore?
Talde txiki batekin ibiltzen nintzen larunbatetan irakasle batengandik hurbil egon nahi nuelako. Irakaslea mago bat zen, jeinu bat. Han kasualitatez sartu nintzen, esperientzia ezberdin bat bilatzeko asmoz. Baina egun batean, entsegu baten bukaeran, handik zebilen batek esan zidan: “Ezin duzu imajinatu nola hunkitu nauzun, nola egin dudan negar zuk egindakoa ikusten”. Egun horretan esan nuen: “Hau da egin nahi dudana”. Zerbait egiterakoan, niretzat garrantzitsua den historia bat kontatzean dudanean, gustatzen zaidan historia bat, hunkitzen nauena… hori egitean norbait hunkitzen badut, hori da egun nahi dudana. Hori 17 urte nituenean gertatu zen, eta handik aurrera ez diot lan egiteari utzi.
Pertsonai berri bat proposatzen dizutenean, eskatzen duen prestakuntzarekin, ikerketarekin… Pertsona moduan, esperientzia horrek guztiak zer ematen dizu?
Nire ustez, lanbide hau oso aberasgarria da errespetuz, maitasunez eta seriotasunez egiten baduzu. Gaur egun, jende askok aktore esaten dio bere buruari, baina, benetan eta serio egiten baduzu, oso lanbide gogorra da. Denetarik ikasten duzu: artea, historia, geografia, bizitza, lexikoa, analisia… Denetarik. Zeure buruaren aurka egiten baduzu, zeure burua hobeto ezagutzen laguntzen dizu, gizakia hobeto ezagutzen, edota errespetu handiago izaten. Gaiztoa den pertsona bat interpretatzea tokatzen zaizunean, orduan ikasten duzu norbera zenbateraino den gaiztoa. Orduan ulertzen eta justifikatzen duzu zergatik den jendea era batekoa, kontuan izan gabe haien iritziak, ulertu eta justifikatu behar duzu. Askeago egiten gaitu, lanbide hau ondo eta bihotzez egiten bada, asko ikasten da.

2011/04/08

Aitana Sánchez-Gijón Bilboko BBK Hurbiltasun antzokian da Santo antzezlanarekin

Testua: Ander Barinaga-Rementeria


Argazkiak: Julen Hernandez eta Jaime García


[slideshow]


Teatro El Cruce-ren ekoizpen hau bost asteko entseguen ondoren, iragan martxoaren 3an estreinatu zen Teatro Español antzokiaren Areto Txikian. Ernesto Caballero zuzendariak “publikoarekin harreman ona” lortu ondoren Bilboko BBK Hurbiltasun antzokira helburu berberarekin etorri direla adierazi du.


Antzerki barrokoan egiten zen bezala, hiru obra autonomo bildu dituzte Santo izeneko antzezlan bakarrean. Santutasuna abiapuntutzat hartuta espiritualtasuna, misterioa eta justizia bezalako gai mamitsuak landu nahi izan dituztela adierazi du Caballerok.


Aitana Sánchez-Gijón aktoreak “pertsonaia batetik bestera aldatzea erronka izugarria” dela esan du gaur goizean Bilbon emandako prentsaurrekoan. Izan ere, hiru pertsonaia ezberdin antzezten ditu aktore bakoitzak. Zati batetik bestera istorioz aldatzeaz gain, generoa bera ere aldatu egiten dela adierazi du Esther Acevedo aktoreak. Pertsonaiak ere “nahiko bereziak” direla gaineratu du eta aktoreak hirurotako batekin identifikatuago sentitzen diren modu berean, ikusleak eurak ere batekin identifikatuago sentituko direlakoan dago Acevedo. José Luis Esteban aktore zaragozarrak ere berdina esan du.


Zurbaranen Angus Dei izeneko lanaren irudiak osatzen du José Luis Raymond bilbotarrak diseinaturiko eszenografia eta Paco Arizaren argiztapena funtsezko bilakatzen da istorio batetik besterako trantsizio prozesuan.


Ikusleari egiaren inguruko gogoeta egiteko gonbita luzatzen diete hiru egileek beren hiru istorio desberdinekin.






FITXA ARTISTIKOA

Egileak: IGNACIO GARCÍA MAY, IGNACIO DEL MORAL eta ERNESTO CABALLERO

Zuzendaritza: ERNESTO CABALLERO

Interpreteak:

AITANA SÁNCHEZ-GIJÓN

JOSÉ LUIS ESTEBAN

ESTHER ACEVEDO

BORJA LUNA

Talde artistikoa

Eszenografia JOSÉ LUIS RAYMOND

Jantziak ANA SEBASTIÁN DELGADO

Argiztapena PACO ARIZA

Soinu-espazioa IGNACIO GARCÍA

Ekoizpena: TEATRO EL CRUCE

[gallery link="file" orderby="ID"]

2011/04/01

Euria esan eta euria erortzea

Testua: Ander Barinaga-Rementeria.     Argazkiak: Julen Hernandez

Ikuskizun hau Gaitzerdi Teatro konpainiaren baitan sorturiko KABIA ikerketa dramatikorako espazioak eginiko lanaren emaitza da. KABIA sortu eta handik hilabete batzutara Heiner Müller-en testu batetik abiatuta hasi ziren lanean. Borja Ruiz antzezlanaren zuzendariak azaldu duenez, zenbait hilabetez hainbat eszena landu ondoren, konturatu ziren Joseba Sarrionandiaren hainbat testu eta ideia ezberdin kontatu nahi zuten istorioarekin bat zetozela. Bizkaitarraren imajinarioa iparrorratz hartuta ekin zioten bost aktorek bideari, eta bidetik beste bost batu zitzaizkien oraingo taldea osatzera arte.

Istorioa patio batean gertatzen da. Patio honek bi aurpegi ezberdin dituela azaldu du zuzendariak. Alde batetik, patio arrunt bat dago, non pertsonaia gris batzuk beraien egunerokoan hara eta hona dabiltzan. Beste alde batetik, haurrek duten patioaren irudia dago. Haien irudimena lagun, patioa edozein leku izan daiteke. Patio horren dualitatearekin jolastu nahi izan dute hamar artistek.

Antzerkia uneoro aldatzen den organismo bizia dela esan du Borja Ruizek. Bizitasun hori aktoreen interpretazioetan ageri-agerikoa da. Sarrionandiaren testuak lagun, ikuslea efektu eta koreografia ikusgarrien bidez gatibatzea lortzen dute ordu bete pasatxo irauten duen ikuskizunean. Bakardadea, pasioak, tristurak, identitaterik eza, zoriontasunaren eta gaur egungo gizartearen inguruko hausnarketa egiteko gonbidapena luzatzen digute KABIAko kideek. Zer da ba zoriontasuna?  Euria esan eta euria erortzea.

Hurbiltasun antzokia

Bilboko Arriaga Antzokiko Hurbilatsun Antzokioaren programazioari esker izan da Bilbon ikusgai Max Sarietarako aukeratuta dagoen antzezlan hau. Apirilaren 2an Paisaje con Argonautas lana eskainiko du konpainia berberak. Borja Ruizen zuzendaritzapean arituko dira Juana Lor aktorea eta Iñigo Olazabal musikaria.

EURIA ESAN ETA EURIA ERORTZEA
  • Zuzendaria: Borja Ruiz
  • Aktoreak: Juana Lor, Iosu Florentino, Ane Pikaza, Joseba Uribarri, Karol Benito, Oscar García, Sara González, María Goirizelaia eta Yolanda Bustillo.
  • Eszenografia: Alicia de Miguel
  • Jantziak: Azegine Urigoitia
  • Argiztapena: Javier García
  • Musika: Xabier E. Adrien
  • Ekoizpena: Rosa Abal

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money