2011/04/04

Telebista pribatuek publizitatetik lortutako diru-sarrerak %25 igo ziren 2010ean

Baina telebistan igorritako iragarki kopurua murriztu egin da, %4 egin du behera azken urtean


Testua: Iñigo Gonzalez


Telebista kate pribatuek 1.931,8 milioi euro eskuratu zituzten publizitateari esker 2010ean,  2009an baino %25 gehiago, Telekomunikazioen Merkatuko Komisioaren azken txostenaren arabera. Txostenen egileek esan dutenez, TVE kate publikoak iragarkiak emateari uztea «erabakigarria» izan da igoera hori eman zedin. Gainera, urtebete da TVEk iragarkiak emateari utzi zionetik.


Bestalde, publizitate gutxiago emititzen da kateetan eta %4 jaitsi da iragarkiei eskainitako minutu kopurua.


Bien bitartean, kate publikoek 253,25 milioi euro lortu zituzten arrazoi beragatik, 2009an baino %60 gutxiago. Pribatuen kasuan TVEk iragarkirik ez emateak diru-sarreren igoera eragin bazuen, alderantzizko efektua sortu du publikoengan: %60ean murriztu dira diru-sarrerak 2009. urtearekin alderatuz.


Azken hiruhileko datuak erreferentzia gisa hartuta, kate pribatuek publizitatetik 540,9 milioi euro eskuratu zituzten denbora tarte horretan, aurreko urteko azkenekoan baino %8,9 gehiago. Publikoek aldiz, 68,3 milioi lortu zituzten.


Publizitate gutxiago


Kate pribatuen irabaziak handitu badira ere, publizitate gutxiago emititu zen 2010ean, 1,9 milioi minutu guztira. Aurreko urtearekin alderatuz, %4,1 jaitsi da iragarkiak igortzeari eskaintzen zaion denbora. Azken hiruhileko datuei so eginez gero, 527.247 minutu igorri ziren denbora tarte horretan, 2009an baino %0,4 gutxiago.

0 iruzkin:

Post a Comment

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money