http://www.vimeo.com/22573739
Georgiako 75 urteko emakume bat atxilotu dute Armeniako biztanleak Internet gabe uzteagatik. Emakumea saltzeko kobre bila ari zela Georgiatik Armeniara doan zuntz optikoa moztu zuen, Armenia Internet gabe utziz. Georgiako poliziak arduraduna atxilotu eta hiru urteko kartzela zigorra jarri diezaioketela adierazi du.
Internet kudeatzen duen Georgia Railway Telecom enpresak adierazi duenez, erabiltzaileen %90 ezin izan zen Internetera sartu. Konexioa lehenbailehen berreskuratzen saiatu ziren arren, hamabi ordu behar izan zituzten kablea konpontzeko.
Testua: Aintzane Larrañaga
Beste herrialde askotan bezala, Grezian ere kazetariek lan baldintza gogorrak dituzte, eta horren aurrean protesta gisa, lau eguneko greba egingo dute. Izan ere, herrialde horretan dauden zazpi mila kazetarietatik 900 inguru kaleratu dituzte azken asteetan, eta soldata ugari murriztu diete. Honela, apirilaren zazpitik hamarrera arte informaziorik ez eskaintzea erabaki dute komunikabide gehienek, blog gutxi batzuk salbu. Bestalde, Greziako prentsa sindikatuak adierazi du Gobernuak, Patronalaren laguntzarekin, kazetarien lan eskubideak ezabatzea nahi duela, eta ez dutela inondik ere hori onartuko.
Testua: Leire Regadas
Berriak argitaratzeko hainbat kazetarik Facebook erabiltzen dutela ikusirik, Facebook & social journalism izeneko orrialdea sortu du Facebook sare sozialak. Horren xedea kazetariak informazio iturri bezala Internet erabiltzen eta irakurleekin interakzioa izaten laguntzea da.
Horretaz gain, Facebook Journalism Meetup program sortuko dute; munduan zehar hainbat mintegi egingo dituzte, kazetariek sistema berri hori lan tresna bezala erabiltzen ikas dezaten.
Ohar nagusian, Facebook & social journalism atalaren berri emateaz gain, adibide batzuk daude jendeak ikus dezan nola erabili daitekeen sare soziala kazetaritza lanetarako.
Testua: Iñigo Gonzalez
Telebista kate pribatuek 1.931,8 milioi euro eskuratu zituzten publizitateari esker 2010ean, 2009an baino %25 gehiago, Telekomunikazioen Merkatuko Komisioaren azken txostenaren arabera. Txostenen egileek esan dutenez, TVE kate publikoak iragarkiak emateari uztea «erabakigarria» izan da igoera hori eman zedin. Gainera, urtebete da TVEk iragarkiak emateari utzi zionetik.
Bestalde, publizitate gutxiago emititzen da kateetan eta %4 jaitsi da iragarkiei eskainitako minutu kopurua.
Bien bitartean, kate publikoek 253,25 milioi euro lortu zituzten arrazoi beragatik, 2009an baino %60 gutxiago. Pribatuen kasuan TVEk iragarkirik ez emateak diru-sarreren igoera eragin bazuen, alderantzizko efektua sortu du publikoengan: %60ean murriztu dira diru-sarrerak 2009. urtearekin alderatuz.
Azken hiruhileko datuak erreferentzia gisa hartuta, kate pribatuek publizitatetik 540,9 milioi euro eskuratu zituzten denbora tarte horretan, aurreko urteko azkenekoan baino %8,9 gehiago. Publikoek aldiz, 68,3 milioi lortu zituzten.
Publizitate gutxiago
Kate pribatuen irabaziak handitu badira ere, publizitate gutxiago emititu zen 2010ean, 1,9 milioi minutu guztira. Aurreko urtearekin alderatuz, %4,1 jaitsi da iragarkiak igortzeari eskaintzen zaion denbora. Azken hiruhileko datuei so eginez gero, 527.247 minutu igorri ziren denbora tarte horretan, 2009an baino %0,4 gutxiago.
Testua: Aintzane Larrañaga
Testua: Txabi Alvarado
Jakitegatik jende askok daki Gerra Zibilean jasotakoaren berri. Baina gutxiago dira gertaera horietaz hausnartu eta ondorioak ateratzen ausartu direnak. Laudioko (Araba) zenbait bizilagunek hala uste dute, eta horregatik, Otsoaren Hatsa laburmetraia grabatu dute, ez ahazteko.
Laudioar talde horrek azaldu duenez, «Espainiar estatu mailan egin dira Gerra Zibilari buruzko pelikulak, eta batzuk oso onak gainera». Baina, azpimarratu dutenez, Euskal Herrian ez da gai horri buruzko zinemagintza apenas landu. Hala, laburmetrai honekin beraien «ekarpentxoa» egin nahi izan dute.
Film labur honetan, burdinazko gerrikoko gudari talde baten nondik norakoak kontatzen dira. Otsoaren arnasa geroz eta hurbilago daukate, eta elkarren arteko konfiantza eta elkarlana nahitaezkoa egingo zaizkie muturreko egoera horretan.
Zinemaren munduan, aurretik zenbait saiakera egin dituzten arren, Otsoaren Hatsa grabatzeak aparteko zenbait zailtasun ekarri dizkie laudioarrei. «Ez dugu ahaztu behar hau akziozko eta gerrazko pelikula bat dela eta horrek eszenografia aldetik asko eskatzen dizu». Goikogane mendiko magaletan grabatu dute filma, bertan dauden gerrako lubakietan. Izan ere, historiarekiko fideltasun ahalik eta handiena mantendu nahi izan dute. Horretarako hainbat historialarirekin hitz egin eta garaiko dokumentu ugari kontsultatu dituzte, emaitza «duin» bat lortzeko asmoz, egileen esanetan.
Gainera, esan beharra dago aurreko guztia beraien poltsikoko diruarekin ordaindu dutela; diru-laguntzak, eskatu badituzte ere, jaso ez dituztelako.
Filma martxoaren 11an estreinatuko dute Laudion, eta emanaldi horren ostean lana beste zenbait herri eta jaialditan proiektatzeko asmoa erakutsi dute.
Testua: Txabi Alvarado
Proiektu komunikatibo berri bat jaio da Araban, bertako gazteriak bere iritzi eta ideiak plazara ditzan. Ekimen berri honen bultzatzaileek esan dute egunero sistemaren soldatapeko komunikabideetan gazteoi buruz entzun beharrekoez kokoteraino daudela, eta horri aurre egiteko modu bakarra gazteak beraien errealitatearen jabe izatea dela.
Irratigintza, idatzizko kazetaritza eta bideo-aktibismoa bezalako alorrak landuko dituzte, isilarazten diren errealitate guzti horiek oihukatzeko. Gainera, edozein erakunde, alderdi edo instituzioekiko independentzia bermatuko dutela nabarmendu dute.
Hori guztia posible egiteko, gazte guztion ekarpen eta partehartzea ezinbestekoa dela azpimarratu dute.
Testua: Ander Barinaga-Rementeria
Agusti Villaronga zinemagile kataluniarraren Pa Negre filma izan zen dudarik gabe, pasa den otsailaren 13an, Madrilen ospatu ziren Goya Sarietako filmerik sarituena. Atzean utzi zituen sariak irabazteko kiniela gehien zituzten filmeak: Alex de la Iglesia zinemagile bilbotarraren Balada triste de trompeta (3 Goya), Icíar Bollaínen También la lluvia (3) eta Buried (2).
Andreu Buenafuentek aurkezturiko hiru ordu inguruko ekitaldian hizpide izan ziren, bai Angeles González-Sinde (Espainiako Kultura ministroa) eta Alex de la Iglesia (Espainiako Zinema Akademiako zuzendaria). Lehenengoa onartu berri den Sinde Legea-ren sortzailea izateagatik eta bigarrena lege hau onartu ondoren, ahal bezain laster dimisioa aurkeztuko zuela esateagatik.
Euskaldunek ere presentzia izan zuten zeremonian, bai aurkezle lanetan eta baita irabazle ere. Karra Elejalde gasteiztarrak Gizonezko Aktore Onenaren saria jaso zuen, Alberto Iglesias beteranoak, Jatorrizko Musikarik Onenarena eta Urko Garaik Buried filmean egindako lanagatik Soinu Onenaren saria. Maria Reyes Arias gipuzkoarrak gainera, Fikziozko Film Labur Onenaren Goya saria irabazi zuen Una caja de botones laburmetraiarekin.
4,5 milioi pertsona inguruk ikusi zuten TVE1 katean Teatro Real Antzokitik zuzenean eman zen gala.
Testua: Leire Regadas
- Begi urdinak akats genetiko baten ondorioz sortu zirela?
Hori baieztatzen du Hans Eigber-ek, Copenhagueko unibertsitatean irakasten duen Danimarkako zientifikoak. Orain dela 6000-10.000 urte artean gertatu zen hori. Gizakion begien berezko kolorea marroia izan beharko luke, baina gure eboluzioan zehar, pertsona bakar batek mutazioa pairatu eta begi marroiak edukitzera bideratzen duen melanina blokeatu zen. Ordutik aurrera, generazioz generazio transmititu da nolakotasun hori eta gaur egun 150 milioi pertsonek dituzte begi urdinak.
- Askoz gehiago dela eguzkiak segundoro askatzen duen energia, gizarteak bere sorreratik kontsumitzen duena baino?
- Astero 25.000 bider kliska egiten dugula?
- Zigarroa dela ikerketa eta estatistika gehien duen iturria?
- Naturak sortutako material erresistenteena armiarma sarea dela?
- Errusiarrek telefonoa hartzen dute «entzuten ari naiz» esanez?
- 1800. urtea baino lehenago oinetako ezkerra eta eskuina berdinak zirela?
- Petrolio tanta batek 25 ur litro ez edangarri bihurtu ditzakeela?
- AEBetan, Alabaman, debekatuta dutela gizonezkoek listua botatzea emakumeren bat aurrean badago?
- Kansas-en debekatuta dagoela adin txikikoek jostailuzko armak erostea? Baina benetako armak erosi ditzaketela?
- Indonesian masturbazioa dekapitazioarekin zigortzen dela?
Lehendakariak azpimarratu du kazetaritzaren etorkizuna ‘Internet’ dela eta krisi ekonomikoak kazetaritza ‘gogor’ astindu duela
Testua: Iñigo Gonzalez
Hasi berri den urtea «kazetaritzarentzat okerrena» izango dela adierazi du Fernando Gonzalez Urbanejak, Madrilgo Prentsa Elkarteko (APM) lehendakariak. Era berean, kazetarientzat 2011.urtea «aukeren urtea» izango dela esan du, eta kazetariei «aukerak bilatzeko» eta «kexak alde batera uzteko» eskakizuna egin die. Foro de la Nueva Comunicación izeneko tribunan eman zuen hitzaldia APMko lehendakariak, kazetaritzaren egungo egoeraren errepasoa egiteko baliatu zuena.
Urbanejaren aburuz, «Internet» da «kazetaritzaren etorkizuna». Testuinguru horretan, hedabideak «aldaketarako garaiz» daudela azpimarratu du APMko lehendakariak. Gainera, egunkarien paperezko edizioaren desagerpena «inozokeria» dela adierazi du, ez duela iraungitze datarik.
Era berean, kazetaritzan etikak duen garrantzia aipatu du Urbanejak, etikak kazetaritza «fidagarriago» bilakatuko lukeela adieraziz. Ildo beretik, hedabideek trebetasun informatikoa eta marketing sena duten kazetariak behar dituztela azaldu du. «Kazetariak informatzeaz arduratu behar du, ez edukiak saltzeaz edo irakurleak entretenitzeaz».
Krisi ekonomikoaren eragina
APMko lehendakariaren esanetan, krisi ekonomikoak «gogor» astindu du kazetaritza, prentsa idatzia bereziki. Krisiaren eraginez, kazetari askok euren lanpostuak galdu dituzte eta hedabide askok langileen artean murrizketa egin behar izan dute diru-galerei aurre egiteko. Hartutako neurri horiek hainbat hedabideren nortasunean kalte egin dezakeela uste du Urbanejak, eta hedabide horiek euren «marka baloreak» galduko dituztela. Hori dela eta, «kazetaritzaren aldeko apustua» egiteko eskatu die enpresa inbertitzaileei.
Telebistaren kasuan, kazetaritzak «espazio murritza» duela salatu du lehendakariak, programazioaren %10 ingurukoa. Irratiari dagokionez, «negozio egonkorra» dela esan du, krisi ekonomikoak ez baitu «gehiegi kaltetu» hedabide hori.
Testua: Ainhoa Basarrate
Tabletak gadget jaioiberriak diren arren, hurrengo urteetan prentsa idatzian eragin handia izango duela aurreikusten da. Nieman Journalism Lab taldeak egindako ikerketaren arabera, 2015. urtean prentsa idatziaren ohiko irakurleen laurdenak tabletak erabiliko ditu horretarako.
Testua: Aintzane Larrañaga
2010a espero zena baino okerragoa izan da egunkarientzat. Izan ere, irabaziak %3.7 inguru gutxitu dira orokorrean, eta irakurleak ere asko murriztu dira azken urteotan. Krisia hasi zenetik kalte izugarriak jasaten ari da idatzizko prentsa, eta 2007tik irabaziak %30 jeitsi dira, publizitate agentziek gehiago inbertitzen baitute beste euskarri batzuetan, hala nola, Interneten eta telebistan.


