2011/02/28

Kultura: Shinova

Shinova talde bizkaitarraren bigarren diskoa kaleratuko da martxoan


‘La ceremonia de la confusión’ izango da lanaren izena


Testua: Leire Regadas


Shinova rock taldearen lan berria da La ceremonia de la confusión, eta martxoan kaleratuko da. Latidos-en baino soinu metaleroagoa dakarte oraingoan, bihotzeraino zuzenean doazen letrekin eta melodiekin bat egiten duena.


Talde bizkaitarraren lehenengo lana Latidos izan zen, 2009.urtean. DFX zigiluarengatik babesturik, gazte hauek euskal eta espainiako musikaren munduan beraien bidea egiten hasi ziren. Entzuleek oso harrera ona izan zuten, eta inkesta baten arabera, Mariskal Rock aldizkariaren irakurleen iritziz, urteko debut talderik onena izan zen.


Entzulea pentsatzera gonbidatzen duten eta sentimenduz beteriko letrekin batera,  doinu indartsuagoak izango dira entzungai La ceremonia de la confusión diskoan. Javi Martín taldeko gitarrak adierazi duenez:  «Disko hau metaleroagoa da, egia esan oso gustura geratu gara egindakoarekin, eta espero dugu jendeak ere harrera ona izatea».


Martxoan kaleratuko den lan hau Estoldetan Studios-en grabatu da Berrizen (Bizkaia), Madrileko Sadman Studios-en nahastu da Carlos Santos-en eskutik, eta Finlandian masterizatu da Finvox Studios-en Mika Jussila-ren eskutik, zeinek Nightwish, Him, Avantasia eta Children of Bodom bezalako taldeekin lan egin duen.


Gabriel de la Rosa abeslariak, Eneko Urcelay bateriak, Ander Cabello baxuak, Javi Martín gitarrak eta oraingo honetan Iñaki Elortza Akaro-ren ordez sartu berri den Xabier Laria bigarren gitarrak osatzen dute Shinova, laster hainbat eszenatokien gainean azken lana aurkezten egongo direnak.


-----------------------------------------------------


Informazio gehiago:
www.myspace.com/shinovagrupo

Albistea:Internet gabe Twitter erabiltzeko aukera izan dute Egipton

Internet gabe Twitter erabiltzeko aukera izan dute Egipton




Testua: Lohizune Amatria


Egiptoarrek Twitter Internetik gabe erabili ahal izateko Speak2Tweet zerbitzua garatu dute Google eta Twitter konpainiek. Sistema honek telefono mugikorren bitartez bidalitako ahots eta testu tweet-ak zuzenean igotzen ditu sarera.


Hosni Mubarak Egiptoko presidente ohiaren kontrako manifestazioak hasi eta berehala, Internetik gabe gelditu ziren herritarrak. Horren ondorioz, Google konpainiak sare sozialen erabilera errazteko modua bilatu du.

Elkarrizketa: Morley

Morley: ‘Nire xedea mezu sinpleekin eduki mamitsuak lortzea da’


Kalifornian bizi den artista bat baino gehiago da Morley. Hitzei garrantzia eransten die, eta baita gure bizitzei ere. Monotonia apurtzeko aurkitu dezakegun aurpegirik jatorrena da.


Testua: Julen Biguri


Noiz eta zergatik hasi zinen street artearen mugimenduaz interesatzen?


Unibertsitatean ikasten hasi nintzenean piztu zen nire interesa. 2000-2004 urteetan zehar joan nintzen New Yorkeko Arte Bisualen Eskolara, eta zineman espezializatu nintzen. Iowan jaio nintzen, Estatu Batuetako landa eta nekazaritza aldea, eta hiri handira joaterakoan street artearen munduan zer gertatzen ari zen ikusteak begiak zabaldu ninduen.


Askok bezala, ikusi nuen lehen artista Shepard Fairey izan zen, eta bere Andre the Giant Has a Posse pegatinen kanpaina (gero Obey lanean bihurtuko zena). Eta, mundu horretan murgiltzen ari zen bitartean, Neckface artista ere, nire unibertsitatean ikasten ari zena eta bere lanak gero eta gehiago hiriko hormetan agertzen ari zirenak. Baimenik gabe lan egiten zuten artistak ikusteak bizitasuna ematen zidan eta gauza berdintsuak egiten hasi behar nintzela pentsatu nuen, beraz, pegatinetan aipu serigrafiatuak jartzen hasi nintzen, geroxeago metroko eraikinetan jarriko nituenak.


Unibertsitatea amaitu ondoren, zinemagintzan sartu eta berehala Hollywoodera mugitu nintzen. Hona etortzea beste aldaketa handi bat izan zen niretzat. Zinemagintzan, hainbat elementuk bat etorri behar dute pelikula bat egiteko, baina elementu nagusiena dirua da. Horregatik, nire adierazteko gaitasuna berriro erabiltzen hasi behar nintzen, inori ordaindu behar izanaren frustraziorik gabe, antzezteko aktorerik gabe, filmatzeko baimenik gabe, eta azkeneko emaitza ikusleei erakutsiko zien norbaiten beharrik gabe. Nire kezka bakarra zen hortik jartzeko lanak egiteko abilezia artistikorik ez nuela. Nire abilezia idaztea eta filmatzea zen, ez margotzea edo irudikatzea. Beraz, lagunei postalak idazten hasi nintzen, mezu eta sloganekin. Jendeak benetan gustuko zituela zirudien, eta behin baimena eskatu zidaten postaletako bat Pull My Daisy izeneko denda batean jartzeko. Hori guztia nahikoa izan zen artelanak egin behar nituela erabakitzeko, nahiz eta margotzeko gaitasunik ez izan. Erantzuten zidan jendeari opari bat egin nahi nion, beraz nire lanak hirian zehar jartzen hasi nintzen.


Zerk eraman zintuen hiriak «apaintzen» hastera?


Hollywooden eta New Yorken bizi izanak; bertan publizitateak zenbatetaraino bonbardeatzen gaituen ikusi dut. Mingarria da zein neurritan kutsatzen duen gure bizitzak zerbait erostera bultzatzen gaituen zerbaitek. Korporazio erraldoiek nola edo hala gure kontzientziaren jabe direla konbentzitu gaituzte. Nire ustez artistaren lana opresio zorrotz honetaz askatzea da, beraz nire lana eskegitzeaz harro nago. Hainbeste mezu negatiboekin gure buruak jaten dituztela, zein da mezu positibo gutxi batzuk doan banatzearen kaltea?


Beste lanekin alderatuta zurea ezberdina da, ez dago kolorez beteta, baizik eta mezuez. Beti izan da horrela?


Hasieran, miresten ditudan artistengatik nituen ezberdintasunak direla eta kezkatuta nengoen bitartean, ezberdintasunak ontzat hartzen ikasi nuen. Kolorearen falta aukera estetiko eta praktikoa da. Egiten dudanarentzat hitz sinpleen boterea oso garrantzitsua dela uste dut. Jendeak irentsi ditzakeen sentimendu sinpleak hartu eta haien bizitzan barneratu baino lehen, adimenaren inguruan hegan egitea nahi dut. Sentimendu horietaz distraitzea kontraproduktiboa izan daitekeela uste dut. Eta gainera, erabiltzen dudan fotokopiagailuak zuri-beltzean baino ez du inprimatzen, aukera askorik ez dut eta.


Zure lana hitz gutxitan deskribatuko bazenu?


Nire xedea mezu sinpleekin eduki mamitsuak lortzea da.


Nola sentitzen zara zure lana ordu edo egun batzuk baino ez duela iraungo jakinda?


Beti gazi-geza egiten da sortu berri duzun lan bat zakarrean ikustea, baina horrelakoa da. Azkar ikasi behar izan dut horrek gogaitu ez nazan. Norbere lanak asteetan zehar eskegita ikustea poztasun bat bada ere, behar denean baino ez dela eskegita egongo pentsatzea gustatzen zait. Aipua ikusi behar dutenek eta aipu horren beharra daukanak ikusteko aukera gal ez dezatela. Agian kartela kentzeko ordaindua denak baino ez du aipuaz gozatuko, baina niretzat nahikoa da.



Street artearen mugimendua norbere burua adierazteko edo borrokatzeko tresnatzat hartzen duzu?


Bietarako balio duela uste dut. Bizi garen kultura honetan, adierazteko borrokatu behar da. Iragarbideek gure burua garbitu dute kolonia iragarki bat margolan bat baino gehiago balio duela konbentzitu arte. Kriminalak bihurtu gaituzte eta gizarte arruntetik at gaudela pentsarazten diete besteei. Inor ez dago interesatuta zure burua adieraz dezazun ordaintzen ez bazaituzte, eta gure bidea adieraztea da dakigun era bakarrean. Hala ere, niretzat, gizabide pixka bat erakustea oso garrantzitsua da. Ez dut eraikinetan ezer ez jartzen ez badaude pixka bat zaharkituta, material birziklagarriak erabiltzen ditut eta beste artisten lanen gainean txikituta badaude soilik jartzen dut nirea. Jendeak kriminalak garela badio ere, ez du esan nahi balore etiko estandar batzuk ez ditugunik.


Eraginik izan al du internetek street artearen munduan?


Era neurtezin askotan eragina izan duela uste dut. Nagusiena, zeozer kalean jartzen badut eta argazki bat ateratzen badiot, Internetera igo eginez gero, denbora askotan artelana ikusi dezakegula da, nahiz eta norbaitek hormatik kendu. Ikusi ditudan artelan guztietatik oso gutxi kalean aurkitu ditut. Ia guztiak interneten ikusi ditut. Liburuak eta zineak primerakoak dira, baina ezin dute internetek bereganatu duen audientzia lortu. Zuk nire lan guztiak ikusi izanak internetek duen boterearen emaitza da.


Zergatik uste duzu street artearen mugimenduak hain presentzia handia hartu duela azken urteetan?


Nire aburuz, arte guztia elkarrekin adierazteko beharretik dator. Gu, gizaki gisa, sentitzen duguna beste batek ulertu eta berarekin lotu gintuzkela jakin behar dugu. Alderatu dezakedan egoera hurbilena hauxe da: kanpoko herrialde batean zaudenean eta zure hizkuntza hitz egiten duen batekin topo egiten duzunean. Beste batek zuk sentitzen duzuna ulertzea poztekoa da, eta bientzat, bai artistarentzat eta bai ikuslearentzat, harrigarria. Street artista gehienak opresio mota baten barnean jaio izan dira; eta Amerikan, gutxienez, korporazio handiek etekinik gabeko arte oro isiltzen saiatzen diren bitartean, street arteak gero eta artista gehiagorentzat errebindikatzeko bidea bilakatuko da.


Zer uste duzu street artearen komertzializazioari buruz? Normala da Mr Brainwash edo Shepard Faireyren kasua?


Artistaren ikuspuntuaren arabera ezberdina dela uste dut. Mr Brainwash eta Shepard Faireyren kasuetan, haien printzipioei eusten dieten bitartean, ez ditut epaituko street artea haien buruei laguntzeko bidetzat hartzen badute ere. Fairey jaunak bere printzipioei eusten diela dirudi, eta ingurune komertzial batean sartzeko hartu duen erabakia errespetatzen dut. Beste aldetik, Mr Brainwashen kasuan, anbibalentea naiz. Nahiz eta oso modan egon Mr Brainwashen gaitasun artistikoak kritikatzea, bere xedeak kolokan jarriko nituzke.



Zure lanak kentzen ikustea gero Ebay-n saltzeko nola sentiarazten zaitu?


Eskertzekoa da. Norbaitentzat nire lanak gaizki ulertzea eta Ebay-n saldu ahal direla pentsatzea oso arraroa egiten zait. Hala ere, nire lagunen artelanak txikituta ikusteak frustrazioa baino ez nau ekartzen. Txikia nintzenean, Halloweenen, ate aurrean gozoki katilu bat “bat hartu” kartelarekin jartzen zutenean bezala sentiarazten nau. Noski umeren batek ez du kartela kontuan hartuko eta katilua hustuko du. Guk, artelanak eskegitzen ditugunean, jendearen poza lortzeko da; eta berekoiren batek kentzen duenean guztiei kalte egiten die. Ez bakarrik katilua atea aurrean utzi duen familiari, baizik eta gozokirik hartzeko aukera ez dutenentzat. Analogia hau agian ez da oso ulerkorra izango zuretzat. Kasu horretan, barkamena eskatzen dut.


Zein artistak du eragina zure lanetan? Zergatik?


Gutxi batzuk dira miresten ditudanak. Street artearen munduan, Miranda July, Banksy, Mike Mills, C215, Shepard Fairey, JR Slinkachu eta Swoon miresten ditut. Adrian Tomine eta Craig Thompson komikigileak ere gustuko ditut. Musikak ere asko inspiratzen nau. The Mountain Goats, The Weakerthans, Atmosphere eta Death Cab For Cutie taldeek eragin asko dute nire lanetan. Era berean, horiek guztiak batzen dituena berezko minberatasuna dela uste dut. Artista gisa hitzeko jendea izan behar garela uste dut, gure akatsak erakutsiz, gure kexak, gure hutsak. Maite duguna, beldurtzen gaituena, ditugun ametsak eta barrutik haserretzen gaituena. Horiek guztiak ez dira itzulpen literarioak izan behar, baina artearen parte izan behar dira. Aske utzi behar ditugu norbaitek aurkitu, zaindu eta baloratu ditzan. Nire gauza guzti horiek kalean jartzea prozesua baino ez du azkartzen.


IAMMORLEY.COM

Elkarrizketa: Lucas Jatobá

Lucas Jatobá: ‘Sormena munduko jendea laguntzeko erabiltzea gustatuko litzaidake’


Publizitatearen topiko guztiekin apurtzen duen langile altruista dugu Lucas Jatobá. Brasilen jaiotakoa, Bartzelonara mugitu zena, eta, ondoren, Sydneyra joan dena. Munduko hiritartzat hartzen du bere burua, eta sormena ezberdintasunekin eta gatazkekin amaitzeko erabiltzea proposatzen du.


Testua: Julen Biguri


Zergatik joan zinen Bartzelonara lan egitera?


Oso estresatuta bizi nintzen Sao Paulon, egunero 14-16 ordu inguru lan egiten nuen. Ia egunero trafikoa zela eta trabatuta geratzen nintzen… Hitz gutxitan, ez nengoen oso gustura bertan nuen bizitzarekin.


Nire amak pasaporte italiarrak lortu zituen, eta, orduan, motxila bat hartu, nire lanerako portfolioa eta Europara joan nintzen. Londresen, Amsterdamen, Milanen eta Bartzelonan lanak bilatzen joatea pentsatu nuen. Baina Bartzelonan hasi nintzen, eta gaztelaniaz ez nekienez, kurtso batera apuntatu nintzen. Hilabete bat pasa eta etxea, lana eta lagun mordoa nituen. Bartzelonak liluratu ninduen; eta bertan geratu nintzen!



Nolakoa zen zure eguneroko bizitza Bartzelonan? Eta publizista gisa?


Pertsona normal baten antzera. Metroan nindoan lanera, 9:30etatik 19:30etara lan egiten nuen (zoragarria iruditzen zitzaidan hori, Sao Paulon 22:00ak baino lehen ez nuen inoiz amaitzen). Pailazo gisa lan egiteko kurtso bat egin nuen, eta talde batekin ospitaletara joaten ginen. Baina egun batean umezurtz-etxe bat ezagutu nuen eta bertan boluntario finkoa izateko proposatu zidaten. Harrezkero, igandero, 16:00etatik 20:00etara, Bartzelonako umezurtz-etxe horretara joaten nintzen 0-5 urteko umeak zaintzera eta haiekin jolastera. Oso dibertigarria zen, primeran pasatzen nuen. Bertara 2 urtetan zehar gerturatu nintzen, Bartzelonatik joan nintzenera arte. Benetan faltan botatzen dut, zoriontsu egiten baininduen.


Publizista gisa, arrakasta oso ona izan nuen Bartzelonako Contrapunto agentzian. Lagun asko egin nituen, oso ondo pasatu nuen eta sari pila bat irabazi genituen, bai nazionalak eta bai internazionalak ere.



BBDO moduko agentziekin lan egin ostean, eta FC Barcelona, Unilever, National Geographic, Fox edo AMAM-ekin lan eginda, zer edo zer egiteko geratzen zaizula uste duzu? Enpresaren batekin lan egitea gustatuko litzaizuke?


Egia esan, nire sormena munduko jendea laguntzeko erabiltzea gustatuko litzaidake. Gizarte-lanak egitea asko gustatzen zait. Munduan laguntza behar duen jende asko dagoela uste dut, eta agian guztiok pixka bat lagunduko bagenu, mundua askoz hobea izango litzateke. Ni nire partea egiten saiatzen naiz, 16 urte ditudanetik boluntario gisa lan egiten dut.



Sari asko jaso eta hainbat alditan aintzat hartua izan ondoren, nola daramazu meritu guzti hori?


Meritu guzti hau gogoz, poztasunez eta alaitasunez egindako lan askoren emaitza dela uste dut. Baina ez dut uste hori hain garrantzitsua denik, publizitatea baino ez da.


Benetan garrantzitsuak diren sariak Bakearen eta Medikuntzaren Nobel sariak dira, mundua hobetzeko jendeari laguntza asko eskaini diotenak irabazten baitutelako.


Adeú, Barcelona lan oso altruista da; hala ere, publizitatearen mundua oso etiketa ezberdina du, muga ez oso etikoetaraino lehiakortasuna erabiltzen duela diote. Nola ikusten duzu guzti hori? Benetan horrelakoa da?


Lehiakortasuna agentzien artean baino ez da existitzen, bezeroak lortzeko lehiatzen baitira. Publizitate munduan izaera oso polita duen jendeak lan egiten du. Gutxienez, nik lan egiten nuen agentzian oso jende jatorra zegoen, eta inon ere ez zegoen lehiakortasunik. Bertan gure artean lan egiten genuen beti, lagun talde handi bat bezala. Gero jaietara batera ateratzen ginen, mozkorrak batera harrrapatzen genituen eta afariak ere batera egiten genituen.


Nondik etorri zen Adeú, Barcelonaren ideia?


Contrapunto agentzia utzi ondoren, eta Sydneyra etorri baino lehen, Bartzelonan deskantsatzeko denbora nahi nuen. Behin hauxe pentsatu nuen: nire sormena besteentzat erabili badut beti, zergatik ez nire ideia batentzat erabili, Bartzelonan bizi izan ditudan une alaiak espresatzeko? Ideia askotan pentsatzen hasi nintzen… Eta orduan, egun batean, puztuki bat egan egiten ikusi nuen, eta ideia bat etorri zitzaidan burura.


Txunditu zaituen kanpaina publizitateren bat?


Bai, Australiako Leo Burnett Sydney agentziak egin zuen spot bat, WWF-rentzat (munduaz zaintzen duen ONG bat). Bideo zoragarria iruditzen zait, emozioz betekoa; guztiek ikusi beharko zuten. Ideiarekin eta lana burutzeko moduarekin txundituta nago, gainera, Lurraren etorkizunari buruz pentsatzen hasi naiz honen ondoren.


http://www.vimeo.com/11127915


Publizista batek izan ahal dituen ezaugarri guztien artean, zein uste duzu direla garrantzitsuenak?


Sormena garrantzitsuena da, baina esfortzurik eta ardura handirik gabe ez du ezertarako balio. Egiten duzuna gustatzea oso garrantzitsua da, edozein gauza eginda ere; horrela gauzak beti primeran aterako baitirelako.

Errezetak

Errezetak


Testua: Iñigo Gonzalez


Nire ideia bi plater eta postre bat egitea izan da. Bi plater horietatik bat aukeratu eta ondoren postrea jartzea izango litzateke nire ustez egokiena. Dena den, zuen eskura uzten dut, nahi bezala molda dezakezue lana.


1. Espagetiak atunarekin




  • Osagaiak (4 pertsonarentzat)


-       500 gramo espageti


-       Piper gorri ½


-       Piper berde ½


-       Tipula bat


-       375 g atun(kontserban dagoen atuna)


-       500 g tomate frijitu (potokoa)


-       Oreganoa


-       Olioa eta gatza




  • Prozedura


Eltze bat urez bete eta sutan jarri. Irakiten hasten denean, olio zorrotada bat, bi koilarakada gatz eta espagetiak gehitu.


Espagetiak egosi bitartean, bota bi koilarakada olio zartagin batean, eta sutan jarri hori ere.  Behin olioa berotu denean, tipula eta piper gorria zein berdea gorritu. Oharra: piperrak gustatu ezean, berenjenarekin edo kalabazinarekin ordezka daiteke.


Behin aurreko osagaiak gorritu direnean, tomatea eta atuna bota zartaginera. Ondoren, oreganoa gehitu.


Oreganoa gehitu ostean, berriz ere espagetiei erreparatu, gertu egongo baitira ordurako. Atera pasta eltzetik, ondo xukatu ura kentzeko eta plater batean jarri. Hori egin ondoren, zartaginekoa gainera bota, eta listo. Jateko prest dago. Oharra: espagetiak zartaginean dagoenarekin nahastu gura izanez gero, zuzenean espagetiak zartaginera bota eta nahi bezala nahastu.


 


2. Pasta perretxikoekin





  • Osagaiak (4 pertsonarentzat)


-       500 g pasta


-       350 g txanpinoi


-       150 g tipula xehatu


-       25 cl esnegain likido


-       50 g gazta (xerratan banatua)


-       2 baratxuri (xehatuta)


-       3 koilarakada olio


-       Gatza eta piperbeltza




  • Prozedura


Eltze bete ur sutan jarri, eta gatza bota (10 g ur litroko). Irakiten hastean, pasta gehitu eta 8-10 minutu bitartean egosten utzi. (Oharra: pasta eltzera bota bezain laster nahasten hasi, eltzera itsas ez dadin). Behin pasta egosita dagoenean, xukatu eta hozten utzi.


Zartagin bat hartu, olioa bota eta txanpinoiak bertan frijitu, tipula eta baratxuriarekin batera (10 min inguru). Saltsa trinko bat sortzeko, gehitu gazta eta esnegain likidoa. Behin biak gehitu direnean, nahastu, saltsak trinkotasuna eta sendotasuna har dezan. Saltsa trinkoa geratu denean, gatza eta piperbeltza bota. Azkenik, saltsa pastari gehitu. On egin!


 


3. Fruta entsalada (postrea)





  • Osagaiak (4 pertsonarentzat)


-      2 laranja


-      4 mandarina


-      2 sagar


-      200 g anana


-      Marrubiak


-      Meloia


-      Saltsa egiteko: laranja zukua (laranja 1), 5 koilarakada gazta fresko (Philadelphia adibidez) eta azukrea.


Oharra: edozein motatako fruta gehi daiteke entsaladara.




  • Prozedura


Entsalada egiteko, lehenik eta behin frutak ebaki behar dira. Zitrikoak (laranja eta mandarina) ataletan eta gainontzekoak (meloia, marrubiak, anana…) laukitxotan.


Entsaladaren saltsa prestatzeko, zukua, gazta freskoa eta azukrea nahastu. Ondoren, frutari gehitu eta prest dago. Oharra: entsalada hotza mahairatu behar da.


 

2011/02/27

Zine txokoa: Coffe and Cigarettes

Zine txokoa: Coffe and Cigarettes


Filma: Coffe and Cigarettes


Urtea: 2003


Zuzendaria: Jim Jarmusch


Testua: Ibon Urresti



«Hizlari on bat soilik hitzontzi bat izango da eta galduta egongo da, audientziaren bihotza eta gogoa bereganatzen ez baditu». Wilson Mizner


Kafea eta zigarroak. Pertsonen arteko lotura eta hurbiltasunaren adierazle dira sarritan. Kafe-katilu bat, askotan, lagun, solasaldi eta sekretuen sinonimo da guretzat.


Eguneroko plazer txikien apologia egiten duen filma da Coffe and Cigarettes. Kafe-katilu bat eta lagun arteko solasaldi batekin gozatzera bultzatuko gaituzte pertsonaiek. Hala ere, lehen inpresioan, filmak guztiz zentzugabea dirudi. Pastazko betaurrekoak artearen inguruan ematen duten bermearen atzean izkutatutako beste maisulan ulergaitz horietako baten usaina dario. Eta zine munduan halakorik badago ere, uste dut kasu honetan giza komunikazioaren inguruko hainbat ondorio atera ditzakegula.


Horretarako, Jarmuschek, elkarren artean itxuraz inongo loturarik ez duten laburmetrai ezberdinak tartekatzen ditu filmak irauten duen 95 minututan.


Bi pertsonaia mahai baten inguruan. Kafea eta zigarroak. Itxuraz, hori da istorioak lotzen dituen argumentu komun bakarra. Bitartean Elvis Presleyren heriotzaren inguruko konspirazioak, Nikola Teslaren teoriak edota te ingelesaren prestakuntza egokia bezelako gai nahasi eta ezberdinen inguruan hitz egiten dute pertsonaiek.


Filma 2003an estreinatu bazen ere, Jarmuschek 1986tik zeraman eszena eta pasarte ezberdinak filmatzen, azkenik 11 bineta laburrez osatutako collage bat egin arte. Horrez gain, aktore zerrenda bikaina eskaintzen digu film independente honek: Roberto Benigni, Steven Wright, Bill Murray, Steve Buscemi, Cate Blanchet edota Tom Waits, Iggy Pop eta Jack White musikariak esaterako.


Aspektu teknikotik filmak ez du inongo konplexutasun berezirik, hare gehiago; sinpletasuna eta informaltasuna dira nagusi; zuri-beltzeko plano itxi eta kamera enkoadraketa finkoak mantenduz.


Gure bizitzetatik ateratako eguneroko elementuak biltzen ditu Jarmuschek filmean, eta hauen inguruan komunikatzeko gai izatearen garrantzia azpimarratzen du. Bada, pertsonaiek mantentzen dituzten elkarrizketak ez dute gai konkreturik jorratzen. Egunerokotasunean sortzen diren egoerak besterik ez dira, elkarrizketak momentuaren inertziaren menpe daudelarik. Hala ere, askotan guztiz hutsalak eta absurduak bilakatzen dira pasarteak.


-Laster joan egin behar dut.. Dentistarenean txanda daukat. Baina ez dut joan nahi, ez zait gustatzen dentista…


-Steve. Nik denbora daukat. Denbora asko!


-Nire ordez joan nahi?


-Mila esker. Bai zure ordez joango naiz. Ederra!


Komunikazio egoeretan denok inoiz izan ditugun oztopoak agertzen dira filmean zehar, hala nola; interes falta, bestea entzuteko ezintasuna, besteen erreakzioaren beldurra… No problem laburraren kasuan, bi lagunminen artean, komunikazio eraginkor bat ezartzeko ezintasuna eta zerbait konkretua adierazteko zailtasunak azaltzen dira.


Film batek ematen digun kanpo-perspektiba aprobetxatuz, uste dut Coffe and Cigarettes-ek komunikazio eraginkor eta lasai batek giza harremanetan duen garrantziaz ohartarazi gaitzakela. Bada solasaldi on batek gaia agortu behar du, ez solaskideak.


Agian ez da gure bizitza aldatuko duen filma, baina eguneroko plazer txikiez gozatzen eta besteen hitzetan arreta gehiago jartzen erakuts diezaguke. «Bizitzako gauza guztietan aurkitu daiteke plazerra ondo dastatzen jakinez gero», esaten zuen aspalditik Ganivetek...

2011/02/25

BA AL ZENEKIEN...? (1. alea)

Testua: Leire Regadas


- Begi urdinak akats genetiko baten ondorioz sortu zirela?
Hori baieztatzen du Hans Eigber-ek, Copenhagueko unibertsitatean irakasten duen Danimarkako zientifikoak. Orain dela 6000-10.000 urte artean gertatu zen hori. Gizakion begien berezko kolorea marroia izan beharko luke, baina gure eboluzioan zehar, pertsona bakar batek mutazioa pairatu  eta begi marroiak edukitzera bideratzen duen melanina blokeatu zen. Ordutik aurrera, generazioz generazio transmititu da nolakotasun hori eta gaur egun 150 milioi pertsonek dituzte begi urdinak.


- Askoz gehiago dela eguzkiak segundoro askatzen duen energia, gizarteak bere sorreratik kontsumitzen duena baino?



- Astero 25.000 bider kliska egiten dugula?


- Zigarroa dela ikerketa eta estatistika gehien duen iturria?


- Naturak sortutako material erresistenteena armiarma sarea dela?
- Errusiarrek telefonoa hartzen dute «entzuten ari naiz» esanez?


- 1800. urtea baino lehenago oinetako ezkerra eta eskuina berdinak zirela?


- Petrolio tanta batek 25 ur litro ez edangarri bihurtu ditzakeela?


- AEBetan, Alabaman, debekatuta dutela gizonezkoek listua botatzea emakumeren bat aurrean badago?


- Kansas-en debekatuta dagoela adin txikikoek jostailuzko armak erostea? Baina benetako armak erosi ditzaketela?


- Indonesian masturbazioa dekapitazioarekin zigortzen dela?

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money