2012/09/27

Gorka Bereziartua: "Aurreko urteetan baino pelikula sarigarri gehiago ikusi ditut aurten"


Ander Barinaga-Rementeria eta Julen Biguri

Elkarrizketak aurretiaz lotuta behar luketela esan zigun irakasle batek unibertsitateko lehenengo urtean. Beranduegi gogoratu gara aholku horretaz. Eskerrak Gorka Bereziartuak bi gazteren azken orduko eskaerari jaramon egin eta kafe baten inguruan gure galderak erantzun dituen. Argiako kazetariak sei urte daramatza Donostiako Zinemaldian gertatzen denaren berri ematen. Aurten, Sail Ofizialeko filmak ditu hizpide Boligrafo gorria blogean zein sare sozialetan (@boligorria).

Kazetari lanetan zabiltza Donostiako Zinemaldian.

Azkeneko bost edo sei urteak daramatzat Zinemaldira etortzen. Mikel García eta biok etortzen gara. Nik Sail Ofizialeko filmen berri ematen dut eta berak Zabaltegi sailari buruz idazten du.
Astekari bat garenez, egunerokoaren berri emateko, batez ere sareko edizioan idazten dugu. Bertan bi sail hauetako filmen kritikak, prentsaurrekoak zein beste kontu batzuk lantzen ditugu. Ondoren, astekariko artikulu batean balorazio orokor bat egiten dugu. Albiste normalak landu beharrean punta atera ahal zaien albisteak lantzea gustatzen zaigu. Beste leku batzuetan argitaratzen ez diren gauzak. Egia esan ez da horren zaila, hemen dagoen faunarekin istorio pila bat daude. Albiste normalak hainbat leku eta hizkuntzatan irakurri ahal dira.

Kulturari garrantzia handia ematen dio Argiak.

Astekaria zein interneteko edizioa kulturan nahiko erreferentziala izan da. Argian 80ko hamarkadan zebilen jendeak beste proiektu kultural asko sortu zituen. Urte askotatik datorren, kulturari garrantzia emateko joera bat dago. Interneteko aro honetan ere kulturari bere pisua ematen saiatzen gara. Prentsan, orokorrean kulturako orriek pisu gutxi daukate. Kultura askotan, arrazoi ez kulturalegatik izaten da albiste, zentsura politikoa dagoelako…  Barrura begiratzeko leihoak filmaren kasuan gertatu den bezala. Pelikula arazorik gabe estreinatzen baldin bada ez dela ezer gertatzen ematen du.

Zer nolako presentzia du euskarak Zinemaldian?

Urratsak egiten ari dira. Duela urte batzuk, lau bost urte, akreditazioa eskatzera etorri “kaixo, akreditazioaren bila nator” esan eta “perdona, ahora te atiende el de euskera” esaten zizuten. Egia da gero eta film gehiago dagoela euskarazko azpitituluekin, baina oraindik asko dago egiteko. Zinemiran gertatu dena ikustea besterik ez dago. Hemengo filmen saileko estreinaldien atalean euskarazko lan bakarra dago: Joxeanjel Arbelaitzen Leku Hutsak, Hitz Beteak. Sartzeko moduko film asko zeuden, adibidez, ez dut uste Barrura Begiratzeko leihoak kalitate irizpide bategatik geratu denik kanpoan, nahiz eta Zinemaldiko zuzendariak Zinemira aurkezterakoan hori esan zuen. 1800 pelikula ikusi dituztela eta batzuk derrigorrez kanpoan geratu behar dutela esan zuen. Egia da ere, beste sail batzuetan, Barrura begiratzeko leihoak baino askoz film txarragoak ikusten ditugula. Ni ez nintzen prentsaurrekoan egon, baina beste kazetari batzuei galdetu eta esan zidaten azalpen hori inork galderarik egin baino lehen eman zuela eta excutatio non petitari buruz badakigu zer esaten den.  Oraindik ere, euskararen alorrean, egiteko asko dago, proiektatzen diren pelikuletan kasu. Zinemirak euskarazko pelikulak proiektatzeko izan beharko luke. Azpitituluen kasuan ere urrats handiak eman behar dira. Ikusi ditudan Sail Ofizialeko film bat ere ez da euskarazko azpitituluekin proiektatu nahiz eta euskaraz aritzen garen medio asko egon.


Sare sozialek, filma ikusi eta berehala iritzia plazaratzeko aukera ematen dute.

Asko aldatzen da prentsan eta sare sozialetan esaten dena. Blancanieves adibidez, ez zait batere gustatu, baina aurrekoan pelikulatik atera berritan idatzi nuen tweeta irakurri nuen eta zabor hutsa zela jartzen nuen. Nik artikulu batean ez nuke inoiz hori idatziko. Blogean idazterakoan tonua asko lasaitzen duzu, matiz gehiago sartzen dituzu. Egunkarietan lan egiten dutenek garrantzitsua dena askoz hobeto neurtzeko aukera daukate. Guk berehalakotasunean irabazten dugu, pelikula bukatu eta kritika daukazu biharrera itxaron gabe. Egia da irakurle batzuek hori eskertuko dutela, baina askotan denbora gehiago eskertuko nuke kritika sosegatuago bat egin ahal izateko. Biak dira beharrezkoak. Internetek gainera etengabe editatzeko aukera ematen dizu eta nik hainbat espresio biguntzen ditut. Mugikorretik ere editatu dezakezu.

Zein filmek harritu zaitu?

Nahiko Sail Ofizial ona izaten ari dela uste dut. Javier Rebolloren El muerto y ser feliz gustatu zait, batez ere egiten duen jokoagatik. Gauza bat ikusi eta narratzaileak berbera esan edo kontrakoa esaten du, hein batean, ikuslea ere lan bat edo ariketa bat egiteko beharrean jartzen du. Ikusten duzunari jaramon egin behar diozu, baina bestalde, offeko ahotsa ere beste autoritate bat da. Françoise Ozonen filmeko (Dans la Maison) fikzio mailen arteko jokoa ere gustatu zait. Nahiz eta egoera batzuk nahiko fortzatuak iruditu zaizkidan. Blancanieves ordea ez zait batere gustatu. Azken urteetan Sail Ofizialekko filmez arduratu naizenez, Mikelek Zabaltegi egiten noiz utziko zidan pentsatzen egon naiz, normalean film hobeak ematen baitituzte, beste jaialdi batzuetan saritutakoak kasu. Pelikula hauen kasuan, hautaketa lehendik eginda dago. Oliver Stoneren Savage ere ez zitzaidan batere gustatu.

Zer irakatsi dizu esperientziak?

Normalean ez naiz askorik dokumentatzen filma ikusi baino lehen, bestela baldintzatuta zoaz zine aretora. Esperientziarekin ikasi dut hori, lehen informazio gehiago biltzen nuen.

Eta iazkotik zer duzu gogoan?

Los pasos dobles ez zitzaidan batere gustatu, noraezean zihoan pelikula bat da. Niri ez zidan ezer esan. Aurreko urteetan baino pelikula sarigarri gehiago ikusi ditut aurten.

0 iruzkin:

Post a Comment

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money