2012/09/22

Bigarren eguna | Nork esan zuen bigarren zatiak onak ez zirenik?



2012ko irailaren 22a, larunbata.
Larunbatetan ohikoa denez, jende asko hurbiltzen da Donostiara, eguna giro onean pasatu eta zorte apur batekin horren urrun dauden izarren bat hurbiletik ikusteko aukera izango duelakoan. Goizetik jendez lepo egon dira Maria Cristina eta inguruko kaleak. Guk, nahiago izan dugu eguna pelikulaz pelikula eman.
Ez dago eguna pelikula yanki batekin hastea baino hoberik. Ben Afflecken azken lana hori baita, pelikula yanki bat. Txukuna eta entretenigarria, baina guztiz amerikarra. Argo, historian oinarritutako istorioa da. 1979an Irango iraultzako erreboltetan bahitzea lortu ez zuten sei amerikarren istorioa. Irango iraultzaileek AEBetako enbaxada hartu zutenean, bertako sei langile, ihes egitea lortu eta Kanadako enbaxadan ezkutatuko dira. Harrapatuko dituzten beldurrez bizi diren bitartean, CIAko Tony Mendez (Ben Affleck) agenteak plan arriskutsu, eta itxuraz zoro batekin, Irandik ateratzea lortuko du. 
Donostiako Zinemaldia, pelikulak estreinatzeko aparteko zita ez ezik, beste hainbat ekitaldi burutzeko aitzakia ere bada. Urtero, Espainiako Zinematografia Sari Nazionala ematen da San Telmo Museoan. Aurten, Yvone Blake figuringileak jaso du saria. Ez da bere lehenengo saria izan, azken lau hamarkadetan Oscar sari bat eta lau Goya sari irabazi baititu Nicolás y Alejandra, Remando al viento, Cancion de cuna  eta  El puente de San Luis Rey filmetako jantzien diseinuagatik. Saria bihotzez eskertu ondoren, ospatu diren 22 edizioetatik seitan baino ez dutela emakumeek jaso esan du. Izan ere, bera da emakumezko aktoreak kenduta sari hau jasotzen duen lehen lantalde teknikoko kidea. Azken hauei eskaini zien saria, baita bere senar “andaluziarrari” eta bere seme Davidi (egun argazki zuzendaria da).
Argentina, Frantzia eta Espainiaren arteko koprodukzio bat da eguneko beste filmetako bat. Inor hilko ez duen soldatapeko hiltzailearen istorioa da Javier Rebolloren azkeneko laneko protagonista: Santos (José Sacristán). Santos, gaixorik dago, minbizia dauka eta denbora gutxian hil egingo da. Autoa hartu eta helburu zehatzik gabe bada ere errepidera aterako da. Ibilbide iniziatiko guztietan bezala, bidelagun bat izango du: Roxana Blancok antzezten duen erizain gaztea. Filmean, istorioa bera baino, hau kontatzeko era da ikusleen artean hain kuttun egin duena. Sekuentzian gertatzen dena, edo irudietan ikusten denaren kontrakoa deskribatzen du narratzaileak, ikuslearen esku utziz ahotsa edo irudia lehenesteko erabakia. Hasieran narratzailea astun hutsa dela pentsatu arren, azkenean horrek ematen diola xarma film luzeari.
Marialy Rivasen Joven y Alocada filmak, hitzik gabe utzi zituen bertaratutakoak. Baten bat, berotu beharrean, hotz utzi eta aretotik alde egitera ere ausartu zen. Ez da hasiera eta bukaera duen ohiko istorio bat. Blog baten sarrerek ematen diote forma istorioari. Daniela (Alicia Rodríguez) familia ebanjeliko eta kontserbadore bateko hamazazpi urteko neska errebeldearen eguneroko gorabeherak kontatzen ditu. Muntaia eta grafismo bitxia lagun, onerako zein txarrerako, zeresana eman duen filma da. 6,986 puntu lortu ditu Euskaltel Gazteriaren sarian, momentuz, Infancia Clandestina filma baino ez dauka aurretik.
Zinemaldian baina, badago film laburrentzako tokia ere (nahiz eta presentzia handiagoa eskertuko litzatekeen). Principe zinema aretoan aurtengo Kimuak katalogoan hautatutako zazpi lanak aurkeztu dituzte: Mikel Ruedaren Agua!, Isabel Hergueraren Bajo la almohada, Ander Mendiaren Beerbug animaziozko pieza, Oteizaren lana ulertu ezean nahiko korapilatsua den Jesús María Palaciosen Casa Vacia, Paul Urquijoren Monsters do not exist pederastiari buruzko hausnarketa, Ramon Agirre protagonista duen Koldo Almandozen Deus et machina eta Martin Rosetek zuzendutako Voice Over film labur bikaina.
Nork esan zuen bigarren zatiak onak ez zirenik?

0 iruzkin:

Post a Comment

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money