2012/03/07

Ikusentzunezko greziar iraultza

Julen BIGURI

Latza da greziarren egoera gaur egun. Zakarra. Ohituta gaude antzinako tenplu eta orakuluen dekadentzia ikusteaz. Ohituta ere aspaldiko zibilizazioaren arrasto higatuak bisitatzeaz. Baina ohituta al gaude hotelen erreinuaren dekadentziaz? Eta turisten ahanzturaz? Eta krisi ekonomiko eta sozialei aurre egiteaz?

Yorgos Lanthimos-ek irrealitate krudeleko filmak egiten ditu horretarako. Latzak. Zakarrak. Isiltasunek hitz egiten dute greziarraren filmetan. Askotan ez dakigu antzezpenak noraino doazen, ezta zein neurritan isiltasun horien beharra dagoen, baina hor daude.


Atenaseko zuzendariak Lakis Lazopoulos-ekin (My Best Friend, 2001) eman zuen pantaila handirako jauzia, lehenago antzerki eta bideoklipekin esperimentuekin ibilia baitzen. Baina bere opera prima Kinetta (2005) izan zela esan dezakegu. Bertan narrazio ez linealak, isiltasun luzeak eta desenfokeak dira ugari. Gus Van Sant-ek erabiltzen dituen tresnetaz baliatzen da greziarra. Pentsa genezake planoak nahigabe atera direla, prestakuntzarik gabe, baina ez da hala gertatzen. Zuzendariak turisten erreinuaren ahanzturan murgiltzen gaitu, greziarren bakardadean; eta bakardade horren parte izatea da jolasaren gakoa.


2009an proiektu landuagoa bideratzen du: Dogtooth. Filma mundutik paseatzen uzten du, eta erantzuna bikaina da: Canneseko “Un certain regard” saria eta Oscarretan Ingelesez besteko film onenaren sarirako proposamena lortzen du, besteak beste. Baina zerk uzten du ikuslea hain ahozabalik? Gizakiaren krudeltasunak.


Errealitatean bideraezina den egoera bat planteatzen zaigu, gizakiaren eta animalien arteko muga definitzen bat ere laguntzen ez duena. Manipulazioari eta ezjakintasunari buruzko gogoeta baino, saiakera bat dugu ikus-entzunezko pieza hau. Azken bost urteetako pelikularik onenetarikoen artean egon beharko luke Dogtooth.

Ondoren, duela gutxi estreinatu duen pelikula (Alps) prestatzen duen artean, Attenberg (2010) pelikulan parte hartzen du aktore eta produktore gisa. Artelana bere laguna den Athina Rachel Tsangari-k zuzentzen du. Istorioak animaliaren eta gizakiaren muga jorratzen du berriro ere, baina Sir David Attenborough-en (hortik izena) dokumentalez baliatuz. “Homo hominis lupus” da, besteak beste, filmak azpimarratzen duen tesia. Hala ere, otsoaren papera Ariane Labed lotsati eta hauskorrak antzezten du; Veneziako Film Festibalean saritua izan zen antzezpena.


Batzuk oraindik ez dakigu zertaz baliatuko den azken pelikulan Yorgos Lanthimos, baina jakiteko irrikitan gaude. Azken finean, bere ibilbide zinematografikoak erakusten duenez, gizakiok ezkutuan ditugun emozio eta egoerak islatzen artista hutsa da. Horretaz gain, Grezia pairatzen ari den krisialdi gogorrean ere 7. arteak aurrera egin ahal duela erakutsi digu, eta nola, gainera!



0 iruzkin:

Post a Comment

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money