2011/04/07

Kazetarientzat orrialde bat sortu du Facebook-ek

Kazetarientzat orrialde bat sortu du Facebook-ek


Testua: Leire Regadas


Berriak argitaratzeko hainbat kazetarik Facebook erabiltzen dutela ikusirik, Facebook & social journalism izeneko orrialdea sortu du Facebook sare sozialak. Horren xedea kazetariak informazio iturri bezala Internet erabiltzen eta irakurleekin interakzioa izaten laguntzea da.


Horretaz gain, Facebook Journalism Meetup program sortuko dute; munduan zehar hainbat mintegi egingo dituzte, kazetariek sistema berri hori lan tresna bezala erabiltzen ikas dezaten.


Ohar nagusian, Facebook & social journalism atalaren berri emateaz gain, adibide batzuk daude jendeak ikus dezan nola erabili daitekeen sare soziala kazetaritza lanetarako.

2011/04/05

UDABERRIKO TENDENTZIA

Preppy style: dotorezia eta erosotasuna


Testua: Ane Zabala


Preppy estiloa Estatu Batuetako eta Erresuma Batuko eskola eta unibertsitate elitistetako ikasleen janzkeran oinarritzen da. 80. hamarkadan modan jarri zenetik ikasgeletatik kalera irten da Ralph Lauren, Tommy Hilfiger, Lacoste edo Paul Smith bezalako diseingileen eskutik. Inspirazio nautikoa duen estilo sofistikatu, sinple, dotore eta eroso hau udaberri-uda honen must bat izango da.



Denboraldi honetan, look hau inor baino hobeto jantzi nahi baldin baduzu, zure armairua jantzi klasikoekin betetzeko prestatu beharko duzu. Izan ere, estilo honen ohiko jantziak kolore neutroko prakak, tolesdun gonak, alkandorak, sweater-ak, urdin iluneko (azul marino) blazer-ak, erronboak eta larruzko zapatak edo mokasinak dira. Look ezinhobea lortuko duzu gona motz, alkandora zuri eta blazer bat konbinatuz edo marinel kamiseta, praka beige, blazer eta punta biribileko zapata batzuekin.



Telebistan estilo hau askotan ikusi ahal izan dugu Gossip girl telesailaren eskutik eta neurri batean, honi esker lortu izan du estilo honek arrakasta.  Izan ere, telesai honek modan duen eragina itzela da eta bertan agertzen diren protagonista eta estilismoak berehala bihurtzen dira tendentzia. Telesailean preppy estiloaren alderik sexy-ena esplotatu dute eta tolesdun gona motzak, zetazko blusak eta takoi zapatak ikusi ahal izan ditugu.


Estilo honen arrakasta hain izan da handia, non H&M eta Zara dendek preppy-ari eskainitako linea osoak salgai jarri dituzten. Denda hauetan begiradatxo bat eman ezazu eta maitemindu zaitez New Yorkeko kaleak eta mundu erdiko pasarelak konkistatu dituen estilo honetaz.

2011ko Donostiako Aste Nagusiko su artifizialen eta euskal jaiak iragartzeko kartelen lehiaketa

Donostia Kulturak 2011ko Aste Nagusia, Su Artifizialen Nazioarteko 48. Lehiaketa eta Euskal Jaiak iragartzeko kartelak aukeratzeko lehiaketa martxan jarri du. Zirriborroak aurkezteko azken eguna maiatzak 8, eguerdiko 13:30ean izango da. Edonork parte hartu dezake. Informazio gehiago nahi izanez gero deskargatu oinarriak hemen klik eginda.

2011/04/04

Telebista pribatuek publizitatetik lortutako diru-sarrerak %25 igo ziren 2010ean

Baina telebistan igorritako iragarki kopurua murriztu egin da, %4 egin du behera azken urtean


Testua: Iñigo Gonzalez


Telebista kate pribatuek 1.931,8 milioi euro eskuratu zituzten publizitateari esker 2010ean,  2009an baino %25 gehiago, Telekomunikazioen Merkatuko Komisioaren azken txostenaren arabera. Txostenen egileek esan dutenez, TVE kate publikoak iragarkiak emateari uztea «erabakigarria» izan da igoera hori eman zedin. Gainera, urtebete da TVEk iragarkiak emateari utzi zionetik.


Bestalde, publizitate gutxiago emititzen da kateetan eta %4 jaitsi da iragarkiei eskainitako minutu kopurua.


Bien bitartean, kate publikoek 253,25 milioi euro lortu zituzten arrazoi beragatik, 2009an baino %60 gutxiago. Pribatuen kasuan TVEk iragarkirik ez emateak diru-sarreren igoera eragin bazuen, alderantzizko efektua sortu du publikoengan: %60ean murriztu dira diru-sarrerak 2009. urtearekin alderatuz.


Azken hiruhileko datuak erreferentzia gisa hartuta, kate pribatuek publizitatetik 540,9 milioi euro eskuratu zituzten denbora tarte horretan, aurreko urteko azkenekoan baino %8,9 gehiago. Publikoek aldiz, 68,3 milioi lortu zituzten.


Publizitate gutxiago


Kate pribatuen irabaziak handitu badira ere, publizitate gutxiago emititu zen 2010ean, 1,9 milioi minutu guztira. Aurreko urtearekin alderatuz, %4,1 jaitsi da iragarkiak igortzeari eskaintzen zaion denbora. Azken hiruhileko datuei so eginez gero, 527.247 minutu igorri ziren denbora tarte horretan, 2009an baino %0,4 gutxiago.

2011/04/01

ISASAWEIS: Edertasunaren giltza orain Youtube-n


Edertasunaren giltza orain Youtube-n


Testua: Nerea Reparaz




Internet sarritan, hondorik gabeko kutxatzat definitu izan da, etengabe berritzen doana, beti ere praktikotasuna duelarik ardatz. Azken aldi honetan, edertasuna eta elikaduraren inguruko ardurak hartu du garrantzia Espainiako blogarien artean. Isabel Llano asturiarra da, hain zuzen ere, boom honen arduraduna.


Isabel Llano edo, Isasaweis Interneteko nabigatzaileentzat, Youtube-ko aurpegi ezagunetakoa bilakatu da azken hilabeteetan itxura eta osasunaren arloan. 8 hilabete eskas pasa dira asturiarrak Internetera lehenengo bideoa igo zuenetik. Informatika ikasketak gauzatu zituen eta gaur egun irakaslea da Asturiaseko institutu batean. Horrek baina, ez dio bere benetako hobby-ari denbora eskaintzea ekiditen.



 


 



"Ondo azaltzen dudala esaten didate, beharbada irakasle izatetik datorkit”


Isabel Llano


 


 


 


45.000 harpidetza ditu bere webguneak, eta horrek Espainiako blog bisitatuenen artean kokatzen du. Lortutako oihartzunaren aurrean “sinestezin” ageri da gaztea, inolaz ere horrelako fama lortuko ez zuela pentsatuz. Bere bideo bidezko aholkuak, beti ere, jarraitzaileen eskaeretan oinarritzen dituela jakinarazi du, izan ere, haiekin kontaktua omen da asturiarraren iritziz ospearen giltza.


 




“Ez nuen inolaz ere horrenbesteko oihartzuna espero”


Isabel Llano


 


Gertutasuna eta arruntasuna dela eta Isasaweis-ek jende askoren etxeetara iristea lortu du. Bideoak etxean grabatzen ditu bideo kamara pertsonalarekin. Jarraitzaileak eroso eta harekiko gertu sentiarazten ditu, bere etxeko ateak irekiz.


Moda, edertasuna, osasuna eta elikadura osasuntsua dira gazteak zabaltzen dituen baloreak. Bideo arrakastatsuen artean, sushi-aren errezeta eta zenbait pertsonaia famaturen look-a edo makillajea lantzen direnak dira.


Telebistak dagoeneko fenomeno berri honen berri du, eta Antena3ek denbora galdu gabe asturiarra fitxatu du. Gutxi barru bere programa propioarekin ikusi ahal izango dugu, ohiko apaltasunez irtenbide merkeak eta aholku baliotsuak zabalduz.

Rockaren museoa ireki dute Bartzelonan

Rockaren museoa ireki dute Bartzelonan


Testua: Aintzane Larrañaga


Martxoaren 31an ireki ditu ateak Bartzelonako rockaren museoak, eta 500 piezatik gora daude ikusgai, besteak beste, Michael Jacksonen eta Mick Jaggerren jaka bana, diskoak, kartel edo posterrak eta hainbat musika instrumentu.

Las Arenas merkatal zentroaren barnean kokatzen da museoa, eta Jordi Tardá kazetaria izan da proiektuaren bultzatzaile nagusia. Bere hitzetan, “rockaren historia azaltzen lagunduko diguten piezak jendeari erakustea da helburua”.

Eraikina 4 gelatan banatzen da: lehen gela Beatles laukote britainiarraren inguruan antolatzen da; bigarrena, Rolling Stones taldearen inguruan; hirugarrena, rock espainiarrari lotua dago, eta laugarrena, aldiz, gaiz aldatzen joango da aldiro. Momentuz, Freddy Mercury zenaren Queen taldearen objektuz osatzen da azken zati hau.

Tardák adierazi duenez, tarteka kontzertuak eskainiko dituzte museoan bertan, baita musikari buruzko klase magistralak ere. Eta hori guztia gutxi balitz, On Stage gelatxoa sortu dute, non joaten den edonork musika jotzeko aukera izango duen.

Museoa asteko egun guztietan izango da zabalik eta sarrerak 10 eurotan daude salgai.

Euria esan eta euria erortzea

Testua: Ander Barinaga-Rementeria.     Argazkiak: Julen Hernandez

Ikuskizun hau Gaitzerdi Teatro konpainiaren baitan sorturiko KABIA ikerketa dramatikorako espazioak eginiko lanaren emaitza da. KABIA sortu eta handik hilabete batzutara Heiner Müller-en testu batetik abiatuta hasi ziren lanean. Borja Ruiz antzezlanaren zuzendariak azaldu duenez, zenbait hilabetez hainbat eszena landu ondoren, konturatu ziren Joseba Sarrionandiaren hainbat testu eta ideia ezberdin kontatu nahi zuten istorioarekin bat zetozela. Bizkaitarraren imajinarioa iparrorratz hartuta ekin zioten bost aktorek bideari, eta bidetik beste bost batu zitzaizkien oraingo taldea osatzera arte.

Istorioa patio batean gertatzen da. Patio honek bi aurpegi ezberdin dituela azaldu du zuzendariak. Alde batetik, patio arrunt bat dago, non pertsonaia gris batzuk beraien egunerokoan hara eta hona dabiltzan. Beste alde batetik, haurrek duten patioaren irudia dago. Haien irudimena lagun, patioa edozein leku izan daiteke. Patio horren dualitatearekin jolastu nahi izan dute hamar artistek.

Antzerkia uneoro aldatzen den organismo bizia dela esan du Borja Ruizek. Bizitasun hori aktoreen interpretazioetan ageri-agerikoa da. Sarrionandiaren testuak lagun, ikuslea efektu eta koreografia ikusgarrien bidez gatibatzea lortzen dute ordu bete pasatxo irauten duen ikuskizunean. Bakardadea, pasioak, tristurak, identitaterik eza, zoriontasunaren eta gaur egungo gizartearen inguruko hausnarketa egiteko gonbidapena luzatzen digute KABIAko kideek. Zer da ba zoriontasuna?  Euria esan eta euria erortzea.

Hurbiltasun antzokia

Bilboko Arriaga Antzokiko Hurbilatsun Antzokioaren programazioari esker izan da Bilbon ikusgai Max Sarietarako aukeratuta dagoen antzezlan hau. Apirilaren 2an Paisaje con Argonautas lana eskainiko du konpainia berberak. Borja Ruizen zuzendaritzapean arituko dira Juana Lor aktorea eta Iñigo Olazabal musikaria.

EURIA ESAN ETA EURIA ERORTZEA
  • Zuzendaria: Borja Ruiz
  • Aktoreak: Juana Lor, Iosu Florentino, Ane Pikaza, Joseba Uribarri, Karol Benito, Oscar García, Sara González, María Goirizelaia eta Yolanda Bustillo.
  • Eszenografia: Alicia de Miguel
  • Jantziak: Azegine Urigoitia
  • Argiztapena: Javier García
  • Musika: Xabier E. Adrien
  • Ekoizpena: Rosa Abal

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money