2012/11/02

Goenkale, telebistatik oholtzara


Azaroaren 5etik 7ra bitartean izango da ikusgai Bilboko Arriaga Antzokian



Gutxi izango dira hemeretzi urte hauetan noiz edo noiz Goenkale ikusi ez duten euskaldunak. Iaz, heldutasunera iritsi zen telesaila eta hori ospatzeko Pausoka eta Glu-Glu ekoiztetxeek bat egin eta Goenkale, Kondesaren erretratua antzezlana prestatu dute.
Felix Arkarazo aktoreak dioen bezala “ezinezkoa da hemeretzi denboraldi laburbiltzea” hori dela eta “obra biribil bat” egiten saiatu dira, “zale eta ez zaleek jarraitzeko moduko obra bat”. Yannick Vergara aktoreak ere publiko zabal batentzako lana dela azpimarratu du, azken finean, telesaila ikusi ez dutenek ere lagun talde baten harremanetan oinarritzen den lan bat ikusiko baitute.
Pertsonaietako hiruk, Itsasok (Maria Cruickshank), Eiderrek (Ylenia Baglietto) eta Ibonek (Xabier Perurena) oraindik antenan jarraitzen dute eta horrek eragina izan dezake gerora, antzezlanak telesailarekin batera egin beharko baitu bere bidea. Jokin Oregi zuzendariak, hala ere, telesailarekiko aldaketa handienak telebistan agertzen ez diren pertsonaiek izan dituztela uste du, telesailetik joan zirenetik bakoitzak bere ibilbidea izan baitu. Rakel (Yannick Vergara) Marbellatik itzuli eta landetxe baten jabea da orain, Andoni (Felix Arkarazo) erretiratu eta Rakelen landetxera joan da bizitzera eta Nelson (Carlos Nguema) ere landetxera joango da lagun zaharrak bisitatzera.
Yannick Vergararentzat antzezlana “prozesu eder eta aberasgarria” izan da eta “normalean lantzen ez diren harremanak” sortzeko balio izan du. Aurretik, Tolosan, Elgoibarren eta Azpeitian egin badute ere, aktore bizkaitarra urduri dago Bilboko Arriaga Antzokikoa izango baita estreinaldi ofiziala. “Arriagako besaulkietan hazi denarentzat ilusio ikaragarria” dela esan du Vergarak, astelehenean amets baten zati bat egia bihurtuko duela ere gehitu du.
Goenkalen ohikoak diren osagai berak erabili dituzte antzezlana sortzeko: intriga, maitasuna eta misterioa. Aurreko elementuei baina, komedia ere gehitu diete oraingoan.  Gidoia Kepa Errastik idatzi du Pausokako gidoigile taldearekin elkarlanean eta Jokin Oregi aritu da zuzendari lanetan.
Asteleheneko estreinaldian azken urteetan Goenkaletik pasatu diren hainbat eta hainbat aktore eta zale batuko dira Bilboko Arriagan. Azken hauentzat sorpresaren bat edo beste ere egongo da obran, hastapeneko pertsonaien inguruan orain arte ezkutuan egon den daturen bat ere argituko baita. Bilboko estreinaldiaren ondoren Euskal Herriko hainbat txokotan ikusi ahal izango da antzezlana.
Ander Barinaga-Rementeria

0 iruzkin:

Post a Comment

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money