2012/06/11

Arriaga Antzokiaren 2012-2013 denboraldia aurkeztu dute

Testua: Ander Barinaga-Rementeria
Gaur goizean aurkeztu du Emilio Sagi, antzokiaren zuzendari artistikoak, datorren denboraldiko programazioa. Aurtengo programazioak, aurreko urteetan bezala sorkuntza propioa eta genero zein estilo guztietako ikuskizunak biltzen ditu. Antzokiak lanak inportatzeaz gain esportatu ere egiten dituela azaldu du zuzendari artistikoak. Aurten, Arriaga Antzokiak lau ekoizpen propio izango ditu. Bi antzezlan: Soinujolearen semea eta Naturaleza muerta en una cuneta, opera bat Il mondo della luna eta Kukai Dantza taldearen Komunikazioa-inkomunikazioa lana.
Euskarazko sorkuntza
Iaz bezala, euskararen presentzia ez da horren handia izango baina hainbat lan eskainiko dira hizkuntza honetan. Ekoizpen propioetako bat Soinujolearen semea euskaraz estreinatuko da urriaren 18an eta gaztelerazko bertsioa ere egingo dute. Lan hau izen bereko Bernardo Atxagaren eleberrian oinarrituta dago eta Patxo Telleriak egin du antzerkirako moldaketa. Fernando Bernuésen gidaritzapean arituko dira hainbat euskal aktore, besteak beste, Aitor Beltran, Mikel Losada, Patxo Telleria, Asier Hernandez eta Mireia Gabilondo. Gasteizeko Principal Antzokiaren eta Donostiako Victoria Eugenia antzokien lankidetzari esker taularatu ahal izango da antzezlan hau. 

Goenkale telesaila arrakastatsuaren antzerkirako egokitzapena izango da euskaraz ikusi ahal izango dugun beste lan bat. Pausoka entertainment ekoiztetxeak, Glu Glu-rekin batera eginiko lan hau Jokin Oregik zuzenduko du. Azaroaren 5, 6 eta 7an ikusi ahal izango da Arriaga Antzokian eta 30 herri baino gehiagotan egongo da ikusgai Arraldeko bizilagunen gora-beherak biltzen dituen antzezlana. Yannick Vergara, Felix Arkarazo, Maria Cruickshank, Ylenia Baglietto, Karlos Nguema eta Xabier Perurena izango dira aktoreak.
Kukai dantza konpainiak eta Ttanttaka teatroak Mikel Laboaren lanean oinarrituta Komunikazioa-inkomunikazioa lana taularatuko dute martxoaren 1 eta 2an. Lan hau Mireia Gabilondok zuzenduko du eta koreografia Jon Maya dantzariarena izango da. Kukai dantza taldeko kideek Miren Gaztañaga eta Aitor Beltran aktoreak izango dituzte lagun.
Neguko programazioa

My Fair Lady musikalarekin emango dio hasiera Arriaga Antzokiak Bilboko Aste Nagusian. Jaime Azpilicuetak zuzenduko du bertsio hau eta abuztuaren 15etik irailaren 9ra bitartean ikusi ahal izango da. Aurreko urteetan bezala jaietan programazio “herrikoiagoa” eskaini nahi izaten dutela esan du Sagi-k. Hau ez da musikal bakarra izango, gabonetan La Bella y la bestia ikusi ahal izango baita.
Tricicle hirukote kataluniarrak Bits izeneko lana eskainiko du irailaren 12tik 30era bitartean. Honela definitzen dute lana taldekideek: “ikuskizun digitala gag kode trinarioan”.
Gerardo Verak zuzendutako Lilliam Hellmanen La Loba lana, Teatro Españolek William Shakespeareren Hamlet lanaren muntaia, La Regentaren bertsio guztiz modernoa, Calderón de la Barcaren La vida es sueño antzezlana, Jean Geneten Las Criadas eta Federico García Lorcaren Yerma lana izango dira ikusi ahal izango diren antzezlan ezagunetako batzuk. Alejandro Jodorowsky polifazetikoak kabaret mistikoa aurkeztuko du urriaren 29an. Bilbon hainbatetan egon den Mayumana taldeak Recconto ikuskizuna aurkeztuko du. Daniel Veronsek Txekhov-en La Gaviota antzezlanaren bertsioa zuzenduko du: Los hijos se han dormido. Leon Tolstoi-ren Guerra y paz lana ikusi ahal izango da jatorrizko bertsioan gaztelerazko azpidatziekin. David Hare-ren A cielo abierto lana ere ikusi ahal izango dugu apirilaren 26 eta 27an Josep Maria Pouren zuzendaritzapean.
Dantza eskaintza zabala
Aurten ere, dantza eskaintza zabala eskainiko du antzokiak. Sara Baras-ek La Pepa izeneko lana eskainiko du, 1812ko Cadizeko konstituzioaren omenetan eginiko lana. Olaeta Ballet-ak Ipar Euskal Herriko eta Hego Euskal Herriko taldeak bildu eta M eme M lana aurkeztuko dute azaroaren 2 eta 3an. Juan Antonio Urbeltzen lana ere ikusi ahal izango da abenduaren 2an. Farruquito, Leipzig-eko operako balleta, Wiesbadeneko antzoki nazionaleko balleta, Holandako ballet nazionala eta Espainiako Compañía Nacional de Danza taldeak osatuko dute dantza eskaintza.
Musikak ere bere lekua izango du
Isabel Rey eta Ainhoa Arteta sopranoak, Joaquín Achucarro pianista, Zenet, Montserrat Caballé, Raphael, Mikel Urdangarin kantautorea, Paco Ibañez, Leiva, Anna Bonitatibus mezzosopranoa, Umberto Tozzi, Ismael Serrano, Bilboko Korala eta Musikeneko orkestra, Chenoa, Noche de Blues y flamenco,Ludovico Einaudi, Noa eta Manuel Carrasco ikusi ahal izango ditugu. Hainbat euskal kantarik sortuko dira besteak kantaldia eskainiko dute abenduaren 1ean.
Zarzuela eta Opera ere egongo dira aurten ere. Joseph Haydn-en il Mondo della luna izango da aurtengo opera bakarra, ABAO-OLBErekin elkarlanean eskainiko diren opera txiki programakoez gain.
Arriagako gelatxoak
Aurten nobedade bat egongo da eta Foyer edo sarreran ez ezik, antzokiaren eszenatokian ere egingo dira emanaldiak. Itziar Lazkano, Gurutze Beitia, Las Fellini, Las Txirenitas, Paco Revueltas eta Pablo Viar ikusiko ditugu besteak beste.
Denboraldi berrirako sarrerak uztailaren 4tik aurrera erosi ahal izango dira.

Entzun prentsaurreko osoa:


0 iruzkin:

Post a Comment

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money