2012/05/15

Koldo Olabarri: "Plazer handia da aktore hauekin lan egitea. Loteria tokatu zait!"

Koldo Olabarri gaztea (Bilbo, 1992) Bi eta Bat telesailaren fase berriko aktoreetako bat da. Jaio eta urte betera amaitu zen telesaila 26 atal emititu ondoren. Telebistan berria den arren, antzerkian makina bat lan egin du.

Zu oraindik jaio gabe zeundela eman zuten Bi eta Bat-en lehenengo atala. Ikusi dituzu lehenengo denboraldiak?
Denboraldi osoak ez ditut ikusi, baina kapituluren bat bai, nolako zen jakiteko.

Jose Lontxoren semea zara fikzioan. Nolakoa da Pep?
Jose Lontxoren etxean ordena eta zentzua jartzen duen bakarra da. 17 urte izateko heldua da oso, eta gauzak aurpegira esaten ditu, pentsatzen duituen bezalaxe. Tipo azkarra eta jatorra.

Koldo eta Pep-en artean badago antzekotasunik?
Oraindik elkar ezagutzen gaude kar, kar, kar!...Batzuk badaude, baina gutxi.

Erraza izan da pertsonaia sortzea?
Pep nolakoa izan behar zuen hasieratik egon da oso ondo azalduta, eta Carlos Zabala eta Eneko Olasagastiren (zuzendariak) laguntza eta oharrak izan ditut une oro, beraz niri erreza egin zait.

Noiz esan zenion lehenengo aldiz zure buruari aktore izan nahi zenuela?
Betidanik. Txikitatik gustatu izan zait mundu hau, mozorrotzearena eta pertsonaia desberdinak antzeztearena.

Gaztea zaren arren, antzerkian makina bat lan egin duzu.
Antzerkia egiten ahalik eta gehien saiatzen naiz, gero eta gehiago ikasteko eta gero eta hobeto hezteko, oso garrantzitsua baita mundu honetan aurrera jarraitu ahal izateko. Azken finean niretzako, droga moduko bat bihurtu da.

Iaz AEBetan egon zinen ikasten eta han ere antzerkiarekin jarraitu zenuen?
Bai, antzerki musikala egin nuen Joseph and the amazing technicolor dreamcoat izeneko obra bat. Gainera, arlo horretan nenbilen lehen aldia izan zen- Hitz batean definituta: zoragarria.

Imaginatzen zenuen bezalakoa al da telebistako lana?
Telebistan aritzen naizen lehen esperientzia izan arren, pixkat nola dabilen ezagutzen nuen, making of guztiak tragatzen ditudalako, eta telebista lan egin duen jendea ezagutzen dudalako.

Erraza da hain aktore ezagunekin umorezko telesail batean lan egitea?
Bai eta ez. Bai, beste aktoreek dena ematen didatelako, eurei begira eta eurekin batera ikaragarri ikasten delako. Eta ez, umorean oso ondo dabiltzalako, eta batzuetan ezinezkoa egiten zaidalako barreari eustea, eta hori oso txarra da. Baina plazer handia da aktore hauekin lan egitea. Loteria tokatu zait!

Ikusten duzu Bi eta Bat ez den beste telesailik?
Bai. Orain arte ‘La Fuga’ ikusi izan dut, eta estatu mailan azkenaldian egin den telesailik originaletako bat zela iruditzen zait.

Nola ikusten duzu telebistaren etorkizuna?
Asunto zaila. Gaur egun internetek daukan eragina itzela da, eta bien arteko fusio bat egongo dela uste dut.

Eta euskal telebistarena?
Euskaldunon eta ETBko programazioaren eskuetan dago.

Zein paper antzeztea gustatuko litzaizuke?
Jack Sparrow, esaterako, baina asko dira. Erronka zailak gustatzen zaizkit. Bizia eman diezadakedan edoizen pertsonaia, egia esan.

Argazkiak: Hodei Losada, Oihane eta EiTB

0 iruzkin:

Post a Comment

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money